Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

10. zk., 2026ko urtarrilaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
198

EBAZPENA, 2025eko abenduaren 15ekoa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Arabako lurralde-ordezkariarena. Horren bidez, aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematen da Zalduondo, Donemiliaga eta Asparrena udal-mugarteetan «Igorita» (2,5 MW) eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektua eta lotutako azpiegiturak eraikitzeko.

Espediente zk.: 01GEY 202300036.

AURREKARIAK

2023ko abuztuaren 3an, Perfect Business Location SL enpresak aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena eskatu zuen Zalduondo, Donemiliaga eta Asparrena udal-mugarteetan «Igorita» (2,5 MW) eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektua eta lotutako azpiegiturak eraikitzeko.

Proiektuaren xede den instalazioak sarbide- eta konexio-baimena du, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAU enpresa banatzaileak emana, 2023ko otsailaren 22an (erreferentzia-zk.: 9041960277).

2024ko uztailaren 16an, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera osatu zen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan. Sustatzailearen beste proiektu batekin ebaluatu zen («Katarri»), proiektu mugakideak baitira.

2025eko abuztuaren 1ean EHAAn argitaratu zen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren Ebazpena, zeinaren bidez egiten baita Zalduondon (Araba) Igorita eta Katarriko instalazio fotovoltaikoaren (3,08 MWP sareko konexioarekin) proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena. Txostenean aipatzen da ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean, betiere txostenean adierazitako neurriak aplikatzen badira. Hori dela eta, ez da beharrezkoa jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren ostean, jendaurreko informazio sektorialaren izapidea hasi zen, energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak arautzen dituen martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitakoa. Horretarako, dagozkion iragarkiak argitaratu ziren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 2025eko urriaren 17ko 198. zenbakian eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialaren 2025eko urriaren 22ko 120. zenbakian.

Era berean, 48/2020 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako kontsultak egingo dira, eta aurreproiektuaren edo proiektuaren separata bat emango zaie dagokien administrazio, erakunde edo zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak beren ardurapeko ondasun eta eskubideei eragiten dien heinean, eskatutako baimena hilabeteko epean eman edo uka dezaten.

Ukitutako administrazio publikoak eta kontsultatuko pertsona interesdunak hauek izan ziren:

– Zalduondoko Udala.

– Donemiliagako Udala.

– Asparrenako Udala.

– Arabako Foru Aldundia – Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzua.

– URA-Uraren Euskal Agentzia. / Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

– Nortegás.

– Telefónica de España, SAU.

– I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAU.

– Aitzgorri Ureztatze-Erkidegoa.

– Iduiako Kanaleko Ureztatzaileen Elkartea.

Honako administrazio eta interesdun hauen txostenak edo alegazioak jaso ziren, eta honako hau adierazten zuten, laburbilduta:

Donemiliagako Udala.

Txostenak ondorioztatzen du «Igorita» eguzki-planta fotovoltaikoaren proiektua eta hari lotutako azpiegitura bateragarriak direla udalerriko hirigintza-araudiarekin, oinarrizko azpiegiturak baimentzen diren eremuetan kokatzen baitira. Gainera, proiektuaren egikaritzeak beste baimen batzuk beharko ditu, hala nola Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena eta tokiko erakundearena, Ibilbide Berdeari eta Donejakue Bideari eragiten dielako.

URA.

Txostenak «Igorita» eta «Katarri» planta fotovoltaikoen energia garraiatzeko kanalizazio elektrikoa aztertzen du. Horren barruan, Arakil ibaiaren azpiko gurutzatzea dagoela esaten da, zulaketa horizontal gidatu baten bidez, legezko distantziak errespetatuz, ibilguari eta ekosistemari ahalik eta kalte gutxien eragiteko. Erakundeak ondorioztatu du ez dagoela eragozpen teknikorik proposatu gurutzatzean, baina jabari publiko hidraulikoan edo zaintza-eremuan edozein jarduketa egiteko, aldez aurreko administrazio-baimena eskatu beharko dela.

Telefónica.

Ez du inolako eragozpenik aipatutako proiektua gauza dadin, betiere telekomunikazio-lineen paralelismoei eta gurutzatzeei buruz indarrean dagoen araudia betetzen bada.

Sustatzaileari igorri zitzaizkion txostenak kontuan har zitzan eta guztiekin ados zegoela erantzun zuen.

Jendaurreko izapideak iraun bitartean, 259 alegazio partikular jaso ziren, eduki berekoak.

Alderdi hauei buruzkoak ziren alegazio horiek:

– Ondare historiko eta arkeologikoan duen erasana.

– Lurraldean eta paisaian duen erasana.

– Nekazaritzako lurzoruan eta landa-garapenerako ereduan duen erasana. Nekazaritza eta Basozaintzako LPS.

– Eragin sozioekonomiko negatiboa.

– Faunaren gaineko inpaktua.

– Espekulazio energetikoko arriskua eta tokiko itzulera falta.

– Ustiatu bitartean kutsatzeko arriskua.

– Lege-iruzurra proiektu energetikoak zatikatzeagatik.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Arabako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, hala xedatzen baita 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan (410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena).

2.– Espediente hau izapidetzeko, Energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak arautzen dituen martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuan ezarritako xedapenak bete dira, halaxe ezartzen baita Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean, bat etorrita Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearekin.

3.– Ordezkaritza honetan aurkeztutako alegazioen harira, honako hau zehaztu behar da:

– Proiektuaren ezaugarriak ikusita, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin den. Ingurumen-organoak derrigorrezko ingurumen-inpaktuaren txostena egin zuen, eta horren arabera: «eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak aztertuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusi proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen alderdi horietan».

