
39. zk., 2025eko otsailaren 26a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (221 KB - 17 orri.)
- EPUB (131 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
912
EBAZPENA, 2025eko otsailaren 18koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, emakumeen aurkako indarkeria-portaerei buruzko sentsibilizazio- eta prebentzio-jarduerak bultzatzen eta sustatzen dituzten erakunde, elkarte eta fundazioei 2025ean dirulaguntzak emateko deialdia egin eta dirulaguntza horien oinarriak arautzen dituena.
Emakumeen aurkako indarkeriak giza eskubideak eta emakumeen funtsezko askatasunak urratzen ditu. Horrek galarazten du emakumeek gizartean osotasunez partea hartzea eta gizaki legez duen ahalmena gauzatzea.
Era berean, indarkeria horren tamainak eta izaera ikusezinak horren aldeko gizarte-tolerantzia maila garrantzitsu bat izatea indartzen du, eta hori oinarritzat hartzen du, baita indarkeriazko portaerei eusten dieten balio eta jarreren iraupena ere.
Gizonen eta emakumeen berdintasuna lortzeko eta emakumeen aurkako indarkeria errotik kentzeko, gizarte-portaera jakin batzuk aldatu behar dira, eta hori ez da gertatuko ez badira balioak, jarrerak eta usteak aldatzen. Oro har, balio-aldaketa hori kontzientzia kolektiboan kokatu behar da, laneko eta etxeko eremuetan esleitutako zereginetan, baita helduaroan nahiz haurtzaroko eta nerabezaroko hezkuntzan berdintasunean hazitako pertsona proaktiboen sustapenean ere. Horregatik, beharrezkoa da herritarren informazioa eta sentsibilizazioa lantzea, batez ere pertsona, gizarte, familia eta lan arloko esparru guztietan berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeko neurri eta problematikei loturik.
Ildo horretan, funtsezkoa da sentsibilizazio-, informazio- eta prestakuntza-ekintzekin jarraitzea, emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak hobeto ikusarazteko eta hori emakumeek jasaten duten desberdintasun- eta diskriminazio-egoera abiapuntutzat hartuz azaldu ahal izateko, egoera horien guztien prebentzioa sustatuz. Xede horrekin, ezinbestekoa da erantzun integrala eta diziplina anitzekoa ematea emakumearen aurkako indarkeriaren aurrean; erantzun horretan, gizarte-eragile guztien jardunak bateratu behar dira, koordinatuta.
Emakumeen aurkako indarkeriazko portaerez sentsibilizatzeko eta halakoak prebenitzeko abian jarritako programak, erakunde publikoek ez ezik, arlo honetan diharduten irabazi asmorik gabeko erakunde eta elkarteek ere gauzatzen dituzte. Hortaz, egoki da indarkeria horri buruz sentsibilizatzeko eta hura prebenitzeko proiektuak, programak, ekintzak edo estrategiak abiarazten dituzten erakundeei laguntzea.
Gainera, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 27.3 artikuluan ezartzen duenez, EAEko administrazio publikoek lege honetan aurreikusitako helburuak lortzeko jarduerak egiten dituzten elkarte eta erakundeei lagunduko diete, eta erakunde horiekin lankidetza publiko-pribaturako bideak sustatuko dituzte, emakumeen ahalduntzea bultzatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria matxistako kasuak hautemateko eta biktimei laguntzeko espazioak sustatzeko.
Ikuspegi horrekin, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2.2.q) artikuluak aurreikusten du, erakunde horren funtzioetako bat bezala, «nolako xedeak edo eginkizunak dituzten kontuan hartuta, Emakunderen helburuak lortzen lagundu dezaketen elkarte, fundazio eta enteekin harremanak ezartzea, bai eta haiekin lankidetzan aritzeko bideak ere».
Hori guztia dela medio, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, ebazpen honen bitartez, honako helburua duten dirulaguntzak arautu eta euretarako deialdia egiten du: emakumeen aurkako indarkeriazko portaerak prebenitzeko eta haiekiko sentsibilizazioa sustatzeko egintzak garatzea.
Bestalde, deialdi hau Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren babesean dago. Plan hori Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2024ko urriaren 21eko Ebazpenaren bidez onartu zen. Era berean, dirulaguntzetarako honako hauetan araututako araubideari lotuta dago: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, eta lege horren araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deskribatutako helburu guztiak kontuan hartuta, emakumeen aurkako indarkeria-portaerei buruzko sentsibilizazio- eta prebentzio-jarduerak bultzatzen eta sustatzen dituzten elkarte eta fundazioei 2025ean dirulaguntzak emateko dirulaguntzen deialdi honen oinarriak arautu eta onartuko da, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-irizpideen arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariaren 2024ko urriaren 21eko Ebazpenean aurreikusten den bezala. Ebazpen horren bidez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan berariaz jasotzen diren dirulaguntzei, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta azken lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Aurka egiteko, pertsona edo erakunde interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean (ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera); bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hil biko epean (ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera).
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 18a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,
MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.
ERANSKINA
EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA-PORTAEREI BURUZKO SENTSIBILIZAZIO- ETA PREBENTZIO-JARDUERAK BULTZATZEN ETA SUSTATZEN DITUZTEN ERAKUNDE, ELKARTE ETA FUNDAZIOEI 2025EAN DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK.
1. artikulua.– Xedea.
