
39. zk., 2025eko otsailaren 26a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (169 KB - 9 orri.)
- EPUB (127 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
919
EBAZPENA 2025eko otsailaren 6koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren –Unibasq- arteko hitzarmena, non formalizatzen den EHUk Unibasq-ri egiten dion kudeaketa-gomendioa, ikerketa deialdiak ebaluatzeko kudeaketaren alorrean.
2024ko uztailaren 18an UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak egindako osoko bilkuran, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren –Unibasq- arteko hitzarmena, non formalizatzen den EHUk Unibasq-ri egiten dion kudeaketa-gomendioa, ikerketa deialdiak ebaluatzeko kudeaketaren alorrean, onartu zen.
UPV/EHUren Estatutuen 187.1 d) artikuluak idazkari nagusiari agintzen dio UPV/EHUren erabaki guztien publizitatea bermatzea. Modu berean, Sektore Publikoaren Araubide juridikoaren 40/2015 Legearen 11.3.a) artikuluarekin bat etorriz, kudeaketa-gomendioa formalizatzeko tresna eta ebazpena, efikazak izan dezaten, Estatuko Aldizkari Ofizialean, autonomia-erkidegoko aldizkari ofizialean edo probintziakoan argitaratu beharko dira, gomendioa egiten duen organoa zein administraziotakoa den kontuan hartuta.
Hori guztia kontuan hartuta,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Bidaltzea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren –Unibasq- arteko hiztarmena, unibertsitatearen ikerketa deialdiak ebaluatzeko kudeaketa enkargua formalizatzekoa zena, eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2024ko uztailaren 18an onartu zuena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin, eranskinean jasotako baldintzetan.
Bigarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio bideari eta, bere aurka, aukerako berraztertze errekurtsoa jarri ahal izango zaio ebazpena eman zuen organo berari, hilabetearen epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da jurisdikzio ordena horretako epaitegietan, bi hilabeteren epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta ezin izango dira biak batera aurkeztu.
Leioa, 2025eko otsailaren 6a.
Idazkari nagusia,
LEIRE GARMENDIA ARRIETA.
HITZARMENA, UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA UNIBASQ-EUSKAL UNIBERTSITATE SISTEMAREN KALITATE AGENTZIAREN ARTEKOA, UNIBERTSITATEAREN IKERKETA DEIALDIAK EBALUATZEKO KUDEAKETA ENKARGUA FORMALIZATZEKO DENA.
BILDU DIRA:
Batetik, Iñaki Heras Saizarbitoria jauna, Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren (hemendik aurrera, Unibasq) zuzendaria, bere erakundearen izenean diharduela eta Unibasqi buruzko Legearen 8.3 b) artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera (13/2012 Legea, ekainaren 28koa, 2012ko uztailaren 4ko EHAA).
Eta bestetik, Inmaculada Arostegui Madariaga andrea, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (aurrerantzean UPV/EHU) Ikerketaren arloko errektoreordea, erakunde horren izenean eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2021eko urtarrilaren 28ko Erabakiak berari emandako ahalmenak direla bide (errektorearen eskumenak eskuordetzeko eta gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko erabakia, 2021eko otsailaren 12ko EHAA, zeinaren bidez, eskumenak eskuordetzen zaizkien errektoreordeei).
ADIERAZI DUTE:
Bi alderdiek, bakoitza bere xede eta helburuen barruan, goi mailako hezkuntzaren arloan eskumenak dituzten erakunde publikoak diren heinean, Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatea hobetzeko interesa dute, beren nortasun juridikoa gorabehera.
Biak ondo jabetzen dira zein garrantzitsua den Euskal Unibertsitate Sistemarentzat UPV/EHUren ikerketa deialdietara aurkezten diren eskarien ebaluazioa, eta askotan beharrezkoa izaten dela deialdi horietako batzuetara aurkeztutako eskariak kanpoko ebaluazio agentzia batek ebaluatzea, bermatzeko ebaluazioa zorrotza izango dela eta arlo akademikoan onartutako kalitate estandar orokorren araberakoa.
Unibasqek horrelako ebaluazioak egiteko eskumena du, Unibasqi buruzko ekainaren 28ko 13/2012 Legearen 2. artikuluaren arabera (2012ko uztailaren 4ko EHAA) Gainera, agentziak ibilbide egiaztatua egin du ebaluazio lanean, bai ikerketarako laguntzen deialdietan eta bai Euskal Unibertsitate Sisteman egiten den ikerketaren ebaluazioarekin zerikusi zuzena edo zeharkakoa daukaten bestelako deialdietan.
