Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2024ko martxoaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1533

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 23koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Abadiano-Vitoria (Bizkaia eta Araba) energia elektrikoa 220 kV-ean eroateko zirkuitu sinpleko linea berrindartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2024ko otsailaren 9an, Arabako Industria Ordezkaritzak Abadiano-Vitoria (Bizkaia eta Araba) energia elektrikoa 220 kV-ean eroateko zirkuitu sinpleko linea berrindartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko eskabidea egin zion Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen aplikazio-esparruan egin da; arau horrek arautzen ez dituen alderdietan, berriz, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio-esparruan.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren Ingurumen Ebaluazioko Zerbitzuak, 2023ko uztailaren 26an, kontsulta-izapidea abiarazi zuen, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren gainean interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Aipatutako abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko 3. puntuan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie honako hauei: «3. Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan».

Proiektuaren helburua da Abadiano-Vitoria (Bizkaia eta Araba) energia elektrikoa 220 kV-ean eroateko linea elektrikoaren ahalmena handitzea (berrindartzea). Linea horrek 38,8 km-ko luzera du eta hainbat naturagune babestu ukitzen ditu: Urkiola (ES2130009) KBEa eta Urkiolako Parke Naturala, Gorbeia (ES2110009) KBEa eta Gorbeiako Parke Naturala, Zadorra ibaia (ES2111010) KBEa eta Zadorra Sistemako Urtegiak (ES2120008) KBEa.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertu da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Abadiano-Vitoria (Bizkaia eta Araba) energia elektrikoa 220 kV-ean eroateko zirkuitu sinpleko linea berrindartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honela:

A) Proiektuaren xedea da 38,8 km luze den Abadiano-Vitoria (Bizkaia eta Araba) energia elektrikoa 220 kV-ean eroateko linea elektrikoaren ahalmena handitzea (berrindartzea). «Energia Elektrikoaren Eroate Sarearen 2021-2026ko Garapen Plan»ean jasotakoari jarraikiz garatutako jarduketa.

Hartutako konponbidea da kable eroaleak garaiago jartzea, hau da, lineak dituen 93 euskarrietatik 21i altuera gehiago ematea.

B) Ebazpen honen bidez, Abadiano-Vitoria (Bizkaia eta Araba) energia elektrikoa 220 kV-ean eroateko zirkuitu sinpleko linea berrindartzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena ematen da, eta proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Abadiano-Vitoria (Bizkaia eta Araba) energia elektrikoa 220 kV-ean eroateko linea elektrikoaren ahalmena handitze aldera –egun, linea horren eroate-ahalmena 290/390 MVA-koa da, eta berrindartzean udan 430 MVA-koa eta neguan 500 MVA-koa izango dela aurreikusten da–, gehieneko funtzionamendu-tenperatura 50 ºC-tik 85 ºC-ra igotzea pentsatu da, baina tentsioa aldatu gabe, zeinak 220 kV-ekoa izaten jarraituko baitu.

Tenperatura igotzeak faseen gezi maximoa handitzea ekarriko du, tenperatura maximoko egoeran; ondorioz, zenbait baotan ez lirateke beteko lurrera izan beharreko gutxieneko arauzko distantziak, eta linearen azpiko zerbitzuekiko gurutzaketetan ere ez (telefonia, errepideak, etab.). Hartutako konponbidea da klabe eroaleak altuago jartzea, lineak dituen 93 euskarrietatik 21 euskarriri garaiera emanez (28., 31., 35., 37., 47., 48., 50., 56., 62., 66., 67., 69., 70., 73., 79., 81., 82., 85., 89., 98. eta 99. euskarriak).

Ahalmena handitzeko jarduketak linea elektrikoaren trazaduran zehar banatzen dira, baina hargatik ez da trazadura aldatuko, ez eta euskarrien kokapen jakinak ere.

Jarraian, proiektatutako jarduketak laburbiltzen dira:

– Dauden sarbideak egokitzea.

– Segurtasun-mozketak.

– Lanerako zelaiak prestatzea.

– Handitzeetarako beharrezko den materiala biltzea.

– Euskarriaren zimenduak berritzea/saneatzea, daudenak oinarri hartuta.

– Euskarri-oinak muntatzea eta igotzea.

– V katea jartzea erdiko fasean eta kontrapisuak kanpoko faseetan.

– Poleak, grapak eta luzagarriak instalatzea.

– Txoriak babesteko balizak instalatzea.

