
215. zk., 2025eko azaroaren 7a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (245 KB - 21 orri.)
- EPUB (125 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4747
AGINDUA, 2025eko azaroaren 5ekoa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2025-2026 aldian euskal kultura-ondare immateriala babesteko lanak egiteko laguntzen deialdia egin eta deialdi horren oinarriak onartzen dituena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak, 10. artikuluko 19. atalean, Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio historia-, arte-, monumentu-, arkeologia- eta zientzia-ondarearen arloko eskumen esklusiboa, eta Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen du Estatuak ondare hori babesteko ezartzen dituen arauak eta betebeharrak betetzea.
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak 1. artikuluan ezartzen duenez, EAEko euskal kultura-ondarerako ezartzen duen araubide juridiko berriaren helburua da ondare horren babesa, kontserbazioa eta zaintza bermatzea, bai eta pertsona guztiek, egungo nahiz etorkizuneko belaunaldiek, irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan ezagutu, ikertu, hedatu eta gozatu ahal izatea ere, betiere baldintzek horretarako aukera ematen badute.
Kultura Tradizionala eta Herrikoa Babesteko Gomendioak (1989) hasiera eman zion ondare ukiezina kultura-ondare horren parte gisa aitortzeari, eta hori indartu egin zuen Kultura Ondare Immateriala Babesteko Konbentzioak (2003).
Kultura Ondare Immateriala Babesteko maiatzaren 26ko 10/2015 Legeak ere 2003ko Konbentzioak nazioarteko araudian izan duen eragin erabakigarria aitortzen du, adierazten baitu kultura-ondare immaterialak –belaunaldiz belaunaldi transmititu eta komunitateek etengabe birsortu dutena ingurunearekin eta historiarekin elkarreraginean– identitate- eta jarraitutasun-sentimendua ematen diela komunitateei, eta kultura-aniztasunarekiko eta giza sormenarekiko errespetua sustatzen laguntzen duela.
Hori guztia aintzat hartuta, egungo Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legeak errealitate horri heltzen dio, eta euskal kultura-ondarearen barruan sartzen ditu gure erkidegoaren kultura-herentzia osatzen duten eta errealitate material, higiezin edo higigarrien bidez adierazten diren adierazpen esanguratsu guztiak, bai eta errealitate immaterialen bidez adierazten direnak ere, hala nola ahozko tradizioak eta adierazpenak, ikuskizun-arteak, gizarte-erabilerak, errituak eta jai-ekitaldiak, naturarekin eta unibertsoarekin lotutako ezagutzak eta erabilerak, eta artisau-teknika tradizionalak, euskal nortasuna modu dinamikoan eratzen dutenak eta egungo administrazio-banaketa gainditzen duen kolektibo nazional baten ibilbide historikoaren lekukotza ematen dutenak.
6/2019 Legeak honela definitzen du kultura-ondare immateriala: «... komunitateek, taldeek eta, hala badagokio, pertsonek beren kultura-ondarearen osagaitzat aitortzen dituzten adierazpenak edo ezagutzak, haiei datxezkien tresna, objektu eta espazio kulturalekin batera. Kultura-ondare immaterial hori belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, eta komunitateek eta taldeek etengabe birsortzen dute, ingurunearen, naturarekiko interakzioaren eta historiaren arabera. Identitate- eta jarraitutasun-sentimendua ematen die, eta kultura-aniztasunaren errespetua eta giza sormena sustatzen laguntzen du».
Honela jarraitzen du 56. artikuluan: «Kultura-ondare immaterialaren babesaren helburua izango da ondare horren babesa eta transmisioa bermatzea, hura identifikatzeko, hainbat euskarritan dokumentatzeko, ikertzeko, zaintzeko, biziberritzeko, sustatzeko eta irakasteko behar diren neurriak eta bitartekoak ezarriz».
XXI. mendeak erronka berriak ekarri dizkio urteetan zehar gure kostalde, haran eta mendietan bildutako kultura-ondare immaterialari. Alde batetik, gizartearen digitalizazioa errotik aldatzen ari da ohiturak, erabilerak eta haien pertzepzioa. Bestalde, globalizazioak bizitzarako eta sozializaziorako paradigma-aldaketak ekarri ditu, interesgune eta lan-jarduera berriak sortu ditu, eta, gainera, inoiz ezagutzen ez diren migrazio-prozesuak sortu ditu. Ondorioz, gure arbasoengandik jaso ditugun ohiturak, jakintzak eta bizimoduak berehala ahaztu eta gal daitezke. Paradoxikoki, gaur egun gaitasun handiagoa dugu ondare immaterial hori euskarri digitalak erabiliz dokumentatzeko eta kontserbatzeko, eta euskarri horiek baldintza ezin hobeak ematen dizkiote erregistroari.
Era berean, 6/2019 Legearen 79.2 artikuluak ezartzen duenez, sustapen-neurriei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekin eta udalekin lankidetzan, kultura-ondareari buruzko ikerketa eta prestakuntza sustatuko ditu.
Eusko Jaurlaritzak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikitako Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren bidez garatzen ditu 6/2019 Legeak esleitzen dizkion eskumenak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 6ko 389/2024 Dekretuaren arabera.
Agindu honek euskal kultura-ondare immateriala babesteko proiektuak gauzatzeko dirulaguntzak emateko prozedura eta baldintzak arautzen dituen esparrua ezartzen du, eta dirulaguntza horien deialdia egiten du 2025ean eta 2026an proiektuok gauzatzeko.
Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2025-2028 urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko otsailaren 27ko Aginduaren bidez onartutako dirulaguntzen urteko planean sartu da. Agindu horretan, sail horren helburu hau ezartzen da: «Euskal kultura-ondare immateriala babesten lagunduko duten dokumentazio-, ikerketa-, transmisio-, zabalkunde- eta sustapen-proiektuak sustatzea».
Horren arabera, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea euskal kultura-ondare immateriala babesteko lanak egiteko 2025-2026 aldirako dirulaguntzen deialdia egiten duen agindu honen eranskinean jasotako deialdia eta oinarriak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete interesdunek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 5a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
ERANSKINA
Euskal kultura-ondare immateriala babesteko lanak egiteko 2025-2026 aldirako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak.
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honetako laguntzen xedea da EAEko lurralde-eremuan garatzen diren eta euskal kultura-ondare immateriala –ondare horrek berezko duen ondare materiala barne– babesten laguntzen duten proiektuak edo jarduerak gauzatzea.
Lehentasunez diruz lagunduko dira desagertzeko arrisku handia duten ondasunetan zentratutako eta lan-eremuan erabilera eta lan egiteko modu tradizionalak berraktibatzera bideratutako proiektuak, barne izanik horien garapenerako berezkoak diren elementu materialak, higigarriak eta higiezinak berreskuratzea, hobetzea eta birgaitzea.
