Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

39. zk., 2025eko otsailaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
899

AGINDUA, 2024ko azaroaren 18koa, Segurtasuneko sailburuarena, Ertzaintzaren egitura onartzen duena.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren 2021eko azaroaren 18ko Aginduaren bidez (Ertzaintzaren egitura onesten duen Agindua), Ertzaintzaren egitura berriz eguneratu zen, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plan Orokorrean (2020-2025) jasotako jarraibideei erantzun ahal izateko. Hartara, aurrera egin zen, gizartearekin konprometituta dagoen eta pertsonen artean bakea, segurtasuna eta ongizatea sustatzen dituen polizia integral baten premia funtzionaletara hobeto egokitzen zen eredu baterantz.

Gaur egun helburu horiek bere horretan irauten duten arren, nahitaezkoa da aldaketa batzuk txertatzea, antolamendu-egitura egungo premia aldakorretara egokitu ahal izateko.

Organo zentralei bagagozkie, Ertzaintzaren Zuzendaritzako titularrak hiru burutza izango ditu zuzenean atxikita: Kanpo Lankidetzako Burutza, Barne Arazoetako Burutza eta Prestakuntza eta Hobekuntzako Burutza. Azken hori, sortu berria baita, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren mende egongo da funtzionalki. Burutza horren ardura izango da, Segurtasun Sailak zehazten dituen jarraibideen esparruan, ezagutza polizialak dibulgatzeko prestakuntza- eta instrukzio-atazak egiten dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako langileak koordinatzea –betiere Ikasketen eta Plangintzaren Alorreko Burutzarekin batera lan eginez–; orobat lagunduko du EAEko Segurtasun Administrazioak, gaikuntzaren eta hobekuntzaren arloan, gaikuntza, ikerketa eta zientzia polizialari buruz sinatzen dituen akordioak eta hitzarmenak poliziaren esparruan ezartzen. Horiek horrela, indartu egiten dira, batetik, Poliziako Euskal Akademiarekiko elkarrizketa, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko poliziakideek dituzten prestakuntza-premiak ebaluatzeko eta bideratzeko lana.

Ertzaintzaren Burutzak bi alor izaten jarraituko du: Herritarren Babeseko Alorreko Burutza eta Ikerketa Kriminaleko Alorreko Burutza; bestalde, Inteligentzia Bulego Nagusiko Burutza ere izango du. Bestalde, zuzenean Ertzaintzaren Burutzaren mende, Idazkaritza Nagusia, Aginte eta Kontrol Zentro Nagusia eta Bozeramailetza, Komunikazio eta Protokolo Zerbitzua egongo dira.

Halaber, Ertzaintzaren Burutzaren mendekoa izango da Ertzaintzaren Zibersegurtasuna Koordinatzeko Burutza, zeinak Euskal Zibersegurtasun Agentziaren mende jardungo baitu funtzionalki eta ahalmena izango baitu, batetik, ziberdelinkuentzia detektatu, prebenitu eta pertsegitzeko eta, bestetik, Euskal Zibersegurtasun Agentziarekin eta nazioko, Europako eta nazioarteko gainerako agentziekin eraginkortasunez koordinatzeko. Horrenbestez, burutza bakar batean bilduko dira –mendekotasun funtzionalarekin edo organikoarekin– orain arte hainbat alor, unitate eta zerbitzutan sakabanatuta zeuden Ertzaintzaren zibersegurtasun-eginkizun guztiak. Hortaz, Ertzaintzaren egiturari osotasuna emango zaio, eta erakundeak, barrura zein kanpora begira, zibersegurtasunaren arloan erreferentziazkoa izango den burutza bat izango du.

Zibersegurtasuna kontu garrantzitsua da, zeren eta herritarrek gero eta gehiago erabiltzen baitituzte informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (aurrerantzean, IKTak), bai etxeko eta laneko eremuan, bai aisialdian.

Horren harira, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plan Orokorrak (2020-2025) –aurrerantzean, ESPPO esango diogu– segurtasun publiko integralaren paradigma berri bat planteatu zuen Euskadin, «eraldaketa digitalak ahalbidetutako aldaketa sakon eta beharrezko bati» aurre egiteko. Hain zuzen ere, Euskadiko Babes Zibileko Planean (LABI) jasotako arriskuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko delinkuentziaren datuak azterturik, ESPPOren arabera zibersegurtasuna da Euskal Autonomia Erkidegoko segurtasunean eragin handiena duen arrisku eta mehatxuetako bat; izan ere, botere publikoek kontrol-, arreta- eta prebentzio-lan handia egin beharra daukate arlo horretan, halako kasuak gertatzeko probabilitatea ahalik eta txikiena izateko edo ondorioak hain larriak ez izateko.

Aldaketa honen bidez, Ertzaintzaren egitura eguneratu nahi da, behar bezala erantzun ahal izateko harreman pertsonalak eta transakzioak etengabe digitalizatzeagatik euskal gizarteak dituen egungo eta etorkizuneko segurtasun-erronken handitasunari. Hitz batean, kontuan harturik delinkuentzia mota batzuk gero eta konplexuagoak, sofistikatuagoak eta zeharkakoagoak direla eta eragin ekonomiko eta sozial handiagoa dutela, helburua da haien aurkako borroka optimizatzea eta, hartara, lortuko diren emaitzak eta herritarren segurtasun-pertzepzioa kualitatiboki zein kuantitatiboki hobetzea. Hori da modu bakarra aurrera egiten jarraitzeko eta gizartearekin konprometituta dagoen eta pertsonen artean bakea, segurtasuna eta ongizatea sustatuko dituen polizia integral baten premia funtzionaletara hobeto egokitzen den eredu bat lortzeko.

