
85. zk., 2025eko maiatzaren 8a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (439 KB - 35 orri.)
- EPUB (3096 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
1943
EBAZPENA, 2025eko apirilaren 11koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, energia berriztagarrien bidez autokontsumorako energia elektrikoa sortzeko eta kontsumo termikoak elektrifikatzeko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen, deialdia egiten eta argitaratzen dituena.
Energiaren Euskal Erakundea zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren mendekoa, eta bere gain hartzen ditu aurrezpena eta energia-efizientzia, energia-baliabide berriztagarriak, energia-dibertsifikazioa eta energia-azpiegituren sustapena bultzatzera bideratutako jardunak, betiere Euskadiko Autonomia Erkidegoaren esparruan.
Horri dagokionez, 2030erako 3E-2030 Euskadiko Energia Estrategian bildutako helburuak betetzera bideratutako hainbat ekintza garatzen ari da Energiaren Euskal Erakundea. Jarduketa horien artean aipatzekoak dira hainbat laguntza-programa, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean instalazio eta eraikinetan energia berriztagarrien erabileraren sustapena bilatzen duten ekintzak sustatzeko.
Ildo horretan, 2030erako 3E-2030 Euskadiko Energia Estrategia dokumentuan jasotako Eusko Jaurlaritzaren energia-politikaren helburuei jarraikiz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren misioa energia-kontsumoan efizientzia gehitzen laguntzea da, beharrezkoa den bultzada publikoaren bidez, eta, horrekin batera, energia-sistema lehiakorrago, jasangarriago eta seguruago bat lortzea, ingurumen-inpaktua gutxituz, kontsumorako edo produkziorako energiaren beharra apalduz, eta kanpo energia-baliabideekiko dependentzia murriztuz.
Ondorioz, energia berriztagarrien bitartez autokontsumorako instalazioak egiteko eta kontsumo elektrikoen elektrifikazioa helburu duten ekintzak sustatzeko helburu nagusiarekin diseinatu da laguntza-programa hau.
Azaldutako guztia dela-eta, honako hau,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaritza-organoen eginkizunak arautzen dituen martxoaren 5eko 64/1985 Dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, energia berriztagarrien bitartez autokontsumorako energia elektrikoa sortzeko eta kontsumo termikoen elektrifikaziorako laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, programaren edukia ebazpen honi eranskin gisa eransten zaiolarik.
Bigarrena.– Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.3 artikuluari jarraikiz, energia berriztagarrien bitartez autokontsumorako energia elektrikoa sortzeko eta kontsumo termikoen elektrifikaziorako laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau, oso-osorik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honek bide administratiboa agortzen du; hortaz, nahi izanez gero, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EEEko zuzendari nagusiari, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako auzitegietan, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Bilbao, 2025eko apirilaren 11.
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
MIKEL AMUNDARAIN LEIBAR.
RSS