Kultura-ondare immaterialtzat hartua izateko, ezinbestekoa izango da giza eskubideen nazioarteko itunekin eta komunitateen, taldeen eta gizabanakoen arteko elkarrekiko errespetuaren aginduekin bateragarria izatea.
2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Diruz lagundu ahal izango dira euskal kultura-ondare immateriala zaintzen eta babesten laguntzen duten dokumentazio-, ikerketa-, erregistro-, sustapen-, sorkuntza-, berraktibazio- eta abarretako proiektuak, baldin eta Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legeak 11. artikuluan ezartzen dituen hamaika kategorietako edozeinetan definitutako ondasunetan oinarritzen badira eta 2025eko urtarrilaren 2tik 2026ko urriaren 30era bitartean egiten badira.
2.– Agindu honen esparruan, diruz lagundu daitezkeen jarduerak hiru dirulaguntza-lerro hauetan adierazitakoak dira:
1. lerroa: Ikerketa, katalogazioa, analisia eta planak. Diruz lagundu ahal izango dira:
1.1.– Euskal Herriko kultura-adierazpen immaterialen ikerketa-, dokumentazio-, erregistro- eta inbentario-proiektuak, aurretik Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak egin ez baditu. Inbentarioak eginez gero, Euskal Kultura Ondarearen Zentroak kontrastatutako ondare immaterialaren fitxa-ereduarekin lan egingo da, Kultura Ondasun Immaterialen Euskal Autonomia Erkidegoko Inbentarioari buruzko apirilaren 29ko 92/2025 Dekretuan (maiatzaren 13ko EHAA, 88. zk.) ezarritako irizpideei jarraituz.
1.2.– Intereseko edozein kultura-ondasun immaterialen egoera aztertzeko eta diagnostikatzeko dokumentuak lantzea, jarraipena eta sustapena ematen lagunduko duten jarduketa-proposamenak eta lehentasunak barne.
1.3.– Kultura-ondasun immaterialak kudeatzeko eta zaintzeko planak landu aurreko dokumentuak egitea.
2. lerroa: Ondare immateriala sortzeko eta zabaltzeko jarduerak egitea dakarten proiektuak.
2.1.– Lan-eremuan erabilera eta lan-modu tradizional iraunkorrak suspertzera bideratutako jarduerak garatzea. Barne hartzen da elementu materialak, altzariak eta higiezinak (karobiak, teileriak, txabolak, garbitegiak, erlezaintzako txondorrak, kirikiñausiak, elurtegiak, ogi-labeak, etab.) berreskuratzea, hobetzea eta birgaitzea, jarduera garatzeko beharrezkoa dela justifikatzen bada, jardueraren berezko zati gisa. Kasu horretan, ezinbestekoa izango da exekuzioaz arduratzen den taldean lan horiek egiteko moduei buruzko jakintza tradizionala duten pertsonak izatea.
2.2.– Komunitate eramaileak berak ondare immaterialaren jarduera garatzea planteatzen duten proiektuak.
Atal honetan tokiko jaiak antolatzen dituzten batzordeak sartzen dira, baldin batzorde horiek beren programazioan gazteen partaidetzako jarduerak, oro har eta bereziki, sartzearen alde egiten badute, eta jarduera horiek diseinatzean kontuan hartzen badituzte beren kultura-ondare immaterialaren berezko egiteko moduak (lana, aisialdia, bizitza, etab.), tokiko komunitateko gazteenek ezagutu, transmititu eta balora ditzaten.
2.3.– Euskal jaien irudigintzako elementuak zaharberritzea, birjartzea eta sortzea, bai eta kultura tradizionaleko taldeetako pertsonentzako elementu espezifikoak zaharberritzea, egitea eta eskuratzea ere, baldin eta entitate eskatzailearen udalerrian desagertzeko arrisku larrian dauden dantzak, musikak, errituak edo jai-ospakizunak berreskuratzearekin lotuta badaude eta haien egoera egiazta badezakete. Elementuak eskuratuz gero, EAEko AGBa (Adierazpen Geografiko Babestua) dutenak lehenetsiko dira.
2.4.– Ondare immateriala zaintzen, babesten, zabaltzen eta haren ezagutza hobetzen laguntzen duen beste edozein jarduera, hala nola kongresuak, erakusketak, topaketak, tailerrak, programen gidoiak edo irrati-espazioak, dokumentalak eta aldizkako argitalpenak.
3. lerroa. Toki-entitateek ondare immateriala sustatzeko eta zabaltzeko egindako jarduerak.
3.1.– Euskal kultura-ondare immaterialaren edozein adierazpenen transmisioa indartzen laguntzen duten eta haren jarraipenaren alde egiten duten proiektuak. Laguntza jaso ahal izango dute tokiko jaien programazioan sartzen diren jarduerek, baldin eta kultura-ondareari lotutako jarduerak badira eta komunitate eramailearen ohiko kideek egiten badituzte, irabazi-asmorik gabe.
3.2.– Baita toki-entitateek homologatutako ikastetxeetako lehen hezkuntzaren esparruko urteko programazioetan mantentzen dituztenak ere.
3.3.– Adierazpen immaterialei buruzko berariazko interpretazio-zentroak sortzea, adierazpen horien berezko eremuari lotutako espazioetan instalatu beharko direnak. Proiektuak idaztea ez da diruz lagunduko, horiek gauzatzeko bermeari lotuta ez badago.
3.4.– Tokiko entitateek tokiko edo nazioko oihartzuna duten eta kultura-ondareari eta haren historiari lotuta dauden salbuespenezko ekitaldien oroitzapenak programatzen dituzten egunetan (ehun urtetik gorako fundazio-ekitaldiak, gertakarien birsorkuntza-ekitaldiak edo antzekoak), beren programazioaren barruan kultura-ondareari lotuta daudela justifikatzen diren jarduerak garatzeko eta gauzatzeko laguntzak eskatu ahal izango dituzte:
a) Urteurrenen kasuan, gutxienez 100 urteko ospakizunak direnean eta gutxienez lau urteko kadentzia dutenean baino ez dira lagunduko.
b) Tokiko komunitateek berek interpretatutako kultura-ondare immaterialeko adierazpenen irudikapenen kasuan, ez dute aurrez adierazitako kadentziarik beharko.
