
100. zk., 2024ko maiatzaren 23a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (190 KB - 11 orri.)
- EPUB (117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2477
EBAZPENA, 2024ko apirilaren 23koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita «Aguraingo (Araba) 4. Kirol eta Hezkuntzako hirigintza-intereseko elkartearen (HIE) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa».
AURREKARIAK
2024ko otsailaren 14an, Aguraingo Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko «Aguraingo (Araba) 4. Kirol eta Hezkuntzako hirigintza-intereseko elkartearen (HIE) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren» (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia baitzuen.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko urriaren 31n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Aldi berean, Aguraingo Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren gainean interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
«Aguraingo (Araba) 4. Kirol eta Hezkuntzako hirigintza-intereseko elkartearen (HIE) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren» abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan ezartzen da zer plan eta programak behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehazteko plan edo programak ez duela ingurumenean eragin nabarmenik –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edota plan edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txostenean, planak ingurumenean eragin nabarmenik izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Aguraingo (Araba) 4. Kirol eta Hezkuntzako hirigintza-intereseko elkartearen (HIE) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren» ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren eremuak 85.262,54 m2-ko azalera hartzen du, eta hiri-lurzoruan dago, Aguraingo alde zaharraren mendebaldean; iparraldean, Foru kalearekin egiten du muga; hegoaldean, Zuazo errepidearekin. Eremua eraldatuta eta urbanizatuta dago, eta ekipamendu komunitariorako erabiltzen da nagusiki (g10). Gainera, eremu horretan honakoak sartzen dira: komunikazio-sistema orokorreko zenbait eremu (e60, aparkalekuak), hirugarren sektoreko erabilerako eremuak (c10), hiri-parkea (f10) eta lurrazaleko uren sistema orokorra (h10, ibai-ibilguak). Lehendik dauden lurzatiak eta eraikinak, nagusiki, hezkuntza- eta kirol-erabilerarako dira, bai eta ekipamendu publikoko beste erabilera batzuetarako ere, hala nola aterpetxea, ertzain-etxea eta osasun-zentroa daude bertan. Horrez gain, aparkalekuak, bideak eta ibai-ibilguak ere badaude.
Planaren xedea da 4. HIEaren antolamendu xehatua zehaztea, Aguraingo HAPO betez, etorkizunean egin daitezkeen handitzeetan aurreikusten den erabilera bakoitza behar bezala integratu ahal dadin. Eremuaren zatirik handiena garatuta eta finkatuta badago ere, lurzati batzuk hutsik geratzen dira, eta, horietarako, Planak erabilerak eta baldintzak ezartzen ditu; aitzitik, okupatuta dauden eta gaur egun ekipamendu-erabilerak garatzen diren lurzatietarako, Planak aplikatu beharreko hirigintza-parametroak ezartzen ditu, finkatzeko edo handitzeko.
Hutsik dauden lurzatietan, Planak ekipamendu generikoaren (GN) erabilera ezartzen du, etorkizunean, eta Udalaren beharren arabera, bakoitzean garatu behar den ekipamendu-erabilera zehaztu ahal izateko; Plan Orokorrean «ekipamendu komunitario» gisa sartutako erabileretako edozein izan ahalko da. GN1en 3.490,41 m2c-ko eraikigarritasuna baimentzen da sestra gainean, 1.587,83 m2c/m2s sestra azpian eta III solairuko (BS+2) sestra gaineko profila, eraikinaren gehieneko altuera 11 m-koa izanik. GN2an 1.331,42 m2c-ko eraikigarritasuna baimentzen da sestra gainean, 742,65 m2c/m2s sestra azpian, eta II solairuko (BS+1) sestra gaineko profila, eraikinaren gehieneko altuera hau izanik: 8 m.
Espazio libreak eremuaren eta haren inguruaren antolamendu-elementu gisa ezartzen dira eta, HAPOren 4. HIEaren fitxa partikularrean ezarritako antolamendu xehatuari jarraikiz, igarobide berde gisa eratzen dira Santa Barbara errekaren ibilguaren bi ertzak, eta horren zortasun-eremuekin bat egiten dute. Lezago/Santa Barbara ibaiaren ertzei lotuta dauden EL1, EL2 eta EL3 hiri-parkeko azpieremuetarako, Planak ibaiertzak tratamendu bigunen bidez berreskuratzea aurreikusten du.
Plana garatzeko, eraikuntza-obren nahitaezko proiektuak zuzenean egingo direla aurreikusten da, zehaztutako ekipamenduko eta hirugarren sektoreko erabilerak garatzeko. Komunikazio-sistemen eta espazio libreen kasuan, dagoen urbanizazioa berritzeko urbanizazio-obren proiektuak izango dira.
Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, bi alternatiba planteatu dira: «0» alternatiba edo joerazkoa, indarrean dagoen plangintzari dagokiona; eta 1. alternatiba, plangintza modu xehean garatzen duena, erabilerak, hirigintza-parametroak eta erabilera xehatuko azpieremuei aplikatu beharreko baldintzak antolatuz, eta horiei esleituz plangintza horretan aurreikusitako eraikigarritasunaren banaketa.
B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri behar den ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Planak zein neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, eta Planaren izaera dela-eta, ez du baldintzatzailerik ezarriko, besteak beste, kokalekuari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, legearen arabera ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zein neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: ez da bateraezintasunik edo kontraesanik ikusi Aguraingo (Araba) 4. Kirol eta Hezkuntzako hirigintza-intereseko elkartearen (HIE) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren eta ebaluatutako plan eta programa konkurrenteen artean.
c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Plan horri esker, klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko neurriak har daitezke, eta, besteak beste, uholdeek edo bero-boladek gizakion osasunarengan duten arriskua murrizten dute. Gainera, emisiorik gabeko mugikortasuna sustatzeko aukera ematen du, hiri barruko berdeguneak hiri-periferiako berdegune handiekin lotuko dituen korridore bat bultzatuz (Lezago/Santa Barbara errekastoa), Arabako Foru Aldundiak eginiko Arabako Lurralde Historikoko Konektibitate Ekologiko-Paisajistikoaren estrategiaren inbentarioan sartutako korridorearekin bat etorriz (Iturrietako mendiak-Entzia mendilerroa eta Zadorra ibaia).
d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hautematen Plana gauzatzeak ingurumen-arazo nabarmenik ekarriko duenik, betiere, besteak beste, kultura-ondareari, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei, uholde-arriskuari, JPHari eta babes-eremuei (zortasun- eta zaintza-eremuak), kutsadura akustikoari, argi-kutsadurari eta hondakinen eta isurien kudeaketari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeria ezartzeko.
2.– Ondorioen eta ziurrenik eragina jasango duen eremuaren ezaugarriak:
Planaren eremua 85.262,54 m2-ko azalera duen lurzati urbanizatu bat da, eta Aguraingo alde zaharraren ondoan dago. Eremu artifizializatua da, hainbat ekipamenduk okupatzen dute (kirol-, osasun-, hezkuntza-ekipamenduak, erakundeak...), eta, gainera, eraiki gabeko lurzati batzuk ditu, egun autokontsumorako baratzeek edo lorategiek okupatzen dituztenak.
Multzoa «Zadorrako Unitate Hidrologikoan (UH)» sartzen da, Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES091). Eremua Lezago errekak zeharkatzen du, aurkeztutako dokumentazioan Santa Barbara izenez agertzen denak eta Zadorra ibaiaren adarra denak. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, erreka mehartuta eta bideratuta igarotzen da, eta inpaktu ugari ditu herrian zehar egiten duen ibilbidean zehar; hodiek gurutzatzen dute, industria-eremu zaharrak eta bizitegi-lurzoruak daude ibaiertzetan, zubiek gurutzatzen dute eta espezie apaingarriak landatzen direlako (zuhaixka- eta zuhaitz-espezieen nahasketa, bai autoktonoenak bai lorategiko espezie aloktonoenak, besteak beste: akaziak, lizarrak, astigarrak eta makal zuriak). Azterketa-eremua bat dator Jabari Publiko Hidraulikoarekin (aurrerantzean, JPH) eta haren zortasun- eta zaintza-eremuekin, erreka horri lotuta daudenak. EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren kartografiaren arabera, errekastoa I. mailan sailkatzen da, osagai hidraulikoaren arabera; ingurumen-osagaiari dagokionez, ez da zonakatzen.
Ikuspegi hidrogeologikotik, eremua Kuartango-Agurain lurpeko ur-masaren gainean dago, «Kuartango-Agurain Kuaternarioa» sektorearen ondoan, eta interes hidrologikoko eremuarekin bat dator. Eremua tuparri-kareharrien, tuparrien, kareharrien eta kalkareniten alternantzia da, eta pitzadura bidezko iragazkortasun txikia dute. Aurkeztutako dokumentazioan, gainera, Lezago/Santa Barbara errekaren inguruko materialei dagozkien alubioi-biltegiak identifikatzen dira, porositateagatiko iragazkortasun ertaina dutenak. Planaren xede diren lurzatietan ez dago EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko lekurik.
