Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2024ko martxoaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1531

AGINDUA, 2024ko martxoaren 5ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez minimis araubideari atxikitako laguntzen deialdia egiten baita 2024. urterako, EAEko landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko gizarte-ekitaldiak egiteko.

Nekazaritza- eta arrantza-jarduerak abandonatzearen eta landa- eta itsasertz-eremuetako belaunaldi-erreleborik ezaren gaiak lurralde horietako biztanleen premiei eragiten dieten esparru guztiak aintzat hartuta jorratu behar dira. Hala, oso garrantzitsua da landa- eta itsasertz-eremuak biziberritzeko gizarte-ekitaldiak egitea.

Gizarte-ekitaldiek zeharkakotasuna eskaintzen diote landa- eta itsasertz-eremuari, eta gizarte- eta ekonomia-arloak zeharkatzeko gai diren energia endogenoak sortzeko eta askatzeko gaitasuna. Azpimarratu beharrekoak dira bai gizarte-kohesioa eta identitatea, bai herri edo landa- edo itsasertz-eremu bateko kide izatearen sentimendua, eta gizarte-ekitaldiak elementu intrintseko eta aglutinatzaile bat dira. Hori dela-eta, garrantzitsua da landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko gizarte-ekitaldiak sustatzea, aldi berean nekazaritza-jarduera abandonatzearen eta belaunaldi-erreleborik ezaren krisia aukera gisa jorratuz, arazoari aurre egiteko modu berriak ahalbidetzeko estimulu gisa, baita gizarte-arlotik ere, antolakuntza-diseinu malgu batean oinarritutako eredu ekonomiko berrien barnean, ekimena eta lidergo pertsonala (ekintzailetza) eta sare irekiak (Internet, lankidetza-plataformak) konbinatuz.

Laguntza- programa honen bitartez, landa-eremuko eta itsasertzeko udalerriei bizitasuna eman nahi zaie, eta horietan jarduerak egin daitezela sustatu nahi da, orain arte, ekitaldi gehienak hiri-eremuetan egiten baitira; horregatik, oso garrantzitsua da ahalegin bat egin, eta ekitaldi horiek landa- eta itsasertz-eremuetara eramatea. Era berean, aukera bat da landa-garapenerako laguntzak diziplina anitzeko ikuspegi berri batetik areagotzeko. Landa- eta itsasertz-eremuetan bizi-kalitate altua mantentzeko helburu estrategikoan kokatzen da, zerbitzuei eta ekipamenduei dagokienez; jarduera ekonomikoa sortzen ere lagunduko luke.

Horrela, bada, Agindu honen xedea da gizarte-ekitaldiak egiteko laguntzen deialdia egitea 2024. urterako, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko. Laguntzen programa hori 2024, 2025 eta 2026rako dirulaguntzen plan estrategikoaren barne dago. Plan hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzekoa), eta sailaren brearen webgune ofizialean argitaratu zen.

Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa) ezarritako minimis araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei. Era berean, Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak hauetan ezarritakoaren mende egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzena –bertan jasota dago oinarrizko araudia–; eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, azken horren erregelamendua onartzekoa.

Aurtengo laguntzen deialdia egitea ahalbidetzen dute hauek: 1/2011 Legegintzako Dekretua, maiatzaren 24koa, EAEko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzekoa eta EAEko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzekoa; eta 21/2023 Legea, abenduaren 22koa, EAEko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzekoa.

Horien arabera:

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onartzea minimis araubideari atxikitako 2024. urterako laguntzen deialdiaren oinarriak, EAEko landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko gizarte-ekitaldiak egiteko. Agindu honen I. eranskinean jasota daude oinarriok.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoak 5.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da, minimis araubideari atxikitako laguntzen deialdia egitea 2024. urterako, EAEko landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko gizarte-ekitaldiak sustatzeko, helburu hauek lortzen laguntzen badute:

a) Sektore pribatuaren eta publikoaren parte-hartzea estimulatzea landa- eta itsasertz-eremuetako gizarte-ekitaldiak finantzatzeko orduan, eremu horiek dinamizatzeko.

b) Gizarte-ekitaldi berriak sustatzea eta landa- eta itsasertz-eremuan inpaktu positibo esanguratsua dutenak finkatzea.

c) Inpaktu ekonomikoa sortzea jarduera-eremu horretan.