1.– Ebazpen honen helburua hauxe da: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak beherago zehazten diren erakunde, elkarte eta fundazioei –irabazi-asmorik bakoak badira– emateko dirulaguntzen oinarriak arautzea eta euretarako deialdia egitea: emakumeen aurkako indarkeriazko portaerak prebenitzeko eta haiekiko sentsibilizatzeko proiektuak, programak edo egintza konkretuak gauzatzea, 2025. urtean zehar; betiere, aurrekontuan kontsignatutako kredituek ezartzen dituzten mugen barruan, eta bat etorriz Erakundearen xede eta helburuekin; besteak beste: EAEko bizitza politiko, ekonomiko eta sozialaren arloetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun egiazkoa eta eragingarria lortzea; sexuen arteko berdintasuna errazten duten baldintzak sustatzea; berdintasunaren osotasuna egitez eta zuzenbidez galarazten duten eragozpenak ezeztatzea, eta Euskadin emakumearekiko diskriminazio-era guztiak kentzea.
2.– Emakumeen aurkako indarkeria matxista dira bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurkako indarkeria, familia barrukoa, sexu-indarkeria, feminizidioa, emakumeen eta neskatilen salerosketa, sexu-esplotazioa, emakumeen genitalen mutilazioa, behartutako ezkontzak eta beste praktika tradizional kaltegarri batzuk, hertsapena edo askatasun-gabetze arbitrarioa, tortura, indarkeria instituzionala, jazarpena, genero-indarkeria politikoa, indarkeria digitala eta sare sozialetakoa, obstetrikoa, sexu- eta ugalketa-eskubideen urraketa, bai eta emakumeen eta neskatilen duintasuna, osotasuna edo askatasuna urratzen duen edo urra dezakeen beste edozein indarkeria-mota ere, nazioarteko tratatuetan, Espainiako Zigor Kodean edo estatuko edo autonomia-erkidegoko araudian aurreikusita badago. Hori guztia, kontuan izan gabe alor publikoan edo pribatuan gertatzen den; horren barnean sartzen dira, besteak beste, eremu hauek: familia, lana, hezkuntza, osasuna, kirola, komunitatea, komunikabideak, aisialdi- eta jai-espazioak eta eremu birtuala.
Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 54. artikuluaren 3. eta 4. apartatuen arabera, emakumeen aurkako indarkeria matxistatzat hartzen da, halaber, biktimei laguntzen dieten pertsonen aurka erabilitako indarkeria, bai eta haien ingurune hurbilean edo afektiboan gauzatutakoa ere, batez ere seme-alaben edo beste senide batzuen aurka, emakumea laidotzeko borondatearekin.
3.– Ez dira diruz laguntzekoak izango indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzea xedetzat duten proiektu, programa eta jarduerak.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako xedeetara bideratutako baliabide ekonomikoak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako kredituetatik etorriko dira, esleitu den guztizko zenbatekoa hirurehun mila (300.000) euro izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legean jasotzen den bezala.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak honako erakunde eta elkarteek –irabazi-asmorik bakoak badira– eska dezakete: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako betekizunak betetzen dituztenak eta artikulu horretan jasotako debekuetako bakar batean ere sartuta ez daudenak, EAEn egoitza soziala izanik, euren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen dutenak, eta, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen aplikazio-eremukoak diren fundazioak. Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutako betekizunak bete beharko dituzte.
Zehazki, erakunde eskatzaileek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Baldintza horiek eskatuko dira bai onuradun izateko, bai izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte, eta egiaztatuko da betetzen direla dirulaguntza ematean eta ordainketak egitean.
Euren izaera juridikoa edozein delarik ere, eskabidea egiten duen orok izan behar du, bere jarduera edo helburuen artean, Erakundearen xede edo helburuetarikoren bat (Ebazpen honen 1.1 artikuluan jasotakoak).
2.– Ez dira erakunde onuradun izango xede partikularrak dituzten federazio, erakunde eta elkarteak, bat etorriz Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 5. artikuluan ezarritako sailkapenarekin.
3.– Ezin izango zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duten jarduerei, ez eta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
4. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta diru-zenbatekoaren zehaztapena.
1.– Laguntzen esleipena behingoan egingo da, egintza bakarrean, eta lehia-konkurrentziaren teknika erabiliko da.
Horretarako, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskaerak aztertuz esleituko dira laguntzak. Artikulu honetan zehaztutako irizpide eta baremoei jarraikiz, onartzen den aurrekontuaren % 100 finantzatu daiteke, baina proiektu eta erakunde bakoitzak 12.000 euro jasoko ditu, gehienez ere. Hor, proiektuaren xede diren jarduera guztiak sartuko dira. Erakunde onuradun bakoitzeko bi jarduera lagundu daitezke, gehienez ere.
Ildo horretan, onartutako proiektutik ondorioztatzen den zenbatekoari dirulaguntzaren kalkulua aplikatuko zaio, bat etorriz artikulu honen 5. apartatuan ezarritakoarekin.
2.– Eskabideak behar bezala baloratu ondoren, eskaera horien lehentasuna ezarri ondoren, laguntzak esleituko dira puntuazio-ordenaren arabera, ebazpen honen 2. artikuluan adierazitako zuzkidura ekonomikoa agortu arte, betiere proiektuen balioespen-prozesuan dirulaguntza jasotzeko gutxieneko puntuazioa lortu bada, hau da, 50 puntu edo gehiago.