– Ingurumen-txostenak honako zeregin hauetara bideratutako neurriak barne hartu zituen: ondare naturala babestera; urak babestera; lurzoruak babestera; nekazaritza-erabilera babestera; zaratatik eratorritako efektuak murriztera; kultura-ondarea babestera; landa-ingurunea babestera; hondakinak kudeatzera; eta atmosferaren kutsadura eta hauts-isuriak murriztera.

– Sektore elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen du, halaber, eraikitzeko administrazio-baimenaren ebazpena emateko, zerbitzu publikoak edo interes ekonomiko orokorreko zerbitzuak ematen dituzten administrazio publiko, organismo edo enpresen baldintza teknikoak (ez bestelakoak) soilik aztertu beharko direla, eta soilik erakunde horien jabetzakoak diren eta instalazioaren eraginpean dauden ondasun eta eskubideei dagokienez.

– Halaber, 53. artikuluak adierazten du artikuluan aipatutako administrazio-baimenak administrazio eskudunak emango dituela, aplikatu beharreko bestelako xedapenen arabera eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzko xedapenen arabera beharrezkoak diren emakida eta baimenak alde batera utzi gabe.

– Hori dela eta, ezin dira baimen horretan kontuan hartu ingurumenari, lurraldearen antolaketari edo hirigintzari lotutako alegazioak, Ordezkaritza honek ez baitu eskumenik gai horietan. Edonola ere, lurraldearen antolaketari lotutako gaiak dagokion Plan Berezian ebatzi beharko dira, Lurzoruaren Legea aplikatuz.

– Espekulazio energetikoari lotutako alegazioei dagokionez, sektore elektrikoaren 2. artikuluak energia elektrikoa hornitzeko jardueretan enpresa-ekimen librea onartzen du.

– Alegatu da Arabako Lautadan proiektu energetikoak zatikatuta daudela. Ezin da onartu zenbait sustatzaileren proiektu desberdinak aldi berean eta eskaera-data desberdinekin onartzeko uzia; izan ere, baimen-prozedura eskaera bakoitzari banaka aplikatu behar zaio, eta edozein arau-aurreikuspen gainditzen du sustatzaile bat edo batzuk beste sustatzaile batzuen proiektuez arduratzera behartzea. Edonola ere, proiektuaren edo plan bereziaren ingurumen-ebaluazioetan kontuan hartu beharko dira metatze- eta sinergia-eraginak.

4.– Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 53.7 artikuluaren arabera, Administrazio publiko eskudunak baimena ukatu ahalko du, baina aplikatu beharreko araudian ezarritako eskakizunak betetzen ez direnean edo baimena ematea sistemaren funtzionamenduaren kalterako denean soilik.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariak

EBAZTEN DU:

1.– Perfect Business Location, SL enpresari aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena Ematea, Zalduondo, Donemiliaga eta Asparrena udal-mugarteetan «Igorita» (2,5 MW) eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektua eta lotutako azpiegiturak eraikitzeko. Honako ezaugarri hauek izango ditu:

2,5 MW-eko potentzia nominala duen planta fotovoltaikoa, Zalduondo udal-mugarteko 1. poligonoko 362. partzelan kokatua. Hauez osatua:

– 5.480 modulu fotovoltaiko, 570 Wp-ekoak.

– 10 inbertitzaile, 250 kW-ekoak.

– 0,8/30 kV-ko transformazio-zentroa, 3150 kVA-koa, transformadorea eta MTko gelaxkak dituztenak, gainazaleko eraikin prefabrikatu trinkoan.

30 kV-ko lurpeko linea, CTetik ebaketa-zentroraino, 1.289,75 m-ko luzerakoa.

Sekzionamendu-zentroa, MT gelaxkak erabiliz, Donemiliagako 1. poligonoko 198. partzelan dagoen lur gaineko eraikin aurrefabrikatuan.

Sarerako konexioa «ST Altsasu» (30 kV) lineako «Altsasu-Gamarra 1» (30 kV) erdi-tentsioko aireko linearen 88. lotze-euskarrian egingo da.

Ebazpen hau ematen da honako baldintza orokorrak kontuan hartuz:

1.– Onartutako proiektuari jarraikiz egin beharko dira obrak, kasu bakoitzean eskatu eta baimenduko diren aldaketekin.

2.– Proiektuan ezarritako neurriez gain, 2025eko abuztuaren 1ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako proiektuaren ingurumen-txostenean adierazitako neurri babesle eta zuzentzaileak ere hartu beharko dira. Neurri horiek obra kontratatzeko baldintzen agirietan sartu beharko dira, eta beteko direla bermatzeko moduko aurrekontua izan beharko dute.

3.– Eraikitzeko administrazio-baimena eskatzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen honen egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ez bada instalazioa eraikitzeko baimenik eskatu, ebazpen hau iraungitzat jo ahal izango da.

4.– Instalazioen titularrak, proiektua gauzatu ondoren, eta arauzko egiaztapenak egin ondoren, obrak amaitu direla jakinaraziko dio Arabako Lurralde Ordezkaritzari, ustiatzeko eta martxan jartzeko baimena eman dezan. Horrekin batera, aplikatu beharreko erregelamendu teknikoetan adierazten den dokumentazioa aurkeztuko du.

5.– Obrak egiteko beharrezkoak diren udal- eta probintzia-eskumeneko eta bestelako baimenak edo lizentziak errespetatuz ematen da ebazpen hau. Izan ere, eskatzaileak nahitaez lortu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe emango da, jabetza-eskubidea salbu utzita.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Deskarbonizazioko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 15a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkaria,

JAVIER AIZPURU OCHOA DE ERIBE.


Azterketa dokumentala