– Obra zibileko lurrak eta materialak erretiratzea eta kalteak birgaitzea.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, euskarri baten inguruan aldi baterako egokitzen den zelai bakoitzak 400 m2-ko azalera izango du gehienez; dena den, «a priori», uste da nahikoa dela 180 m2-ko bat. Hortaz, obra-fasean instalazioetarako eta makineriarako erabiliko den azalera, guztira, 8.400 m2-koa izango da gehienez (21 euskarri).

Ingurumen-dokumentuaren arabera, sortuko diren hondakin gehienak eraikuntza eta eraispenekoak izango dira, eta hondakin mota horri dagokion moduan kudeatuko dira, kudeatzaile baimenduen bidez.

Bidalitako dokumentuetan ez da zehazten obrak egiteko epea. Hala ere, adierazten da euskarri bakoitza handitzeko faseak 2-3 lanegun irauten dituela. Euskarri-oinak egiteko lanak baino lehenagoko asteetan, aldi baterako zelaiak egokitu eta zimenduak sendotzen dira.

Ingurumen-dokumentuan 0 alternatiba (ez jardutekoa) eta proiektuak garatutako alternatiba aztertzen dira, eta, hala, linea berrindartzeko beharra justifikatzen da.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektuaren xede den linea elektrikoa 14 udalerritik igarotzen da; horietatik bederatzi Bizkaiko lurralde historikoan daude (Abadiño, Atxondo, Berriz, Dima, Elorrio, Mañaria, Otxandio, Ubide eta Zeanuri) eta beste bostak Arabako lurralde historikoan (Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Zigoitia eta Vitoria-Gasteiz). Trazadura lerrozuzena du, 38,8 km luzekoa.

Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

– Proiektuaren eremuan zenbait naturagune babestu daude: Urkiola (ES2130009) KBEa eta Urkiolako Parke Naturala, Gorbeia (ES2110009) KBEa eta Gorbeiako Parke Naturala, Zadorra ibaia (ES2111010) KBEa eta Zadorra Sistemako Urtegiak (ES2120008) KBEa.

– Linea elektrikoaren zatirik handiena Zadorraren Unitate Hidrologikoan dago, Ebroko Demarkazio Hidrografikoan. Eremuaren iparraldeko herena, Urkiolatik Abadiñoraino doan isurialde kantauriarra, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Ibaizabaleko Unitate Hidrologikoari dagokio. Zadorraren UHan, lineak ukitzen dituen ibai-ibilgu nagusiak honako hauek dira: Urkiola, Santa Engrazia eta Zadorra ibaiak, baita horietatik sortzen diren zenbait erreka ere. Ibaizabalen UHan, batez ere Elorrio ibaian eta haren ibaiadar batzuetan izango dute eragina.

– Lurpeko hidrologiari dagokionez, lineak bost ur-masa ukitzen ditu; horietako hiru (Altube-Urkilla, Gorbeia, Kuartango-Agurain) Ebroko DHkoak dira, eta beste biak (Hegoaldeko antiklinorioa eta Aramotz) Kantauri Ekialdeko DHkoak. Jarduketa-esparruetan, interes hidrogeologikoko kokalekuak ukitzen dituzten lau sektore identifikatzen dira: Aramotz-Anboto, Aramotzen ur-masan; Arralde, Gorbeiaren masan, Hegoaldeko antiklinorioko Balmaseda-Elorrio kuaternarioa eta Kuartango-Aguraingo kuaternarioa.

– Eremu Babestuen Erregistroari dagokionez, Zadorra ibaia, Uribarriko urtegitik hasi eta Abetxukuko zubiraino, «arrainen babeserako» gunetzat jotzen da. Halaber, linearen hegoaldeko muturrak «nitratoek kutsatzeko arriskua duen eremu» bat ukitzen du.

– Linea elektrikoa loturako hiru igarobidek zeharkatzen dute: «Gorbeia - Aizkorri-Aratz», «S1 igarobidea: Gorbeia - Aizkorri - Salburua», «S1 igarobidea: Urkiola», EAEko Igarobide Ekologikoen Sarekoa. «Gorbeia» eta «Urkiola» guneekin bat etortzeaz gain, trazaduraren gainerako zati handi bat indargetze-eremuetan sartzen da.

– Linea elektrikoak katalogatuta dauden onura publikoko hainbat mendi zeharkatzen ditu.

– Nekazaritza eta Basogintzaren LPSren arabera, trazadura Basoa eta Basoa-Mendi mehatza kategorietan sartutako lurzoruetan dago. Neurri txikiagoan, bat dator honako lursail sailkatu hauekin ere: balio estrategiko handiko nekazaritza nahiz abeltzaintzako lursailak eta trantsizioko landa-paisaiako nekazaritza nahiz abeltzaintzako lursailak.