UPV/EHUk uste du estrategikoa dela Unibasqek zerbitzu hori ematea, hortik sinergiak sortuko baitira –besteak beste, ebaluazio prozesuen garapen eta etengabeko hobekuntzari begira eta bi erakundeek elkarren lana ezagutzeari begira–, Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatearen mesedetan.
Unibasqek onartzen du beharrezkoa dela ebaluazio zerbitzu hau ematea, eta prest dago horren alde unibertsitateari eskaintzeko hala bere jakintza nola bere ebaluatzaile akademikoen esperientzia –guztiak ere itzal handiko adituak baitira estatuan eta nazioartean–, bai eta bere lantalde teknikoa ere.
Jakinik lankidetzan jardutea, eta esfortzu, ekimen eta baliabideak batzea beren helburuak lortzeko mesedegarria dela, bi alderdiek ADOSTU DUTE, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen babesean (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, 11. artikulua.), ebaluazio zerbitzuak emateko hitzarmen hau sinatzea, honako klausula hauei jarraikiz.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Zerbitzuak emateko hitzarmen honen helburua da UPV/EHUk Unibasqi egiten dion kudeaketa gomendioa formalizatzea, aplikatu beharreko legeriaren arabera (40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, urriaren 1ekoa, 11. artikulua), Unibasqek ebaluazioa egin dezan UPV/EHUren ikerketa deialdietan.
Bigarrena.– Aplikazio eremua.
Hitzarmen honek Unibasq gaituko du bi alderdiek adosten dituzten UPV/EHUren ikerketa deialdi guztiak ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzak honetarako dituen lan epeekin bat datorren plangintza baten arabera.
Deialdi hauetako bakoitzerako UPV/EHUk eranskin espezifiko bat egingo du (II. eranskina), non zehaztuko dituen deialdiaren ezaugarri zehatzak, helburuak eta dimentsioak eta ebaluazio irizpide orokorrak, espero den eskari kopurua, ebaluatu beharreko dokumentazioa, dokumentazioa aurkezteko aurreikusitako epea, eta Unibasqi egindako gomendio honen gastuen aurreikuspena. Gastuok agentziarekin adostu beharko dira eta kostu osoen ereduaren arabera zenbatuko dira, hau da, ebaluazio prozesuaren kostu zuzenak eta zeharkakoak kontuan izanik.
Hirugarrena.– Alderdien betebeharrak.
UPV/EHUri dagokio:
a) Ikerketa deialdiak egitea, helburua izanik kalitatezko ikerketa bultzatzea, ikerketarako baliabideak egokitzea eta hobetzea eta jakintzaren transferentzia sustatzea eta laguntza ematea jakintza arlo guztietako ikertzaileei.
b) Deialdi bakoitzerako eranskin espezifiko bat egitea, non zehaztuko diren deialdiaren ezaugarri zehatzak, espero den eskari kopurua, ebaluatu beharreko dokumentazioa, eta helburuak, dimentsioak eta ebaluazio irizpide orokorrak, ebaluazioak entregatzeko aurreikusitako epea, eta Unibasqi egindako gomendio honen gastuen aurreikuspena. Gastuok agentziarekin adostu beharko dira eta kostu osoen ereduaren arabera zenbatuko dira, hau da, ebaluazio prozesuaren kostu zuzenak eta zeharkakoak kontuan izanik.
c) Unibasqen balorazio txosten teknikoa aintzat izanik, esleipen prozedura ebaztea, UPV/EHUko organo eskudunak emango duen erabakiaren bidez.
d) Ebazpenen kontrako errekurtsorik balego, Unibasqi beren kopia bidaltzea balorazio txosten teknikoa egin dezan, organo eskudunak errekurtso horiek ebatzi aurretik.
e) Unibasqi egindako gomendio honen gastuak ordaintzea. Gastuak deialdi bakoitzerako egingo den eranskin espezifikoan zehaztuko dira, aipatutako kalkulu metodoaren arabera. Zenbateko hori zerbitzu gastutzat hartuko da, eta Unibasqi ordainduko zaio.