3.– Dirulaguntza-lerro honetatik kanpo geratzea:
a) Entitate eskatzaileen funtzionamendu arruntaren, ordezkaritzaren eta protokoloaren berezko jarduerak eta gastuak.
b) Antolatzen dituen taldea edo entitatea gainditzen ez duten jarduerak.
c) Ospakizunetako otordu-gastuak, jai-programazioaren barruan egon arren.
d) Sarien zuzkidura.
e) Aurkeztutako programa gauzatzeko EAEko aurrekontu orokorren kontura dirulaguntza izenduna jasotzen duten jarduerak.
f) Liburuak, DVDak, garapen informatikoak eta abar ekoiztera edo editatzera mugatzen diren jarduerak.
g) Ikuskizun artistikoak sortzea, ekoiztea edo erakustea helburu duten nazioko edo nazioarteko kultura-jarduerak, jaialdiak, erakusketak eta abar.
h) Azokak, erakusketak, lehiaketak, konkurrentziak, erakusketak eta artisautzako, nekazaritzako edo abeltzaintzako lehiaketak antolatzea.
i) Jokoak, denbora-pasak, lehiaketak, erronkak eta sariak dituzten deialdiak, bidaiak eta abar antolatzea eta egitea, egiteko moduen edo usadio tradizionalen birsorkuntzan oinarritzen ez direnean.
j) Jai-programak, oro har, kultura-ondareko jarduerak izan ezik, hala nola 2.2 dirulaguntza-lerrokoak.
k) Marka edo produktu bati publizitatea ematea helburu duten jarduerak.
l) Federazioek edo kirol-taldeek araututako edo antolatutako kirol-ikuskizunak, lehiaketak eta erakustaldiak, etab.
m) Giza eskubideen nazioarteko itunekin eta komunitateen, taldeen eta gizabanakoen arteko elkarrekiko errespetuaren aginduekin bateragarria ez den edozein jarduera.
4.– Ezin izango da diruz lagundu behin baino gehiagotan lerro bereko xede bererako. Onuradun bakoitzak proiektu bakar bat aurkeztu ahal izango du dirulaguntzarako lerro beraren barruan. Aurreko bi kasuetako edozein gertatzen bada, zenbateko ekonomiko handiagoko aurrekontua planteatzen duen eskaera ez da onartuko.
3. artikulua.– Pertsona eta entitate hartzaileak.
1.– Tokiko administrazio publikoek, udalek, entitate txikiek, udal-elkarteek edo antzekoek bakarrik eskatu ahal izango dituzte 3. lerroko proiektuetarako dirulaguntzak (2. artikulua).
1. eta 2. lerroetan ezarritako gainerako jardueretarako, aurreko puntuan adierazitako entitateez gain, komunitate eramailearen parte diren edo hari lotuta dauden irabazi-asmorik gabeko pertsona fisiko eta juridikoak ere izan daitezke onuradun.
Gainera, 1. lerroko jarduerak garatuz gero, dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke pertsona fisikoak zein pertsona juridikoak, publikoak zein pribatuak, baldin eta jarduera horiek EAEn egiten badira, hurrengo apartatuetan ezarritakoaren arabera.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, onuradun izan daitezke, halaber, pertsona fisiko edo juridikoen talde publiko edo pribatuak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, baldin eta, nortasun juridikorik izan ez arren, dirulaguntzaren xede diren jarduerak egin baditzakete.
Pertsona fisiko edo juridikoen taldeak direnean –nortasunik gabeko pribatuak edo publikoak–, eskabidean eta dirulaguntza emateko ebazpenean berariaz adierazi beharko dira taldeko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak, bai eta horietako bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Taldea ezingo da desegin, harik eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 43. artikuluan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.
2.– Pertsona juridiko-pribatuek dirulaguntza eskatu eta lortu ahal izateko, beharrezkoa izango da kultura-ondarearekin zerikusia duten jarduerak garatzea sozietatearen helburu edo helburu sozial gisa.
3.– Dirulaguntza pertsona fisiko batek eskatzen badu, proiektua bere kabuz zein beste pertsona batzuen laguntzarekin gauzatzen badu, eskatzailea dirulaguntzaren onuradun bakarra izango da, eta proiektuaren zuzendaritza zientifikoa bere gain hartu beharko du.
4. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunen betekizunak.
1.– Jarduteko gaitasun nahikoa izatea.
2.– Pertsona juridiko pribatuen kasuan, kultura-ondarearekin lotutako jarduerak garatzea izan beharko dute xede edo helburu sozial.
3.– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.
4.– Dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapenik jaso ez izana ebazpen irmo baten bidez, ordenamendu juridikoan aurreikusitakoaren arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten baina halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute neurriak ezarri dituztela sexuan oinarritutako sexu-jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.
5.– Nolanahi ere, ezin izango dituzte dirulaguntzak eskuratu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan onuradun izateko debeku-kausa gisa ezarritako gainerako kasuetako batean dauden pertsona fisiko edo juridikoek.
5. artikulua.– Proiektuen zuzendaritzaren eta azpikontratazioaren betekizunak.
1.– Jarduera banaka egiten duen edo haren zuzendaritza bere gain hartzen duen pertsonak kultura-ondarearekin duen harreman akademikoa edo jarduera-harremana egiaztatzen duen curriculum vitaea izan beharko du.
2.– Proiektu baten zuzendaria deialdi honetara aurkeztutako proiektu bakar batean agertu ahal izango da.
3.– Dirulaguntzaren eskatzaile gisa pertsona fisiko bat agertzen bada, eskatzaile horrek berak hartuko du bere gain proiektuaren zuzendaritza, eta, horretarako, artikulu honen 1. puntuan adierazitako kualifikazio-betekizuna bete beharko du. Eskatzaile gisa pertsona juridiko bat agertzen bada, artikulu honetako 1. puntuko baldintzak betetzen dituen pertsona bat izendatu beharko du proiektuaren zuzendaritzaren arduradun.
6. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Aurreko artikuluan aurreikusitako helburura 400.000 (laurehun mila) euro bideratuko dira; horietatik 200.000 (berrehun mila) euro 2025eko aurrekontuari dagozkio, eta 200.000 (berrehun mila) euro 2026ko konpromiso-kredituei.
Horietatik, 1. lerroko jardueretarako ehun mila (100.000) euro eta ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euro bideratuko dira 2. eta 3. lerroetako bakoitzerako.
7. artikulua.– Gehieneko muga edo zenbatekoa, diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzaren bateragarritasuna.
1.– Onartutako aurrekontuan jasotako diruz laguntzeko moduko gastuen ehuneko laurogeita hamarrera (% 90) irits daitezke laguntzak, 1. lerrorako proiektu bakoitzeko hogei mila (20.000) euro gainditu gabe. Gainerako lerroetako proiektuetarako, dirulaguntza ehuneko hirurogeita hamabost (% 75) artekoa izan daiteke, proiektu bakoitzeko 25.000 euroko mugarekin, 2. lerroaren 1. apartatuan (2.1) eta 3. lerroaren 3. eta 4. apartatuetan (3.3 eta 3.4) adierazitako proiektuetarako izan ezik, horiek 50.000 euro jaso ahal izango baitituzte, betiere Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontu-kontsignazioen barruan.
