
85. zk., 2025eko maiatzaren 8a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (186 KB - 13 orri.)
- EPUB (126 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
1936
EBAZPENA, 2025eko apirilaren 16koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita toki-entitateei eta haiek sustatutako entitateei dirulaguntzak emateko, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak susta eta babes ditzaten, 2025eko ekitaldirako.
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10. artikuluan jasotakoarekin bat etorrita, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa da kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestea.
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 4/2023 Legearen 54. artikuluak ezartzen duenez, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak udaletan bulegoak eta zerbitzuak sortzea sustatuko du, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei laguntza eta informazioa emateko.
9/2007 Legeak sortutako Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren helburua da Eusko Jaurlaritzak kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatu eta babesteko baliatzen dituen politikak zehaztu, planifikatu, sustatu eta gauzatzea, eta, institutuaren egitekoen artean, hau dago jasota lege horren 4.1.j) artikuluan: «Kontsumoaren arloan eskumenak erabiltzen dituzten udal-administrazioekin lankidetzan aritzea, kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoak hedatzea sustatzea, behar duten guztian aholkuak ematea euren eginkizunak hobeto bete ditzaten, eta lankidetza-itunak sinatzea beren helburuak betetzeko ahalik eta teknikarik eta materialik onenen hornikuntza konpartitze aldera».
2024ko abenduaren 17an, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, entitate autonomoaren dirulaguntzen plan estrategikoa onartu zen 2025-2028 aldirako, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan ezarritakoa beteta. Plana Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren webgunean argitaratu da.
Programa indarrean jarri den aldian izandako esperientziaren ondorioz, komeni da laguntza-programaren araudia aldatzea, administrazio-araudi aplikagarrian eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren dirulaguntzen plan estrategikoan ezarritakora egokitu dadin.
Azaldutako gogoetetan oinarrituta, eta kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean, lege horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoa, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honek xede du publiko egitea kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzeko jarduerak garatzen dituzten EAEko toki-entitateei dirulaguntzak emateko 2025eko deialdia. Dirulaguntzok emango zaizkie bai indibidualki aritzen diren toki-entitateei bai zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-entitateren ordezkari gisa aritzen direnei bai toki-entitateek sustatuko entitateei.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta dirulaguntza-lerroak.
1.– Xedapen honetan publikatutako laguntzetarako jarritako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan xede horretarako berariaz ezarriko diren aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.
2.– Helburu hori betetzeko, 1.208.368 euro erabiliko dira, 2025eko ekitaldiko Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren arabera. Honela banatuko da diru hori:
a) 1.114.368 euroko aurrekontu-kreditua egongo da kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetarako (KIUB) zentroen eta zerbitzuen funtzionamendutik eta kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazioa eta prestakuntza emateko jarduerak egitetik eratorritako gastuak ordaintzeko. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:
– 2025. urtea: 835.776 euro.
– 2026. urtea: 278.592 euro.
b) Kontsumoko ikuskaritza-jarduerek eragindako gastuak ordaintzeko 84.000 euroko aurrekontu-kreditua egongo da. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:
– 2025. urtea: 63.000 euro.
– 2026. urtea: 21.000 euro.
c) 10.000 euroko aurrekontu-kreditua egongo da kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetarako (KIUB) ekipamendu informatikoaren gastuetarako. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:
– 2025. urtea: 7.500 euro.
– 2026. urtea: 2.500 euro.
3.– Ebazpen honetan ezarritako laguntzak, diruz lagundu daitekeen eta 4. artikuluan zehaztutako kontzeptu bakoitzarentzat, dagokion lehiaketa prozeduraren bidez ebatziko dira.
4.– Entitate onuradunek 2025ean izango dituzten gastuak ordaintzeko dira laguntza horiek.
3. artikulua.– Entitate onuradunak.
Kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoak (KIUB) zabalik dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateek jaso ahal izango dituzte ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak, bai indibidualki bai zerbitzua partekatzen duten hainbat toki-entitateren ordezkari gisa. Toki-entitateek sustatuko entitateek ere jaso ahal izango dituzte laguntzok. Irizpide hauek izango dira indarrean laguntzak ematerakoan:
Deialdi honen xede diren dirulaguntza-lerroetako edozein eskuratu nahi duten entitateek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Era berean, ez dute izan behar Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debekurik.
3.1.– Dirulaguntza-lerroak, kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoetarako (KIUB) zentro eta zerbitzuen funtzionamendurako eta kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazioa eta prestakuntza emateko jarduerak egiteko eta kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoetarako ekipamendu informatikorako.
Lerro hauen laguntza emateko, jendearentzat irekita egon beharko da, honako irizpide hauen arabera:
Zerbitzuak ematen dituzten udalerri edo mankomunitateak:
– 20.000 biztanle baino gehiagori zerbitzua ematen dioten bulegoak gutxienez astean hogei orduz izango dira zabalik.
– 10.000 eta 20.000 biztanle artean zerbitzatzen dituzten bulegoak gutxienez astean zortzi orduz izango dira zabalik.
– 10.000 biztanle baino gutxiagori zerbitzua ematen dioten bulegoak gutxienez astean lau orduz izango dira zabalik.
3.2.– Merkatua kontrolatzeko eta ikuskatzeko zereginak beren gain hartzen dituzten administrazio-unitateen funtzionamendurako dirulaguntza-lerroa.
Lerro honetako laguntza emateko baldintza izango da toki-entitate eskatzaileak Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak esleitutako ikuskapen-kanpainetan eta Kontsumobideren alerta-sarean parte hartu izana.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak.
Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak 2025eko ekitaldian egindako gastuak ordaintzera bideratuko dira, baldin eta honako kontzeptu hauekin lotuta baldin badaude:
a) Kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetarako (KIUB) zentroen eta zerbitzuen funtzionamendua, eta kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazioa eta prestakuntza emateko jarduerak egitea.
b) Merkatua kontrolatzeko eta ikuskatzeko zereginak beren gain hartzen dituzten administrazio-unitateen funtzionamendua.
c) Ekipamendu informatikoa eskuratzea, kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoentzat. Ez dira diruz lagunduko ekipamendu berriak erosteko egindako 1.000 euro baino gutxiagoko gastuak.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
a) Kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetarako (KIUB) zentro eta zerbitzuen funtzionamendurako eta kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazioa eta prestakuntza emateko jarduerak egiteko:
– Lokalen alokairua.
– Kontsumitzaileei informazioa, orientazioa eta laguntza ematen dieten langileen gastuak.
– Joan-etorrien gastuak.
– Ikuskatzeak egitea.
– Kontsumitzailearen informaziorako bulegoaren mantentze- eta kontserbazio-gastuak, hala nola telefonoa, hornidurak, garbiketa, aseguruak edo antzekoak.
– Altzariak, bulegoko materialak eta abar mantentzea.
– Informazio- eta orientazio-kanpainak, mintegiak, biltzarrak, jardunaldiak, aldizkariak, argitalpenak eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideekin lotutako jarduerak.
– Zerbitzu profesionalak, kanpo-kontratazioa eta beste batzuk.
– Informatikako eta dibulgazioko materiala eskuratu, editatu eta banatzea.
b) Merkatua kontrolatzeko eta ikuskatzeko lanak egiteko:
– Kontsumoko ikuskatzaileen gastuak (ordainsariak eta gizarte-segurantza).
c) Kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoetarako ekipamendu informatikorako:
– Ekipo informatikoak, komunikaziokoak, ediziokoak eta antzekoak.
Jarduerak gauzatzea osorik edo partzialki kontratatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritako baldintzak betez.
Nolanahi ere, modu osagarrian, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan araututakoa aplikatuko da.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta hurrengo artikuluan eskatutako agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa –hor daude jasota tramitaziorako jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta horren bidez sar daiteke eskabide-formulariora– helbide honetan eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/servicios/0056514 Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
3.– Bide elektronikotik eskabideak aurkeztu osteko izapideak hemen egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Izapideak egiteko interesa duten entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoren bat izan beharko dute, zeinak honako helbide honetan baitaude eskura: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Entitate eskatzaileek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak, aukeran. Halaber, prozeduran zehar, entitateak hautatutako hizkuntza erabiliko da, hala ezarrita baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 eta 6.1 artikuluetan.
6.– Egiaztatzeko eskatzaileak egunean dituela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio (agindua hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da; 2023-02-17ko EHAA, 34. zk.).
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagokionez, eta bat etorriz aipatutako aginduaren 6.2 artikuluan ezarritakoarekin, espedientea kudeatzen duen organoak betebehar horiek betetzen direla egiaztatzen duten administrazio-ziurtagiriak eskatuko dizkie organo eskudunei, zuzenean, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez, eta laguntza eman eta ordaindu aurretik. Hala ere, entitate eskatzaileak aurka egin ahal izango dio organo kudeatzaileak inguruabar horiek zuzenean egiaztatzeari, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.
7. artikulua.– Eskabidearen edukia eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabideak barnean hartuko ditu entitatearen datu orokorrak, eskabidea bera balioesteko eta laguntzak kalkulatzeko behar den informazioa. Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
A) Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean jasota agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruzkoa. Hauxe da eman beharreko informazioa:
1) Laguntza jaso duen entitatearen izaerari dagokionez:
– Dirulaguntza emandako helburu zehatzerako erabiltzen du, eta jasotako dirulaguntzon gainean dituzten egitekoak betetzeko asmoz Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematen du.
– Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez kudeatzen ditu kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetan jasotako kontsulta eta erreklamazio guztiak. Aplikazioak kontsumitzaile eta erabiltzaileei informazioa eta arreta emateko zentroen sareko zentro guztien jarduketak biltzen ditu.
– Diruz lagundutako jarduerak egiteko Kontsumobideren laguntza jaso izana komunikatzea bermatzen du, jarduerak zabaldu edo argitaratu beharra dagoenean, horretarako dagokion logotipoa agertuta.
– Diruz lagundutako entitateak, hala badagokio, Kontsumobidek esleitzen dizkion alerta-kanpainak eta -sareak ikuskatu beharko ditu.
– Erabiltzaile eta kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak dirulaguntzaren helburuarekin lotutako harremanen eremuan bete direla bermatzen du.
– Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinarazten dio Kontsumobideri.
– Jarduerak sustatu eta horien berri ematean, sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatzen du.
– Ez izatea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako onuradun edo entitate laguntzaile izateko beste debekurik.
2) Zehapenei dagokienez:
– Ez du zigorrik jaso, ez penalik ez administratiborik, laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.
– Ez zaio legez debekatu laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea, batik bat sexu-bazterkeriagatik.
– Amaituak ditu itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.
3) Bestelako laguntzei dagokienez:
– Ez du xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jaso, administrazio publiko eta entitate pribatuetatik.
– Administrazio publiko edo entitate pribaturen bati laguntza edo dirulaguntzaren bat eskatu dio eta eman egin diote (eskabidearen «Beste dirulaguntza batzuk» erlaitzean zehaztu behar dira puntu honetako datuak).
– Administrazio publikoren bati edo entitate pribaturen bati laguntza edo dirulaguntzaren bat eskatu dio, eta ebazpena jasotzeko zain dago (eskabidearen «Beste dirulaguntza batzuk» zehaztu behar dira puntu honetako datuak).
4) Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez:
– Ez dago zigortuta, zigor- edo administrazio-bidean, sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.
5) Eskabideko datuei dagokienez:
– Indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen ditu.
– Egiazkoak eta osoak dira eskabide honetako datu guztiak, baita aurkezten ditudan dokumentu guztiak ere; hala, dagokidan erantzukizuna neure gain hartzen dut (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).
