Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2025eko abenduaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
5195

AGINDUA, 2025eko azaroaren 18koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, 2025-2026 ikasturtean ikasleen nazioarteko mugikortasun-programak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateei, unibertsitate-zentroei eta goi-mailako arte-irakaskuntzen ikastetxeei dirulaguntzak emateko deialdia egiten duena.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan zehazten denez, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek, zeinek bere esparruan, ikasleen mugikortasuna bultzatuko dute Europako unibertsitate-eremuan. Horretarako, bekak eta ikasketetarako laguntza eta kredituak emateko programak ezarriko dituzte, edo, kasua hala bada, Europar Batasunaren laguntza-programak osatuko. Gaur egun Erasmus+ programa Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren (EB) 2021eko maiatzaren 20ko 2021/817 Erregelamenduak eratzen du, Erasmus+ Hezkuntza, Prestakuntza, Gazteria eta Kirolerako Batasunaren Programa ezartzen duena eta 1288/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena.

Erasmus+ programako mugikortasunetarako Europako Erkidegoak egiten dituen diru-ekarpenen bidez ez da kostuen % 100 finantzatzen; beraz, finantzaketa zabaldu beharra dago. Era berean, unibertsitate-mugikortasunen parte bat Erasmus+ programan sartuta ez dauden lekuetara egiten da; horrela, bada, horiek ez dituzte Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (SEPIE) laguntzak jasotzen, eta, beraz, beste mugikortasun-programa horietan dauden ikasleei finantzaketa emateko beharra ikusi da.

Aurrekoa aplikatuz eta mugikortasunak goi-mailako ikasketetan duen garrantziaz ohartuta, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak erabaki du mugikortasunerako laguntzen deialdia egitea lehen aipatutako markoa zabalduz. Hori dela eta, deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateei, unibertsitate-zentroei eta goi-mailako arte-irakaskuntzen ikastetxeei egiten zaie, Erasmus+ programara eta nazioarteko izaera duten bestelako mugikortasun-programetara atxikitako pertsonen mugikortasunen finantzaketa hobetzeko asmoz.

Hori dela eta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera jarduten da, honako hauekin bat etorriz: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 2025-2026 ikasturtean ikasleen nazioarte-mailako mugikortasun-programak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateentzako, unibertsitate-zentroentzako eta goi-mailako arte-irakaskuntzen ikastetxeentzako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak deitzea eta onartzea.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Baimena ematen zaio Unibertsitate Komunitatea Artatzeko eta Zaintzeko zuzendariari agindu honetan xedatutakoa betearazteko beharrezkoak diren jarraibideak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindu hau aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 18a.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,

JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.

I. ERANSKINA
2025-2026 IKASTURTEAN IKASLEEN NAZIOARTEKO MUGIKORTASUN-PROGRAMAK DITUZTEN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO UNIBERTSITATEENTZAKO, UNIBERTSITATE-ZENTROENTZAKO ETA GOI-MAILAKO ARTE-IRAKASKUNTZEN IKASTETXEENTZAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria.– Xedea eta izaera.

1.– Deialdi honen xedea da 2025-2026 ikasturtean ikasleen nazioarteko mugikortasun-programak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateentzako, unibertsitate-zentroentzako eta goi-mailako arte-irakaskuntzen ikastetxeentzako dirulaguntzen deialdia egitea.

2.– Dirulaguntza horiek Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren Plan Estrategikoaren barruan sartzen dira. Agindu honetan araubide juridikoari buruz xedatzen ez diren alderdietan, lege hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak emandako laguntzen eta dirulaguntzen araubideari eta arau-hausteen eta zigorren erregimenari buruzko xedapenak, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

2. oinarria.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura, guztira, 2.200.000 eurokoa da, honela banatuta:

a) 520.000 euro Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzutik (SEPIE) jasotako laguntzak osatzeko.

b) 1.680.000 euro Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (SEPIE) laguntzarik ez duten egonaldietarako.