2.– Diruz lagundu ahal izango dira lana gauzatzetik zuzenean eratorritako gastu guztiak, baldin eta lana justifikatzeko aldia amaitu baino lehen egin badira. Agindu honen 21. artikuluan ezartzen da azken eguna, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 83. artikuluan ezarritakoaren arabera. Diruz lagundu ahal izango dira, zehazki, langileen gastuak, kanpoko zerbitzu profesionalak, kontsumigarriak eta erremintak erosteko edo landa-lana dokumentatzeko makinak edo ekipoak alokatzeko gastuak, artikulu honen 4. puntuan ezarritako baldintzak eta mugak betetzen dituzten mantenu- eta desplazamendu-gastuak, proiektua prestatzeko gastuak eta haien justifikazioa.
3.– Mantenu- eta desplazamendu-gastuak diruz laguntzeko, ezinbestekoa izango da arrazoituta egotea eta landa-lanak egiteko behar-beharrezkoak izatea. Gastu horiek berariaz justifikatu beharko dira proiektuan, eta eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuan dagokien partida ekonomikoa izan beharko dute. Joan-etorrien gastuei dagokienez, diruz lagundu ahal izango dira garraiobide publikoak erabiltzeagatiko gastuak eta norberaren ibilgailua erabiltzeagatiko bidaia-kalte-ordainak. Azken horiek 0,29 euroko gehieneko mugarekin lagunduko dira diruz egindako km bakoitzeko. Hala badagokio, landa-lanak egiteko beharrezkoak diren autobide-bidesariak eta aparkaleku-gastuak lagunduko dira diruz. Garraio publikoan egindako joan-etorrietarako, bidaia-tituluaren edo dagokion fakturaren egiaztagiriaren bidez egiaztatutako zenbatekoa lagunduko da diruz. Hotel-establezimenduetako egonaldien gastuak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta ostatu hartu duten pertsonak eta ostatu hartu duten datak identifikatzen badira fakturetan.
4.– Ez da inola ere diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko agindu arautzaile honetan aurreikusitako bi ordainketetako edozein egitean egiten den PFEZaren atxikipena, hala badagokio eta indarrean dagoen zerga-araudiaren arabera.
5.– BEZ kengarria ere ez da diruz lagunduko, baldin eta pertsona edo entitate onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa aurreikusitako zuzeneko gastuen eta egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da. Pertsona edo entitate eskatzaileak eskabidean adierazi beharko du BEZaren aitorpena egitera behartuta dagoen eta zerga hori kendu edo konpentsatu dezakeen.
6.– Deialdi honetan ezarritako mugak errespetatuz, dirulaguntza hauek bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
7.– Diruz lagundutako jardueraren azpikontratazio partziala onartzen da, eta azpikontratazioa dagoela ulertuko da pertsona edo entitate onuradunak hirugarrenekin ituntzen duenean dirulaguntzaren xede den jarduera. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da onuradunek diruz lagundutako jarduera beren kabuz egiteko egin behar dituzten gastuen kontratazioa. Azpikontratatutako lanen zenbatekoak ezingo du gainditu diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 90. Nolanahi ere, azpikontrataziorako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.3 artikuluan xedatutakoa beteko da.
8.– Azpikontratazioaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatzen direnean, zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko da, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen behar adina entitate, edo gastua dirulaguntzaren aurretik egin ez bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.
8. artikulua.– Proiektuak egiteko epea.
Dirulaguntzaren xede diren proiektuek 2025eko ekitaldian hasita egon beharko dute edo bertan hasi beharko dira. Amaitzeko azken eguna 2026ko urriaren 30a izango da, eta ezin izango da gauzatzeko epea atzeratu edo luzatu data horietatik aurrera.
9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Pertsona fisiko interesdunek bitarteko elektronikoak eta presentzialak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko. Pertsona juridikoek, pertsona-taldeek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek nahitaez erabili beharko dituzte bitarteko elektronikoak, bai eta 91/2023 Dekretuaren 15. artikuluan zerrendatutako pertsonek ere (91/2023 Dekretua, ekainaren 20koa, Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).
3.– Aurrez aurreko eskabideak Zuzenean zerbitzuan, erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan (Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan arautuak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako leku edo bulegoetan aurkeztu ahal izango dira. Eskabideak Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzara bidali behar dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Era berean, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.
4.– Eskabide-inprimakia, administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (hor daude jasota izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzan, helbide hauetan:
1.lerroa: Ikerketa, katalogazioa, analisia eta planak: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1113205
2. lerroa: Ondare immateriala sortzeko eta zabaltzeko jarduerak egitea dakarten proiektuak: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1113206
3. lerroa. Toki-erakundeek ondare immateriala sustatzeko eta zabaltzeko egindako jarduerak: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1113207
5.– Eskabidea elektronikoki aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egingo dira. Artikulu honen 5. apartatuan adierazitako helbidetik sartu ahal izango da bertara, edo, bestela, zuzenean sartu ahal izango da dagokion espedientera, «Nire karpeta»tik, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Pertsona fisikoen kasuan, eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein unetan alda daiteke bidea. Zuzendaritza Kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio abisuak eta jakinarazpenak jasotzeko bidea aldatu dela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez.
7.– Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ditzakete, nahi duten eran. Halaber, prozedura osoan zehar, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
8.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
9.– Pertsona fisikoen kasuan, eskabidea ordezkari baten bidez aurkeztu ahal izango da, eta, kasu horretan, ordezkaritza ematea ez bada aldez aurretik erregistratu Ahalordeen Erregistro Elektronikoan, ordezkaritza emateko dagokion inprimakia aurkeztu beharko da, behar bezala beteta eta sinatuta, edo notario-ahalorde bat.
Pertsona juridikoek ordezkari bidez jardun behar dute. Pertsona juridiko baten ordezkari gisa jarduten duten pertsona fisikoak behartuta daude eskabidea bide elektronikoz aurkeztera. Ordezkaritza-ahalordea aldez aurretik erregistratuta badago ahalordeen erregistro elektronikoan, ez da beharrezkoa izango ordezkaritza emateko inprimakia aurkeztea. Ordezkaritza inskribatzeko izapideei buruzko informazio espezifikoa, ereduak eta inprimaki deskargagarriak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
10. artikulua.– Pertsona edo entitate eskatzailearen betekizunak egiaztatzea.
