
215. zk., 2025eko azaroaren 7a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (121 KB - 2 orri.)
- EPUB (102 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4745
1735/2025 EBAZPENA, urriaren 28koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Plangintza eta Kudeaketako zuzendariorde lanpostua izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzen duena.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Plangintza eta Kudeaketako zuzendariorde lanpostua hutsik geratuko dela aurreikusi da. Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan, eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, Zuzendaritza Nagusi honek lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa egitea erabaki du. Hona hemen horretarako
OINARRIAK
Lehenengoa.– Ebazpen honen bitartez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Plangintza eta Kudeaketako zuzendariorde lanpostua betetzeko deialdia egiten da, eta bertara honako hauek aurkez daitezke: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioen erakundeei atxikitako langile finkoak (funtzionarioak, estatutarioak nahiz lan-kontratuko langile finkoak), baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko nahiz bere erakunde autonomoetako funtzionarioak, eta honako baldintza hauek betetzen dituzten gainerako langileek:
1.– Titulazio akademikoa: A2 taldeetako edozein unibertsitate-lizentziatura eduki beharko dute.
2.– Esperientzia: 5 urteko esperientzia izan beharko dute, A2 lanbide-taldeetako zereginetan.
Deitutako lanpostuak euskarazko 3. Hizkuntza Eskakizuna dauka derrigortasun-data igarota.
Bigarrena.– Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideetako Zuzendaritzara igorri beharko dituzte eskabideak, 10 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera. Aurkeztu ahal izango dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako eran.
Hirugarrena.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek, eskabidearekin batera, honako hauek adierazten dituen curriculum vitaea aurkeztu beharko dute:
– Titulu akademikoak.
– Orain arte betetako lanpostuak.
– Lanbidean eta kudeaketa sanitarioan daukaten esperientzia.
– Ikasketak, ikastaroak, ponentziak, argitalpenak, hizkuntzak eta egoki iritzitako beste edozein merezimendu.
Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak ere aurkeztu beharko dituzte. Halaber, argitalpenak, txostenak edota egokitzat jotako beste edozein agiri ere aurkez dezakete.
Ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan adierazi den bezala egiaztatzea Osakidetzako CV aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala egiaztatuta badaude, beti ere izangaiak eskabidean horrela dela adierazi baldin badu.
Laugarrena.– Deialdi hau Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Bosgarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 28a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MIREN LOREA BILBAO ARTECHE.
RSS