2.– a) eta b) letretan aurreikusitako modalitateetarako zuzkidura agortuko ez balitz, soberakina beste modalitatera bideratuko da, betiere hasierako zuzkidura nahikoa ez balitz eskaera guztiei gehieneko kopurua emateko.

3.– Dirulaguntza horri bideratutako zenbatekoa 1.000.000 euroan ere handitu liteke beharrezkoa balitz, betiere aurkeztutako eskaeren zenbatekoa eta aurrekontuaren eskuragarritasuna kontuan hartuta. Horren berri Unibertsitate Politikako sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.

3. oinarria.– Diruz lagundutako jarduera.

Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateek, unibertsitate-zentroek eta goi-mailako arte-irakaskuntzen ikastetxeek aurkeztutako nazioarteko mugikortasun-eskaerei emango zaie laguntza, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte:

a) SEPIEk onartutakoak izan beharko dute Erasmus+ programaren esparruan aurkeztutako proiektuek; nazioarteko gainerako mugikortasun-programek, berriz, dagozkion nazioarteko akordioen babesa izan beharko dute.

b) Mugikortasun-proiektuetan sartuta dauden ikasleek betekizun hauek bete beharko dituzte:

– Espainiako nazionalitatea izatea edo Espainian legez bizitzea. Europako Erkidegokoak ez diren atzerritarrek legezko bizilekua dutela egiaztatu beharko dute, eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunerako. Ez dituzte laguntza hauek jasoko ikasketak direla-eta bertan daudenek edo bertan bizilekua dutenek, betiere Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzko eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz.

– Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren bateko administrazio-auzotasuna izatea eskabidearen egunean eta 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen.

– 2025-2026 ikasturtean nazioarteko mugikortasun-programaren bati atxikita egotea.

– 2025-2026 ikasturtean, honako ikasketa hauetakoren bat egitea edo 2024-2025 ikasturtean ikasketa hauetakoren bat amaitu izana:

• Graduko unibertsitate-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.

• Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.

• Goi-mailako arte-ikasketak.

Edonola ere, ez da ikasle egresatuen mugikortasuna finantzatuko, 3. oinarrian jasotako ikasketak 2024-2025 ikasturtean bukatu ondoren nazioarteko mugikortasuna doktorego-programen esparruan egiten badute.

– Berariazko baimena aurkeztu izana, II. eranskinaren araberakoa.

– III. eranskineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu izana, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako inguruabarrik ez dagoela adierazteko.

4. oinarria.– Erakunde onuradunen eskakizunak eta debekuak.

1.– Erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dute eta 2025-2026 ikasturtean nazioarteko mugikortasun-programak izan behar dituzte.

2.– Ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako gorabeheraren batean aurkitzen diren zentroak:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso ez izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso ez izana.

b) Hartzekodunen borondatezko konkurtsoa deklaratzea eskatuta izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izatea, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean egotea edo desgaitua izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin ez izana.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak zenbait legek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean egotea (Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea), edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguetako edozein izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –indarreko xedapenek ezartzen dituztenak– ez izatea arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean izatea.

g) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

h) Epai irmo bidez zehatuta egotea, eta beraz, dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraikiz. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-aldi osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Pertsona fisikoak edo juridikoak (publiko edo pribatuak) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astunengatik zehatuta egotea, dagozkion neurri zuzentzaileak gauzatu eta zehapena bete arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

3.– Ez da dirulaguntzaren onuradun izango LGTBI-fobia (bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne) egin, bultzatu edo sustatu duen edozein pertsona fisiko edo juridiko (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).

4.– Dirulaguntzen onuradun izateko betekizunak bete beharko dira laguntza-eskaera aurkezten den unetik ematen den dirulaguntzaren likidazioa egin arte.