1.– Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak pertsona fisiko eskatzailearen edo, hala badagokio, ordezkari gisa jarduten duen pertsonaren identitateari buruzko datuak egiaztatuko ditu.
2.– Dirulaguntza pertsona juridiko batek eskatzen badu, bere xede edo helburu sozialean kultura-ondarearekin lotutako jarduerak garatzea izatearen baldintza egiaztatzeko, entitatearen estatutuen edo eratze-eskrituren kopia bat aurkeztu beharko da.
3.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du laguntzak eskatzen dituzten pertsonek zerga-betebeharrak eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, baldin eta berariaz aurka egiten ez bazaie, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa). Interesdunek egiaztapen hori egitearen aurka egiten badute, dagokion ziurtagiria aurkeztuko dute.
4.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua aplikatuz, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabide-inprimakian jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:
a) Eskabidea izapidetzeko unean ebatzi gabe dauden edo, hala badagokio, lortu diren helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuen eskaerak jakinaraztea.
b) Eskatzaileak ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, ez eta laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne.
c) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1.h) artikuluan berdintasunaren arloan ezarritako baldintzak betetzen dira.
d) Era berean, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta ez dagoela dirulaguntza publikoen pertsona edo entitate onuradun izateko debekuetako batean ere (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikulua).
5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, pertsona edo entitate interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak ez aurkezteko. Horren bidez, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, salbu eta interesduna horren aurka agertzen bada. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko da zer administrazio-organori eta noiz aurkeztu zitzaizkion.
11. artikulua.– Eskabidearekin batera proiektuari buruz aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidearekin batera, eskatzaileak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
1.– Egin beharreko proiektuaren memoria. Memoria horrek 15 orri izango ditu gehienez, eta epigrafe hauetan egituratuta egon beharko du:
– Izenburua.
– Proiektuaren aurkezpena.
– Elementuaren komunitate eramaileak diruz lagundu beharreko proiektuan duen partaidetzaren deskribapena; kasu horretan, hori egiaztatzen duten agiriak aurkeztuko dira.
– Proiektuaren helburu zehatzak (iraupena kontuan hartuta).
– Jardueraren interesa eta egungo egoera.
– Metodologia eta lan-plana, dagokion kronogramarekin.
– Iturri eta bibliografia espezifikoak, hala eskatzen duten jardueretarako.
2.– Proiektuaren zuzendaritzaz arduratuko den pertsonaren curriculum vitaea. Pertsona fisikoen, pertsona juridikoen, pertsona-taldeen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, proiektuaren zuzendaritza zientifikoa bere gain hartzen duen pertsonaren curriculum vitaearen bidez egiaztatuko da 5. artikuluan proiektua zuzentzeko eskatzen den kualifikazioa, edukia egiaztatzen duen behar besteko justifikazioarekin.
3.– Proiektuaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehatua, 9. artikuluan adierazitako lekuetan eskuragarri dagoen «Gastuen aurrekontua» izeneko ereduaren araberakoa.
12. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea.
13. artikulua.– Dokumentazioa berrikustea eta akatsak zuzentzea.
1.– Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak egiaztatuko du eskabidea epe barruan eta behar bezala egin dela, eta eskatutako dokumentazioa aurkeztu dela.
2.– Eskabidea izapidetzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela, ebazpena eman ondoren.
3.– Eskabidea edo laguntzak kudeatzeko eskatzen den gainerako dokumentazioa bide elektronikotik aurkeztera behartuta dagoen pertsona edo entitateren batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, pertsona edo entitate interesdunari eskatuko zaio zuzendu dezala, elektronikoki aurkeztuta.
14. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, balorazio-batzorde bat eratuko da, eskabideak onartzeko eta ez onartzeko gaiak aztertzeko eta ebazteko, eta, ondoren, onartutako eskabideen jarduerak baloratzeko. Batzorde horrek, ezarritako adjudikazio-irizpideetan oinarrituta, txosten bat egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Balorazio Batzordeak Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari helaraziko dio txosten hori.
2.– Batzordeak osaera orekatua izan beharko du, eta, bertan, bi sexuek gutxienez % 40ko ordezkaritza izan beharko dute, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritakoaren arabera. Honako hauek osatuko dute batzordea:
a) Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaria. Batzordeburua izango da, eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko. Batzordeburua ez badago, kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, maila, antzinatasun eta adin handiagoko batzordekide batek ordezkatuko du, hurrenkera horretan.
b) Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren arduraduna.
c) Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzako bi teknikari, Kulturako sailburuordeak izendatuak.
3.– Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko pertsona bat, Kulturako sailburuordeak izendatua. Ez da batzordeko kide izango, eta idazkari-lanak egingo ditu. Hitza izango du, baina botorik ez. Idazkariari dagokio kide anitzeko organoaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako eta erabakiak hartzeko prozedurak eta arauak errespetatzen direla bermatzea.
4.– Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
5.– Salbuespen gisa, Balorazio Batzordeak, egoki deritzonean, proiektuari dagokion gai zehatz eta espezifikoan edo zeharkako gaietan, hala nola genero-ikuspegian, adituak diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.
6.– Balorazio Batzordea balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da, gutxienez, batzordeburua eta idazkaria eta, gutxienez, batzordekideen erdiak bertan egotea.
7.– Balorazio Batzordeko kideak abstenitu egingo dira eta errekusatuak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
15. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, eta, hala badagokio, agindu honen 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako izapidea gauzatuta, agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideak Balorazio Batzordeak ebaluatuko ditu, 16. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.
Agindu honen 16. artikuluan aurreikusitako ebaluazio-fasean 70 puntu edo gehiago lortu dituzten proiektuek soilik jaso ahal izango dituzte laguntzak.
2.– Dirulaguntzak norgehiagoka bidez emango dira, prozedura honen arabera:
a) Dirulaguntza-lerro bakoitzari esleitutako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada agindu honen 7. artikuluan hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak estaltzeko, dirulaguntzaren zenbatekoa haien arabera emango, eta prozeduraren ebazpena emango da.
b) 1. lerroan aurreikusitako laguntzen kasuan, puntuazio handiena lortu duen proiektutik hasi eta puntuazio txikiena lortu duenera arte emango da laguntza, kontuan hartuta eskatutako gutxieneko puntuazioa artikulu honen lehen apartatuan aurreikusitakoa dela.
Dirulaguntza 7. artikuluan ezarritako gehieneko zenbatekoen edo eskatutako zenbatekoaren arabera emango da, kontuan hartuta esleitutako zenbatekoa beti izango dela muga horiei dagokien zenbatekorik txikiena.
