
39. zk., 2025eko otsailaren 26a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (907 KB - 60 orri.)
- EPUB (2142 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
916
AGINDUA, 2025eko otsailaren 3koa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, Eraikuntzaren kalitate-kontrola arautzen duen urriaren 28ko 209/2014 Dekretua betez Kalitate Kontroleko Liburua egiteko fitxa normalizatuak eguneratu eta argitaratzen dituena.
Eraikuntzaren kalitate-kontrola arautzen duen urriaren 28ko 209/2014 Dekretuak (2014ko azaroaren 19ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 221. zk.) 9. artikuluan xedatzen duenez («Materialak eta obra-unitateak onartzea edo ukatzea»), eraikingintzaren eta eraikuntza-kalitatearen alorrean eskumena duen sailburuak emandako agindu baten bidez ezarriko diren fitxa normalizatuetan adieraziko da materialak eta unitateak onartu edo ukatu diren.
Fitxa normalizatu horien azken argitalpenak honako hauek dira: batetik, Eraikuntzen kalitatea zaintzeko arauak ematen dituen urriaren 22ko 238/1996 Dekretua betez fitxa Kalitate-Kontrolari buruzko Liburua egiteko fitxa arautuak argitaratzen dituen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2008ko apirilaren 16ko Aginduaren I. eranskinekoak; eta, bestetik, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2010eko apirilaren 20ko Aginduaren eranskineko fitxa normalizatuak (agindu horren bidez Kalitate Kontrolari buruzko Liburua egiteko fitxa arautuak argitaratzen dituen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2008ko apirilaren 16ko Aginduaren I. eranskina aldatu zen). 2010eko agindu horrek 2008ko aginduko fitxen zati bat baino ez du ordezten.
Igarotako aldian, sektoreari aplikatu beharreko arau berri hauek sortu dira: Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2016ko ekainaren 15eko Agindua, Eraikingintzaren Kontrol Akustikoari buruzkoa; eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2023ko martxoaren 17ko Agindua, eraikinaren airearen kalitateari eta kontrol termikoari buruzkoa.
Era berean, 2021eko azaroaren 10ean indarrean sartu zen Egitura Kodea onartzen duen ekainaren 29ko 470/2021 Errege Dekretua.
Arau-aldaketa horien guztien ondorioz, beharrezkoa da argitaratutako fitxa normalizatuak egokitzea.
Halaber, fitxa normalizatuak oso azkar geratzen direnez zaharkituta, komeni da fitxa eguneratuak aldian-aldian argitaratzea Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiaren webgunean edo eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko eskumena duen sailaren webgunean. Fitxak Etxebizitzaren atalean egongo dira, Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiaren azpiatalean.
Horrenbestez, eta Eraikuntzaren kalitate-kontrola arautzen duen 209/2014 Dekretuaren 9. artikuluarekin bat etorriz, hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Argitara ematea saiakuntza, proba eta analisien emaitzak idazteko fitxak, Kalitate Kontroleko Liburua egiteko, eranskinean agertzen diren bezala.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Kalitate Kontroleko Liburua egiteko fitxa normalizatuak aldian-aldian eguneratuko dira Eusko Jaurlaritzan etxebizitzaren arloko eskumena duen saileko sailburuaren agindu baten bidez. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta etxebizitzaren arloko eskumena duen sailaren webgunean argitaratuko da, Eusko Jaurlaritzako Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiaren memoria aurkeztu ondoren. Memoria horrek egiaztatuko du fitxak eraikuntzaren sektoreko arau pribatuetara eguneratu behar direla. Era berean, memoria horrek eguneratze horien alderdi teknikoa justifikatuko du, ez baitute antolamendu juridikoa berritzen eta ez baitira Estatuko edo autonomia-erkidegoko araudira egokitzearen ondorio.
Horregatik, eranskinean agertzen diren fitxak eta ondoren eguneratu eta argitaratuko diren fitxen ereduak gutxienekoak izango dira: eraikuntzako profesionalek bertan jaso beharko dituzten datuen gutxieneko edukia dute. Gainera, argitaratutakoa ez den formatu batean aurkeztu ahal izango dira fitxak.
LEHENENGO XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabeturik geratzen da 2008ko apirilaren 16ko Agindua, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, eraikuntzen kalitatea zaintzeko arauak ematen dituen urriaren 22ko 238/1996 Dekretua betez fitxa Kalitate-Kontrolari buruzko Liburua egiteko fitxa arautuak argitaratzen dituena.
BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabeturik geratzen dira Eraikingintzaren Kontrol Akustikoari buruzko Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2016ko ekainaren 15eko Aginduaren II. eranskina eta III. eranskina.
HIRUGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabeturik geratzen dira Eraikinaren airearen kalitateari eta kontrol termikoari buruzko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2023ko martxoaren 17ko Aginduaren II. eranskina eta VIII. eranskina.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 3a.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.
RSS