B) Eskabideekin batera, gainera, ondoren zehazten den dokumentazio digitalizatua aurkeztu beharko da:
1.– Oro har.
1.1.– Organo eskudunaren erabakiaren ziurtagiria, laguntzan parte hartzeko, eskatutako zenbateko zehatza adierazita.
1.2.– Kontsumo arloan 2024. urtean egindako jardueren memoria.
2.– Eskatutako laguntza 4.a) artikuluan aurreikusitako gastuak ordaintzera bideratuta badago, eskaria egiterakoan, aurreko puntuan zehaztutakoaz gainera, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
a) Funtzionamenduaren eta jardueren gastuen aurrekontu banakatua, udalak edo organo eskudunak ikus-onetsita.
3.– Eskatutako laguntza 4.b) artikuluan aurreikusitako gastuak ordaintzera bideratuta badago, eskaria egiterakoan, 1. puntuan zehaztutakoaz gainera, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
a) Kontsumo ikuskaritzako jardueren gastuen aurrekontu banakatua, udalak edo organo eskudunak ikus-onetsita.
b) 2024. urtean egindako ikuskapen kopuruaren gaineko erantzukizunpeko adierazpena, ikuskapenak zer sektoretan egin diren, kontsumo ikuskapenak egiteko arduradunak zeintzuk izan diren eta ikuskaritza zerbitzuaren kostua zehaztuz.
4.– Eskatutako laguntza ekipamendu informatiko berria erostera bideratuta badago, eskaera egiterakoan, artikulu honen 1. puntuan zehaztutakoaz gainera, udalak edo organo eskudunak ikus-onetsitako aurrekontu banakatua ere aurkeztu beharko da. Ez dira diruz lagunduko ekipamendu berriak erosteko egindako 1.000 euro baino gutxiagoko gastuak.
5.– Eskabidea zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-entitateren ordezkari gisa jokatzen duen toki-entitate batek aurkezten duenean, kontuan izan beharko du eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak aurkezterakoan toki-entitate guzti-guztien agiriak aurkeztu beharko dituela.
8. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren Zuzendaritzari dagokio, Erreklamazio, Bitartekaritza eta Arbitraje Unitatearen bidez, deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten bada, entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzen dezan; halaber, jakinaraziko zaio, agindutakoa bete ezean, eskabidean atzera egin duela esan nahiko duela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoarekin.
10. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.
1.– Epaimahai kalifikatzaile bat sortuko da, oinarri hauetako 2.2 artikuluan jasotako dirulaguntza lerro bakoitzerako aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko; honako kide hauek izango ditu:
a) Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria, epaimahaiburu gisa.
b) Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren bi ordezkari: Merkatuaren Ikuskaritza eta Kontrolerako Unitatearen arduraduna eta Erreklamazioetarako, Bitartekaritzarako eta Arbitrajerako Unitatearen arduraduna. Bietako batek idazkaritza-lanak egingo ditu, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidearekin. Arduradunok absentziagatik, gaixotasunagatik edo kargua bete gabe dagoelako parte hartzerik ez badute, beste unitate-arduradun batek edo arduradun diren unitateko teknikariek ordezkatu ahal izango dituzte.
c) Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) izendatutako bi ordezkari.
2.– Epaimahai kalifikatzaileak, denboran eta behar bezala aurkeztutako dokumentazioa eta dirulaguntzak kuantifikatzeko irizpideak kontuan hartuta, dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariari.
3.– Beharrezkotzat iritziz gero, bai Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den heinean, bai balorazio batzordeak nahi beste informazio eta agiri osagarri eskatu ahal izango dizkiete entitate eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak hobeki ulertu ahal izateko.
11. artikulua.– Dirulaguntzen izaera eta zenbatekoa.
1.– Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.
2.– Entitate onuradun batek 4.a) artikuluan aurreikusitako diruz lagundu daitekeen kontzeptuagatik 63.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez.
3.– Entitate onuradun batek 4.b) artikuluan aurreikusitako diruz lagundu daitekeen kontzeptuagatik 26.250 euro jaso ahal izango ditu gehienez.
4.– Entitate onuradun batek 4. artikuluan jasotako diruz lagundu daitezkeen kontzeptuengatik jaso dezakeen zenbatekoa ezin da inolaz ere izan onartutako aurrekontuaren % 70 baino handiagoa.
5.– Eskatzaileek lerro bakoitzerako aurkeztu dituzten aurrekontuak aztertu ondoren, onartutako aurrekontuaren zenbatekoa zehaztuko du epaimahai kalifikatzaileak. Hori kalkulatzeko, 5. artikuluan jasotako gastu diruz lagungarriak hartuko dira kontuan. 4.a) eta 4.b) artikuluetan aurreikusitako diruz laguntzeko moduko kontzeptuei muga hauek aplikatuko zaizkie:
Lerroa: funtzionamendua eta jarduerak egitea.
(Ikus .PDF)
Ikuskapen-jardueren lerroa:
Onartutako gehieneko aurrekontua 20.000 eurokoa izango da kontratatutako ikuskatzaile bakoitzeko, 50.000 euroko gehieneko mugarekin.
6.– Ebazpen honen 4. artikuluan jasotako kontzeptu diruz lagungarrietatik datozen gastuak ordaintzeko eman beharreko dirulaguntzen guztizko zenbatekoa –artikulu honetan aurreikusitako portzentajeak eta mugak aplikatuta eta 11. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak ere aplikatu ostean– handiagoa bada eskuragarri dagoen aurrekontu-kreditua baino, entitate onuradun guztiei dagokien hainbanatzea aplikatuko zaie.
12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Dirulaguntzak emateko ebazpen-proposamena egiteko, aurkeztutako eta epaimahai kalifikatzaileak onartutako aurrekontuari portzentaje eran aplikatuko zaizkion irizpide hauek izango dira kontuan –gehienez 100 puntu emango dira–:
a) Diruz lagundu daitezkeen 4.a) eta 4.c) artikuluetan aurreikusitako kontzeptuen ondoriozko gastuekin lotuta:
1.– 2024an erantzundako eta Kontsumonet aplikazio informatikoan jasotako erreklamazio-kopurua, taula honen arabera: 30 puntu.
– 10.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu 1, bi erreklamazioko.
– 10.001 eta 20.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu 1, lau erreklamazioko.
– 20.001 eta 50.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu 1, hamar erreklamazioko.
– 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerri edo mankomunitateak: puntu 1, hogei erreklamazioko.
2.– 2024an erantzundako eta Kontsumonet aplikazio informatikoan jasotako kontsultak, taula honen arabera: 20 puntu.
– 10.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu 1, bost kontsultako.
– 10.001 eta 20.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu 1, hamar kontsultako.
– 20.001 eta 50.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu 1, hogei kontsultako.
– 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerri edo mankomunitateak: puntu 1, hogeita hamar kontsultako.
3.– On-line sistema bat izatea kontsumitzaileek erreklamazioak eta kontsultak aurkezteko: 10 puntu.
4.– Kontsumo arloan 2024. urtean egindako jarduerak: 10 puntu.
– Informazio, prestakuntza eta heziketa jarduerak: 5 puntu.
– Lurralde-esparruan enpresek kontsumoko arbitraje sistemarekin bat egitea sustatzeko jarduerak: 5 puntu.
b) Diruz lagundu daitezkeen 4.b) artikuluan aurreikusitako kontzeptuetatik eratorritako gastuei dagokienez, 2024an egindako kontsumo-ikuskapenetan egindako akten kopurua hartuko da kontuan, taula honen arabera: 40 puntu.
– Kontsumoko ikuskatzaile bat duten udalerriak edo mankomunitateak: puntu 1, akta bakoitzeko.
– Kontsumoko 2 ikuskatzaile dituzten udalerriak edo mankomunitateak: 0,75 puntu, akta bakoitzeko.
– Kontsumoko 3 ikuskatzaile dituzten udalerriak edo mankomunitateak: 0,50 puntu, akta bakoitzeko.
– Kontsumoko 4 ikuskatzaile dituzten udalerriak edo mankomunitateak: 0,25 puntu, akta bakoitzeko.
– Kontsumoko 4 ikuskatzaile baino gehiago dituzten udalerriak edo mankomunitateak: 0,10 puntu, akta bakoitzeko.
13. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek mota bereko gastuak finantzatzeko emandako edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, bai eta helburu bera duen beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin ere.
2.– Gainfinantzaketarik sortzen bada, edo deialdi honetan ezarritako gehieneko finantzaketa publikoko ehunekoa gainditzen bada, jaso beharreko dirulaguntza dagokion kopurura arte murriztuko da.
3.– Gainfinantzaketa itzultze-betebehar bera aurreikusita duten beste laguntza batzuekin konkurrentzian sortzen bada, itzuli beharreko kopurua proportzionala izango da diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean emandako laguntzaren ehunekoarekiko.
14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazpen eta jakinarazpen epeak, jakinarazteko eta argitaratzeko moduak.
1.– Aurkeztutako eskabideak dagozkien prozeduraz izapidetuko dira deialdiko laguntza-lerro bakoitzean, eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariari dagokio entitate interesdunek prozeduran planteatuko gai guztien gaineko ebazpenak hartzea, betiere epaimahai kalifikatzailearen proposamena kontuan hartuz.
2.– Adjudikazio-prozedura bakoitzean hartuko den ebazpenak zehaztutako du eskatutako dirulaguntzak emango diren edo ukatuko diren. Ematea erabakiz gero, honako hauek zehaztuko dira: entitate onuradunaren izena, diruz lagundutako proiektua eta emandako zenbatekoa, urtez urteko banaketarekin. Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, entitate eskatzailearen izena eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak emango dira.
3.– Deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakinaraziko da. Gainerako jakinarazpen eta komunikazio elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa entitate interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurrera. Epe hori igarota aurreko apartatuan ezarritako jakinarazpenik egin ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
5.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.
15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Deialdi honen babesean emandako dirulaguntza bi igorpenetan ordainduko da, jarraian zehaztu bezala:
a) Behin 17.a) artikuluan zehaztutako epea espresuki uko egin gabe igarotakoan, emandako dirulaguntzaren % 75 ordainduko da.
b) Bigarren ordainketa 2026an egingo da, eta, bertan, dirulaguntza 16. artikuluan ezarri bezala justifikatu eta gero egindako likidazioaren ostean ateratzen den kopurua ordainduko da.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta eman edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak hirugarrenentzat emandako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin, baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo, orobat, zorduna bada, itzulketa-ebazpen bat dela medio.
2.– Eskaera toki-entitate batek aurkeztu baldin badu zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-entitateren izenean, eskaera egin duen entitateari egingo zaio ordainketa, betiere eragotzi gabe entitate horrek gainontzekoekin eginiko hitzarmena betez egin behar duen banaketa.
16. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2026ko martxoaren 31 baino lehen:
a) Emandako dirulaguntza funtzionamendura eta informazio eta prestakuntza jarduerak egitera bideratu bada, egindako gastu totalaren organo eskudunaren ziurtagiria.
b) Emandako dirulaguntza kontsumo-ikuskapenak egitera bideratu bada, egindako gastu totalaren organo eskudunaren ziurtagiria.
c) Emandako dirulaguntza ekipamendu informatikoa erostera bideratu bada, egindako gastu totalaren organo eskudunaren ziurtagiria eta egindako gastuaren faktura.
d) Betiere, KIUBak 2025ean garatutako jardueren amaierako memoria.
