
100. zk., 2024ko maiatzaren 23a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (101 KB - 2 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2474
AGINDUA, 2023ko abenduaren 7koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez ukatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan Fundación Ficoba izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa inskribatzea.
2023ko otsailaren 8an eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Fundación Ficoba izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.
Eskabidearekin batera, espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.
Fundazioaren patronatuak 2004ko apirilaren 30ean erabaki zuen estatutuen aldaketa, eta eskritura publikoan gauzatu zen Irunen 2004ko urriaren 29an José Luis Carvajal García-Pando notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 2137). Erabaki horren bitartez, fundazioaren estatutuen 4. (onuradunak), 5. (fundazioaren helbidea) eta 18. (patronatua) artikuluak aldatu ziren.
2006ko abenduaren 27an prozedura artxibatzeko ebazpena eman zen, eta, beraz, ez zen inskribatu eskatutako estatutu-aldaketa.
Ondoren, 2014ko abuztuaren 4ko agindu bidez, fundazioaren estatutuen azken aldaketa onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu zen. Estatutuen 5. artikulua aldatu zen, fundazioaren helbidea den bezainbatean.
Espediente honen xede den estatutuak aldatzeko erabakia 2004ko apirilaren 30ekoa da, eta 2004ko urriaren 29an egin zen publiko (lehen aipatutako eskritura bera aurkeztu da).
Horren harira, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. artikuluaren 4. atalak hala dio: «Estatutuak aldatzeko erabakia eskritura publikoan formalizatu beharko da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu, erabakia hartzen denetik sei hilabeteko epean. (...)».
Aztergai den kasu honetan, ia hemeretzi urte igaro dira erabakia hartu zenetik erregistroan inskribatzeko eskaera aurkeztu zen arte.
Are gehiago, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorraren lehen atalak halaxe dio: «Fundazioek lege honek esaten duenera moldatu beharko dituzte euren estatutuak, berau indarrean sartu eta bi urteko epean».
Bigarren atalak honako hau xedatzen du: «Epe hori igaro ondoren estatutuek moldatu gabe jarraitzen badute, fundazioaren agiririk ez da inskribatuko dagokion fundazioen erregistroan harik eta moldatu direla egiaztatu arte. Hori guztia, lege honen 22. artikuluan xedatutakoa aplikatzea eragotzi gabe.
Betebehar hori ez betetzearen ondorioa izango da fundazioak ezin izango duela eskuratu Euskal Autonomia Erkidegoaren dirulaguntzarik edo laguntza publikorik, legearen arabera izan ditzakeen erantzukizunak gorabehera».
Hori horrela, ez da bidezkoa eskatutako aldaketa inskribatzea. Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitu behar ditu estatutuak; ordura arte ez da fundazioaren gaineko egintzarik inskribatuko Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan, lege horren 22. artikuluan xedatutakoa salbu.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Hori guztia kontuan hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Ukatzea Fundación Ficoba izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 7a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.
RSS