Bi erakundek edo gehiagok proiektuen balioespen-fasean puntuazio berdina lortu badute, eta betiere dirulaguntzaren onuradun izateko gutxieneko puntuazioa gainditu bada eta erakunde guztientzako aurrekontu-krediturik ez badago, eskabide horiek aurkeztu diren dataren araberako lehentasun-ordenari jarraituko zaio.
3.– Aurkeztutako aurrekontua onartzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
Dirulaguntza kalkulatzeko erreferentziatzat hartuko den zenbateko maximoa 12.000 eurokoa izango da proiektuko; edozein delarik proiektuaren guztizko kostua, edo Emakunderi eskatutako zenbatekoa kopuru hartatik gorakoa bada ere.
Gauzatu beharreko proiektuen zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, justifikatu beharreko zenbatekoak gehienez ere 12.000 euroko proiektuetarako ezarritako ehunekoetara egokitu beharko dira. Nolanahi ere, ehunekoak berregokitu egin beharko dira, benetan emandako zenbatekoaren arabera.
Deialdi honetan lehiatuko den entitate bakoitzak eskatutako zenbatekoa 12.000 eurotik beherakoa izan daiteke proiektuko; eta, kasu horretan, hautaketa-batzordeak zenbateko horri egotzitako gastuak onartzen baditu, zifra hori onartutako aurrekontutzat joko da.
Honako gastu hauek lagun daitezke diruz: aurrekontuaren egikaritzeñari ezinbestean loturik izanik, entitate eskatzaileak aurkeztu proiektuko aurrekontu zehaztu eta banakatuan jasotzen diren gastu arruntak, baldin eta hura garatzeari argiro lotuak badira. Halakoak dira, esate baterako: materialak, prestakuntza, inprimatze-lana, zabalkundea, laguntza teknikoa, joan-etorriak, aretoen alokairua, diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura duen telefonoa. Hau da, ez dira aintzat hartuko erakunde eskatzailearen funtzionamendu arruntetik eratorritako gastuak, esaterako: argiaren, gasaren eta telefonoaren kontsumoa, altzariak, ordenagailuak, etab. Gastu horiek ezingo dute gainditu proiektuko aurrekontuaren edo 12.000 euroko gehienekoaren % 10, proiektu bakoitzaren guztizko zenbatekoa kopuru hori baino handiagoa izan arren.
Langile-gastuak (soldatak eta Gizarte Segurantza) soilik barne hartuko dira horiek jasotzen dituzten pertsonek diruz lagundutako proiektuaren garapenean esklusiboki dihardutenean.
Dietak zehazteko garaian, kontuan hartuko da otsailaren 2ko 16/1993 Dekretua, Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa.
Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira zerbitzuak (profesionalak, independenteak...) azpikontratatzekoak, baldin eta proiektuko aurrekontuaren edo 12.000 euroko gehienekoaren % 20 gainditzen ez badute, proiektu bakoitzaren guztizko zenbatekoa kopuru hori baino handiagoa izan arren. Azpikontratatutako zerbitzuei Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.
Errentamendu eta kanonei dagokienez, proiektuaren xede den jarduerarekin zuzenean eta esklusiboki lotuta badaude bakarrik lagundu ahal izango dira diruz.
Diruz lagun daitekeen gastutzat ezingo da jarri BEZ kengarriaren zenbatekoa, erakunde eskatzailea zerga horren deklarazioa egitera behartuta badago. Inbertsio-gastuak ere ez dira lagunduko diruz.
Diruz lagundu daitezkeen gastuek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
4.– Erakunde eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan, artikulu honen arabera diruz lagundu ezinak diren gastuak agertzen badira, Hautaketa eta Jarraipen Batzordeak ez ditu zenbatuko diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontua zehazterakoan; izan ere, aurrekontu hori hartuko da kontuan ebazpen-proposamenean dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko.
5.– Dirulaguntzaren zenbatekoa baremo hauen arabera kalkulatuko da:
– Onartutako aurrekontuaren % 100 arte, esleipen-irizpideen arabera 91 eta 100 puntu artean lortzen dutenentzat.
– Onartutako aurrekontuaren % 90 arte, esleipen-irizpideen arabera 81 eta 90 puntu artean lortzen dutenentzat.
– Onartutako aurrekontuaren % 80 arte, esleipen-irizpideen arabera 71 eta 80 puntu artean lortzen dutenentzat.
– Onartutako aurrekontuaren % 70 arte, esleipen-irizpideen arabera 61 eta 70 puntu artean lortzen dutenentzat.
– Onartutako aurrekontuaren % 60 arte, esleipen-irizpideen arabera 51 eta 60 puntu artean lortzen dutenentzat.
– Onartutako aurrekontuaren % 50 arte, esleipen-irizpideen arabera 50 puntuko puntuazioa lortzen dutenentzat.
6.– Dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa, dagokion proiektuaren onartutako aurrekontuari lortu den puntuazioa aplikatzetik ondorioztatzen dena izango da, harik eta aurrekontua agortu arte.