Prozedura hori errepikatu egingo da, agindu honen 6. artikuluan aurreikusitako zuzkidura agortu arte, 70 puntu edo gehiago lortu dituzten gainerako jarduerekin, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta eta aurreko puntuan deskribatutako gehieneko zenbatekoak aplikatuta.
c) 1. lerroan soberako zenbateko bat geratzen bada b) letran zehaztutako prozedura amaitu ondoren, edo zenbateko hori nahikoa ez bada beste proiektu bat diruz laguntzeko, zenbateko hori 3. lerroan metatuko da.
d) 2. eta 3. lerroetan egon daitekeen soberako saldoa, hala badagokio, lerro horien hasierako zuzkidura elkarren artean handitzeko erabiliko da, lerro bakoitzaren eskaria estali arte.
Hala ere, soberakina sortzen bada, 1. lerroan banatu beharreko hasierako kopuruari metatuko zaio.
2. eta 3. lerroetan, diruz lagundu daitekeen jardueraren % 75 emango da gehienez, agindu honen 7. artikuluan zehazten den bezala. 2. eta 3. lerroetan egon daitezkeen soberakinak metatu ondoren, eman beharreko guztizkoak lerro bakoitzeko guztizko gehieneko kopuruak gainditzen badituzte, lortutako puntuen arabera hainbanatuko dira, lerroaren zuzkidura ekonomikora egokitu arte.
3.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, deialdi honetan aurreikusitako kalkulu-irizpideak aplikatu ondoren lortutako zenbatekoak aurreko edo ondorengo zenbaki oso hurbilenera biribilduko dira. Biribiltzearen ondorioz finantzatu beharreko guztizkoa deialdian finkatutako kreditua baino handiagoa bada, finantzaketa handieneko proiektutik kenduko da ateratzen den aldea.
4.– Lehen lerroan bi proiektu edo gehiago aurkezten badira, eta proiektu horien ikerketa- eta ikuspegi-xedea berdina edo antzekoa bada, eta, ebaluatu ondoren, 70 puntu edo gehiago lortzen badituzte, puntuazio txikiena lortu dutenak baztertu egingo dira, eta puntuazio handiena lortu duena bakarrik geratuko da.
5.– Hainbat proiektuk lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, agindu honen 16. artikuluaren b) apartatuan puntuazio handiena lortzen duena jarriko da abantailaz. Berdinketak jarraitzen badu, proiektuak abantaila izango du, baldin eta agindu honen 16. artikuluko c) eta d) irizpideetan puntuaziorik altuena badu, hurrenkera horretan. Oraindik ere berdinketa badago, e) atalean puntuazio handiena lortu duenak izango du lehentasuna.
16. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Dirulaguntza emateko eta zenbatekoa zehazteko, alderdi hauek baloratuko dira (guztira, 120 puntu):
a) Jardueraren eta hark diharduen ondasunaren interesa: 20 puntu, gehienez. Jardueraren ardatza den ondasunaren edo ondasun-taldearen garrantziaren, esku hartzen duen talde sozialaren eta jardueraren lehentasunaren eta aukeraren arabera.
Elementua kultura-ondasun gisa aitortuta badago edo Eusko Jaurlaritzaren inbentarioetako ondasun bati lotuta badago: 10 puntu/Ondasunaren interes nabarmena: 6 puntu/Intereseko elementua, baina ez da elementu orokorretik nabarmentzen: 3 puntu.
Jardueraren interes nabarmena: 10 puntu/Jarduera interesgarria, baina ez da orokorra nabarmentzen: 5 puntu.
b) Proiektuaren kalitatea: 50 puntu, gehienez. Kontuan hartuko dira ondarea babesteko planteatutako proiektuaren oinarri diren irizpideak, lortu nahi den helburura egokitzeaz gain, baita planteatutako metodologia eta hori lortzeko proposatutako tresnak ere:
– Babes-proiektuaren oinarri diren irizpideak eta proposatutako helburuak lortzeko egokitasuna: Optimoak: 20 puntu/Egokiak: 15 puntu/Nahikoak: 10 puntu/Nahikoak ez edo desegokiak: 0 puntu.
– Erabili beharreko metodologia eta tresnak. Zuzenak: 20 puntu/Hobe daitezkeenak: 10 puntu.
– Elementuaren komunitate eramaileak proiektuan parte hartzea: 10 puntu, gehienez. Komunitate eramailea da proiektuaren egilea: 10 puntu/Komunitate eramaileak proiektuan parte hartzen du, proiektuaren garapena baloratzen: 6 puntu/Komunitate eramailea proiektuaren xede da: 3 puntu/Ez da zehazten komunitate eramailearen jarduera: 0 puntu.
c) Proiektua gauzatzeaz arduratuko diren pertsonak: 20 puntu, gehienez. Proiektuaren eskura dauden giza baliabideen egokitasuna baloratzen da.
– Jarduera garatzeko talde optimoa edo oso ondo kualifikatutako pertsona fisikoa: 20 puntu/Taldea edo pertsona nahikoa, baina hobekuntza argirako aukerarekin: 10 puntu.
d) Proiektuaren kostu ekonomikoa. Atal hau baloratzeko, besteak beste, zehaztasun-maila, aurrekontuaren arrazionaltasuna eta jardueraren autofinantzaketa-maila hartuko dira kontuan. 20 puntu, gehienez.
– Aurrekontua xehatua eta arrazionala da: 10 puntu/Xehatua, baina exekuzio hobegarrikoa: 8 puntu/Xehetasun nahikorik gabea eta exekuzio hobegarrikoa: 5 puntu.
– Jardueraren autofinantzaketa-maila (gehienez 10 puntu). 10 puntu emango zaizkie aurrekontu osoaren % 50 gutxienez eskatzailearen funtsekin edo beste baliabide publiko edo pribatu batzuekin ordaindutako jarduerei. Kopuru horretara iristen ez diren kofinantzaketak proportzionalki kalkulatuko dira.
e) Proiektua emakume batek zuzentzen badu, edo proiektua garatzeko emakume talde batek parte hartu behar badu, edo genero-ikuspegia kontuan hartzen bada: 5 puntu.
f) Pertsona edo entitate onuradunak jardueraren azken memoria euskaraz edo EAEko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu behar badu: 5 puntu.
17. artikulua.– Ebazpena.
1.– Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena ikusita, ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, eta Kulturako sailburuordeari bidaliko dio espediente osoarekin batera, ebazpena eman dezan. Prozeduran interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogak baino ez direnez agertzen eta ez direnez kontuan hartzen, ebazpen-proposamen hori behin betikoa izango da.