Duela gutxi, gainera, Euskal Zibersegurtasun Agentzia sortu zen, ekainaren 29ko 7/2023 Legearen bidez; agentzia hori zuzenbide pribatuko ente publiko bat da, nortasun juridiko propioa duena, eta bere helburuak betetzeko gaitasun osoa. Horrela, asmoa da bermatzea ezen Eusko Jaurlaritzak gaur egungo informazioaren gizartean sortzen diren zibersegurtasunaren arloko mehatxuei eta arriskuei aurre egiteko beharrezkoak diren tresnak eta baliabideak izango dituela.

7/2023 Legearen 2. artikuluaren arabera, Euskal Zibersegurtasun Agentziaren xedea da «zibersegurtasuna sustatzea eta koordinatzea Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak mugatutako euskal sektore publikoan, sektore horren eskumeneko informazio-sistemen segurtasunaren eta sare elektronikoen segurtasunaren esparruan; eta Euskal Autonomia Erkidegoa, bertako Administrazio publikoa, herritarrak eta enpresa-sarea zibersegurtasunean eta garapen digital seguruan treba daitezen babestea eta bultzatzea». Xede hori betetzeko, Agentziari dagokio «laguntza ematea, zibersegurtasunaren arloan, eskumena duen edozein agintariri, bere eginkizun publikoak betetzeko eta, batez ere, legez kanpoko jokabideen aurkako borrokan, barne hartuta zuzeneko esku-hartzea eta proba elektronikoak lortzea».

Herritarren Babeseko Alorreko Burutzan, Kabinete Teknikoa sortzen da, euskarri tekniko-estrategikoa emateko burutza horri, erabakiak hartzeko prozesuak balio eta sendotasun handiagoak izan ditzan. Kabinete Teknikoak Ertzaintzaren operatiborako kritikoak diren plan eta prozesuen plangintza eta kudeaketa koordinatzeko jarduketa-irizpideak babestu, kudeatu eta proposatuko ditu, eta bere gain hartuko ditu orain arte Ekintzen Plangintzarako eta Azpiegituren Babeserako Burutzak betetzen zituen eginkizunak; izan ere, agindu honen bidez, desagerrarazi egingo da Ekintzen Plangintzarako eta Azpiegituren Babeserako Burutza. Horrez gainera, Herritarren Babeseko Alorreko Burutzaren mendeko unitateen barne-komunikazioa babestu eta koordinatuko du Kabinete Teknikoak.

Trafikoko Burutza Nagusia ere kenduko da, trafikoko lurralde-unitateak koordinatu eta gainbegiratzeko eginkizunak Kabinete Teknikoak beteko baititu aurrerantzean; gainera, lurralde-unitate horiek Trafiko Zuzendaritzaren mende geratuko dira funtzionalki.

Azkenik, Eraikinen Segurtasuneko Unitatea Erakundeen Segurtasunerako Burutza Nagusitik ezabatuko da. Aurrerantzean, unitate hori Babes eta Segurtasun Unitatean integratuta egongo da, eta segurtasun-zerbitzu globala eskainiko du interes edo arrisku berezikoak izateagatik zerbitzu mota hori behar duten pertsona, eraikin eta instalazioetan.

Horrenbestez, uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 47.2 artikuluan aurreikusitako eskumena baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Agindu honen eranskinean jasota dagoen Ertzaintzaren egitura onartzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu batean zein bestean, errekurtsoak jartzeko epeak agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira kontatzen.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek 2024ko azaroaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 18koa.

Segurtasuneko sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

ERANSKINA

A) Antolamendu zentrala.

I.– Ertzaintzaren Zuzendaritza.

Burutza hauek egongo dira zuzenean zuzendaritza horren titularraren mende:

a) Kanpo Lankidetzako Burutza. Ertzaintzaren eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuen arteko lankidetza-harremanak diseinatu, planifikatu eta bideratzeaz arduratzen da, bai barne-eremuan, bai nazioartean.

Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari laguntzen dio haren berezko eginkizunak betetzen eta, bereziki, Segurtasun Batzordean eta handik eratorritako batzorde teknikoetan jorratuko diren gaiak prestatzen.

Era berean, Kanpo Lankidetzako Burutzaren eskumenekoak dira hauek: ordezkariak izatea Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroan (CITCO), barne-segurtasunaren arloko lankidetza operatiboa (COSI), lotura-ofizialak eta Hendaiako Polizia eta Aduana Lankidetzarako Zentroa (PALZ), eta, halaber, koordinatzea Ertzaintzaren partaidetza duten «Horizonte Europa» proiektuak.

b) Barne Arazoetako Burutza. Funtzionarioen jokabide profesionalari buruzko ikerketak zuzendu, koordinatu eta garatzeaz arduratzen da, aintzatetsi behar direnak indartzeko eta legearen edo etika profesionalaren aurka doazenak prebenitzeko.