– Azterlanaren xede den linearen trazadura, Urkiolan, «Alluitz mendiko elurtegia» izeneko interes geologikoko lekutik oso hurbil igarotzen da.

– Mehatxatutako faunari dagokionez, eremuko ibilgu guztiak bat datoz bisoi europarraren interes bereziko eremuarekin (Mustela lutreola) eta Urkiola ibaiarekin, baita igaraba arruntarentzako (Lutra lutra) interes bereziko eremuarekin ere, bakoitzari dagokion kudeaketa-planaren arabera. Zadorra ibaia, aztertutako zatian, uhalde-enararentzako (Riparia riparia) interes bereziko eremutzat hartzen da. Bestalde, Gorbeiako eta Urkiolako parke naturaletan, linea elektrikoaren tarteak bat datoz interes bereziko eremuekin eta hegazti nekrofagoak elikatzeko babes-eremuekin, EAEko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko baterako planaren arabera.

– Eremua abifauna linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko babes-eremuetako Gorbeiako, Urkiolako eta Zadorra-Aldaiako eta Zadorrako urtegietako sektoreen barruan dago, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanaketa eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen dira. Zehazki, abifauna babesteko baldintza teknikoekin bat ez datozen tarteak hauteman dira linea elektrikoaren trazaduran. Aipatu eremuetan, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko dira, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuari jarraikiz (abifauna goi-tentsioko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak ezartzen dituena).

– Eremuan dagoen landaredia, nagusiki, honako hauek osatzen dute: laboreak, konifero-landaketak, pagadi azidofilo atlantikoak eta sega-belardiak. Horrez gain, adierazi behar da linearen trazadura bat datorrela Batasunaren intereseko habitat batzuekin: 3170*, 6210*, 6230*, 9180*, 91E0*, 3150, 4030, 4090, 6170, 6510, 7140, 7230, 8130, 8210, 9120, 9160, 9230, 9240, 92A0, 9340. «I. eranskina. Xehetasunezko azterketa botanikoa» dokumentuaren arabera, eremuan dauden BIHei eragin egingo die honako euskarriak aldatzeak: 4030, 4090, 6210*, 6230*, 6510, 7140, 9120 eta 9240. Halaber, proiektuak Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan jasota dauden flora-espezie hauei eragin diezaieke: Ilex aquifolium, Ruscus aculeatus, Narcissus asturiensis eta Narcissus pseudonarcissus.

– Lineak zeharkatzen dituen arro bisualen artean, hiru EAEko paisaia nabarmenen katalogoan daude, paisaia-kalitate handia dutelako: Mendiola, Legutio eta San Pedro.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, lineak Zadorra eta Urkiola ibaien uholde-arriskua duten eremuak zeharkatzen ditu. Eremu horietan, linearen trazadura, puntualki, 10, 100 eta 500 urteko uholde-arriskuko eremuetan eta lehentasunezko fluxu-eremuan kokatzen da. Eremuaren hegoaldean eta Urkiolako eremuan akuiferoak kutsatzeko arriskua handia eta oso handia da. Bestalde, Abadiano-Vitoria azpiestazio elektrikoak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasan dituzten edo jasaten dituzten kokalekuen inbentarioan sartutako lurzatiak dira. Higadura-arriskua izan dezaketen guneak identifikatu dira.

– Eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, linearen trazadura ez dator bat katalogatutako kultura-ondareen elementuekin. Hala ere, jarduketa-esparruaren inguruan interes arkeologikoko bi eremu identifikatzen dira:

• Zelaietako aire zabaleko kokalekua proiektuaren zuzeneko esku-hartzearen eremuaren inguruan dago (69. euskarria).

• Santa Eufemiako ermita eta nekropolia 99. euskarriaren sarbideetatik hurbil dago.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik nabarmenenak obra fasean sortuko dira. Proiektua aurrera eramatearen ondoriozko jarduketak egiteko, aurkeztutako dokumentazioaren arabera 400 m2 inguruko lan-plataformak lortu beharko dira euskarri bakoitzaren inguruan, eta bertan dagoen landaredia deuseztatu, eta lurzorua trinkotu egingo da makinen eta materialen joan-etorrien ondorioz. Lan-plataformek, gehienez, 8.400 m2 okupatuko dituzte; sarbide berriak egiteko 3.100 m2 okupatuko dira, eta sarbideak egokitzeko, aldiz, 24.400 m2. Ingurumen-dokumentuak bateragarritzat jotzen ditu inpaktu horiek.

Era berean, euskarrietan eta sarbideetan egiten diren jarduketek landaredia kentzea ekarriko dute. Nabarmendu behar da ez dela aurreikusten lineako segurtasun-kalean mozketa gehiago egitea berrindartzearen eraginez. «I. eranskina. Azterketa botaniko xehea» dokumentuaren arabera, proiektuak eremuko 29.344 m2-ri eragingo die (sarbideak, euskarrien inguruko lan-plataformak, etab.). Honako Batasunaren intereseko habitat hauei eragingo die, zehazki: 4030, 4090, 6210*, 6230*, 6510, 7140, 9120 eta 9240. Halaber, proiektuak Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan jasota dauden flora-espezie hauei eragin diezaieke: Ilex aquifolium, Ruscus aculeatus, Narcissus asturiensis eta Narcissus pseudonarcissus. Ingurumen-dokumentuak landarediari egindako eragina bateragarri-moderatu gisa balioesten du.

Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakin batzuetan, gutxitu egingo da faunaren eta gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo urak kutsatu ahal izango dira lurra mugitzean sortutako istripu edo gertatutako isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, hondakinak sortuko dira eta linearen zortasun- eta babes-eremua mantentzeko ebaketa- eta/edo inausketa-lanak egingo dira. Proposatutako jarduketen garrantzia kontuan hartuta, ingurumen-dokumentuak bateragarritzat jotzen ditu inpaktu horiek.

Deskribatutako inpaktuek garrantzi berezia dute proiektuaren eremuan dauden naturagune babestuen barruan [Urkiola (ES2130009) KBEa eta Urkiolako Parke Naturala, Gorbeia (ES2110009) KBEa eta Gorbeiako Parke Naturala, Zadorra ibaia (ES2111010) KBEa eta Zadorra Sistemako Urtegiak (ES2120008) KBEa].

– Urkiola (ES2130009) KBEa eta Urkiolako Parke Naturala: eremu horretan hiru euskarri (82., 85., 89.) aldatzea aurreikusten da. 89. euskarriaren inguruan 7140 KBEa badago ere, euskarriaren sarbidea eta altxagarria jartzea habitat horri ez eragiteko moduan egitea planteatzen da. Bestalde, 82. eta 85. euskarrietarako sarbideek 9120 BIHa zeharkatzen badute ere, sarbidea lehendik dagoen pista batetik egiten da, eta, hortaz, ez du eraginik izango. Ingurumen-dokumentuaren arabera, altxagarria jarri beharreko euskarriek eta sarbideek ez dute eraginik izango espazioko funtsezko elementuetan (BIHa eta intereseko fauna), eta, beraz, inpaktua bateragarri-moderatutzat jotzen da.

– Gorbeia (ES2110009) KBEa eta Gorbeiako Parke Naturala: espazio horretan 47., 48. eta 56. euskarrietan altxagarriak jarriko dira. Emandako informazioaren arabera, 47. euskarria aldatzerakoan BIH 6510ari eragiten zaio. Era berean, 47. eta 48. euskarrietarako sarbidea menditik izango da, eta 6510 BIHtik igaroko da. Jarduketen garrantzia eta sarbideen behin-behinekotasuna dela medio, inpaktua arintzat jotzen du. Espazioari eginiko inpaktua bateragarritzat jotzen da.

– Zadorra Sistemako Urtegia (ES2120008) KBEa: aldatu beharreko 67. euskarria sartzen da eremu horretan. Ez dio KBE bakarrari ere eragiten, eta euskarria azaleko uretatik urrun dago. Gauzak horrela, inpaktua bateragarritzat jotzen da.

– Zadorra ibaia (ES2111010) KBEa: ez da jarduketarik egitea aurreikusten eremu horretan, eta, beraz, inpaktua ez da esanguratsutzat jotzen.

Laburbilduz, ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuak ez die BIHetako funtsezko elementuei eragingo, eta obrak egiteko aurreikusitako epe laburra eta txoriak babesteko baliza sistemak daudela kontuan hartuta, ez da aurreikusten intereseko faunari eragitea. Ondorioztatzen denez, ingurumen-dokumentuan jasotako diseinu-baldintzatzaileak eta prebentzio- zein zuzenketa-neurriak ezarrita, ez zaio nabarmen eragingo Natura 2000 Sarearen koherentzia globalari, ez eta hainbat gune deklaratzeko funtsezko elementuei ere, eta gerta litezkeen inpaktuak arindu egingo dira.

Bestalde, jarduera-esparruaren inguruan kultura-ondareko bi elementu identifikatu dira (Zelaietako aire zabaleko egonlekua, Otxandion; eta Irazolako Santa Eufemia tenplua eta nekropolia, Abadiñon). Nahiz eta proiektatutako lanek ez dieten zuzenean eragingo, horietako bati, Zelaietako aire zabaleko egonlekuari, 69. euskarriko lanen gertutasuna dela eta, jarraipen arkeologikoa egin behar zaio. Horrela, proposatutako prebentzio-neurriak aplikatuta, kultura-ondarearen gaineko inpaktua bateragarritzat jo daiteke.

Funtzionamendu fasean, inpaktu nagusiak abifaunarengan izango dira, talka egiteko arriskuagatik. Linearen ezaugarriak direla eta, ingurumen-dokumentuaren arabera, ez dago elektrokutatzeko arriskurik. Funtsean, lehendik dagoen trazadura egokitu behar denez, eta, gainera, linea elektrikoan talken aurkako neurri egokiak txertatuko direnez, ingurumen-dokumentuak inpaktu hori ez nabarmentzat jotzen du.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Abadiano-Vitoria (Bizkaia eta Araba) energia elektrikoa 220 kV-ean eroateko zirkuitu sinpleko linea berrindartzeko proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera exekutatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, organo substantiboak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenak xedatuko dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Ingurumen-dokumentuan jasotzen diren babes-neurri, zuzenketa-neurri eta konpentsazio-neurrien proposamena egokia dela uste da obrek ingurumeneko hainbat faktoretan izan dezaketen eragina deuseztatzeko, hala badagokio, arlo bakoitzean eskumena duten organoek ezartzen dituzten baldintzak alde batera utzi gabe. Horregatik, ingurumen-dokumentuan proposatutako neurriak praktikan jarri beharko dira. Dokumentu horretan, honako hauek babestera bideratutako neurriak ezartzen dira: lurzoruak (landare-lurra kentzea, istripuzko isurketen aurrean babestea, etab.), sare hidrologikoa, intereseko habitatak eta landaredia (prospekzio eta babes botanikoa eta BIHak balizatzea), intereseko fauna (txoriak babesteko baliza espiralak jartzea), kultura-ondarea (jarraipen arkeologikoa), paisaia-integrazioa (kaltetutako gainazalak birjartzea), sarbide berriak behar bezala diseinatzea eta sortutako hondakinak behar bezala kudeatzea.

Ondoko apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Proiektuak naturagune babestuak izendatzeko dekretu hauetan jasotako zehaztapenak bete beharko ditu:

• Urkiola KBEa: 24/2016 Dekretua, otsailaren 16koa, Urkiola (ES2130009) Kontserbazio Bereziko Zona izendatu, eta hura kontserbatzeko neurriak ezartzeko dena.

• Gorbeia KBEa: 40/2016 Dekretua, martxoaren 8koa, Gorbeia (ESES2110009) Kontserbazio Bereziko Zona izendatu, eta hura kontserbatzeko neurriak ezartzeko dena.

Zadorra ibaia (ES2110010) KBEa: 35/2015 Dekretua, martxoaren 17koa, Arabako Lurralde Historikoko bost ibai Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen dituena.

• Zadorra Sistemako Urtegiak KBEa: 120/2015 Dekretua, ekainaren 30ekoa, Zadorra Sistemako Urtegiak (ES2110011) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu, eta hura kontserbatzeko neurriak ezartzeko dena.

• Gorbeiako Parke Naturala: 228/1994 Dekretua, ekainaren 21ekoa, Gorbeiako eremua Parke Natural izendatzeko dena.

• Urkiolako Parke Naturala: 275/1989 Dekretua, abenduaren 29koa, Urkiolako Parke Naturala izendatzeko dena.

– Obrak egin aurretik, euskarriak eta sarbideak aldatuko diren eremua xehetasunez aztertuko da, bertan Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasotako flora espezieak dauden identifikatzeko, hala nola Ilex aquifolium, Ruscus aculeatus, Narcissus asturiensis eta Narcissus pseudonarcissus, edo eremuan dauden Batasunaren intereseko habitatak, hala nola: 4030, 4090, 6210*, 6230*, 6510, 7140, 9120 eta 9240. Hala badagokio, zona horiek balizatu eta babestu egingo dira, eta horietan ez da jarduketarik egingo.

– Obrak, baita lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Hala badagokio, beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta eskokatze-lanak, obra-sarbideen irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideen arabera egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari, intereseko landarediari eta balio estrategiko handiko lurzoruari eragin gabe.

– Eremu osagarri horiek ezin izango dira inola ere jarri Urkiola (ES2130009) KBEko eta Urkiolako Parke Naturaleko, Gorbeia (ES2110009) KBEko eta Gorbeiako Parke Naturaleko, Zadorra Sistemako Urtegia (ES2120008) KBEko eta Zadorra ibaia (ES2111010) KBEko lursailetan edo haien babes-eremu periferikoan, instalazioaren eraginpean ez dauden landare-egitura kalteberen eremuetan (Batasunaren intereseko habitatak), ez eta identifikatutako ibilguetako ur-ertzeko landaredian eta espezie babestuen formazio begetaletan ere.

Debekatuta dago makina astunek ibilguen barruan eta jabari publiko hidraulikoaren 5 metroko zortasun-eremuan zirkulatzea, eta eremua balizatu egingo da, espazio hori libre mantentzeko.

Horretarako, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian, obrak hasi aurretik.

– Oro har, landaredi autoktonoa (haritzak, erkametzak, pagoak, lizarrak, haltzak, sahatsak, etab.) ahalik eta gutxien garbitu, moztu edo inausiko da. Egin beharreko lan horiek geldialdi begetatiboan (udazkena-negua) egin beharko dira, eta inausketa selektiboa lehenetsiko da lepaketak edo, behintzat, oreka duten zuhaitzak sortzeko, mozketaren aurretik. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua egiteko behar-beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko.

– Arabako edo Bizkaiko foru-aldundietako kasuan kasuko ingurumen-organo kudeatzailearekin (Natura Ondarearen Zerbitzua) koordinatuta adostuko dira irizpideak, zein zuhaitz moztu edo lepatuko diren erabakitzeko.

Espezie aloktonoetako zuhaitzak errotik moztu ahal izango dira, betiere, eta hala badagokio, berehala tamaina txikiko edo hazkuntza moteleko espezie autoktonoak birlandatzen badira (sahatsak, hurritzak eta haritzak).

– Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea ezinbestekoa bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, bertako gainerako landarediari kalterik ez eragiteko. Inausketa ahalik eta gutxien egingo da, proiektatutako jarduketen luzera osoan zehar zuhaitz-zerrenda mantentzeko.

– Altxagarria jarri nahi zaien euskarrietarako aurreikusitako sarbideak, pilaketa-eremuak eta lan-plataformak gaitzearen ondorioz galdutako landaredia ukitutako eremuko berezko espezieekin leheneratu beharko da, ingurumen-egoera obren aurrekora azkar itzultzea errazteko.

– Obrak egin behar diren lekuetan sartzeko, ahal den neurrian, lehendik dauden bideak, lanerako lurzatiak eta egungo linearen zortasun elektrikoak erabiliko dira. Trazadura berriko sarbideak eta, hala badagokio, lehendik daudenak egokitzeko lanak egiteko, lur-mugimendua murriztuko da, eta lehen aipatutako eremu kalteberekiko eragina deuseztatu.

– Linea elektrikoek lurrazaleko urak dituzten ibilguak zeharkatzen dituzten lekuetan, erriberako basoko espezie autoktonoak dauden tokietan (haltzak, haritzak, sahatsak etab.), lineari eragin diezaioketen goiko adarrak bakarrik inausiko dira. Ez da zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago inausiko, eta eremuko zaintzaileak gainbegiratuta egingo da hori eta geldialdi begetatiboan/neguan.

– Abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, elektrokuzioaren eta talken aurkako neurriak hartuko dira, behin euskarri-oinak jartzean eta linea elektrikoa berriro abian jartzean, abifaunaren babes-eremuen barruan dauden lineako tarte guztietan txoriak babesteko balizak birjarrita. Izan ere, eremu horietan goi-tentsioko aireko lineetan talka eta elektrokuzioaren aurka babesteko neurriak aplikatu behar dira (Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan argitaratuak).

– Hegaztiek habia egiten duten garaian (martxoaren 1etik abuztuaren 31ra) lan egitea aurreikusten den linearen baoetan, obrei ekin aurretik, gaian adituak diren langileek obraren eremuaren alde banatan 250 metrora dagoen abifaunaren azterketa xehea egin beharko dute, eta txostena bidali beharko diote Arabako edo Bizkaiko foru-aldundietako natura-ondarearen zerbitzuei.