Unibasqi dagokio:
a) Eskari bakoitzaren ebaluazio txosten teknikoa egitea, ebaluatzaile adituek eskariaren atal bakoitzerako egindako balorazioak oinarri hartuta.
b) Prozedura garatzea, aplikatu beharreko irizpide, epe eta arauen arabera.
c) UPV/EHUri kostu osoen aurreikuspen bat aurkeztea, ebaluazio prozesu espezifiko bakoitzaren kostu zuzenak eta zeharkakoak kontuan hartuta.
Laugarrena.– Araubide juridikoa eta desadostasunen konponbidea.
Kudeaketa gomendiorako hitzarmen hau administratiboa da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren arabera (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, 11. artikulua).
UPV/EHUk eta Unibasqek izendatutako ordezkariek konpondu beharko dituzte hitzarmen honen interpretazioaren eta gauzatzearen inguruan sor daitezkeen desadostasunak. Nolanahi ere, desadostasunek ez diote inola eragingo UPV/EHUren berezko ebaluazio prozedurari, hau da, hitzarmen honen bidez ezartzen den laguntza teknikoari buruzkoak baino ezin izango dira izan.
Alderdiak ezin badira akordio batera heldu aurreko paragrafoan adierazitako moduan, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko epaitegien eta auzitegien esku utziko dute auzia.
Bosgarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen hau sinatzen den egunean sartuko da indarrean eta bi urte iraungo du. Epe horretan eskatzen diren ebaluazioetara mugatuko da.
Alderdiek modu esplizituan hala adostuz gero, beste bi urtez luzatu ahal izango dute hitzarmen hau, testuari eranskin bat gehituta.
Nolanahi ere, hitzarmena amaituko da alderdiek kasuan kasuko deialdiaren hasieran hartutako konpromisoak betetzen dituztenean.
Seigarrena.– Eskumenaren titulartasuna.
Kudeaketa gomendioak ez dakar alderdiek lagatzea ez beren eskumenen titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen arabera (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, 11. artikulua).
UPV/EHUren ardura da gomendioan emandako jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.
Zazpigarrena.– Hitzarmena suntsiaraztea.
Hitzarmen hau azkenduko da bere indarraldia betetzen bada edota egoera hauetako bat gertatzen bada:
a) Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek hala erabakitzea.
b) Ezinezkoa izatea jarduerekin jarraitzea, edo beharrezkoa ez izatea.
c) Hitzarmen honetan ezarritako baldintzak ez betetzea.
Hitzarmena bere indarraldia amaitu aurretik suntsitzen bada klausula honen a) letran adierazitako kausagatik, likidazioari buruzko erabakia emango da egindako ebaluazioetarako eta hirugarren klausularen e) letrako ondorioetarako. Hitzarmena gainerako arrazoiengatik suntsituz gero, UPV/EHUk likidazioa zehaztuko du, Unibasqekin koordinatuta, bigarren klausularen e) letran adierazitakoarekin bat etorriz, eta kontuan hartuta, betiere, adostutako lanen kopuru osotik zenbat egin diren eta lanok noraino diren baliagarriak, bai eta kalterik egin zaion egindako ebaluazioen prozesuari. Kalterik balego, kasuan kasuko ordainak eman beharko dira.
UPV/EHUk ebaluazioaren emaitza onartuz gero, uko egingo dio Unibasqi erantzukizunik eskatzeari.
Zortzigarrena.– Datuak babestea.
Hitzarmen honen barruan datu pertsonalak tratatzean indarreko legeari jarraituko zaio. UPV/EHUk Unibasqi ematen dizkion datu pertsonalak datuen babeserako lege eskakizunen arabera tratatuko dira. Ondorioz, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak konpromisoa hartzen du, UPV/EHUren partez tratamenduaren arduraduna den aldetik, behar diren segurtasun neurriak hartzeko eta gainerako betebeharrak betetzeko UPV/EHUk hitzarmen honen baitan ematen dizkion datu pertsonalen konfidentzialtasuna bermatze aldera, honako hauek betez: 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua, (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Horretarako, bi alderdiek tratamendu enkarguaren dokumentua sinatuko dute, eta bertan jasoko dira datu pertsonalen babesaren arloan alderdiek izango dituzten betebeharrak. Agiri hori hitzarmen honen zati banaezina izango da.
Eta ados daudela adierazteko, bi aldeek hitzarmen hau sinatu dute Gasteizen, 2024ko irailaren 2an.