Orobat, Ertzaintzaren diziplina-politika definitzen, koordinatzen, bultzatzen eta garatzen laguntzeko berariazko eginkizuna izango du; horretarako, prebentzio-neurriak antolatu eta diziplina-prozedurak bideratuko ditu. Ertzaintzako funtzionarioak sartuta dauden zigor-arloko eginbide judizialen jarraipena ere egingo du. Polizia judizialaren eginkizunak bete ditzake, Botere Judizialak hala agintzen badio, Ertzaintzako kideei eragiten dieten ikerketa propioetan agerian jarritako egitateak direlako.

c) Prestakuntza eta Hobekuntzako Burutza. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekiko solaskidea izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko poliziakideek dituzten prestakuntza-premiak ebaluatu eta bideratzeko. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren mendekotasun funtzionalaren pean, eta Ikasketen eta Plangintzaren Alorreko Burutzarekin koordinatuta, alor horri dagozkion eginkizunak betetzen eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen arabera Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari dagozkionak betetzen lagunduko du. Orobat lagunduko du EAEko Segurtasun Administrazioak, gaikuntzaren eta hobekuntzaren arloan, gaikuntza, ikerketa eta zientzia polizialari buruz sinatzen dituen akordioak eta hitzarmenak poliziaren esparruan ezartzen.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren jardueratik kanpokoak izanik segurtasun publikoarekin zerikusia duten eginkizunak eta atazak betetzeko, eta organikoki Prestakuntza eta Hobekuntzako Burutzaren mende, barne-araubidea zaintzeko ardura duten Ertzaintzako karrerako funtzionarioak atxikiko zaizkio burutza horri, eta zerbitzu-eginkizunetan, berriz, irakaskuntza-, hautaketa- eta ikerketa-eginkizunak betetzen dituztenak.

II.– Ertzaintzaren Burutza.

1.– Ertzaintzaren Zuzendaritzaren titularraren mende dago zuzenean. Ertzaintzaren Burutzari dagokio Ertzaintzaren Zuzendaritzari zuzenean atxikita ez dauden alor, unitate zentral, lurralde-unitate eta gainerako burutza eta unitateetan zuzeneko agintaria izatea eta jarduera operatiboa zuzentzea, planifikatzea, koordinatzea, gainbegiratzea eta ebaluatzea.

Ertzaintzaren Burutzaren mende daude Herritarren Babeseko Alorreko Burutza, Ikerketa Kriminaleko Alorreko Burutza eta Inteligentzia Bulego Nagusiko Burutza. Dagozkion eginkizunak betetzeko, burutza eta unitate hauek izango ditu Ertzaintzaren Burutzak, zuzenean bere titularraren menpe:

a) Idazkaritza Nagusia.

Hiru atal izango ditu, bakoitza bere eginkizun espezifikoekin.

i) Kudeaketa Aurreratuaren Atalak Ertzaintzaren zerbitzuak etengabe hobetzen lagunduko du. Gainera, kudeaketa administratibo arruntean eta dokumentuen koordinazioan lagunduko die Ertzaintzaren Zuzendaritzari, Ertzaintzaren Burutzari, alor-burutzei eta Inteligentzia Bulego Nagusiko Burutzari.

ii) Azterlanen eta Euskarriaren Atala izango da ohiko solaskidea, Ertzaintzak giza baliabideen eta baliabide materialen arloan dituen premiak ebaluatzeko eskumena duten Segurtasun Saileko organoekin hitz egiteko. Segurtasun Sailak hezkuntza-komunitateari eta gainerako herritarrei eskaintzen dizkien segurtasun-gaietako prestakuntza-ekintzak antolatuko ditu, zehazten diren formatuetan. Barneko arauak berrikusi, eguneratu eta argitaratzeaz arduratuko da, eta, dagozkion eginkizunen barruan, Ertzaintzaren armak kudeatuko ditu, eta armen administrazio-kontrolaz arduratzen diren organo ofizialekin harremanetan egongo da. Berdintasun- eta aniztasun-arloko planak eta ekintzak sustatuko ditu.

iii) Herritarren Eskubideen eta Segurtasun Publikoaren Atalak bere gain hartuko du herritarren segurtasuna babestearekin lotutako bilera- eta manifestazio-eskubideari eta RPA droneen hegaldi eta operazioei dagokienez egin beharreko komunikazioen kudeaketa administratiboa. Ondare-erreklamazioen gaineko eskabideak eta terrorismoaren biktimenak ere izapidetzen ditu.

Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren mende dago funtzionalki, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroari euskarria ematen dio eta hartan parte hartzen du; EAEko Poliziak leku publikoetan bideokamerak erabiltzeko bideratzen diren espedienteak kudeatzen ditu; EAEko poliziakideei akreditazioak ematen dizkie, eta Segurtasun Sailburuordetzaren artxibo dokumentala kudeatzen du.

b) Aginte eta Kontrol Zentro Nagusia. Ertzaintzaren Burutzari lagunduko dio Ertzaintzaren unitate guztien eta egiten diren polizia-operatiboen ohiko jarduera poliziala planifikatzen, zuzentzen, koordinatzen, gainbegiratzen eta kontrolatzen. Era berean, lurraldeetako aginte- eta kontrol-zentroei euskarria emango die, funtzionalki haren mendekoak baitira.