2.– Ebazpenak honako hauek jasoko ditu, gutxienez:
a) Diruz lagundutako proiektuak, esleitutako laguntzen zenbatekoa eta ordainketa-sekuentziazioa.
b) Eskatutako laguntza eman ez zaien proiektuak, horren arrazoiak azalduta.
c) Onartu ez diren eskabideak, ez onartzeko arrazoia adierazita.
d) Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea, agindu honen 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.
e) Emandako dirulaguntzak justifikatzeko modua eta epea, proiektua gauzatu ondoren, agindu honen 21.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
f) Diruz lagundutako jarduera gauzatuko dela bermatzeko bidezkotzat jotzen den beste edozein betebehar.
g) Zenbatekoa zehazteko, aurreko edo ondorengo zenbaki oso hurbilenera biribildu ahal izango da. Biribiltzearen ondorioz finantzatu beharreko guztizkoa deialdian finkatutako kreditua baino handiagoa bada, finantzaketa handieneko proiektutik kenduko da ateratzen den aldea.
3.– Ebazpena gehienez bost hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik zenbatzen hasita.
4.– Ebazpena ezarritako epeetan jakinarazten ez bada, eskaerei ezezkoa eman zaiela ulertu ahal izango da, administrazio-prozedurari buruzko araudian finkatutako administrazio-isiltasunaren ondorioetarako.
5.– Jakinarazpenak egiteko, eskabidea aurkeztean pertsona fisiko eskatzaileak aukeratutako bidea erabiliko da, posta bidezkoa edo elektronikoa. Pertsona juridikoek, pertsona-taldeek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek nahitaez erabili beharko dituzte bitarteko elektronikoak. Jakinarazpen elektronikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Laguntzak eskatzen dituztenei ebazpena jakinarazteaz gain, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten. Lehenik egin den jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.
6.– Jakinarazitako ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoaren arabera.
7.– Dirulaguntza ematen duen organoak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake, betekizun hauek betetzen direnean:
a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatzea; hala bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.e) artikuluan jasotako betebeharra betez jakinarazi beharko du onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen.
b) Ez dator bat zenbatekoaren igoerarekin.
c) Benetan egindako edo egingo den jarduera edo jokabidea oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.
d) Aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.
e) Aldaketa eragin duten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izan balira, dirulaguntza ukatzeko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
18. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honetan jaso eta araututako dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jaso eta hamar eguneko epean, pertsona edo entitate onuradunek, berariaz eta idatziz, laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.
c) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik jasotako dirulaguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea, lortutako laguntza horiei uko egin edo horiek onartu izanari buruzko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera.
d) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea. Bereziki, nahitaezkoa izango da ahalik eta lasterren jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak gauzatzean atzerapena eragingo duen eta proiektua gauzatzea eragotziko duen edozein inguruabar edo gertaera.
e) Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea, jasotako dirulaguntzei dagokienez, eta diruz lagundutako jardueren gaineko haien kontrol-, egiaztapen-, jarraipen- eta ikuskapen-funtzio edo ahalmenen esanetara jartzea.
f) Ikerketaren emaitzen ondorioz argitaratu daitezkeen testu edo dokumentuetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diruz lagundu duela aipatzea, eta sailaren logotipo ofiziala sartzea. Proposatutako ikerketarako emandako dirulaguntzak etorkizunean master amaierako lan bat edo doktorego-tesi bat egiteko balio badu, lan edo tesi horretan Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza jaso beharko da, eta ale bat Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzara bidali.
g) Dirulaguntza baliatzen den bitartean, oinarri hauen ondoriozko arauak betetzea etenik gabe.
h) Ikerlana amaitzea eta dirulaguntza justifikatzeko eskatutako dokumentazioa bidaltzea agindu honetan ezarritako epean.
i) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean (lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora), pertsona edo entitate onuradunak hornitzaile desberdinen 3 eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa hartu edo zerbitzua eman aurretik. Aurkeztutako 3 eskaintzen arteko hautaketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomiko onuragarriena aukeratzen ez denean.
j) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntzaren xede den jarduerak edo proiektuak behar dituen dokumentazio eta material guztietan.
k) Oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren gainerako lege-xedapenetan jasotako beste edozein betebehar.
2.– Lanaren testua bi aldeek interesgarritzat jotzen badute, Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzuaren estilo-arauen arabera argitaratuko da.
19. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak, agindu hau kudeatzeko arduraduna den aldetik, diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egingo du.
Horretarako, eta beste entitate eta entitate publiko batzuei legez dagozkien ahalmenak alde batera utzi gabe, Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari dagokio egokitzat edo beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen eta egiaztapen guztiak egitea, diruz lagundutako jarduerak behar bezala gauzatzen direla bermatzeko.
20. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta ordaintzeko modua.
1.– Agindu honen kargura emandako dirulaguntzak zatika ordainduko dira, honela:
a) Lehenengo ordainketa, dirulaguntzaren % 50, dirulaguntza eman ondoren.
b) Gainerako % 50a dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoaren arabera ordainduko da, gastua justifikatu eta eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondoren. Bigarren ordainketa, nolanahi ere, 2026an egingo da.
2.– Pertsona, pertsona-talde edo entitate onuraduna erregistratuta ez badago edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, hala egin ahal izango du; pertsona fisikoa bada, bide presentzialetik zein elektronikotik, eta pertsona juridikoa edo pertsona-taldea bada, bide elektronikotik bakarrik. Izapidea aurrez aurre zein bide elektronikoz egin, alta emateko eta aldatzeko inprimakiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/ Izapideak aurrez aurre egiteko, inprimakiak Zuzenean Zerbitzuaren bulegoetan ere egongo dira eskuragarri, aldez aurretik hitzordua eskatuta https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean. helbidean, edo aldez aurreko hitzordua eskatzeko edo baliogabetzeko telefono esklusiboaren bidez (945 01 90 00).
3.– Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekotik kendu egingo dira, hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, zergaren araudia aplikatuz legozkiokeenak. Ondorio horietarako, pertsona fisiko eskatzaileek egoitza fiskala adierazi beharko dute eskabidean. Hala badagokio, jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa onuradunak berariaz eskatu beharko du.
21. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkeztu ditzakete justifikazioak:
Justifikazioak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan, aurrez hitzordua eskatuta soilik https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean, edo aurretiazko hitzordua eskatzeko edo ezeztatzeko telefono esklusiboaren bidez (945 01 90 00), 91/2023 Dekretuak araututako erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan (91/2023 Dekretua, ekainaren 20koa, Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako leku eta bulegoetan.
Halaber, justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, «Nire karpeta» atalaren bidez: www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Pertsona juridikoek, pertsona-taldeek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, lehen aipatutako helbide elektronikora sartuta.