7.– Ebazpen-proposamenean, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da, eta erakunde bakoitzari diruz lagunduko zaizkion proiektuak eta bakoitzari emandako zenbatekoak zehaztuko dira. Horrez gain, ordezko erakunde eskatzaileen zerrenda jasoko da, hurrenkeran, onuradunen batek uko egiten badio ere, betiere balorazioan 50 puntu edo gehiago lortu badituzte. Erakunde horiei dagokienez, ordezkotza-ordenaren arabera zerrendatuta, proiektuak identifikatuko dira, eta uko eginez gero laguntzak izango duen gehieneko zenbatekoa adieraziko da, zeina ez den inola ere uko egin duen erakunde onuradunari esleitutakoa baino handiagoa izango, ezta hautaketa-fasean lortutako puntuazio-irizpidearen aplikazioz eta deialdian behar adinako zuzkidura ekonomikoa izanez gero esleituko zitzaiona baino handiagoa ere.
Ordezko erakundeek egin beharreko proiektuak 13. artikuluan xedatutakoaren araberakoak izango dira, eta ezin izango da haien gauzatze-epea luzatu.
5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta eskabideak nola aurkeztu eta egin.
1.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2025eko apirilaren 1ean amaituko (egun biak barne).
2.– Eskabideak baliabide elektronikoak erabiliz bakarrik aurkeztu beharko dira, eskabide-ereduaren arabera, behar bezala eta oso-osorik beteta, eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa erantsita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen denez. Hortaz, eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082912
Elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Erakunde bakoitzeko bi proiektu aurkeztuko balira, bakoitza eskabide batean aurkeztuko beharko litzateke.
3.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Prozedura honetako izapide guztiak bitarteko telematiko bidez egin ahal izateko, erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartutako edozein egiaztagiri elektroniko erabili ahal izango dute. Onartutako egiaztagiri elektronikoak esteka honen bidez kontsultatu ahal izango dira:
https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Erakundeek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskabidearekin batera, erakunde interesdunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Proiektuaren datuak, I. eranskinaren arabera.
b) 2025eko abenduaren 31 baino lehen egin behar diren jardueren proiektua eta programa, zeinak edukiak, kronograma eta metodologia jaso behar baititu, I. eranskinaren arabera. Proiektuaren aurrekontuan banakatuta eta berariaz adierazita utzi beharko dira dirulaguntza eskatzen duen erakunde bakoitzari egotz dakizkiokeen zenbatekoak, ehunekoak eta kontzeptuak, eta, era berean, justifikazio-fasean, proiektua diruz laguntzen duen administrazio bakoitzari egotz dakiokeen kontzeptu bakoitza zehaztu beharko da.
c) 9. artikuluan aurreikusitako esleipen-irizpideak egiaztatzeko aukera ematen duen beste agiri oro, baremazioa egiteko.
2.– Gehienez ere bi proiektu edo bi programa ezberdin aurkeztu ahal izango ditu entitate bakoitzak.
3.– Erakunde eskatzaileak, ondoren zehazten diren eskakizunak betetzen dituela frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena baliatu ahal izango du, eskabidean bertan ageri den ereduaren arabera:
a) Erakunde eskatzailea legez eratuta eta erregistratuta dagoela elkarteen edo fundazioen erregistroan.
b) Eskatutako laguntza jarduera berberetarako jada onartuta edo ordainduta dauden beste batzuekin bateragarria izatea baimenduta egonik, gainfinantzaketarik ez izatea, alde batera utzi gabe etorkizunean helburu bererako jaso ditzakeenak jakinarazteko betebeharra, laguntza likidatu arteko aldian.
c) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatua ez izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
d) Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako edozein legeren arabera. Zehazki, sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso izana, dagokion zehapenean ezarritako aldia gainditu gabe.
e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan zehaztutako baldintzen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa.
f) Betetzea Estatuko araudiaren arabera indarrean dagoen berdintasun-plan bat edukitzeko betebeharra, eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezartzeko betebeharra ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan (50 langiletik gorako enpresak).
g) Ordezkatutako elkartea elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debekuen kausetan sartuta ez egotea.
h) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, legez ezarritako moduan (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6.6 eta 8. artikuluetako kasuetan).
i) Fundazioen kasuan, beren estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean xedatutakora egokituta izatea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan gordailututa dagoen egokitzapena (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 1. xedapen iragankorra).
j) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita ez izatea.
k) Ez duela egin, bultzatu edo sustatu LGTBI-fobia, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).
l) Desgaitasuna duten pertsonen alde lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota betetzea, eta hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri izana.
m) Indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzea.
n) Egiazkoak eta osoak izatea eskabide honetako datu guztiak, bai eta aurkezten duen dokumentazio guztia ere, eta dagokion erantzukizuna bere gain hartzea (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).
Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).
4.– Aurreko paragrafoko a) apartatuan bilduta dagoen erantzukizunpeko adierazpenean biltzen diren puntuen egiazkotasuna, kasu horietan, dokumentazio ordezkatua aurkeztuta egiaztatu beharko da, eta hori kasuan kasuko laguntza edo dirulaguntza emateko prozeduraren ebazpena eman baino lehenago egin beharko dute entitate onuradun, elkarte edo fundazio gisa aurkezten direnek.
5.– Dirulaguntza mota honi buruzko aurreko deialdietan parte hartu ez duten erakundeek edo aurkeztu ziren azken deialdiaz geroztik erakundean aldaketak izan dituztenek honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:
a) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.
b) Erakundearen estatutuen kopia.
c) Egiaztagiria, dagokion foru ogasunak egina, entitate eskatzailea BEZaz salbuetsita dagoela egiaztatzeko.
