Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

39. zk., 2025eko otsailaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
918

EBAZPENA, 2025eko otsailaren 6koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita «Bilboko Trenbidearen Lehen Lineako Neguri-Aiboa tartean horma konpontzeko eraikuntza proiektua».

2002an idatzi zen «Neguriko (Getxo) Aiboa kaleko 38. zenbakiko finkaren eta Metro Bilbaoren arteko ezponda egonkortzeko proiektua (19/017tik 19/089ra bitarteko kilometro-puntuak)» proiektua.

Proiektuaren arabera, harlangaitzezko horma kendu egin beharko litzateke gehien hondatutako tartean, ezponda profilatu beharko litzateke hegal egonkorra lortzeko eta higaduratik babestu beharko litzateke.

2003an idatzi zen «Trenbidea sendotzeko eta drainatzeko proiektua. Tartea: Neguri–Aiboako gaineko pasabidea (18/840tik 19/175era bitarteko kilometro-puntuak)» proiektua.

2001ean, 1. bidearen ondoko hormaren datu historikoak eta auskultazio-datuak biltzen hasi ziren.

Azpiegiturak auskultatzeko lanetan, jarraipen-berrikuspenak egitea eta xehetasun azterketak egitea gomendatzen zen, konponketa-jarduketen beharra xehetasun handiagoz baloratzeko.

Metro Bilbaoko instalazioen arduradunek uste dute horma konpondu behar dela. Konponketa obren aurretiazko balioespenak daude, eta xehetasunezko konponketa-proiektu bat idaztea hartzen da kontuan, txostenean deskribatutako jarduketak deskribatu, definitu eta balioesteko: 22-IN-007. 2022ko urtarrilean, Bizkaiko Garraio Partzuergoko Azterlan eta Plangintza Arloko proiektuak idazteko zerbitzuaren baldintza tekniko berezien agiria (2022) lizitatu zuen Bizkaiko Garraio Partzuergoak, proiektu honen xede den 7. lotea barne.

2022ko martxoan, Aiboa 39 partzelaren itxitura-hormaren zati bat erori zen. Erorketa horren arrazoia izan daiteke itxituraren ondoan landare-lurra eta tamaina handiko zuhaitzak gehiegi kargatzea.

2022ko apirilean, blokearen itxitura kendu zen lurzatitik, eta itxitura metalikoarekin ordezkatu zen behin-behinean.

Getxoko udalerriko Aiboa kaleko 39. zenbakian dagoen Metro Bilbaoko 1. lineako Neguri-Aiboa tarteko (1. bidea, 19/098 eta 19/134 arteko kilometro-puntuak) harlangaitzezko hormak akatsak ditu, bilakaera patologikoa erakusten dutenak eta egitura-segurtasunari edo trenbidearen epe ertaineko ustiapenari eragin diezaioketenak, inolako jarduketarik egiten ez bada.

Proiektuaren xedea da «Bilboko Trenbidearen Lehen Lineako Neguri-Aiboa tartean horma konpontzeko eraikuntza proiektuan» egin beharreko jarduketak ezarri eta deskribatzea.

Proiektuaren exekuzio materialaren aurrekontua laurehun eta hogeita bat mila bederatziehun eta berrogeita hamabi euro eta bi zentimokoa da (421.952,02 euro) da, hau da, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZarekin, seiehun eta zazpi mila bostehun eta hirurogeita zortzi euro eta hirurogeita hamaika zentimokoa da (607.568,71 euro), eta Administrazioa ezagutzeko aurrekontua, BEZik gabe, bostehun eta bi mila ehun eta hogeita bi euro eta laurogeita hamar zentimokoa (502.122,90 euro).

Obrak burutzeko sei (6) hilabeteko epea aurreikusten da.

Bizkaiko Garraio Partzuergoko Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi du proiektua eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Bizkaiko Garraio Partzuergoa sortzeari buruzko 1975eko abenduaren 30eko 44/1975 Legearen 4.3 artikuluan eta hura garatzeko xedapenetan xedatutakoaren arabera, Mugikortasun Jasangarriaren Sailari dagokio Bizkaiko Garraio Partzuergoak egin beharreko gainegitura-lanak gauzatzeko proiektuak onartzea.

Organo honek eskumena du Bilboko Metropoli-trenbide sareko obren proiektuak onartzeko, hala xedatzen baitu 382/2024 Dekretuak, azaroaren 19koak, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, 11.2.b) artikuluan.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Bilboko Trenbidearen Lehen Lineako Neguri-Aiboa tartean horma konpontzeko eraikuntza proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, seiehun eta zazpi mila bostehun eta hirurogeita zortzi euro eta hirurogeita hamaika zentimokoa (607.568,71 euro), eta obrak burutzeko epea sei (6) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza proiektuaren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko otsailaren 6a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria.
(Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren Bigarren Xedapen Gehigarria).

Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordea,

MIGUEL ÁNGEL PÁEZ ESCAMENDI.


Azterketa dokumentala