5.– Honela egiaztatuko da ez direla betetzen 4. oinarrian zehaztutako debekuak:

a) 2. apartatutako e) paragrafoan ezarritako debekua izan ezik, gainerakoak erantzukizun adierazpen baten bidez egiaztatuko dira.

b) 2. apartatutako e) paragrafoan ezarritako egoera Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera egiaztatuko da (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa). Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betekizun horiek betetzen dituela egiaztatzen duten organo eskudunaren administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu kasu bakoitzean.

c) Dirulaguntza kudeatuko duen organo kudeatzaileak edozein unetan eska dezake erantzukizunpeko adierazpenean jasotako betebeharrak eta debekuak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa entregatzeko.

d) Erakunde onuradunak emandako laguntza edo dirulaguntza osorik justifikatu arte gerta daitekeen edozein aldaketa jakinaraztera behartuta dago. Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, ez bada aurkezten erantzukizunpeko adierazpena edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

e) Deialdi honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Unibertsitate Komunitatea Artatzeko eta Zaintzeko Zuzendaritzari beste erakunde batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla eta proiektuan azaltzen direnek baldintzak betetzen dituztela.

5. oinarria.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, bide elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak erabiliz egin behar da eskaeren identifikazioa eta sinadura; hain zuzen, helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Erakunde eskatzaileak izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango du, eta, horretarako, ordezkariak inskribatuta egon beharko du Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Herritarrei arreta integral eta multikanala emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

4.– Deialdi honetako eskaeren aurkezpenari, justifikazioari eta gainerako izapideei buruzko argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1017811

5.– Eskaera aurkeztu ondoko izapideak «Nire karpeta» apartatutan egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6. oinarria.– Eskaerak aurkeztea eta epeak.

1.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/

2.– Erakunde eskatzaileek eskaera eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

3.– Eskabideak aurkezteak adierazten du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.

4.– Eskaerak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eta 2026ko otsailaren 13an bukatuko da, egun hori barne.

7. oinarria.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskaeran honako informazio hau jasotzen da:

a) Mugikortasun-proiektuaren identifikazioa. Proiektu horretan, erakundeak eskatutako mugikortasun guztiak sartuko dira.

b) Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (SEPIE) finantzaketa duten mugikortasunak. SEPIEren laguntzaren oinarria osatuko da egonaldiko hilabete bakoitzeko 390 eurora iritsi arte, aipatutako erakundeak finantzatutako hilabeteetan. Proiektuan adierazi beharko da, eskaeran sartutako ikasle bakoitzeko, zer laguntza eman dion SEPIEk eta zer zenbateko eskatzen zaion Eusko Jaurlaritzari. Era berean, proiektuan adieraziko da zer laguntza eskatzen den guztira deialdi honen kontura finantzatutako mugikortasun guztietarako.

c) Erasmus+ programan finantzatzen ez diren egonaldiak egiten badira, programa horren bidez finantzatzen ez den hilabete bakoitzeko 390 euroko laguntzak eskatuko dira. Nazioarteko beste programa batzuetarako, bederatzi hilabeteko egonaldia eskatu ahal izango da gehienez; hileko 390 euro. Proiektuan adierazi beharko da, eskaeran sartutako ikasle bakoitzeko, zer kopuru eskatzen den eta zer laguntza eskatzen den finantzaketarik ez duten mugikortasun guztietarako.

2.– Aurreko apartatuetako b) eta c) letretako mugikortasunen eta kostuen banan banako informazioa XML formatuan edo XML formatura bihurtu daitekeen beste formatu batean bidaliko da.

3.– Mugikortasun-programetan dauden pertsonen berariazko baimenak, eskaeran sartuta daudenak II. eranskinaren arabera.

4.– Mugikortasun-programei atxikitako pertsonen erantzukizunpeko adierazpenak, eskaeran sartuta daudenak III. eranskinaren arabera.

8. oinarria.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Unibertsitate Komunitatea Artatzeko eta Zaintzeko Zuzendaritzari dagokio laguntza hauek kudeatzea.