6.– Prestakuntza ematea helburu duten proiektuetan, erakunde eskatzaileak egiaztatu beharko du prestakuntza hori ematen dutenek badutela berdintasunaren alorreko eta/edo emakumeen aurkako indarkeriaren arloko prestakuntza, gutxienez 150 ordukoa, eta prestakuntza hori unibertsitate edo administrazio publiko batek ziurtatu beharko du.
Prestakuntza emateaz arduratuko diren pertsonek proiektua gauzatu aurretik kontratatuta egon beharko dute, edo, bestela, proiektua aurkezten den egunean ezagutzera eman beharko dute nortzuk diren eta zein den arlo horietan duten berariazko gaitasuna. Ez dira diruz lagunduko prestakuntza hori ematen duen pertsonaren prestakuntza espezializatua jasota ez duten proiektuak, bai entitateko langileei berdintasunari edo emakumeen aurkako indarkeriari buruzko prestakuntza ematen bazaie, bai entitatetik kanpoko erabiltzaileei prestakuntza ematen bazaie.
Eman beharreko prestakuntzaren edukia eta kronograma, bai eta gainerako jarduerena ere, dirulaguntzara aurkezten den proiektuan aurkeztu beharko dira, eta proiektua amaitutakoan justifikatu.
7.– Eusko Jaurlaritzan edo haren organismo autonomoetan dauden agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Horrelakoetan, agiriak noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskabidean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.d) artikuluan ezarritakoaren arabera.
8.– Administrazioak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, benetakoa dela egiaztatzeko.
9.– Hautaketa eta segimendu batzordeak egoki deritzon informazio osagarria eska dezake, hain justu ere entitate eskatzaileek aurkeztutako datuak ezagutu eta egiaztatzeko.
10.– Laguntzen erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren aurrean bete beharrekoak betetzen dituzten automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta erakundeek onarpena eman beharrik gabe, salbu eta honako hau jasota badago: berariaz ukatzen du egiaztapen elektronikoa egiteko baimena, azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluaren arabera. Kasu horretan, interesdunak konpromisoa hartzen du dokumentazio hori aurkezteko.
7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.
Dirulaguntza-eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 6. artikuluan eskatutako agiriren bat falta bada, falta den agiria aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio Emakundek interesdunari, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpena emango da aurretiaz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
8. artikulua.– Hautaketa- eta jarraipen-batzordea.
1.– Hautaketa- eta jarraipen-batzordea osatuko da aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko eta emandako dirulaguntzen jarraipena egiteko. Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du batzordeak, eta ondoren, esleipen-proposamen arrazoitua aurkeztuko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, laguntzak emateko ebazpena hartzeko; gero, justifikazioari dagokion jarraipena egingo du.
2.– Hautaketa- eta jarraipen-batzordeko kideak:
Batzordeburua: Izaskun Garaigordobil Garmendia andrea, Administrazio Arloko arduraduna.
Ordezkoa: Andrea Nuñez Fernández andrea, Berdintasun Eskubideen Defentsa Arloko arduraduna.
Bokalak:
– M.ª Socorro Álvarez Fernández andrea, Emakumeen aurkako Indarkeriaren Arloko arduraduna.
Ordezkoa: Sorne Mirari Etxebarria Arrien andrea, Emakumeen aurkako Indarkeriaren Arloko teknikaria.
– Julene Gatzagaetxebarria Ameyugo andrea, Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.
Ordezkoa: Unay Casado Lataburu jauna, Aholkularitza Juridikoaren Arloko teknikaria.
– Naiara Leal Martin andrea, Emakumeen aurkako Indarkeriaren Arloko teknikaria.
Ordezkoa Laura Ortiz de Urbina Alonso andrea, Emakumeen aurkako Indarkeriaren Arloko teknikaria.
Idazkari-lanetan, Aholkularitza Juridikoko Arloaren arduradunak jardungo du, edo, hala badagokio, haren ordezkoak.
3.– Batzorde horrek erabakiak gehiengo soilez hartuko ditu, ebazpen honen 9. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 17. artikuluan xedatua kontuan izanik.
9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Proiektu bakoitzak lor dezakeen gehieneko balorazioa ehun eta hamar (110) puntu dira, ondoren aipatzen diren irizpideen arabera banatzen direnak:
a) Proiektuaren kalitate teknikoa. Gehienez 45 puntu; honako era honetan banatuta:
– Intersekzionalitatearen ikuspegia: gehienez 5 puntu.
– Helburuak zehaztea, helburu horiek argi azaltzea eta helburuak egin nahi diren jarduerekin bat etortzea: 5 puntu gehienez.
– Proiektua egiteko eta jarduerak ebaluatzeko erabiliko den metodologia: 5 puntu gehienez.
– Proiektua garatu edo/eta inplementatzearen bideragarritasuna: egutegia, aurrekontua. 5 puntu gehienez.
– Proiektuaren originaltasuna eta kreatibitatea: gehienez 5 puntu.
– Giza eskubideen alde egindako bidea: gehienez 5 puntu.
– Beste problematika batzuk ere badituzten emakumeekin lan egiten izandako esperientzia: gehienez 5 puntu.
– Entitate eskatzaileen egitura eta kudeatze-gaitasuna, kontuan hartuta baliabide teknikoak, pertsonalak (jarduerak egingo dituen taldeak genero-ikuspegiaz duen prestakuntza teorikoa eta lanbide-profila) eta materialak: gehienez 5 puntu.
– Programako kolektibo onuradunak, askotariko bereizkeria duten kolektiboen artean: gehienez 5 puntu.
b) Proiektuaren onura soziala. Gehienez 50 puntu; honako era honetan banatuta:
– Emakumeen kontrako indarkeria-modu guztien biktimen elkarteek aurkeztutako proiektuak: 15 puntu gehienez.
– 21 urtetik beherako edo 65 urtetik gorako emakumeek gauzatutako proiektuak: gehienez 5 puntu.
– Hartzaileak (kopurua eta kolektiboa), lurralde-eremua eta gauzatzeko egutegia: gehienez 5 puntu.
– Kolektibo hartzaile zehatzean espero den oihartzun-maila: gehienez 5 puntu.
– Etorkizunean programarekin jarraitzearen egokitasuna: gehienez 5 puntu.
– Beste elkarte/erakunde/fundazio batzuekin sarean lan egitea: gehienez 5 puntu.
– Proiektuaren aurrekariak eta kolektibo hartzailean izango duen eragina: gehienez 5 puntu.
– Zabalkunde-tresnak: gehienez 5 puntu.
c) Euskara eta gaztelania erabiltzea jardueraren publizitatean edo garapenean: gehienez 5 puntu.
d) Lehentasunezko gaiak edo gai estrategikoak jorratzen dituzten proiektuak. Gehienez 10 puntu.
Horretarako, 2025. urterako, lehentasunezko gai edo gai estrategiko hauek zehazten dira:
– Emakumeen aurkako indarkeria matxistak ingurune digitalean.
– Sexu-indarkeriak.
– Biktimen erreparazioa.
– Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren detekzio goiztiarra osasunaren eta enpleguaren eremuetan.
2.– Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek gutxienez berrogeita hamabost (55) puntu lortu behar dituzte.
10. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Deialdian aurkeztutako eskabideak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak ebatziko ditu interesdunek planteatutako gai guztiak. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Idazkaritza Nagusiari dagokio deialdi honen kudeaketa-lanak egitea.
Eskaerak ebaluatu ondoren, hautaketa- eta jarraipen-batzordeak akta bat egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza jasoko duena, dagokion lehentasun-ordenarekin, 9. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatzearen ondorioz, eta organo kudeatzaileari bidaliko zaio. Organo honek, espedientea eta akta ikusita, txosten bat egiten duenean, non jasotzen baita erakunde onuradun guztiek betetzen dituztela eskatutako baldintzak, organo horrek ebazpen-proposamena egingo dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari. Ebazpen-proposamenak dirulaguntza ematea proposatzen zaien eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa jaso beharko ditu.
2.– Ebazpen horretan, eskatutako dirulaguntza ematen den ala ez zehaztuko da. Ematen bada, erakunde onuradunaren izena edo izen soziala, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundutako jardun-proiektua zehaztuko dira. Ukatutako eskabideen kasuan, ukatzeko arrazoiak ere jasoko dira.
3.– Ebazpenean, bestalde, entitateen erreserba-zerrenda jaso da, puntuazioko ordena korrelatiboaren arabera, eta kontuan izanik 4.7 artikuluan aurreikusitakoa.
4.– Dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-aldian daudenak.
5.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan emango da argitara, eta bertan argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. Halaber, banan-banan jakinaraziko zaie erakunde eskatzaileei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, publikotasun-ondorioak izan ditzan.
6.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, dagokion laguntzen deialdiaren ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta epe horretan ebazpenik adierazten ez bada, dirulaguntza eskabideari ezezkoa eman zaiola ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik egonez gero, dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritakoarekin, ebazpen honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi –hau da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu– eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela esan nahiko du. Dirulaguntza onartuz gero, ebazpen honetan ezarritako arau guztiak onartzen dira, baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritako erlazio-bermeak eta itzulketa eta zehapenen erregimena ere.
b) «Datuen alta/Hirugarren interesduna» erregistroan agertzea, baldin eta lehenagoko dirulaguntzetan aurkeztu ez bada edo aldaketak izan baditu. Alta hemen egin ahal izango da: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
c) Dirulaguntza eman izanaren oinarrian dauden jarduerak (proiektuaren eduki nagusia osatzen dutenak) kudeatu eta egitea, deialdi honetan ezarritako modua, baldintzak eta epea betez, dituzten ezaugarriak direla-eta azpikontratatu egin behar direnak izan ezik. Azpikontratatutako gastuek, betiere, ez dute diruz lagundutako proiektuaren kostu osoaren 100eko 20 gaindituko, eta 12.000 euroko gehienekoa izango dute, nahiz eta proiektuak aurrekontu handiagoa izan.
d) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari jakinaraztea beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batetik xede bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso izana.
e) Diruz lagundutako jarduera egin dela justifikatzea, jardueraren memoria xehatua aurkeztuz, eta horri diru-sarreren eta gastuen egikaritutako aurrekontua gaineratuz, ebazpen honen hurrengo artikuluak adierazten duen bezala.
f) Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa eta laguntza ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz.
g) Diruz lagundutako jardueretan aldaketak egiteko, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundeko Zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko.
h) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka agerraraztea, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan adierazten den bezala (1999-10-26ko EHAA, 205. zk.), diruz lagundutako jardueren publizitate edo propaganda orotan, betiere posible bada publizitate horretan marka inprimatzea edo ikusteko moduan jartzea. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan eska daiteke marka. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka beti jarri behar da diruz lagundutako proiektutik sortzen den dokumentuan. Jardueraren publizitatean edo diruz lagundutako argitalpenetan adierazi behar da elkarte, federazio edo fundazioa dela jarduera horren edukiak bere gain hartzen dituena.
i) Dirulaguntzaren helburu diren proiektuek giza baliabideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte; ondorioz, proiektu horiek ezingo dute herritarrentzat iraingarria den, haien duintasunari kalte egiten dion edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duen ikur edo elementurik erabili.
j) Bat etorriz martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23.3.c) artikuluan ezarritakoarekin, dirulaguntza eskatzen duten erakundeek aurkeztutako memoria, proiektu eta gainerako testuetan hizkera ez-sexista erabili beharko da. Era berean, genero-estereotipoak ez errepikatzea eta emakumeen eta gizonen berdintasuna aktiboki sustatzea egiten diren irudi, komunikazio, argitalpen, programa, ikastaro eta abarretan.
k) EAEko bi hizkuntza ofizialetan egin beharko dute diruz lagundutako proiektuaren eta jardueren publizitatea, hala xedatuta baitago Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2023 Legearen 79. artikuluan eta hurrengoetan.
l) Nola edo hala dirulaguntzaren xedea osatzen duten material guztien ale bana ematea. Dirulaguntza jasotzeko aukera ematen duten materialak ezin izango dira salgai egon, ez eta merkaturatu ere.
13. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.
1.– Dirulaguntzaren ordainketa zatika egingo da; dirulaguntzaren ehuneko hirurogeita hamabosta ordainduko da, 12.a) artikuluan adierazitako epea igaro ondoren ez bazaio ukorik egin. Gainerako ehuneko hogeita bosta, diruz lagundutako jarduerek sortutako gastu guztiak justifikatu ondoren ordainduko zaie 2026ko ekitaldiko erakunde onuradunei, betiere 2026ko martxoaren 9ra bitartean –egun hori barnean dela– honako dokumentazio hau aurkezten badute:
– Jasotako funts publikoak zertan erabili diren justifikatzeko memoria. Memoria horretan, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak deskribatuko dira, proiektuan aurreikusitako egutegia kontuan izanda, eta onartutako eta diruz lagundutako proiektuaren hasierako aurrekontu osoa egin dela egiaztatu beharko du. Halaber, onuradunen kopurua sexuaren arabera xehakatuta jasoko da: zuzenekoak (antolakundekoak, elkartekoak edo fundaziokoak direnak eta bertan lan egiten dutenak), bitartekoak (proiektua gauzatzeko kontratatzen direnak eta proiektua diseinatu eta gauzatzeko kontratatzen den erakunde edo enpresa osatzen dutenak eta bertan lan egiten dutenak) eta azkenak (azken finean proiektuaz baliatzen direnak) (II. eranskina).
– Diruz lagundutako jardueraren balantze ekonomikoa, kontuan izanik diruz lagundu daitezkeen gastuek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. eta 32. artikuluetan jasotako betekizunak bete beharko dituztela. Egindako gastutzat joko da erakunde eskatzaileak 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean benetan ordaindu duena. Balantze ekonomikoak egiaztatu beharko du diruz lagundutako eta onartutako proiektuaren hasierako aurrekontuan aurreikusitako gastu guztiak ordaindu direla.
Gastuak kontzeptuka eta xehetasunez banakatuta aurkeztu beharko dira, Emakunderi egotzitako zenbatekoak eta ehunekoak adieraziz.
– Diruz lagundu den proiektu osoaren gastua benetan egin dela egiaztatzeko jatorrizko fakturak eta ordainagiriak. Fakturetako edo agirietako gastuaren data 2025eko abenduaren 31 izango da, gehien jota.
– Soil-soilik lagundutako proiektua garatzen –eta ez beste ezertan– diharduten pertsonen soldata eta Gizarte Segurantzako gastuak justifikatzeko agiriak.
– Funtzionamendu-gastu arrunten egiaztagiriak; gastu horiek erakunde eskatzaileak aurkeztutako jardueraren aurrekontu banakatu eta xehatuan agertu behar dute, eta jardueraren garapenari lotuak egon behar dute ezbairik gabe.
– Diruz lagundutako jardueren publizitatean Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza agertu dela eta elkarte, erakunde edo fundazioek jarduerak bere gain hartu dituztela egiaztatzen duten frogagiriak.
2.– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada (dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean) edo gastuaren egiaztagirien bidez (besteak beste, faktura eta ordainagirien bidez) justifikatzen den zenbatekoa diruz lagundu den proiektua baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionalaren minorazioa egingo da dirulaguntzaren guztizko zenbatekoan. Horretarako, esleitutako zenbatekoaren araberako murrizketa proportzionalaren formula aplikatuko da, eta, horren ondorioz, beste dirulaguntza bat emango da, proiektuaren benetako kostuaren araberakoa. Nolanahi ere, memoria ekonomikoan justifikatu egin beharko da hasieran aurrekontuan sartutako zenbateko osoa diruz lagundu den proiektu osoa aurrera eramateko.
14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira (betiere, dirulaguntzaren helburua bete bada) eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk aldi berean laguntzarik edo dirulaguntzarik eman badu.
2.– Aurreko artikuluan aipatutako agiriak edo, bestela, artikulu honetako aurreko apartatuan aipatutakoa jaso ondoren, eta agiriak aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez, emandako dirulaguntza aldatu eta/edo likidatuko du; horrez gainera, hala badagokio, dirulaguntzen zenbatekoak egokituko ditu, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko du, eta, hartarako, dirua itzultzeko 15 eguneko epea emango du.
3.– Entitate onuradunek, salbuespen gisa, diruz lagundutako jardueraren edukia aldatzeko eska dezakete, baita jarduera gauzatzeko eta dagozkion gastuak justifikatzeko modua eta epeak ere, jardueraren garapena aldatu eta zailtzen dituzten gorabeherak azaltzen direnean, eta aldaketa horiek baimendu egin ahal izango dira, hirugarrenen eskubideak kaltetzen ez badira. Diruz lagundutako jarduera exekutatzeko epea aldatzeari buruzkoa bada eskatutako aldaketa, aldaketa hori baimendu egingo da, baldin eta exekuziorako epe berria 2025eko ekitaldian sartzen bada. Aldaketa egiteko eskabideetan behar beste arrazoitu beharko da zergatik aldatzen edo zailtzen den jardueraren garapena, eta eskabide horiek Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari aurkeztu beharko zaizkio, aldaketa justifikatzen duten arrazoiak agertu eta berehala eta, betiere, proiektua gauzatzeko epea bukatu baino lehen.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak ebatziko du bidezkoa den ala ez aldaketa baimentzea, eskabidea erregistroan sartzen den egunetik aurrera hilabeteko epean; epe hori igarota, ez bada ebazpen espresurik eman edo jakinarazi, eskabidea ezetsitzat joko da.
15. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.
1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan xedatutakoez gain:
a) Jasotako dirulaguntza hasierako proiektuan azaltzen zen jarduerarako barik, beste baterako erabiltzea osorik edo partez.
b) Aurkeztutako proiektuan aldaketak sartzea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak baimendutako aldaketen kasuan izan ezik, aurreko artikuluan ezarritakoa dela bide.
c) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritzak aurkeztu eta onartutako proiektuaren zenbatekoa ez justifikatzea.
d) Aurkeztutako eskaeran edo agirietan jaso diren eta dirulaguntza emateko balio izan duten datuak benetakoak ez izatea.
2.– Dirulaguntzaren onuradunak dirulaguntzak emateko ebazpenean edo ebazpen honetan ezarritako baldintzaren bat bete ezean edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako ez-betetzeren bat dagoela ikusiz gero, prozedura-izapide egokiak bideratu ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea guztiz edo partzialki galduko du, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio jasotako zenbatekoak, berandutze-interesekin, hargatik eragotzi gabe bidezkoak izan daitezkeen gainerako ekintzak. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautu, eta, era berean, dirulaguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak ezartzen dituena.
3.– Deialdian jasotako betebeharrak partez bakarrik betetzen badira, eta konpromisoak betetzera bideratu badira, jasotako zenbatekoen zati bat itzuli behar izango da, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.ñ) artikuluarekin. Graduazio-irizpide gisa ezartzen dira ondoren jasotako baldintza osagarrien ez-betetzeak; izan ere, emandako zenbateko osoaren % 20rainoko gutxitzea ekar dezakete, proportzionaltasun printzipioa errespetatuz, betiere:
a) Ez jakinaraztea, idatziz, diruz lagundutako jardueretan egin nahi den bariazio edo aldaketa oro.
b) Ez adieraztea diruz lagundutako jarduerei buruzko publizitate orotan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza, hots, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka ez jartzea.
c) Hizkeraren erabilera sexista egitea.
16. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluekin eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautu, eta, era berean, dirulaguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak ezartzen dituenarekin, ezarritako baldintzak eta/edo betekizunak betetzen ez direnean, hau izango da emandako dirulaguntza itzultzeko prozedura:
a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura oinarritzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio alegazioak aurkezteko.
b) Alegazioak jaso ondoren, edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari.
Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua bi hileko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik aurrera. Borondatezko alditzat joko da epe hori.
c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Finantzak Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraikiz.
d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik dirulaguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere.
17. artikulua.– Datu pertsonalen babesaren arloko informazio-klausula.
Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak izeneko datuen tratamendurako sartuko dira, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz.
Helburua: dirulaguntzak ematea hala eskatzen duten pertsona edo erakundeei.
Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea).
Hartzaileak:
– Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.
– Interesdun legitimatuak.
– Organo judizialak.
– Kontuen Epaitegia edo autonomia-erkidegoko baliokidea.
– Hala badagokio, pertsona fisiko onuradunen datuak EHAAn argitaratzetik eratorritakoak.
Eskubideak: Emakundek botere publikoen eginkizun bat betetzen diharduela sustatzen dituen laguntzak kudeatzeko baino ez dira erabiliko datu horiek. Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta Erregelamenduan aurreikusitako beste eskubide oro ere. Datuak babesteari buruzko informazioa:
https://www.euskadi.eus/datu-babesa/
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure webgunean kontsulta dezakezu:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062200-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra
eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa
www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673
RSS