Unibasqeko zuzendaria,
IÑAKI HERAS SAIZARBITORIA.
UPV/EHUren Ikerketaren arloko errektoreordea,
INMACULADA AROSTEGUI MADARIAGA.
I. ERANSKINA
DATU PERTSONALEN TRATAMENDUA
«UPV/EHUren ardurapeko datu pertsonalak tratatzean, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak (aurrerantzean, Unibasq), tratamenduaren eragilea den aldetik, honako hauek beteko ditu: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua, (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta arlo horretan aplikatzekoak diren gainerako arauak. Beraz, tratamendu hori ez da datu pertsonalen komunikaziotzat joko.
Eranskin hau hitzarmenaren zati banaezina da. Berton, honako hauek ezartzen dira: tratamenduaren xedea, iraupena, izaera eta helburua, datu pertsonalen mota eta interesdunen kategoriak, tratamenduaren arduradunaren eta eragilearen betebeharrak eta eskubideak, bai eta 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 28.3 artikuluan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan eskatutako gainerako inguruabarrak ere:
1.– Hitzarmenaren xedea betetzeko, UPV/EHUk beharrezko diren datu pertsonalak jarriko ditu Unibasqen esku, eta Unibasqek datuok tratatuko ditu hitzarmenaren helburuak betetzeko, ez besterako.
2.– Dokumentu honen arabera, UPV/EHUk, tratamenduaren arduradun den aldetik, Unibasq gaitzen du, tratamenduaren eragilea den aldetik, hitzarmenaren xedea betetzeko behar diren datu pertsonalak tratatzeko.
3.– Unibasqek egingo duen tratamendua izango da dirulaguntza eskariak ebaluatzea UPV/EHUren ikerketa deialdietan, eta behar diren ekintzak burutzea hitzarmenaren inguruan sor litezkeen gorabeherak konpontzeko.
4.– UPV/EHUk datu hauek emango dizkio Unibasqi:
Ebaluatu beharreko proiektuetan parte hartu duten pertsonen datu pertsonalak.
5.– Hitzarmenaren xedea gauzatzen amaitu ondoren, Unibasqek UPV/EHUri itzuliko dizkio datuak. Hala ere, kopia bat gorde ahal izango du, datuak behar bezala blokeatuta dituela, hitzarmenaren xedea betetzearen inguruan erantzukizunak sor daitezkeen bitartean.
6.– Unibasqek betebehar hauek izango ditu:
a) Tratamenduaren xede diren datu pertsonalak gomendio honen helbururako beste ezertarako ez tratatzea. Datuak ezin izango ditu inola ere erabili bere helburuetarako.
b) Datuak tratatzea tratamenduaren arduradunak emandako jarraibideekin bat etorrita.
c) Arduradunaren partez egindako tratamendu jardueren kategoria guztien erregistroa egitea. Erregistro horretan, hala badagokio, datu pertsonalak hirugarren herrialde batera edo nazioarteko erakunde batera transferitu izana jasoko da, eta azalduko dira hartutako segurtasun neurri teknikoak eta antolakuntzakoak.
d) Ez jakinaraztea datuak hirugarrenei, tratamenduaren arduradunaren baimen adierazia eduki ezean, legeak hori onartzen duen kasuetan.
e) Tratamenduren bat azpikontratatzea beharrezkoa balitz, arduradunari jakinarazi beharko zaio idatziz gutxien dela astebete lehenago, zehaztuta zein tratamendu azpikontratu nahi den eta adieraziz, argi eta zalantzarako tarterik utzi gabe, zein den enpresa azpikontratista eta harekin harremanetan jartzeko datuak. Azpikontratazioa egin ahalko da arduradunak kontrakorik esaten ez badu adierazitako epearen barruan. Azpikontratista ere izango da tratamenduaren eragilea, eta behartuta egongo da dokumentu honetan tratamenduaren eragilearentzat ezarritako betebeharrak betetzera eta arduradunak emandako jarraibideei men egitera. Hasierako eragileari dagokio harreman berria arautzea, eragile berria bera dagoen baldintza berberen mende egon dadin (jarraibideei, betebeharrei, segurtasun neurriei dagokienez etab.) eta eskakizun formal berberak bete behar izan ditzan, datu pertsonalen tratamendu egokiari eta eraginpeko pertsonen eskubideak bermatzeari dagokionez. Azpieragileak dagokiona betetzen ez badu, hasierako eragileak izango du erantzukizun osoa.
