
215. zk., 2025eko azaroaren 7a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (126 KB - 2 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4748
AGINDUA, 2025eko urriaren 24koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, Fundación Mundubira 500: Elkano Fundazioa izeneko fundazioa azkentzeko eta likidatzeko erabakiak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.
2025eko martxoaren 18an, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren Erregistro Orokorrean sartu zen Fundación Mundubira 500: Elkano Fundazioa izeneko fundazioa azkentzeko eta likidatzeko erabakiak publiko egiteko eskritura Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskaera. Eskaera-idazkiari administrazio-espedientean jasotako dokumentazioa erantsi zitzaion.
Fundazioa azkentzeko erabakia 2022ko azaroaren 24an hartu zuen fundazioaren patronatuak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzak berretsi zuen 2024ko martxoaren 1eko Ebazpenaren bidez. Patronatuak bere eginkizunak utziko ditu, eta likidazio-batzorde bat izendatuko da, likidazio-eragiketak eta gerakinaren erabilera gauzatzeko.
Patronatuak fundazioa azkentzea erabaki du, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 40 b) artikuluan eta fundazioaren estatutuen 35. artikuluan xedatutakoaren arabera, fundazioa eratzeko helburu nagusia guztiz gauzatu delako, Juan Sebastian Elkano Getariako nabigatzaileak munduari egindako lehen itzuliaren V. mendeurrena sustatzeko jarduerak amaitutzat eman baitira, besteak beste.
2023ko uztailaren 27an, likidazio-eragiketak amaitu eta gerakina entregatu ondoren, likidazio-batzordeak likidazioaren azken balantzea, ordura arte egindako likidazio-eragiketei buruzko txostena eta ondoriozko gerakinaren xedea onartu zituen. Azkenik, 2025eko martxoaren 18an, Donostian 2024ko uztailaren 16an Enrique García Jalón de la Lama notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoa aurkeztu zen (protokolo-zenbakia: 1.497). Eskritura horren bidez, azkentze- eta likidazio-erabaki biak formalizatu ziren, eta nahitaezko dokumentazioa protokolizatu zen.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio espediente hau agindu bidez ebaztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikuluan eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 3.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 40., 41., 42., 43. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 48. eta 49. artikuluetan aurreikusitako baldintzak.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Fundación Mundubira 500: Elkano Fundazioa izeneko fundazioa azkentzeko eta likidatzeko erabakiak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, agindu honen datarekin, Donostian 2024ko uztailaren 16an Enrique García Jalón de la Lama notarioaren aurrean egiletsitako azkentze- eta likidazio-eskrituran aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 1.497), fundazioari buruzko erregistro-idazpenak ezeztatzeko.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 24a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS