Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2024ko martxoaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
1539

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 14koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak emana, industriaren eta hirugarren sektorearen ETEetan energia-ikuskaritza integralak egiteko laguntzen programan epeak luzatzea erabakitzen duena.

AURREKARIAK

I.– EEEko zuzendari nagusiaren 2023ko apirilaren 5eko Ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua (2023ko apirilaren 24ko EHAA, 77. zk.), industriaren eta hirugarren sektorearen ETEetan energia-ikuskaritza integralak egiteko laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi, deitu eta argitaratu ziren.

II.– Laguntza-programaren 3. oinarriak adierazten zuen laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarriak EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dela, eta xede horretarako aurrekontua agortzen den unean bukatuko dela. Nolanahi ere, eskura dagoen aurrekontua gorabehera, laguntza-eskaerak aurkezteko epea 2024ko martxoaren 29an bukatuko da.

Era berean, laguntza-programaren 4. eta 10. oinarriek ezartzen zuten dirulaguntzaren xede diren proiektuek gehienez ere sei (6) hilabeteko epean gauzatuta, fakturatuta, ordainduta eta justifikatuta egon behar dutela, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik hasita, eta, betiere 2024ko urriaren 31 baino lehen.

III.– Laguntza-programaren bilakaerak datu batzuk erakusten ditu, bai jasotako laguntza-eskaeren kopuruari dagokionez, bai diruz lagundutako proiektuen kopuruari dagokionez, bai konprometitutako aurrekontuari dagokionez, laguntza-programaren bidez lortu nahi ziren helburuetatik oso urrun. Gainera, energia-eraginkortasunean egin beharreko jardueren berri ez duen taldea da, eta gai horiek garatzeko berariazko langilerik ez duena.

IV.– Goian aipatutakoa kontuan hartuta, Erakunde honek komenigarritzat eta justifikatutzat jotzen du 3., 4. eta 10. oinarriak aldatzea, aipatutako programan oinarriak aldatzeko, laguntza-programan hasieran aurreikusitako epeak luzatzeko, eta, hartara, epeak zabaltzeko ebazpena EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, eskatzaile izan daitezkeenei 2024. urterako EEEren laguntza-esparruari buruzko jarraipena eta ikusgarritasuna emateko, eta, era berean, EEEren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako helburuen betetze-maila handiagoa lortzeko.

V.– Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendaritza-organoen funtzioak arautzen dituen Dekretua bigarren aldiz aldatzeko otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuarekin bat etorriz, EEEko zuzendari nagusiari dagokio Zuzendaritza Kontseiluak hartutako erabakiak betetzeko eskumena, baita Zuzendaritza Kontseiluak baimendutako dirulaguntzen eta laguntzen deialdiak onartu eta kudeatzea ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez oinarri horien berri emateko bermea ziurtatuz.

Horrenbestez,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Industriaren eta hirugarren sektorearen ETEetan energia-ikuskaritza integralak egiteko laguntzen programaren 3. oinarria aldatzea. Honela geratuko da:

«3.– Aurrekontuko zuzkidura eta eskaerak aurkezteko epea.

3.1.– Programa honetarako guztizko diru-zuzkidura bost milioi eurokoa da (5.000.000), EEEren aurrekontuetan horretarako ezarritako kredituaren arabera.

Salbuespen gisa, programaren aurrekontua aldatu ahal izango da dirulaguntzaren xede diren jardueren eskaeraren eta garapenaren arabera, baldin eta 3.2. oinarrian eskaerak aurkezteko ezarritako epea (2024ko urriaren 31) amaitu ez bada.

3.2.– Laguntza-programa honetarako laguntza-eskaerak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (aurrerantzean, EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta xede horretarako aurrekontua agortzen den unean amaituko da.

Nolanahi ere, aurrekontuetan dirurik dagoen kontuan hartu gabe, laguntza-eskaerak aurkezteko epea 2024ko urriaren 31n bukatuko da.

Aurrekontu erabilgarria amaitu edo agortu dela jakinaraziko da, bai EHAAn, bai EEEren Interneteko helbide honetan: www.eve.eus.

Epeak kontatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluak agintzen du (aurrerantzean, 39/2015 Legea).

3.3.– Zuzenak, osoak eta tramitatzen ari direnak izanik esleitutako aurrekontu-zuzkidura agortzearen ondorioz bete ezin diren eskaerak ezetsi egingo dira, EEEko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.»

Bigarrena.– Industriaren eta hirugarren sektorearen ETEetan energia-ikuskaritza integralak egiteko laguntzen programaren 4. oinarria aldatzea. Honela geratuko da:

«4.– Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak.