Aginte eta Kontrol Zentro Nagusiaren mende dago organikoki Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari Laguntzeko Zerbitzua (LAZLZ), zeinaren eginkizuna baita Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari funtzionalki laguntzea larrialdiak kudeatzeko sistemen operazioetan.

c) Ertzaintzaren Zibersegurtasuna Koordinatzeko Burutza. Euskal Zibersegurtasun Agentziaren mende dago funtzionalki, eta ahalmena du, batetik, ziberdelinkuentzia detektatu, prebenitu eta pertsegitzeko eta, bestetik, Euskal Zibersegurtasun Agentziarekin eta nazioko, Europako eta nazioarteko gainerako agentziekin eraginkortasunez koordinatzeko.

Horrenbestez, burutza bakar batean bilduko dira –mendekotasun funtzionalarekin edo organikoarekin– orain arte hainbat alor, unitate eta zerbitzutan sakabanatuta zeuden Ertzaintzaren zibersegurtasun-eginkizun guztiak. Hortaz, Ertzaintzaren egiturari osotasuna emango zaio, eta erakundeak, barrura zein kanpora begira, zibersegurtasunaren arloan erreferentziazkoa izango den burutza bat izango du.

Zibersegurtasuna Koordinatzeko Burutzak bi atal izango ditu, bakoitza bere eginkizun espezifikoekin.

i) Koordinazio eta Berrikuntza Atala. Lankidetza-, berrikuntza- eta koordinazio-eremuari dagozkion berezko ahalmen eta eginkizunez gain, ahalmen eta eginkizun proaktiboak dagozkio. Zehazki, Ertzaintzaren jarduera operatiboa sustatuko du teknologia berrien aplikazioan, eta, bereziki, zibersegurtasunarekin, ziberinteligentziarekin eta ziberkriminalitatearen aurkako borrokarekin lotuta dauden alderdi guztietan. Ertzaintzaren Burutzari lagunduko dio alor, unitate zentral eta lurralde-unitate ororen eta Ertzaintzaren gainerako burutza eta unitateen jarduera koordinatzen, gainbegiratzen eta ebaluatzen adierazitako arloei dagokienez.

Kanpo Lankidetzako Burutzarekin batera lan eginez, nazioko eta nazioarteko beste erakunde publiko eta pribatu batzuekin harremanak izatea bultzatuko du, zibersegurtasuna, berrikuntza, adimen artifiziala, konputazioko teknologia berriak eta ziberkriminalitatearen aurkako borroka lantzeko. Inteligentzia Bulego Nagusiarekin elkarlan aktiboan jardungo du, sarean eskuragarri dagoen informazioa aztertu eta ebaluatzeko eta informazio horren jarraipena egiteko, ikerketaren eremuan ziberinteligentzia sortze aldera. Azkenik, Kabinete Teknikoaren Burutzarekin lan egingo du, dela mehatxuen aurrean kritikoak eta sentikorrak diren azpiegituren babes eta laguntza operatiboko plan espezifikoak diseinatzen eta ezartzen, dela zibersegurtasunaren arloko arriskuak aztertzen.

ii) Ikerketa Atala, zeinak ahalmen erreaktiboak eta operatiboak izango baititu. Funtzionalki Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Burutzaren mende egonik, hiru egitura-arlo zentralizatu antolatzen dira ziberkriminalitatea ikertzeko: iruzur informatikoak ikertzeko arloa; adingabeen askatasunaren eta ukigabetasunaren aurkako delituak ikertzeko arloa, eta jabetza intelektualaren aurkako delituak eta hacking-a ikertzeko arloa. Arlo horiek guztiek, sistema osmotiko bat baitira, beharrizan estrategiko eta operatiboei egokitzeko beharrezkoa den malgutasuna izango dute.

Ikerketa Atalak esparru horretan dauden prestakuntza-premiak ebaluatzen ditu, prestakuntza egokia eskaintzen du, eta ziberkriminalitatea ikertzeko gidaliburu eguneratuak idatzi eta zabaltzen ditu, eta, gainera, beste zerbitzu batzuek ziberdelituei buruz egiten dituzten ikerketak sustatu eta babesten ditu.

d) Bozeramailetza, Komunikazio eta Protokolo Zerbitzua, zeinak Segurtasuneko sailburuaren Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzaren mende jardungo baitu funtzionalki.

III.– Herritarren Babeseko Alorreko Burutza.

1.– Burutza horren eginkizun nagusia da bakearen, bizikidetzaren eta segurtasun publikoaren aurkako arrisku eta mehatxuak prebenitzea. Helburu hori kontuan hartuta, jarduera-ildo hauetara bideratuko ditu ahaleginak:

a) Herritarren segurtasun-pertzepzioa sustatzea, segurtasun-zerbitzu publikoa gertukoa eta agerikoa izan dadin bultzatuz.

b) Arriskuan dauden pertsonak babestea eta delituen eta istripuen biktimei laguntzea.

c) Pertsonak eta ibilgailuak bideetan modu seguru, jasangarri eta orekatuan mugi daitezen erraztea.

d) Bizia eta ondasunak mehatxatzen dituzten jokabideak prebenitzea, trafikoarekin eta errepideko garraioarekin lotura dutenak barne, bai eta herritarren eskubideak eragozten dituzten bestelako jokabideak prebenitzea ere, eskubide horien artean bizikidetza baketsua ere kontuan hartuta.