9. oinarria.– Eskaerako akatsak zuzentzea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, errekerimendua egingo da hamar eguneko epean hutsa zuzendu dezaten edo derrigorrezko dokumentuak entrega ditzaten. Halaber, interesdunei jakinaraziko zaie hori egin ezean, eskaera bertan behera utzi dutela ulertuko dela.

2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoen bidez egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean kontsultatu beharko dira.

3.– Erakunde interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean emango da egintzat jakinarazpena. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

4.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

10. oinarria.– Emateko prozedura.

1.– Dirulaguntzak emateko prozedura lehiazko konkurrentzia izango da, hainbanatuta.

2.– Dirulaguntza emango zaie 11. oinarrian ezarritako kopuruetako baldintzak betetzen dituztenei.

3.– Onartutako eskaera guztien kostuak 2.1 oinarrian aurreikusitako zuzkidura gainditzen badu a) eta b) letretan jasotako modalitateetako batentzat eta beste modalitatean ez badago soberakinik, edo soberakina ez bada nahikoa 11. oinarrian aurreikusitako kopuruak asetzeko, proiektu bakoitzari emango zaion kopurua dagoen zuzkidura proiektu guztien artean hainbanatzearen emaitza izango da.

4.– Deialdiaren zuzkidura 2.3 oinarrian ezarritakoaren arabera handitzen bada, eta eskatutako zenbatekoen kopurua ordaintzeko nahikoa izango ez balitz, aurreko apartatuan ezarritako prozedura aplikatuko da.

11. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (SEPIE) finantzaketa duten Erasmus+ mugikortasunak. SEPIEren laguntzaren oinarria osatuko da egonaldiko hilabete bakoitzeko 390 eurora iritsi arte, aipatutako erakundeak finantzatutako hilabeteetan.

2.– Erasmus+ programan finantzatzen ez diren egonaldiak egiten badira, programa horren bidez finantzatzen ez den hilabete bakoitzeko 390 euroko laguntzak emango dira. Nazioarteko beste programa batzuentzako hilabete bakoitzeko 390 euro emango dira, eta gehienez ere bederatzi hilabeteko egonaldia ordainduko da. Proiektuan adierazi beharko da, eskaeran sartutako ikasle bakoitzeko, zer kopuru eskatzen den eta zer laguntza eskatzen den finantzaketarik ez duten mugikortasun guztietarako.

3.– Aurreko bi puntuetan finantzatutako hilabeteen batura ez da ezein kasutan bederatzi hilabeteko egonaldia baino handiagoa izango ikasle bakoitzeko.

12. oinarria.– Hautaketa-batzordea.

Hautaketa-batzorde bat eratuko da, zeinak eskaerei dagokienez azterketak eta ebazpen-proposamenak egingo dituen. Batzordea hauek osatuko dute:

– Unibertsitate arloko arduradun Maria Eugenia Santos Urdiain, batzordeko buru gisa, edo ikerketa-programen arloko arduradun Ainhoa Goienetxea Murgiondo, ordezko gisa.

– Unibertsitate arloko teknikari Ane Ayastuy Gallastegui, kide eta idazkari gisa, edo unibertsitate arloko teknikari Ibai Arruza Crespo, ordezko gisa.

– Unibertsitate arloko teknikari Cristina Peromingo Castro, kide gisa, edo Administrazio Orokorreko teknikari Erika Saez de Adana Fernández, ordezko gisa.

13. oinarria.– Ebazpen-proposamena.

1.– Berariaz eratutako hautaketa-batzordeak eskaerak ebaluatuko ditu, eta Unibertsitate Komunitatea Artatzeko eta Zaintzeko zuzendariari txostena bidaliko dio, behin-behineko ebazpen proposamena egin dezan.

