Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2025eko maiatzaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1934

44/2025 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak eta Enpresariak-Euskadiko Emakume Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioak sinatutako hitzarmena, haren bidez enpresa-eremuan emakumeak ahalduntzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak eta Enpresariak-Euskadiko Emakume Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioak sinatutako hitzarmena, haren bidez enpresa-eremuan emakumeak ahalduntzekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 2a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 2KO 44/2025 EBAZPENARENA
ENPRESARIAK-EUSKADIKO EMAKUME ENPRESARI, ZUZENDARI ETA PROFESIONALEN FEDERAZIOAREN ETA EMAKUNDE-EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, ENPRESAREN EREMUAN EMAKUMEAK AHALDUNTZEKO
HAUEK BILDU DIRA:

Batetik,

Isabel Iturbe Mach andrea, Euskadiko Emakume Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioaren (aurrerantzean, EnpresariAK) lehendakari eta ordezkari gisa (EnpresariAK federazioaren identifikazio fiskaleko kodea: G13837620; egoitza soziala: Katalina de Elizegi kalea 38, behea, 20009 Donostia).

Bestetik,

Miren Elgarresta Larrabide andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen (aurrerantzean, Emakunde) zuzendaria (Emakunderen identifikazio fiskaleko kodea: Q5150004I; egoitza soziala: Manuel Iradier 36, 01005 Vitoria-Gasteiz).

HAU ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– EnpresariAK-Euskadiko Emakume Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioa Euskal Autonomia Erkidegoko ehun sozioekonomikoaren erabaki-organoetan emakumeen presentzia bermatzea helburu duen erakundea da.

EnpresariAK-Euskadiko Emakumezko Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakume enpresari eta zuzendarien elkarteek osatzen dute –AMPEA, AED eta ASPEGI–, 25 urte baino gehiago daramatzatenak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetako enpresa-sektoreetako emakumezko enpresari, zuzendari eta profesionalen lana babesten.

Bigarrena.– EnpresariAK-Euskadiko Emakume Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioak honako helburu hauek ezarri ditu:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-ehunaren zuzendaritza-organoetan emakumeek duten posizioa indartzeko beharrezkoak diren politika ekonomikoek eta enplegu-politikek aurrera egin dezaten beharrezkoa den aldarrikapen publikoko lana egitea, EnpresariAK ordezkatzen dituen emakumeen ahotsa bilakatuz eta beren arazo eta asmo legitimoak plazaratuz.

2.– Politika publiko ekonomikoak, lanekoak, enplegukoak, prestakuntzakoak eta iraunkortasunekoak definitzeko eta diseinatzeko eratzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko eta maila autonomikotik haragoko bestelako marko batzuetako kontseiluetan, foroetan eta antzeko espazioetan parte hartzea.

3.– Zabalkunde-, prestakuntza- eta sentsibilizazio-jarduerak antolatzea, bai eta EnpresariAK federazioren eta haren erakunde elkartuen helburuetarako interesgarriak izan daitezkeen bestelako jarduerak ere, baldin eta zerikusia badute enpleguaren berdintasunarekin eta enpleguaren, enpresaren edo gizarteko sektore ekonomikoen eremuan emakumeak desoreka-egoeran mantentzen dituzten arrailak gainditzearekin.

4.– Emakumeek zuzendaritza-postuetan, zuzendaritza-batzordeetan, administrazio-kontseiluetan, prestigiozko lanbide-jardueretan, ekintzailetzan, garapen profesionalerako aukeretan eta aintzatespen ekonomiko eta sozialean duten egoerari buruzko ezagutza sortzea eta zabaltzea.

5.– Lankidetza-harremanak ezartzea emakumeen enpresa- eta lanbide-jarduera garatzen lagun dezaketen erakunde publikoekin eta pribatuekin, edozein eremu geografikotan egiten diren eta enpresaburuei, zuzendariei eta profesionalei eragiten dieten gaiak jorratzen dituzten sareak edo topaketak sustatuz, lagunduz eta horietan parte hartuz.

Hirugarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluarekin bat etorriz, Erakundearen funtsezko helburua da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra–, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen alor guztietan.

Aipatutako legearen 3. artikuluko j) eta o) apartatuetan ezartzen du honako hauek izango direla Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eginkizunak: batetik, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko planak, programak eta jarduerak garatzen dituzten enpresei eta erakundeei aholkularitza ematea eta enpresa eta erakunde horiei laguntzeko neurriak ezartzea; eta, bestetik, harremanak eta parte hartzeko bideak ezartzea erakundearen helburuak lortzen laguntzen duten elkarte, fundazio eta beste erakunde batzuekin, haien xedeak edo eginkizunak kontuan hartuta.

Antzera arautzen du Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak ere (testu bategin hori martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen). Horrela, bat etorriz 5. artikuluko m) eta o) apartatuekin, Emakunderi dagokio, batetik, sustapen-neurriak ezartzea enpresei eta erakundeei baliabide materialak, ekonomikoak eta pertsonalak ematea, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzera bideratutako planak, programak eta jarduerak gara ditzaten; eta, bestetik, harremanak eta partaidetza- eta lankidetza-bideak ezartzea elkarteekin, ekimen pribatuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetako organismo eta erakundeekin –baita beste autonomia-erkidego batzuetakoekin, Estatukoekin eta nazioartekoekin ere–.