Horretarako, herritarrak babesteko zerbitzuen jarraipena, gainbegiratzea, koordinazioa eta etengabeko hobekuntza jorratuko ditu, eta prozedurak, aginduak eta protokoloak prestatuko.

2.– Herritarren Babeseko Alorreko Burutzaren mendekoak dira Ertzaintzaren lurralde-burutzak eta honako burutza eta unitate zentral hauek:

a) Kabinete Teknikoa. Herritarren Babeseko Alorreko Burutzari euskarri tekniko-estrategikoa ematen dio, Ertzaintzaren operatiborako plan eta prozesu erabakigarrien plangintza eta kudeaketa koordinatzeko behar diren jarduketa-irizpideak babestu, kudeatu eta proposatzeko, eta azpiegitura kritiko eta sentikorren babes eta laguntza operatiboko plan espezifikoak diseinatzeko eta ezartzeko. Ertzaintzaren barne-komunikazioa babesteaz eta koordinatzeaz arduratzen da.

b) Laguntza Taktikoko Burutza Nagusia. Iurretako (Bizkaia) Polizia Zentroan dauden Brigada Mugikorreko Unitatearen, Zaintza eta Erreskate Unitatearen eta Lehergailuak Indargabetzeko Unitatearen jardueren gaineko agintea du, eta jarduera horiek koordinatzen eta gainbegiratzen ditu.

Brigada Mugikorreko Unitateari hau dagokio: arrisku larriko egoeretan ordena publikoa prebenitzea, mantentzea eta, hala egokituz gero, berrezartzea; PRI - BIZKOR Prebentzioko eta Berehalako Erantzuneko patruilaren eginkizunak betetzea, eta istripu, katastrofe edo hondamendi publikoen ondorioz sortutako egoeretan esku hartzea. Bestalde, etengabeko laguntza emango die Ertzaintzaren gainerako unitateei, batez ere jendetzak kontrolatzeko, atxilotuak eta presoak zaindu eta lekualdatzeko eta planifikatutako segurtasun-dispositiboetan parte hartzeko. Horrez gain, beharren arabera, alor-unitateei esleitutako eginkizunak eta zereginak osatzeko lanak beteko ditu.

Zaintza eta Erreskate Unitatearen egitekoa da istripuetan, katastrofeetan eta hondamen publikoetan esku hartzea, eta Ertzaintzaren beste unitate edo zerbitzu batzuei laguntzea prebentzioko, ikerketako edo esku-hartzeko zereginetan; bereziki, ingurune naturalaren aurkako ez-zilegitasun penal edo administratiboko kasuetan eta unitateak berak dituen bitarteko espezializatuen erabileran. Salbamendu- eta erreskate-zerbitzuei lagunduko die, funtzionalki Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren mende egonik.

Lehergailuak Indargabetzeko Unitateari dagokio substantzia edo artefaktu leherkor, nuklear, erradiologiko, bakteriologiko edo kimikoak neutralizatzea eskatzen duten egoera guztietan esku hartzea. Era berean, lurrazpian bete beharreko eginkizunez arduratuko da.

Laguntza Taktikoko Burutza Nagusiak, gainera, idazkaritza tekniko bat izango du, unitateen kudeaketa administratibo arrunterako, baliabideen plangintzarako eta etengabeko hobekuntzarako.

c) Erakundeen Segurtasunerako Burutza Nagusia. Berroziko (Araba) Polizia Zentroan dauden Babes eta Segurtasun Unitatearen, Esku-hartze Unitatearen eta Ertzainor Unitatearen jardueren gaineko agintea du, eta jarduera horiek koordinatzen eta gainbegiratzen ditu.

Babes eta Segurtasun Unitateari dagokio babes-zerbitzu espezializatuak ematea agintari edo goi-kargudun diren edo izan diren pertsona jakin batzuei eta mehatxupean edo arriskuan dauden pertsonei; interes edo arrisku berezikoak izateagatik segurtasun-zerbitzuak behar dituzten eraikin eta instalazioetan halako zerbitzuak ematea, eta enpresa pribatuek zerbitzu hori ematen dutela kontrolatzea.

Esku-hartze Unitatearen ardura da Ertzaintzaren beste unitate batzuei segurtasun handiko estaldura ematea, eta Unitatearen parte-hartzea eskatzen duten prebentzio-operatiboetan edo operatibo intzidentaletan jardutea.

Ertzainor Unitateari dagokio Ertzaintzaren beste unitate batzuei laguntza zinologikoa ematea.

Erakundeen Segurtasunerako Burutza Nagusiak, gainera, idazkaritza tekniko bat izango du, unitateen kudeaketa administratibo arrunterako, baliabideen plangintzarako eta etengabeko hobekuntzarako.

IV.– Ikerketa Kriminaleko Alorreko Burutza.

1.– Delituak ikertzeko eta pertsegitzeko eginkizunak dagozkio, bai eta Ertzaintzaren ikerketa guztien koordinazio judizial eta poliziala ere, barnean hartuta beste polizia-kidego batzuekin egin behar dena.