Unibertsitate Komunitatea Artatzeko eta Zaintzeko zuzendariaren ebazpen-proposamenean erakunde eskatzaile bakoitzarentzako proposatutako zenbatekoa zehaztuko da, banakatu daitekeen apartatu guztiekin: Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak (SEPIE) emandako laguntzak osatzeko zenbatekoa eta Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (SEPIE) laguntzarik jaso ez duten egonaldietarako zenbatekoa.

2.– Jakinarazpenaren ondoren, behin-behineko proposamenarekin ados ez dauden erakunde eskatzaileek alegazioak egin edo egoki iritzitako dokumentazioa aurkeztu ahal izango diote Unibertsitate Komunitatea Artatzeko eta Zaintzeko Zuzendaritzari, 10 egun balioduneko epean, egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Alegazioak elektronikoki egin beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez, hemen: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

3.– Alegazioak aztertu ondoren, helburu horretarako eratu den hautapen-batzordeak txosten berri bat helaraziko dio Unibertsitate Komunitatea Artatzeko eta Zaintzeko zuzendariari, behin betiko ebazpen-proposamena argitaratu dezan.

Unibertsitate Komunitatea Artatzeko eta Zaintzeko zuzendariaren ebazpen-proposamenean diruz lagundu daitekeen apartatu bakoitzarentzako proposatutako zenbatekoa zehaztuko da: Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak (SEPIE) emandako laguntzak osatzeko zenbatekoa eta Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (SEPIE) laguntzarik jaso ez duten egonaldietarako zenbatekoa.

4.– Behin betiko ebazpen-proposamena jakinarazi ondoren, erakunde onuradunek 10 egun izango dituzte dirulaguntza onartzeko. Onartu ezean, onuradun gisa proposatutako erakundeak eskaerari uko egin diola ulertuko da.

5.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpen-proposamenen jakinarazpena elektronikoki bakarrik egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoaren bidez, helbide honetan: https://euskadi.eus/Iragarki-taula elektronikoa/ebazpenak/eu. Era berean, jakinarazpen elektroniko bat helaraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Helbide elektronikoa erabili behar da sartzeko.

6.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpenaren proposamenek ez diete administrazio-arloko eskubiderik ekartzen onuradun izateko proposatuta daudenei.

14. oinarria.– Eskaera izapidetzeko ez onartzeari buruzko ebazpena.

Unibertsitate Komunitatea Artatzeko eta Zaintzeko zuzendariak eskaerak ez ditu izapidetzeko onartuko eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitate, unibertsitate-zentro eta goi-mailako arte-irakaskuntzen ikastetxe batek ez badu aurkezten.

15. oinarria.– Prozeduraren ebazpena.

Behin betiko ebazpen-proposamena argitaratu ondoren, Unibertsitate Politikako sailburuordeak deialdiaren ebazpena emango du.

1.– Ebazpenaren jakinarazpena elektronikoki egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat helaraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoa erabili behar da sartzeko.

2.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

3.– Deialdiaren ebazpena hura argitaratu eta sei hilabeteko epean emango eta jakinaraziko da. Deialdia ebazteko ezarritako epea igaro ondoren erakunde eskatzaileei ez bazaie ebazpenik jakinarazi, dirulaguntza-eskaera ezetsi dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpen horren aurka, erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» egoitzan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Emandako dirulaguntzen zerrenda egoitza elektronikoan argitaratuko da, baita horien zenbatekoa, diruz lagundutako jarduera eta erakunde onuraduna ere.

16. oinarria.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntzak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, hilabeteko epean.

2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta egon behar du.

Erakundea erregistroan ez badago edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan agertzen diren banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

17. oinarria.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunek honako hauetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua. Bereziki, honako hauek:

a) Dirulaguntza zertarako eman den, xede zehatz horrexetarako erabiltzea.

b) Deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betez eskatutako informazio guztia ematea.

c) Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak egin ditzakeen egiaztatzeak onartzea.

d) Mugikortasun-proiektuan sartuta daudenek deialdiko 3.b) oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea.

e) Unibertsitate Komunitatea Artatzeko eta Zaintzeko Zuzendaritzari jakinaraztea dirulaguntza emateko eskatzen eta kontuan hartzen den eskakizunen bati eragiten dion egoera-aldaketa oro, baita edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak jaso izanaren berri emateko ere.

f) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak betetzea.