– Kontuan izango da 630/2013 Errege Dekretua: espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako zerrenda arautzen duena.– Ahal den guztietan, espezie exotiko inbaditzaileak errotik kenduko dira jarduera-gunean. Linearen zortasun-kalea espezie exotiko inbaditzailerik gabe mantendu beharko da, oro har, eta, bereziki, Cortaderia selloana espeziearen alerik gabe.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostenaren arabera, honako neurri espezifiko hauek kontuan hartu beharko dira euskarri hauetarako sarbideetan:

• 99. euskarrira sartzeko, ahal dela, 98. euskarritik abiatzen den linearen azpiko sarbidea erabiliko da, eta ez da beharrezkoa izango tarte berriak egokitzea, ez eta 6510 BIHari eragitea ere.

• 98. euskarrira sartzeko, ahal dela, Irazola auzorako bide asfaltatutik dagoen sarbidea erabiliko da, tarte berri bat eraiki beharrik gabe, ingurumen-dokumentuan (ID) ikusten den moduan.

• 89. euskarrira sartzeko, txosten botanikoak adierazten duen moduan, euskarriaren inguruan dauden zingirei eta nartziso-populazioei ez zaie eragingo, gune horiek obrak hasi aurretik balizatuz eta espezie hori loretan edo fruitua ematen ez dagoen garaietan lan eginez, ahal dela eguraldi lehorra egitean. Era berean, ingurumen-dokumentuan (7.2.2 apartatua) adierazitako aldez aurreko prospekzio botanikoa egin beharko da.

• 86. euskarriari dagokionez, proiektuan ez da proposatutako sarbideari buruzko informaziorik jasotzen. Sarbide horri buruzko informazioa eman behar da, natura-ondarearen gaineko eraginak ebaluatu ahal izateko. Era berean, aldez aurretik IDan euskarri horretarako adierazitako prospekzio botanikoa egin beharko da (7.2.2 apartatua). Sustatzaileak lanak hasi baino lehen eman beharko dio espazioaren berri basozainari.

• 82. eta 85. euskarrietan, jarduketa nartzisoaren (Narcissus gr. pseudonarcisus) loralditik eta fruktifikazio garaitik kanpo (martxoa-ekaina) egin beharko da, ahal dela eguraldi lehorrarekin, putzuei eta hezeguneei eragin gabe (horien artean, 81.– 82. euskarrien arteko soilgunean daudenak). 86. euskarrirako egindako ohar bera, abisatzeko beharrari buruz.

• 73. euskarriaren sarbideko eta inguru hurbileko ihitokietan ez da eraginik izango.

• 69. eta 70. euskarrietarako sarbideetan, tentuz jardungo da Ilex aquifolium eta Narcissus gr. pseudonarcissus populazioei ez eragiteko, eta 70. euskarriaren inguruetan azken horren populazio bat dagoela seinaleztatuko da, espezieari kalterik ez eragiteko.

• 66. euskarrirako sarbideari dagokionez, euskarri horretarako lehentasunezko sarbidea haren ipar-mendebaldera iristen den pista izango da. Nolanahi ere, bai euskarri horretarako sarbidean bai 67.erakoan pista-ertzetan eta inguruan dauden Narcissus gr. pseudonarcissus eta Ilex aquifolium aleak seinaleztatuko dira, espezie horiei kalterik ez eragiteko.

• 62. euskarrirako sarbidea, ahal dela, mendian barrena egin beharko da, lehendik dagoen pistatik, eta eguraldi lehorrarekin, proiektuan planteatutako azpiegitura iraunkorreko tarte berri bat eraiki beharrean.

– Sustatzaileak habitatak leheneratzeko lanak egin beharko ditu, baldin eta Arabako edo Bizkaiko foru-aldundietako natura-ondarearen zerbitzuek kalte egin zaiela adierazten badute.

– Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritzaren txostenaren arabera, Onura Publikoko Mendiak okupatzeko egokiak diren baimenak izapidetu beharko dira. Gainera, obren aurretiko zuinketa egiteko eta obren ingurumen-jarraipen egokia egiteko data bat ezartze aldera, gutxienez 15 egun lehenago jakinarazi behar zaio zuzendaritza horri, Natura 2000 Sareko «Zadorra ibaia» (ES2110010) KBEko eta «Gorbeia» (ES2110009) KBEko espazioak kudeatzen dituen organoa den aldetik.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostenaren arabera, lanei ekin aurretik, sustatzaileak baimena eskatu beharko dio Natura Ondarearen Zerbitzuari, kontsultatutako proiektua gauzatzeko baimena lortzeko, hala badagokio.

Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.

– Oro har, eraikuntza-fasean ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko dira eta drainatze-sarera ahalik eta material xehe eta bestelako substantzia kutsatzaile gutxien isuriko dira. Meteorologiak ez badu premisa hori bete dadin ahalbidetzen, obrak geldiarazi beharko dira, eta ezingo da sare hidrografikoari eragiten dioten sarbiderik egin. Aurreikusitako sarbideek zuzenean zeharkatzen dituzten erreketan, aldi baterako zubiak edo antzekoak instalatu beharko dira, betiere eremuko ibai-zaindariak bisita egin ondoren.

– Ildo horretan, arreta berezia merezi dute 28. euskarriak eta haren sarbideak, lurrazaleko ibilguetatik gertu daudelako.

– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Istripuzko isuriren bat gertatuz gero, zuzenekoa zein zeharkakoa, gertakari hori administrazio hidrauliko eskudunari jakinarazi beharko zaio, baita lurrazaleko eta lurpeko urei ahalik eta gutxien eragiteko hartutako neurrien berri eman ere.

– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, obren eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta tailerreko jarduerarik horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako bilketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesurik eta ibilguetarako solido-arrasterik ez izateko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

– Landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko kontrol-neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatu diren espezieek kutsatutako lurrik.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

– Bai baldintza-agiriak eta bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

– Katalogatutako paisaien eremuetan dauden eta handitu nahi diren euskarrien paisaia-integraziorako neurriak aztertu eta, hala badagokio, ezarriko dira.

– Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritzaren txostenaren arabera, proiektatutako obrak hasi baino lehen, sustatzaileak berariazko baimena eskatu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Zerbitzuari, «Arabako Lautadako Itzulia, mendian bertan» izeneko GR-25en gaineko 56. euskarriaren altxagarria jartzeko gaitu nahi den sarbidearen ondorioz izan daitezkeen eraginen harira. Eremu hori Arabako Lurralde Historikoko Ibilbide Berdeei buruzko urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Arauan ezarritako erregulazioaren mende dago. Dagokion baimenean, Ibilbide Berdearen funtzionaltasuna ziurtatzearen alde egingo da, eta, gutxienez, ibilbidearen inguruneetako sarbideen seinaleztapena jasoko da, eta adieraziko da haren gainean ezin dela pilaketarik egin, proiektatutako jarduketen ondorioz.

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzeko neurriak.

– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Bestalde, proiektua garatzean, obraren afektazio-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa.

Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira. Hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakindegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezartzen dituen segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute haien kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Sortutako olio erabilia Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Airearen kutsadura minimizatzeko neurriak.

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts-kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute une oro.

– Hezetasun-egoera egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen ere, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzearren.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, neurri orokor gisa, lurrak mugitzeko lanetan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio dagokion Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, Arabakoari edo Bizkaikoari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren. Ildo horretan, kontuan hartuko da Espainiako Gerra Zibileko lubakiak egon daitezkeela Arabako LHan aldatu beharreko euskarrien esparruan.

– Bereziki, 69. euskarrian eta 99. euskarriaren sarbidean aldaketak egiteko lanak egiten diren bitartean, teknikari eskudunek jarraipen eta kontrol arkeologikoa egin beharko dute, eragin posibleak deuseztatze aldera.

Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

– Batasunaren intereseko habitatei, Natura 2000 Sareko guneei, Parke Naturalei eta Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoak babestutako espezieei eragiten zaien kaltea kontrolatzea.

– Hondakinik ez isurtzea eta olio-isurketen edo lur-arrasteen ondorioz lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

– Baso-sutea izateko arrisku handia dagoen eremuetan, sute baten sorburu izan daitezkeen lanak ez egitea.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Obra-zuzendaritzak baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorreko erabakiak hartu aurretik, aholkularitza hori ematen duten adituek txosten bat egin beharko dute.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina aztertuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa eta natura- eta kultura-ondarearen babesa.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere (aurrekoen aurkakoak ez badira), ez dela aurreikusi proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Red Eléctrica de España SAUk sustatutako Abadiano-Vitoria (Bizkaia eta Araba) energia elektrikoa 220 kV-ean eroateko zirkuitu sinpleko linea berrindartzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Industriako Arabako Lurralde Ordezkaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 23a.

Zuzendariaren absentziaz eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.


Azterketa dokumentala