2.– Burutza eta unitate hauek daude Ikerketa Kriminaleko Alorreko Burutzaren mende:

a) Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Burutza. Delitu astunak eta krimen antolatuarekin lotutako delituak ikertzeaz arduratzen da, eta, oro har, pertsegitze-lanetarako espezializazio- eta kualifikazio-maila handia eskatzen duten delituak ikertzeaz; halaber, Ertzaintzaren gainerako unitateei laguntza espezializatua ematen die; ikerketa garrantzitsu jakinak zuzentzen ditu –erabakitzen direnak–; agintari judizialen eta Fiskaltzaren errekerimenduak bideratzen ditu, eta Ertzaintzak adingabeekin egin behar duen jarduera espezializatua eta integrala bultzatu eta koordinatzeaz arduratzen da –horretarako, adingabeen atal espezifiko bat sortuko da–.

Polizia judizial gisa, burutza horren eginkizuna organo judizialen lurralde-hedapenera egokituko da, kasu bakoitzean egokiak diren taldeak edo giza baliabideak atxikita.

Ikerketaren eta Polizia Judizialaren Atal Nagusiak antolakunde kriminalak eta delitu astunak ikertuko ditu, baldin eta konplexuak izateagatik espezializazio-maila handia eskatzen badute, eta polizia judizialaren eginkizunak beteko ditu.

b) Polizia Zientifikoaren Burutza. Kriminalistikari, identifikazioari, analitikari eta ikerketa teknikoari loturiko zerbitzuak ematen ditu, eta, horrez gain, organo judizialek eskatutako aditu- eta dokumentazio-txostenak prestatzen ditu.

Orobat, begi-ikuskapen guztiak koordinatu eta gainbegiratzeaz arduratzen da, eta, horretarako, prozedurak, aginduak eta protokoloak landuko ditu; bestalde, bere gain hartzen du begi-ikuskapenetako lurralde-taldeen mendekotasun funtzionala.

c) Koordinazio eta Lankidetza Unitatea, zeinak bi atal izango baititu:

I.– Ikerketako Koordinazio Operatibo eta Teknikoko Atala (IKOTA). Ikerketa kriminal guztiak koordinatzeaz eta gainbegiratzeaz arduratzen da, eta, horretarako, prozedurak, aginduak eta protokoloak egingo ditu; Polizia Judizial Teknikoaren eginkizunak ere betetzen ditu. Segurtasun Sailak hala eskatzen duenean, interes polizialeko gaiei buruzko aholkularitza teknikoa emango du.

II.– Lankidetza Polizial eta Judizialeko Atala (LPJA). Ertzaintzaren zerbitzu bakar gisa eratzen da, estatu mailan eta nazioartean arlo kriminaleko informazioa beste polizia-kidego batzuekin trukatzeko; halaber, agindu eta zitazio judizial guztiak kudeatzeko zentro bakarra izango da.

Koordinazio judizialaren eremuan, Lankidetza Polizial eta Judizialeko Atala alderdi hauetaz arduratuko da: epaitegiek Ertzaintzari bidalitako ofizio judizialak (errekisitoriak) kudeatzeaz; telefonia-operadoreekin hitz egiteaz, Auzitegi Nazionaleko epaitegietako jatorria eta helmuga duten eskaeren eta ebazpen judizialen kudeaketa administratiboa gauzatzeko; zenbaki erreserbatuak esleitzeaz, eta korrespondentziak gordailutzeaz.

Lankidetza polizialaren eremuan, informazio kriminalaren arloan beste segurtasun-kidego batzuekin informazioa trukatzeaz arduratzen da, bai eta, maila operatiboan, Europako eta nazioarteko lankidetza polizialeko tresna eta lege-esparruetan txertatuta dauden Estatuko eta estatuz gaindiko puntu bakarrekin informazioa trukatzeaz ere.

d) Joko eta Ikuskizun Unitatea. Ausazko jokoak, ikuskizun publikoak eta jolas-jarduerak kontrolatu eta ikuskatzen ditu. Polizia administratiboaren jarduerak egiten ditu, funtzionalki Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren mende. Bestalde, bere espezialitateko arloetan, aholkularitza eta laguntza ematen dizkie gainerako unitate eta zerbitzuei.

e) Segurtasun Pribatuko Unitatea. Segurtasun pribatuko enpresak, langileak, jarduera eta zerbitzuak gainbegiratzeaz arduratzen da. Espedienteak ikuskatu, kontrolatu, erregistratu eta izapidetzen ditu, funtzionalki Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren mende. Halaber, segurtasun-neurriak egiaztatzen ditu, eta aholkularitza- eta laguntza-eginkizunak betetzen ditu, agintzen dizkioten eraikinen segurtasunari buruzko azterlanetan.

V) Inteligentzia Bulego Nagusiko Burutza.

Inteligentzia Bulego Nagusiko Burutzaren eginkizun nagusia da polizia-inteligentzia txertatzea Ertzaintzaren jardueran; izan ere, polizia-inteligentzia ardatz egituratzailea eta proaktiboa da erabaki estrategikoak eta taktikoak hartzeko orduan, bai delituen prebentzioari eta murrizketari dagokienez, bai herritarren segurtasun-pertzepzioa alda dezaketen arriskuen murrizketari dagokionez.