EUNIS (2019) kartografiak adierazten duenez, eremu horretan honako hauek daude: «dentsitate handiko herri eta hirietako eraikuntzak», «zelai hobetuak eta kirol-zelaiak» (futbol-zelai bat), kirol-ekipamenduen inguruan dauden «parke txikiak eta lorategi apaingarriak» eta «espezie aloktonoen heskaiak» Lezago/Santa Barbara errekastoaren inguruan. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, eremuan ez dago landaredi natural iraunkorreko espaziorik, eta errekaren ertzetan espezie aloktonoak nabarmentzen dira, hala nola heskai artifizializatua eta zuhaixka- eta zuhaitz-espezie autoktonoen nahiz lorategiko espezieen nahasketa (akaziak, lizarrak, astigarrak, makal zuriak, etab.). Gainera, hiriko zuhaitzak identifikatzen dira bide publikoan eta aire zabaleko igerilekuen ekipamenduko berdeguneetan, bai eta artifizializatu gabeko espazio batzuk ere, bat-batean sortutako belarrek eta sastrakek hartu dituztenak. Faunari dagokionez, eremuan ez da espezie mehatxaturik deskribatu, eta ez da faunarentzat interes handikoa den punturik edo gunerik hauteman.
Planaren eremua ez dago Natura 2000 Sareko ezein espaziotan, ez ezein naturagune babestutan, baina, ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, Lezago/Santa Barbara erreka Iturrietako mendiak – Entzia mendilerroa eta Zadorra ibaia lotzeko ibai-korridore gisa inbentarioan sartuta dago Arabako Lurralde Historikoko Konektibitate Ekologiko-Paisajistikoaren Estrategian; gainera, erreka LAGen azpiegitura berdearen sare hidrografikoko ur-korronteen barnean dago).
Kultura-ondarearen ikuspegitik, eremuaren hegoaldean, udalerrian interes kulturaleko elementu arkitektoniko bat dago: Aguraingo Bolatokia deritzon higiezin bat, inbentarioan 140 zenbakia du. Gainera, eremuaren hego-mendebaldean Donejakue Bidearekin (Barnealdeko Bidea) egiten du muga, zeina urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuaren bidez Ondare Kultural Kalifikatu gisa sailkatuta baitago, Monumentu-multzoaren kategoriarekin. Bestalde, ez dago inbentarioan sartutako edo katalogatutako balio paisajistikorik.
Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterketaren arabera, gaur egungo egoeran nahiz etorkizuneko egoeran behar bezala betetzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, Planaren eremua Aguraingo UAHEan dago (uholde-arrisku handiko eremua) (kodea: ES091_UAHE_ZAD-08). Uraren Euskal Agentziaren uholde-arriskuaren kartografiaren arabera, futbol-zelaien eta igerilekuen arteko eremuan 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholdeak daude.
Bestalde, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lurzoruen inbentarioan 01051-00086 kodea duen kokalekua (industria motako kokalekua) zati batean bat dator kirol-ekipamenduak (udal-kiroldegia) okupatzen duen 105. katastro-erreferentzia duen 2. poligonoko lurzatiarekin eta horren mugakide den aparkalekuarekin. Gainera, Planak proposatutako ekipamendu generikoko GN2 erabilera-eremu berria eta 01051-00048 kodeko S1 ekipamendu komunitario sanitarioa lurzati industrialaren alboan daude.
Beste arrisku batzuei dagokienez, ez da arrisku handirik identifikatzen salgai arriskutsuak errepidez edo trenbidez garraiatzeagatik, ez eta Seveso II Zuzentarauaren mende dauden enpresetatik gertu egoteagatik ere; era berean, ez da higadura-arriskurik identifikatu sismikotasunaren, baso-suteen edo akuiferoen kutsadurarekiko urratze-arrisku handiko edo oso handiko eremuak egotearen ondorioz.
Planaren ingurumen-ondorioei dagokienez, ingurunearen ezaugarri nagusiak eta baldintzatzaileak eta aurreikusitako jarduketak ikusita, Plana garatzearen ondorioz izan daitezkeen eragin nagusiak eraikin berriak eraikitzeko obretatik eta, hala badagokio, lehendik dagoen urbanizazioa berritzetik eratorriko dira. Obra horiek honako ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik eta abar. Hori guztia, eremu nagusiki hiritar batean. Fase honetan, Lezago/Santa Barbara errekari eragiteko arriskua dago. Alde horretatik, indarrean dagoen legeria eta, bereziki, natura-ondareari, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei, kultura-ondareari, urei eta uholde-arriskuari, zaratari, hondakinei eta isurketei dagokien legeria betetzen badira, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.