Era berean, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 27.3 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoek lege honetan aurreikusitako helburuak lortzeko jarduerak egiten dituzten elkarte eta erakundeei lagunduko diete, eta erakunde horiekin lankidetza publiko-pribaturako bideak sustatuko dituzte.

Legearen 52.2 artikuluak honako hau ere jasotzen du: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoek, beren eskumen-eremuan, enpresak bultzatuko dituzte lan-denbora eta lan-eremuak malgutu eta berrantolatu ditzaten eta beste neurri batzuk har ditzaten, bide emango dutenak antolaketa aldatzeko eta kultura eta praktika enpresariala eraldatzeko, hori guztia sustatu ahal izateko emakumeen eta gizonen berdintasuna, bizitza pertsonalaren, lanaren eta familiaren kontziliazioa, eta gizonen erantzukidetasuna etxeko lan eta zaintza-lanetarako.

Laugarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiaren II. ardatzarekin bat (Emakumeen ahalduntzea), honako helburu hauek ezartzen ditu:

EA4.4 Autoenplegua eta Ekintzailetza.

– Emakumeen enpresa-ekimenak eratzeko, sendotzeko, lehiakortasun handiagoa izateko eta nazioartekotzeko neurrien kopurua handitzea, eta generoen arteko finantza-arrakala murriztea.

EM5.4 Erakunde Sozioekonomikoak eta Politikoak.

– Erakunde sozial, sindikal, enpresarial, kultural eta politikoetan berdintasuna lortzeko konpromisoa hartu duten emakumeen kopurua handitzea.

EM5.7 Zuzendaritza-Postuak.

– Lidergo feministak handitzea eremu guztietan, erakunde publiko eta pribatuetan emakumeen sarbidea areagotuta zuzendaritza-postuetara eta zuzendaritzara.

Bosgarrena.– Alderdiek idatziz formalizatu nahi dute beren arteko lankidetza-hitzarmen bat. Horregatik, elkarri legezko gaitasun nahikoa aitortuta, Lankidetza-Hitzarmen hau sinatzen dute, eta honako klausula hauen arabera artikulatzen dute:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Esparru orokorra.

Emakunderen eta EnpresariAK federazioaren arteko lankidetza-esparru bat ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia- eta enpresa-eremuko erabaki-foroetan emakumeen parte-hartze aktiboa bultzatzeko, zuzendaritza-postuetan eta administrazio-kontseiluetan emakumeen presentzia areagotzeko, soldata-arrakalaren aurkako politika aktiboak hartzeko, enpresetan berdintasun-planak ezartzea bultzatzeko eta emakumeen ekintzailetza bultzatzeko.

Bigarrena.– Hitzarmenaren xedea.

Elkarrekin honako helburu hauek betetzen laguntzea:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia- eta enpresa-eremuko erabaki-foroetan emakumeen parte-hartze aktiboa bultzatzea (negoziazio kolektiboko mahaiak, patronalen eta sindikatuen gobernu-organoak, mahai estrategikoak, sektore-, ekonomia- eta enpresa-politikak definitzen diren foroak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eremu ekonomiko eta sektorialeko beste foro eta elkarrizketa-mahai batzuk).

2.– Zuzendaritza-postuetan eta administrazio-kontseiluetan emakumeen presentzia handitzea.

3.– Soldata-arrakala ezabatzeko jarduerak sustatzea.

4.– Emakumeen ekintzailetza laguntzea, bultzatzea eta bistaratzea.

5.– Bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea neskengan eta emakume gazteengan.

6.– EnpresariAK erakundearen eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen arteko lankidetza-bideak antolatzea, beren helburu komunen esparruan.

Hirugarrena.– Konpromisoak.

Emakundek, bere aldetik, konpromisoa hartzen du aurretik deskribatutako helburuak lortzeko EnpresariAK federazioari ekarpen ekonomikoa egiteko, dagokion urteko Euskadiko Aurrekontu Orokorretan jasotako dirulaguntza izendunaren bidez. Dirulaguntza izenduna emateko, diruz lagundutako proiektua aurkeztu eta justifikatu beharko da, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoaren arabera. Jarraipen Batzordean adostuko dira Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak Enpresariak federazioaren alde emandako dirulaguntza izenduna arautzeko baldintzak, hau da, urteko Lan Planak garatzeko sortutako kostuak ordaintzeko dirulaguntzak.

EnpresariAK federazioak, bere aldetik, konpromisoa hartzen du urte natural bakoitzeko lehen hiruhilekoan Emakunderekin adostutako Urteko Lan Plan bat definitzeko, bi erakundeek adostutako jarraibideen arabera gauzatu eta ebaluatu beharko dena. Plan horrek lehen aipatutako sei helburuak betetzen lagundu beharko du (bigarren klausula). Ildo horretan, EnpresariAK federazioak konpromisoa hartzen du, halaber, proiektuaren xede diren jarduerak egin izana urtero justifikatzeko, egindako jardueren justifikazioko kontu bat aurkeztuta.