2.– Zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-entitateren ordezkari gisa jarduten duen toki-entitate batek aurkezten duenean eskaera, kontuan izan beharko du aurkeztu beharreko agiriak aurkezterakoan toki-entitate guzti-guztien agiriak aurkeztu beharko dituela.
3.– Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak egokitzat iritzitako adina egiaztapen egin dezake emandako laguntza ekonomikoaren inguruan, eta laguntza justifikatzeko agiri guztiak aztertu ahal izango ditu.
4.– Gastuak justifikatzerakoan dirulaguntza emateko onartutako aurrekontutik % 15etik gorako eta % 25eko edo hortik beherako desbideratzea eman dela ikusten bada, emandako dirulaguntza gutxitu egingo da aldaketak egiteko ebazpen baten bitartez; hain zuzen ere, benetan gastatutako zenbatekoari aplikatuko zaion ehunekoa dirulaguntza kalkulatzeko aurrekontuari aplikatu zitzaion berbera izango da.
Desbideratzea % 25etik gorakoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo da ebazpen honen 18. artikuluan ezarri bezala, salbu eta justifikatzen bada laguntza ekonomikoa emateko izandako helburu guztiak bete direla. Horrela gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa aurreko paragrafoan aurreikusitako moduan gutxituko da.
17. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Ebazpen honetako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Hori dela-eta, dirulaguntza esleitzen zaiela jakinarazten duen adierazpena jaso eta hamar eguneko epean onuradunek berariaz eta idatziz uko egin ezean, dirulaguntza onartu dutela ulertuko da.
b) Dirulaguntza emandako helburu zehatzerako erabiltzea, eta jasotako dirulaguntzon gainean dituzten egitekoak betetzeko asmoz Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematea.
c) Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez kudeatzea kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetan jasotako kontsulta eta erreklamazio guztiak. Aplikazioak kontsumitzaile eta erabiltzaileei informazioa eta arreta emateko zentroen sareko zentro guztien jarduketak biltzen ditu.
d) Diruz lagundutako jarduerak egiteko Kontsumobideren laguntza jaso izana komunikatzea bermatzea, haien zabalkundea edo publizitatea egin beharra dagoenean, horretarako dagokion logotipoa agertuta.
e) Toki-entitateak ikuskaritza-jardueretarako dirulaguntzak jaso baditu, entitate onuraduna derrigortuta dago Kontsumobideren ikuskaritzako eta alerta sareko kanpainetan parte hartzera.
f) Jarduerak sustatu eta horien berri ematean, hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabiliko direla bermatzea.
g) Erabiltzaile eta kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak bete direla bermatzea dirulaguntzaren helburuarekin lotutako harremanen eremuan.
h) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako inguruabarren bat aldatu bada, aldaketa objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea Kontsumobideri.
i) Jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu edo, hala badagokio, jaso dituztela beste administrazio edo entitate publiko zein pribatu batzuetatik.
j) Dirulaguntzaren entitate onuraduna, behar baino zenbateko handiagoak jasotzen baditu, horiek itzultzera derrigortuta dago. Horretarako, bi hilabeteko epea izango du, itzulketa-ebazpena jakinarazten zaion egunetik aurrera, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarri bezala. Hain zuzen ere, dekretu horrek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta berak ezartzen ditu horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.
k) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 26. artikuluetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluan aurreikusitako gainerako betebeharrak betetzea.
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
Entitate onuradunaren betebeharrak betetzen ez badira, gastuak justifikatzen ez badira, eskabidean adierazitakoaz bestelako aplikazio bat egiten bada edo, oro har, ebazpen honetan eskatutako baldintzaren bat betetzen ez bada, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren bat gertatzen bada, dirulaguntzak kenduko dira, eta laguntzaren entitate onuradunak lortutako zenbatekoak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, berandutze-interesarekin.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Xedapen hauek arautuko dituzte ebazpen honetako dirulaguntzak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onesten duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia, bai eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoa ere.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 16a.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria,
ANTONIO JULIÁN RODRÍGUEZ ESQUERDO.
RSS