Ustiapen fasean ez da espero Planaren ondorioz eragin nabarmenik izango denik.
Eremuaren gaur egungo egoera kontuan harturik, planetik eratortzen diren jarduketak, eta, orobat, prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien aplikazioa, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.
3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta «Aguraingo (Araba) 4. Kirol eta Hezkuntzako hirigintza-intereseko elkarteko (HIE) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategikoa» egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, baita ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.
Beraz, Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:
– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Plana gauzatzearen ondoriozko obrek eta esku-hartzeek kultura-intereseko elementuak arautzen dituen babes-araubidea bete beharko dute, haien babes-ingurunea ere kontuan hartuta.
Aintzat hartuko dira, halaber, elementu katalogatuak eta babes ertaina eta tokiko babesa izateko proposatu direnak, bai eta eremuaren hego-mendebaldean udalerritik igarotzen den Donejakue bidearen trazadura ere.
Ildo horretan, Planaren eremuan dagoen udalerriko interes kulturaleko elementu arkitektonikoa, Aguraingo Bolatokia, hain zuzen –inbentarioan 140 zenbakia duena–, mantendu egin beharko litzateke, eta saihestu egin beharko litzateke haren tamaina, kanpo-itxura eta oinarrizko banaketa tipologikoa zein egiturazkoa aldatuko lukeen esku-hartze oro, bai eta horren inguruko ingurumen-ezaugarriak hutsaldu ditzaketen aldaketak ere. Horregatik, elementu horri aplikatu beharreko esku-hartzeak «Kontserbazioa eta apaindura» edo «Sendotzea» motakoak izatea gomendatzen da, Ondare Urbanizatu eta Eraikia Birgaitzeko Jarduketa Babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren (Hutsen zuzenketa, 2003-04-07ko EHAA, 69. zk.) «Birgaitzeko esku-hartzeak» deritzon I. eranskinean jasotzen den moduan.
Bestalde, Planak bat etorri beharko du hauetan jasotako Donejakue Bidearen trazadura babesteko araubidearekin: 2/2012 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa (2012-01-27ko EHAA, 19. zk.); eta 66/2022 Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatu izendatzen duena (2022-06-02ko EHAA, 106. zk.).
Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa: obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Intereseko balio naturalak babesteko neurriak:
Nahiz eta eremuak ez ukitu Natura 2000 Sareko espaziorik ez beste naturagune babestu ezein ere, Arabako Lurralde Historikoko konektibitate ekologiko-paisajistikoaren ibai-korridore bat eta LAGen azpiegitura berdearen sare hidrografikoko ur-korrontea daude eremuan, eta, beraz, neurriak hartu behar dira hura ekologikoki lehengoratzeko –ibilgua eta babes-eremuak: zortasun- eta zaintza-eremuak–, bere lotura-funtzioa bermatzeko, biodibertsitatearen galera geldiarazteko eta lurralde-zatiketaren ondorioak arintzeko, eta, hala, eskaintzen dituen zerbitzu ekosistemikoak indartuko dira. Gainera, lehengoratze horrek berdeguneak hiri-periferiako berdegune handiekin lotzean jarri beharko luke arreta. Kasu honetan, lehengoratu beharreko tartea Arabako Foru Aldundiaren Arabako Lurralde Historikoko Konektibitate Ekologiko-Paisajistikoaren Estrategia deritzon inbentarioan sartutako korridorearen–Iturrietako mendiak-Entzia mendilerroa eta Zadorra ibaia– zati gisa jotzea hartu beharko da kontuan.
Ildo horretan, planak ezarriko du eraikuntza- eta urbanizazio-obren proiektuek «lehengoratze-proiektu» bat izan behar dutela, non gauzatu beharreko jarduketak behar bezain xehe garatuko diren. Aurrekontua ere barne hartuko du, bai eta «Flora aloktono inbaditzailea desagerrarazteko eta kontrolatzeko protokolo» bat ere, dauden espezieak desagerrarazteko neurriak jasoko dituena. Lezago/Santa Barbara errekaren kasuan, URAren «EAEko ibai-eremuetan landare inbaditzaileen espezieak kudeatzeko jardunbide egokien gidaliburua» (2021) beteko da.
– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.