Informazio kriminala eta intzidentala sistematikoki bildu, tratatu eta aztertuko du, eta hura garatzen laguntzen duten baldintzez arduratuko da. Horretarako, inteligentzia-produktuak eta -soluzioak eskainiko ditu, dauden arriskuen aurrean erantzun taktikoak eman ahal izateko eta sortzen diren mehatxu aldakorrekin lotutako plangintza estrategikoa egin ahal izateko.

Horrez gainera, inteligentzia-bulegoen jarraipena, gainbegiratzea, koordinazioa eta etengabeko hobekuntza jorratuko ditu, eta prozedurak, aginduak eta protokoloak prestatuko.

Esleituta dituen eginkizunei erantzuteko, inteligentziako lurralde- eta toki-bulegoak izango ditu funtzionalki bere mende.

B) Lurralde-antolamendua.

I.– Ertzaintzaren lurralde-burutzak.

1.– Beren agintaritza organikoaren mende dituzten ertzain-etxe, unitate, zerbitzu eta atalek inteligentziaren, herritarren babesaren, bide-segurtasunaren eta ikerketaren arloan egiten dituzten polizia-jarduerak planifikatu, koordinatu eta zuzendu behar dituzte.

Era berean, lurralde historikoen mailan jarduten duten talde kriminalen ikerketa eta lurralde mailako inteligentzia garatzea dagokie.

Hori guztia, hargatik eragotzi gabe agindu honetan ezartzen diren mendekotasun funtzionalak.

2.– Zerbitzu edo unitate hauek egongo dira zuzenean lurralde-burutzaren titularraren mende:

a) Herritarren Babeseko Lurralde Zerbitzua. Herritarrak babesteko egiten diren polizia-jarduerak koordinatzeaz arduratzen da, eta prebentzio aktiboko jarduerak sustatzeaz.

b) Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzua. Ikerketa Kriminaleko Alorreko Burutzaren mende dago funtzionalki. Dagokion lurralde historikoan jarduten duten talde kriminalak ikertzen ditu, begi-ikuskapenak egiten ditu, eta inguruabar bereziak direla-eta lurraldeburuak agintzen dizkion bestelako ikerketak lantzen ditu; gainera, ertzain-etxeek eta Ikerketaren eta Polizia Judizialaren Atal Nagusiak egiten dituen ikerketetan laguntzen du.

c) Inteligentziako Lurralde Bulegoa, zeina Inteligentzia Bulego Nagusiko Burutzaren mende baitago funtzionalki. Inteligentzia-produktuak egiteaz eta ertzain-etxeei polizia-informazioa aztertzen laguntzeaz arduratzen da.

d) Lurraldeko Aginte eta Kontrol Zentroa. Aginte eta Kontrol Zentro Nagusiaren mende dago funtzionalki, eta polizia-baliabideak eta -zerbitzuak koordinatzeaz, kanpoko deiak bideratzeaz, gorabeherak izapidetzeaz, taktikak eta protokoloak aplikatzeaz, jarduerak gainbegiratzeaz, aginte operatiboa bere gain hartzeaz (hala badagokio) eta kasuan kasuko organoei informazioa emateaz arduratzen da.

e) Trafikoko Lurralde Unitatea. Dagokion jarduera-esparruan, bide-segurtasunaren arloko prebentzioa lantzeaz, bide-segurtasunaren aurkako delituak pertsegitzeaz eta zirkulazio-istripuak ikertzeaz eta aztertzeaz arduratzen da, bai eta ertzain-etxeei eta Foralen, Mikeleteen eta Miñoien sekzioei trafiko-arloko laguntza emateaz ere. Eginkizun horiek Kabinete Teknikoak koordinatu eta gainbegiratzen ditu, eta Trafiko Zuzendaritzaren mendekotasun funtzionalaren pean egiten dira.

3.– Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateak bere gain hartuko du ETEN zerbitzua.

4.– Arabako Lurralde Burutzak Ertzaintzaren Musika Banda kudeatuko du maila organikoan. Banda hori Segurtasuneko sailburuaren Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzaren mende egongo da funtzionalki.

5.– Ertzaintzaren Foralen, Mikeleteen eta Miñoien sekzioak lurralde-burutzei atxikitzen zaizkie, bakoitza dagokion burutzari. Sekzio horien eginkizun espezifikoak dira foru-erakundeak ordezkatzea, hango agintariak babestea eta foru-ondareko ondasunak babestu eta zaintzea. Halaber, Miñoien Sekzioak errepideko garraioa zaindu eta ikuskatu ahal izango du, bai eta errepideak zaindu ere, Arabako Trafikoko Lurralde Unitatearekin koordinatuta.

II.– Ertzain-etxeak.

1.– Herritarrei segurtasuna, babesa eta laguntza ematea dagokie, bakoitzaren lurralde-mugapean.

Ertzain-etxeen funtzio nagusia izango da bakoitzari dagokion lurralde-eremuan bakearen, bizikidetzaren eta segurtasun publikoaren aurkako arrisku eta mehatxuak prebenitzea, eta horretarako behar adina baliabide izango dituzte. Halaber, ikerketa- eta zaintza-funtzioak beteko dituzte, bai eta krimenak ikertzearekin eta polizia-inteligentziarekin lotutako beste zeregin batzuk ere, lurralde-mailako zein administrazio zentraleko goragoko organoen laguntzarekin. Ertzain-etxearen mende, herritarrentzako arreta-bulegoak egon daitezke.