3.– Justifikazioak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1113204
4.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, entitate edo pertsona onuradunak dirulaguntza eragin duen jarduera egin dela eta jarduera horrek eragindako gastuak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du. Horretarako, gutxienez, honako hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Egindako jarduera bete dela justifikatzen duen memoria, ahalik eta zehatzena, eta interesgarria izan daitekeen dokumentazio grafiko guztia.
b) Dokumentazio-proiektua, inbentarioa edo kudeaketa-plana denean, diruz lagundutako lanaren azken dokumentuaren kopia bat, laburpen elebidun batekin batera –euskaraz eta gaztelaniaz–, gehienez ere 1.800 karakterekoa.
Justifikazioa aurrez aurre eginez gero, formatu digitalean aurkeztuko da, euskarri fisiko batean grabatuta (CD/DVD, memoria-arkatza...). Kanal elektronikoa erabiltzen bada eta 30 MB baino handiagoa bada, helbide elektroniko bat adieraziko da memorian, organo kudeatzaileak lana jasotzen duten fitxategiak deskargatu ahal izateko. Prozedura hori aurrez aurreko kanala erabiltzen duten pertsonek ere erabili ahal izango dute.
Nolanahi ere, aurkeztutako emaitzek bat etorri beharko dute eskabidearekin aurkeztutako hasierako memoriaren planteamenduekin.
c) Elementua daraman komunitateak proiektuaren garapenean izan duen parte-hartzea islatzen duen memoria.
Zinpeko adierazpenaren bidez, diruz lagundutako jardueraren gastuen eta diru-sarreren behin betiko balantze orekatua, ahalik eta banakatuena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta agindu honen 9. artikuluaren 5. apartatuan adierazitako lekuetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
d) Pertsona edo entitate onuradunak, gerora, ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz bestelako dirulaguntzarik edo kanpo-ekarpenik jaso, erantzukizunpeko adierazpen bat bete beharko du, balantzearen inprimakian sartua. Eskabidea izapidetu ondoren lana egiteko beste dirulaguntza edo diru-sarreraren bat jaso bada, zehaztu egin beharko da dirulaguntza edo ekarpen bakoitzaren zenbatekoa, bai eta eman duen pertsona edo entitatea ere, balantzeko diru-sarreren atalean.
e) Egindako gastuen zerrenda sailkatua eta korrelatiboki zenbakitua, honako hauek adierazita: hartzekodunaren eta egiaztagiriaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta jarduerari egotzitako gastuaren zenbatekoa, zerga-oinarria eta BEZa banakatuta. Balantzea izeneko formularioan jasotako taularen bidez egin ahal izango da, edo bereizita aurkeztu, kalkulu-orriaren formatuan, betiere datu-eredu berari jarraitzen bazaio.
f) Gastuak egiaztatzea, aurkeztutako gastu-aurrekontuaren zenbateko osoaren baliokidea den zenbatekoan, fakturen, faktura sinplifikatuen eta/edo langileen nominen bidez, bai eta merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio baliokidea duen edo eraginkortasun administratiboa duen beste edozein dokumenturen bidez ere, gastuen zerrenda sailkatuan sartuta. Frogagiriek zerrenda sailkatuan eman zaien zenbakia eraman beharko dute. Jatorrizko egiaztagiriak DIN-A4 baino txikiagoak badira, jatorrizkoak orri bati itsatsi beharko zaizkio. Orri horiek ere zenbakituta egon beharko dute beheko eskuineko angeluan.
g) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, Aginduaren 18.9 artikuluan aurreikusitako hiru eskaintzak eskatu dituela egiaztatzen duten agiriak.
5.– Justifikazio-agiriak aurkezteko azken eguna 2026ko urriaren 30a da, egun hori barne.
6.– Justifikazioa aurreikusitako epean aurkezten ez bada, pertsona edo entitate interesdunari eskatuko zaio hamabost eguneko epean aurkezteko. Epe hori igaro eta justifikazioa aurkeztu ez badu, dirulaguntza itzultzeko prozedurari ekingo zaio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. eta 40. artikuluen arabera.
7.– Nolanahi ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa beteko da.
22. artikulua.– Dirulaguntzaren likidazioa.
1.– Xedea eta irizpideak.
Hasieran aurkeztutako aurrekontuko gastuak baino handiagoak justifikatzeak ez du inola ere ekarriko hasieran onartutako dirulaguntza handitzea.
2.– Prozedura.
a) Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren, eta behar bezala justifikatuta dagoela iritzita, ordaintzeke dagoen zenbatekoa ordainduko da.
b) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta benetako kostuak aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoak edo diru-sarrera handiagoak izan badira, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egingo da. Horretarako, jarduera justifikatzeko agiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari zenbatekoak itzuli behar zaizkion kasuetan, likidazio-ebazpenean bi hilabeteko epea emango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera, dagokion itzulketa egiteko, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritako prozedura errespetatuz.
23. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako dirulaguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko egintzan ezartzen direnak ez betetzea.
c) Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazitako zenbatekoa ez itzultzea, horretarako ezarritako epean.
d) Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legeak eta haren garapenek ezartzen duten eta nahitaez bete behar den beste edozein betebehar.
e) Dirulaguntzen arloko beste edozein xedapenek oro har ezartzen duen beste edozein, bereziki Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan arautzen diren ez-betetzeen kasuetan.
2.– Jardueraren exekuzioaren ez-betetze partzialak onartu ahal izango dira, baldin eta argi eta garbi egiaztatzen bada diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzera bideratutako jarduketa bat egin dela eta jardueraren betetze-maila eskabidean aurkeztutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 65era iristen dela gutxienez. Kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, eta azkenean emandako zenbatekoa murriztuko da aurrekontu osoarekiko benetan justifikatutako zenbatekoaren proportzioan.
Salbuespen gisa, proiektuaren gauzatze-maila arestian ezarritako ehunekoan lortzen ez bada, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak ez-betetze partzialak daudela erabaki ahal izango du, baldin eta dirulaguntzaren pertsona edo entitate onuradunak egindako lanek ezaugarri objektibo bereziak eta berariazkoak badituzte eta, berez, diruz lagundutako proiektuaren xedeari eta helburuari balio erantsia ematen badiote.
3.– Kasu horietakoren bat gertatu dela egiaztatuz gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera eta arau horiek bete ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak.
24. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak «Euskal kultura-ondare immaterialaren esparrura bideratutako laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.
Arduraduna: Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritza. Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: euskal kultura-ondare immateriala babesteko dirulaguntzak kudeatzea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
Hartzaileak: gaian eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea dago, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsultatu dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml
Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
RSS