4.1.– Laguntza-programa honen esparruari dagokionez, 4. oinarri honetan deskribatzen diren eta eskatzaileek EAEn egiten dituzten jarduerak soilik izango dira diruz lagungarriak, baldin eta:

a) Jarduera laguntza-eskaera aurkeztu ondoren hasi bada, eta

b) Jardueraren egikaritza, fakturazioa eta ordainketa gehienez ere sei (6) hilabeteko epean egin eta justifikatzen badira, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita, eta, betiere 2024ko abenduaren 31 baino lehen.

Programa honen esparruan laguntzen diren industriaren eta hirugarren sektorearen ETEetan energia-ikuskaritza integralak UNE-EN 16247 arauaren arabera egiten direnak dira, edo horren ondorengo aldaketak edo hobekuntzak kontuan hartuta egiten direnak.

Energia-ikuskaritza integralek informazio- eta analisi-baldintza hauek bete behar dituzte, gutxienez:

• Energia-instalazioen deskribapen orokorra (ekoizpen-ekipoak, konpresoreak, klimatizazioa, beroa eta hotza sortzeko aretoak, argiztapen-sistemak, aireztapen-sistemak...). Horien kokapena eta betetzen duten energia-zerbitzu motak azpimarratu behar dira.

• Ekoizpen-ekipoen eta ekipamendu osagarrien (konpresoreak, klimatizazioa, beroaren eta/edo hotzaren sorrera, argiztapena, aireztapen-sistemak, etab.) inbentarioak, banakako ezaugarri teknikoak barne.

• Urteko energia-kontsumoen inbentarioa, energia-motaren arabera.

• Energia-balantzea, bete beharreko energia-zerbitzuen arabera.

• Energia berriztagarriak erabiltzen dituzten teknologiak ezartzeko proposamenak; eta eraginkortasun energetiko handiko teknologiak ezartzeagatik energia aurrezteko proposamenak. Proposamen teknikoak irekiak izan behar dira, proposatutako berritze-proposamenerako agertokirik egokienari dagokionez. Hau da, energia berriztagarriak erabiltzeko teknologietan soilik oinarritutako irtenbide teknikoak planteatu ahal izango dira, edo energia-eraginkortasun handiko teknologiak sartzeagatik soilik aurrezteko neurriak, edo aurreko bien konbinazioz irtenbide tekniko mistoak eman ahal izango dira. Gainera, bidezkoa bada, energia berriztagarrien erabileran oinarritutako teknologiak erabiliz berrikuntzan arazo teknikoak sor ditzaketen arauen alderdi teknikoak azaldu beharko dira.

• Planteatutako proposamen bakoitzerako egoera berriaren energia-balantze teorikoa adierazi behar da: proposatutako energia berriztagarriak, aurreikusitako energia-aurrezpeneko neurriak, energia-kontsumo berriak, horiek balantzean duten parte-hartzea, eta energia-egoera berriaren ondoriozko energia- eta ekonomia-aurrezkia. Proposamenak bideragarritasun teknikoaren arabera adieraziko dira.

• Planteatutako proposamen bakoitzerako egoera berriarekin bat datorren inbertsio teorikoa adierazi behar da: proposatutako energia berriztagarrien instalazioek eta energia aurrezteko aurreikusitako neurriek eskatzen dituzten inbertsioak. Proposamenak bideragarritasun tekniko-ekonomikoaren arabera adieraziko dira.

4.2.– 1.000 eurotik beherako kostua (BEZa sartu gabe) duten jarduerek ezin izango dute jaso laguntza-programa honen laguntzarik.»

Hirugarrena.– Industriaren eta hirugarren sektorearen ETEetan energia-ikuskaritza integralak egiteko laguntzen programaren 10. oinarriko 10.1 atala aldatzea. Honela geratuko da:

«10.1.– Laguntzaren onuradunek laguntzaren xede den jarduketa egin, fakturatu eta ordaindu izanaren justifikazioa, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 30. artikuluari atxikitzeaz gain, Energiaren Euskal Erakundearen aurrean egin beharko da, gehienez ere sei (6) hilabeteko epean, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik hasita, eta, betiere 2024ko abenduaren 31 baino lehen, era elektronikoan, 6. oinarrian adierazitako aplikazio informatikoaren bidez.»

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.– Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EEEko zuzendari nagusiari hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Bilboko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bilbao, 2024ko martxoaren 14a.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari Nagusia,

IÑIGO ANSOLA KAREAGA.


Azterketa dokumentala