EnpresariAK federazioak, halaber, konpromisoa hartzen du hitzarmen honen esparruan garatzen diren proiektu eta/edo jardueretan genero-ikuspegia txertatzen ibilbidea, esperientzia eta ezagutza duen aholkularitza-enpresa baten zerbitzuak kontratatzeko. Era berean, egindako ekimen eta jarduera guztiek genero-ikuspegia zeharka txertatzea bermatuko du, berdintasuna sustatuz eta edozein diskriminazio mota ezabatzen lagunduz.

Era berean, EnpresariAK fundazioak konpromisoa hartzen du ekimen hori bere webgunearen eta beste hedabide propio batzuen bidez zabaltzeko, proiektuaren ikusgarritasuna bermatuz. Horretarako, bi erakundeen logotipoak sartuko dira dagozkien material eta argitalpenetan.

Bi aldeek erabakiko dute bi noranzkoko komunikazio arin bat ezartzea, baterako jarduerak garatzeko informazio garrantzitsua trukatzea erraztuko duena. Gainera, ekitaldien antolaketan eta plangintza estrategikoan koordinazio eraginkorra bermatuko dute, eta jardueren baterako hedapena sustatuko dute bi alderdien eskura dauden kanalen bidez, haien irismena eta inpaktua maximizatzeko.

Laugarrena.– Jarraipen-Batzordea.

Jarraipen-batzorde bat osatuko da, kide hauek izango dituena:

– Batzordeburua: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria izango da; hitza eta botoa izango ditu. Boto erabakigarria izango du, berdinketa gertatuz gero.

Ordezkoa: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia.

– Batzordekideak:

a) EnpresariAK federazioko lehendakaria; hitza eta botoa izango ditu.

b) Emakundeko Programa eta Prestakuntza Arloak izendatutako teknikaria, dirulaguntza izendunaren ardura duena; hitza eta botoa izango ditu.

c) EnpresariAK federazioak izendatutako teknikaria, Urteko Lan Planaren eta horren justifikazioaren ardura duena; hitza eta botoa izango ditu.

– Idazkaria: Emakundeko Aholkularitza Juridikoko arduraduna; hitza izango du, baina boto eskubiderik ez.

Ordezkoa: Emakundeko Aholkularitza Juridikoko Arloko teknikaria.

Batzordea, gutxienez, urtean bitan bilduko da, eta ohiz kanpo, alderdietako batek komenigarritzat jotzen duen guztietan. Honako eginkizun hauek izango ditu:

1.– Urteko Lan Plana adostu eta onartzea.

2.– Urteko Lan Planaren eta honako hitzarmen honen baldintzen bilakaeraren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

3.– Hitzarmenaren edukia interpretatzean sor daitezkeen arazoak konpontzea eta hitzarmenaren xedea hobeto gauzatzeko egokitzat jotako aldaketak proposatzea.

4.– Hitzarmen hau betetzera eta garatzera bideratutako beste edozein.

Bosgarrena.– Lankidetza-Hitzarmenaren Indarraldia.

Elkarlanean aritzeko hitzarmen hau sinatzen den egunean sartuko da indarrean, eta bi urte iraungo du. Data horretatik aurrera, berariaz erabakiko da beste bi urtez luzatzea. Luzapena urteko Lan Plana onartzearen mende egongo da, urteko lehen hiruhilekoan egin beharko dena.

Alderdietako edozeinek elkarlanean aritzeko hitzarmen hau suntsiarazi ahal izango du, betiere beste alderdiari dagokion aurreabisua hilabeteko aurrerapenarekin ematen baldin badio.

Seigarrena.– Beste laguntza eta dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Hitzarmen honen bitartez araututako dirulaguntza izenduna bateragarria izango da xede bera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein dela ere horiek eman dituen administrazioa edo entea (publikoa edo pribatua), izan Estatukoa, Europar Batasunekoa, edo nazioartekoa, baina ezin izango da gehiegizko finantzaketarik eskuratu.

Zazpigarrena.– Itzulketa.

Hitzarmen hau betetzen ez bada edo dirulaguntza izendunean emandako kopurua beste xede batzuetarako erabiltzen bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea guztiz edo zati batean galdutzat joko da, eta dirulaguntza osorik edo zati batean itzuli beharko da, dagozkion berandutze-interesekin batera.

Zortzigarrena.– Hitzarmen mota.

Hitzarmen hau administrazioaren arlokoa da. Beraz, azken auzialdian, administrazioarekiko auzietako epaitegi eskudunek aztertuko eta ebatziko dituzte hitzarmen hau dela-eta sortzen diren auziak.

Eta aurreko guztiarekin bat datozela adierazteko, alderdiek idazpuruan aipaturiko egunean izenpetzen dute hitzarmen hau, ale bikoitzean eta ondorio bakar baterako.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko apirilaren 10ean.

EnpresariAK-Euskadiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Federazioko lehendakaria,

ISABEL ITURBE MACH.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,

MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.


Azterketa dokumentala