Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2025eko maiatzaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1935

EBAZPENA, 2025eko apirilaren 24koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez aurretiko administrazio-baimena eta eraikuntzako administrazio-baimena ematen baitira proiektu honetarako: 400 kV-eko goi-tentsioko «ST electrolizador – ST Abanto (REE)» zirkuitu bikoitzeko linea elektrikoa. Proiektua Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena (Bizkaia) udal-mugartean kokatuta dago.

Espedientea: 48-AT-Y-2024-00133.

AURREKARIAK

1.– 2024ko abenduaren 20an, Bay of Biscay Hydrogen, SL enpresak aurretiko administrazio-baimena eta eraikuntzako administrazio-baimena eskatu zituen proiektu honetarako: 400 kV-eko goi-tentsioko «ST electrolizador – ST Abanto (REE)» zirkuitu bikoitzeko linea elektrikoa. Proiektua Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena (Bizkaia) udal-mugartean lekututa dago.

2.– Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 10. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan adierazitako ondorioetarako, argitara eman zen horren iragarkia, Bay of Biscay Hydrogen, SL enpresaren eskabide hori jendaurrean jartzeko, 2025eko martxoaren 17ko EHAAn, 2025eko martxoaren 18ko BAOn eta Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udaletxeko iragarki-taulan.

3.– 2025eko martxoaren 4an, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalari, Red Eléctrica de Españari, Enagasi eta Nortegasi eskatu zitzaien egoki jotzen zituzten baldintza teknikoak aurkezteko.

4.– Arauzko epeetan, Red Eléctrica de Españak (REE) baldintza teknikoak aurkeztu zituen.

2025eko apirilaren 2an, REEk idazki bat aurkeztu zuen ondoko baldintzak ezarriz: lanak 614/2001 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera burutu beharko dira; segurtasun-neurri gehigarri gisa aldizkako egiaztapenak egin beharko dira 7/5/5/3 metroko distantzia bermatze aldera; lanak hasi baino lehen jarri beharko dira harremanetan REErekin eta betiere hilabete bat baino lehenagoko epean; sarerako sarbide- eta konexio-baimenak behar dira; eta azkenik, harremanetan jarri beharko dira REEko Ondare Higiezinaren Kudeaketa Sailarekin, lursaila okupatzea legitimatzen duen akordioa sinatzeko.

2025eko apirilaren 14an, Bay of Biscay Hydrogen, SLek erantzun zuen REEk proposatutako baldintza tekniko guztiak onartzen zituela.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Hauetan ezarritako arauzko izapide hauek bete dira espedientean: Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 26ko 24/2013 Legea; Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua; Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretua; eta bat datorren gainerako legedia.

3.– 2025eko apirilaren 23ko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako energia-arloaren aldeko txostena.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarritzat hartuta, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkariak hau

EBAZTEN DU:

Aurretiko administrazio-baimena eta eraikitzeko baimena ematea Bay of Biscay Hydrogen, SL enpresari, proiektu honetarako: 400 kV-eko goi-tentsioko «ST electrolizador – ST Abanto (REE)» zirkuitu bikoitzeko linea elektrikoa. Proiektua Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena (Bizkaia) udal-mugartean lekututa dago.

Ebazpen hau ematen da 48/2020 Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta baldintza orokor hauek kontuan hartuta:

1.– Obrak egiteko, onartutako proiektua bete behar da, kasu bakoitzean eskatu eta baimentzen diren aldaketak eginda.

2.– Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen hau ematen den egunetik aurrera.

3.– Lanak amaitutakoan, instalazioen titularrak Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko dio lanen amaiera, behin betiko onarpena eman, eta abian jartzeko akta egiteko.

4.– Obrak egiteko behar diren udal- eta probintzia-eskumenetako eta bestelako baimenak edo lizentziak eragotzi eta aparte utzi gabe ematen da ebazpen hau, eta eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe emango da, jabetza-eskubidea salbu utzita.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Deskarbonizazio zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

Bilbao, 2025eko apirilaren 24a.

Bizkaiko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko lurralde-ordezkaria,

MARÍA JESÚS MARKAIDA URIARTE.


Azterketa dokumentala