f) UPV/EHUtik jasotako datu guztiak isilpean gordetzea uneoro, eta datuok hirugarrenei ez ezagutaraztea, ez transferitzea, ez lagatzea eta ezein modutan ez komunikatzea. Unibertsitatearekiko harremana amaitu ostean ere izango du betebehar hori Unibasqek.
g) Bermatzea datu pertsonalak tratatzeko baimendutako pertsonek konpromiso idatzi eta esplizitua sinatuko dutela konfidentzialtasuna errespetatzeko eta horretarako segurtasun neurriak hartzeko.
h) Tratamenduaren arduradunari laguntzea erantzuna ematen interesdunek eskaria egiten dutenean beren datu pertsonalak irispidean izateko, zuzentzeko edo ezerezteko, tratamendua mugatzeko edo haren aurka egiteko, datuok transferitzeko, eta erabaki automatizatuetatik kanpo uzteko (baita profiletatik ere). Interesdunek eskubide horiek baliatzen badituzte tratamenduaren eragilearen aurrean, hark posta elektronikoz eta berehala jakinarazi beharko dio UPV/EHUri, eskaria ebazteko garrantzitsuak izan daitezkeen beste informazio batzuekin batera, hala badagokio.
i) Datuak biltzean bitartekari lanak egiten dituzten agenteei, halakorik balego, egingo diren tratamenduei buruzko informazioa ematea.
j) UPV/EHUri eta datuak babesteko agintaritzari luzamenik gabe jakinaraztea datuen segurtasunean gertatutako urraketak, gertaerari buruzko informazio garrantzitsu guztiarekin batera (urraketaren deskribapena, gutxi gorabehera zenbat erregistrorik eragin dien, kategoriak eta interesdunak, informazio gehiago eman dezakeen datuak babesteko ordezkariaren datuak, segurtasun urraketaren balizko ondorioak eta ondorio negatiboak arintzeko hartutako edo proposatutako neurrien deskribapena).
k) Tratamenduaren arduradunari laguntzea datuen babesaren inguruko inpaktu ebaluazioak egiten, hala behar denean.
l) Behar den informazio guztia jartzea tratamenduaren arduradunaren esku, frogatzeko bere betebeharrak betetzen dituela, edo arduradunak edo hark baimendutako beste auditore batek auditoriak edo ikuskapenak egin ditzan.
m) Hitzarmenaren iraunaldian datuak babesteko indarrean dauden segurtasun neurriak ezartzea, eta, nolanahi ere, mekanismoak jartzea tratamendu sistemen eta zerbitzuen konfidentzialtasun, osotasun, erabilgarritasun eta erresilientzia bermatzeko; gorabehera fisiko edo teknikorik izanez gero, datu pertsonalak berriro erabilgarri eta irispidean azkar jartzea; tratamenduen segurtasuna bermatzen duten neurri tekniko eta antolakuntzakoen eraginkortasuna aldian-aldian egiaztatzea, ebaluatzea eta baloratzea; eta datu pertsonalak seudonimizatzea eta zifratzea, hala badagokio, hori guztia UPV/EHUk informazioaren segurtasunerako indarrean duen politikaren esparruan (2013ko maiatzaren 14ko EHAA), edo etorkizunean izan dezakeenean.
n) Datuak babesteko ordezkari bat izendatzea, eta haren izen-deiturak eta harremanetarako datuak arduradunari jakinaraztea.
UPV/EHUk badaki tratamendu arduradun gisa dagozkion errekerimenduak eta betebeharrak betetzera behartuta dagoela, kontuan hartuta 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta gai honetan aplikatu beharreko gainerako arauak. Horregatik, UPV/EHUk:
7.– a) Tratamendu eragilearen esku jarriko ditu kontratu honen 4. klausulan aipatzen diren datuak.
b) Eragileak inpaktu ebaluazioa egingo du, egin beharreko tratamenduek datu pertsonalen babesean izan dezaketen eragina jakiteko.
c) Zainduko du, aldez aurretik eta tratamenduak irauten duen bitartean, tratamenduaren eragileak datuen babeserako indarreko arautegiak betetzen dituela.
d) Tratamendua gainbegiratuko du, besteak beste ikuskapenak eta auditoretzak eginez».
RSS