18. oinarria.– Justifikazioa.

1.– Erakunde onuradunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte justifikazioak aurkezteko, egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» izenetako ataletik: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

2.– Dokumentazio hori aurkezteko azken eguna 2026ko azaroaren 13a izango da. Erakunde onuradunek jasotako dirulaguntzak justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Jasotako laguntza aurrekontuan sartu dutela egiaztatzen duen agiria. Erasmus+ programaren barruan egindako mugikortasunei dagokienez, egindako mugikortasunen arabera SEPIEk egindako diru-sarraren ziurtagiria aurkeztuko da.

b) Unibertsitatearen edo ikastetxearen ziurtagiri ekonomikoa, proiektuan zerrendatutako pertsonei egindako banan banako ordainketena. Pertsona guztiak zerrendatuko dira, bakoitzari egindako ordainketa adierazita.

c) Mugikortasunak amaitu ondoren, erakunde onuradunek aurkeztutako proiektuaren memoria bat aurkeztu beharko dute, eta, han, adieraziko dira helburuak, lortutako emaitzak eta egindako ekintzaren eta banan banako mugikortasunen azken kostua (zenbat mugikortasun eta bakoitzaren iraupena). Memorian eskaeran egindako aldaketa guztiak justifikatu beharko dira.

Memoriarekin batera 11. oinarriko 1. eta 2. apartatuei lotutako mugikortasunen eta behin betiko kostuen banakako informazioa aurkeztuko da, XML formatuan edo XML bihurtu daitekeen beste edozein formatutan.

19. oinarria.– Dirulaguntza itzultzea.

1.– Unibertsitate Politikako sailburuordeak, espedienteko erakunde interesdunaren entzunaldiaren izapidea egin ondoren, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak osorik edo zati batean itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak itzuli beharko direla adieraziko du, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat, eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat, honako kasu hauetan:

– Agindu honetan xedatutako edozer betetzen ez denean.

– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako dirulaguntzen onuradunei dagokien eginbeharren bat betetzen ez denean.

– Laguntza emateko baldintzak aldatu direnean. Proiektuan aurkeztutako mugikortasunetan aldaketak daudenean, mugikortasun horiengatik jasotako laguntza osoari edo parte bati dagokion zatia itzuli beharko da. Deialdi honetan bildutako baldintzak betetzen ez dituzten eta justifikatu ez diren mugikortasun-laguntza guztien zenbateko osoa itzuliko da. Era berean, proiektuan eskatutakoak baino egonaldi laburragoak egiten badira ikaslea egon ez den hilabeteen kopurua itzuli beharko du.

2.– Dirua itzultzeko jakinarazpenak eta alegazioak elektronikoak izango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera bidaliko dira (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

3.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoa izango da itzultzeko prozedura.

20. oinarria.– Datu pertsonalak babestea.

Datu pertsonalak «Laguntzak eta Dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, honako hauek behar bezala betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra); abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia. Honako hauek dira jardueraren ezaugarriak:

Arduraduna: Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila.

Helburua: ikasleen nazioarteko mugikortasun-programak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate, unibertsitate-zentro eta goi-mailako arte-irakaskuntzen ikastetxeetarako dirulaguntzen eskaerak eta jarraipena kudeatzea.

Legitimazioa: interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako eginkizun bat betetzeko beharrezko tratamendua (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duena).

Eskubideak: datuak eskuratu, zuzendu eta ezerezteko eskubidea erabil daiteke, bai eta tratamendua mugatu eta aurkaratzekoa ere, informazio gehigarrian zehazten denaren arabera.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo webgune honetara: https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala