
39. zk., 2025eko otsailaren 26a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (129 KB - 3 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
905
166/2025 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Kirurgia Orokorreko Unitateko (Arantzazu 3. 1.) Gainbegirale lanpostu bat izendapen askez betetzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuan.
Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko Kirurgia Orokorreko Unitateko (Arantzazu 3. 1.) Gainbegirale lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, honako oinarrien arabera,
OINARRIAK
1.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
a) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo langile lan-kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea B1 lanbide-taldean.
b) B1 lanbide-taldeko titulua edukitzea.
c) Gutxienez 3 urteko lan-esperientzia izatea B1 lanbide-taldean.
d) Hizkuntza-eskakizuna: 2. hizkuntza-eskakizuna (derrigortasun-data: 2025-05-20).
e) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.
2.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.
– Esperientzia edota prestakuntza izatea unitate edo arlo klinikoen kudeaketan/koordinazioan.
– Esperientzia edota prestakuntza izatea taldeak antolatzen eta kudeatzen.
– Esperientzia edota prestakuntza izatea kirurgiako pazienteen arretan.
– Ofimatikari eta aplikazio informatiko korporatiboei buruzko ezagutzak izatea erizaintzaren esparruan.
Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen edo balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.
3.– Euskararen ezagutza.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.
4.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak (Begiristain doktorea 109, 20014 Donostia). Horretarako 15 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahalko dira eskabideak.
Interesdunek Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea (Begiristain doktorea 109, 20014 Donostia), beren datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaearekin batera.
Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.
– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.
– Merezimendu baliogarriak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, izangaiak horren berri eman beharko du eskabidean.
5.– Balorazio Batzordea.
Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.
Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horien berri emango die.
Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.
Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta emango dira lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.
6.– Hautaketa-prozedura.
Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.
7.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren intranetean zein webgune korporatiboan argitaratuko da.
Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.
8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Donostia, 2025eko otsailaren 13a.
Donostialdeko ESIko zuzendari-gerentea
EB (2266/2022 Ebazpena, abenduaren 13koa).
Ekonomiako eta Finantzako zuzendaria,
MARIA SOLEDAD BLANCO SESMA.
RSS