Planaren eremuan Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dauden lurzatiak daudenez –zehazki, 01051-00086 kodea duen industria motako kokalekua–, zati batean 2. poligonoko 105. katastro-erreferentziako lurzatiarekin bat datorrena –kirol-ekipamendu komunitarioak okupatua dago (G10 VU1 udal-kiroldegia)–, eta horren mugakide den espazioa –aparkalekua (e30 Komunikazio-sistema, hiri-bideak)–, kontuan hartu beharko da lurzoruaren kalitatearen adierazpen bat izapidetzeko beharra Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan deskribatutako inguruabarren bat gertatuz gero.
Halaber, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera, egin beharreko lur-mugimenduetarako, ezinbestekoa izango da aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak hondeaketa selektiborako plan bat onartzea, lurzoruaren kalitatearen adierazpena egiteko prozedura egokiaren barruan. Hortaz, komeni da Eusko Jaurlaritzaren 2020ko hondeaketa selektiborako plana kontsultatzea.
Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Aguraingo Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehazteko zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
– Hautemandako beste arrisku batzuekin lotutako neurriak.
Planetik eratorritako jarduketek kontuan hartu beharko dute Ebroko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan jasota dagoen uholdeen babesari buruzko berariazko araudian xedatutakoa, baita Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 14 bis artikuluan jasotakoa ere.
– Kutsadura akustikoarekin lotuta neurriak.
Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira garapen berriak gauzatu kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan –aurreikusitako eraikinen kasuan, leihoak dituzten fatxada guztietan, altuera guztietan, eta, eraikinik ez duten guneetan, lurzorutik 2 metroko altueran–, hargatik eragotzi gabe Dekretuaren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.
Halaber, ezingo da erabilera sentikorrak dituzten eraikinetarako eraikuntza-baimenik eman –hala nola bizitegi-, ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerara bideratutako eraikinetarako–, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak betetzen ez badira, araudian aurreikusitako bi kasuetan salbu.
Nolanahi ere, Dekretuan aurreikusitako eraikin sentikorren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira beti; horretarako, Udalak hori justifikatzen duen txosten bat egin beharko du, kasuan kasuko eraikuntza-baimena eman aurretik, eta kanpoaldea babesteko zuzenketa-neurriak ezarri beharko dituzte.
– Argi-kutsadurarekin lotutako neurriak.
Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz (Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena, EA-01etik EA-07ra).
– Jasangarritasun energetikoarekin lotutako neurriak.
Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen eta azaroaren 10eko 254/2020 Dekretuaren arabera egin beharko dira.
– Klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko neurriak.
Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira. Horrela, eremuak hainbat motatako klima-aldaketen mehatxuen aurrean duen kalteberatasuna murriztuko da, bai eta haren ondorioak jasateko arriskua ere.
Udalerriaren kalteberatasunetik eta arriskutik abiatuta –EAEko udalerriek klima-aldaketaren aurrean duten kalteberatasunaren eta arriskuaren ebaluazio-proiektuan identifikatuak. Klima 2050–, eraikuntza- eta urbanizazio-proiektuetan ezarri behar diren neurriak zehaztuko dira. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan klima-aldaketara egokitzeko «irtenbide naturalak» identifikatzeko eta mapatzeko gida metodologikoan (2017ko urria) egindako proposamenak hartuko dira kontuan.
Aurreko neurriak gorabehera, Planaren garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira jardunbide egokien eskuliburuarekin; alegia, obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzkoarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:
• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretarako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
• Obra-eremua mugatzea eta instalazio osagarriak kokatzea: Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak, etab.) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak, baliabideak beren bizi-ziklo osoan eta, bereziki, horren amaieran hondakinak modu efizienteagoan erabiliko dituen eraikuntza bat bultzatzeko.
Lur- eta arroka-soberakinak, ahal bada, haien premia duen inguruko obra batean balorizatuko dira; hori ezinezkoa bada, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta indarrean dauden legeen arabera kudeatuko; hau da, uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren arabera –Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duena– eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera –Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena–.
• Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa neurriak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.).
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, urak kutsatu ez daitezen.
Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.
• Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun artean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Lanak egunez egingo dira.
Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera.
• Garbi mantendu beharko dira kamioiek obrara sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
* Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
* Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia-kantitatea edo -kontsumoa murriztea.
* Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
* Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
* Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
* Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten «Aguraingo (Araba) 4. Kirol eta Hezkuntzako hirigintza-intereseko elkartearen (HIE) Hiri Antolamenduko Plan Bereziak» ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Aguraingo Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean ez bada onartzen «Aguraingo (Araba) 4. Kirol eta Hezkuntzako hirigintza-intereseko elkartearen (HIE) Hiri Antolamenduko Plan Berezia». Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 23a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
RSS