2.– Ertzain-etxe hauek Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoa hartuko dute, kasuan-kasuan zerrendatzen diren herriak mugapean dituztela:

a) Araban.

– Guardiako ertzain-etxea: Arraia-Maeztu, Mañueta, Berantevilla, Bernedo, Kanpezu, Elciego, Bilar, Kripan, Bastida, Lagran, Laguardia, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Leza, Moreda Araba, Navaridas, Oyón-Oion, Peñacerrada-Urizaharra, Samaniego, Harana, Eskuernaga, Iekora eta Zambrana.

– Laudioko ertzain-etxea: Amurrio, Arakaldo, Arrankudiaga, Artziniega, Aiara, Laudio, Okondo, Urduña eta Orozko.

– Vitoria-Gasteizko ertzain-etxea: Alegría-Dulantzi, Armiñón, Arratzua-Ubarrundia, Asparrena, Barrundia, Kuartango, Burgelu, Iruña Oka, Iruraiz-Gauna, Lantarón, Legutio, Erriberagoitia, Erriberabeitia, Añana, Agurain, Donemiliaga, Urkabustaiz, Gaubea, Vitoria-Gasteiz, Zalduondo, Zigoitia eta Zuia.

b) Bizkaian.

– Balmasedako ertzain-etxea: Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Karrantza Harana, Galdames, Gordexola, Güeñes, Lanestosa, Sopuerta, Trucios-Turtzioz eta Zalla.

– Bilboko ertzain-etxea: Bilbao.

– Durangoko ertzain-etxea: Abadiño, Amorebieta-Etxano, Arantzazu, Areatza, Artea, Atxondo, Bedia, Berriz, Dima, Durango, Elorrio, Garai, Igorre, Iurreta, Izurtza, Lemoa, Mañaria, Otxandio, Ubide, Zaldibar eta Zeanuri.

– Erandioko ertzain-etxea: Derio, Erandio, Larrabetzu, Leioa, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio.

– Gernika-Lumoko ertzain-etxea: Ajangiz, Arratzu, Arrieta, Bakio, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Laukiz, Maruri-Jatabe, Mendata, Meñaka, Morga, Mundaka, Mungia, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta.

– Getxoko ertzain-etxea: Barrika, Berango, Getxo, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz.

– Ibaizabalgo ertzain-etxea (bi lantoki ditu: bata Basaurin eta bestea Galdakaon): Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberio.

– Muskizko ertzain-etxea: Abanto y Ciérvana - Abanto Zierbena, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi eta Zierbena.

– Ondarroako ertzain-etxea: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar-Arbatzegi Gerrikaitz eta Ondarroa.

– Sestaoko ertzain-etxea: Barakaldo, Sestao eta Valle de Trápaga-Trapagaran.

c) Gipuzkoan.

– Deba-Urolako ertzain-etxea (bi lantoki ditu: bata Bergaran eta bestea Zumarragan):

Antzuola, Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Ezkio-Itsaso, Legazpi, Leintz-Gatzaga, Oñati, Soraluze-Placencia de las Armas, Urretxu eta Zumarraga.

– Donostiako ertzain-etxea: Donostia.

– Eibarko ertzain-etxea: Deba, Eibar, Elgoibar, Ermua, Mallabia, Mendaro eta Mutriku.

– Hernaniko ertzain-etxea: Aduna, Alkiza, Andoain, Asteasu, Astigarraga, Hernani, Larraul, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, Villabona eta Zizurkil.

– Irungo ertzain-etxea: Hondarribia eta Irun.

– Errenteriako ertzain-etxea: Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteria.

– Oriako ertzain-etxea (bi lantoki ditu: bata Beasainen eta bestea Tolosan): Abaltzisketa, Albiztur, Alegia, Altzaga, Altzo, Amezketa, Anoeta, Arama, Ataun, Baliarrain, Beasain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Elduain, Gabiria, Gaintza, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Idiazabal, Irura, Ikaztegieta, Itsasondo, Lazkao, Leaburu, Legorreta, Lizartza, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Orendain, Orexa, Ormaiztegi, Segura, Tolosa, Zaldibia, Zegama eta Zerain.

– Urola Kostako ertzain-etxea (bi lantoki ditu: bata Azkoitian eta bestea Zarautzen): Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Bidania-Goiatz, Getaria, Errezil, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia.

3.– Zerbitzu-agindu baten bidez, ertzain-etxeen kudeaketa partekatua ezartzea onartu ahal izango da, eta agindu horretan zehaztuko da kudeaketa horren lurralde-eremua.

Ertzain-etxeen kudeaketa partekatuaren helburua izango da ertzain-etxeen lurralde-mugapeko eremuan erabilgarri dauden baliabideen kudeaketa arrazionalizatzea eta optimizatzea.

Horretarako, erabaki operatiboak hartzeko prozesua bateratu edo zentralizatu egingo da, tartean diren ertzain-etxeen eremuan aplikatu beharreko lan-metodoak planifikatuz eta ezarriz, eta horrek berekin ekar dezake baliabide pertsonalen eta materialen kudeaketa aipatutako eremuan garatzea.


Azterketa dokumentala