2.– Hauek izango dira dirulaguntzak jaso ahalko dituzten ekitaldiak: lehiaketak, jardunaldiak, eztabaidak, tailerrak, txapelketak, hitzaldi eta erakusketak, musika, antzerki, dantza eta bertsolaritza ikuskizunak, errezitalak eta antzekoak, ekitaldion eragin dinamizatzailea eta inguruaren gaineko inpaktu positiboa agerian jartzen badute. Kanpoan geratzen dira espresuki nekazaritza-jarduerarekin lotutako ekitaldi guztiak, besteak beste, merkatuak, nekazaritza-elikagaien azokak eta tokiko jaiak, baita toki-erakundeek antolatzen dituzten eta toki-erakundeon urteko programazioaren parte diren jarduerak ere.

2. oinarria.– Onuradunak.

1.– EAEko landa- edo itsasertz-eremuetan gizarte-ekitaldiak sustatzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko pribatuek edo publikoek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek.

2.– Laguntza hauen onuradun izateko, laguntzen eskabidea egiten duten pertsona fisikoek edo juridikoek honako betekizun orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduera EAEko landa- edo itsasertz-eremu batean garatzea, agindu honen II. eranskinean zehaztutako ABEtik ZM4ra eta IM1etik IM7ra arteko zaurgarritasun-/itsasertzekotasun-mailako eremuen arabera.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Hori egiaztatzeko, kontuan hartuko da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua (Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa) ezarritako baldintzetan.

Laguntza honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, onuradunen aldetik berariazko baimenik behar izan gabe. Berariaz uko egiten badio, onuradunak egiaztatu egin beharko du alderdi hori. Bestalde, pertsona edo erakunde eskatzailearen edo onuradunaren erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzen direla.

c) Eskatzaileek jakinaraztea diruz lagundu daitekeen gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez. Hala bada, laguntza ematen duen erakundearen identitatea eta laguntzaren zenbatekoa jakinarazi beharko dira.

Halaber, jakinarazpen horrek barne hartu beharko du aurreko hiru zerga-ekitaldietan eta indarreko ekitaldian jasotako minimis laguntzei buruzko berariazko adierazpen bat, non egiaztatuko baita laguntza hau eman aurreko hiru urteetan 300.000 euro/onuradun-eko muga ez dela gainditzen. Muga hori Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarri zen (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

d) Pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea eta dagokion Erregistroan inskribatuta egotea.

e) Nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresen edo bestelakoen elkarte edo erakundeen kasuan, gutxienez emakumeen presentzia orekatua izatea zuzendaritza-organoetan.

f) Formulatzea.

3.– Laguntza hauen onuradun izango ez direnak:

a) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan debeku gisa sailkatuta dauden egoeretako batean daudenak, eta Trans eta LGTBI pertsonen Berdintasun Erreal eta Eraginkorrerako otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan debeku gisa sailkatuta dauden egoeretako batean daudenak.

b) Krisialdian dauden enpresak, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetan ezarritako definizioaren arabera (2014/C 249/01).

c) Berreskuratze-agindu baten mende daudenak, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

1.– EAEko landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko eta horietan eragin ekonomiko positiboa duten gizarte-ekitaldiak lagundu ahal izango dira diruz. 1. oinarrian ezarritakoaren arabera, kanpoan geratzen dira nekazaritza-jarduerarekin zuzenean lotutako ekitaldi guztiak, besteak beste, merkatuak, nekazaritza-elikagaien azokak eta tokiko jaiak, baita toki-erakundeek antolatzen dituzten eta toki-erakundeon urteko programazioaren parte diren jarduerak ere. Modu ez-zehatzean zerrendatuta, hauek dira diruz lagundu daitezkeen ekitaldiak: lehiaketak, jardunaldiak, eztabaidak, tailerrak, txapelketak, hitzaldi eta erakusketak, musika, antzerki, dantza eta bertsolaritza ikuskizunak, errezitalak eta antzekoak, ekitaldion eragin dinamizatzailea eta inguruaren gaineko inpaktu positiboa agerikoa bada.

Hauen arabera ebaluatuko dira eragin dinamizatzailea eta eragin ekonomikoa: ekitaldira bertaratutako pertsonen kopurua, ekitaldiaren iraupena eta ekitaldia antolatzeko tokiko baliabideetan egindako gastua, bai eta tokiko edo eskualdeko beste jarduera batzuetan eragindako gastua ere, agindu honen 6. oinarrian agertzen den bezala.

2.– Deialdi honen babespean, eskatzaile bakoitzeko ekitaldi bakarrak jaso ahal izango du dirulaguntza. Hala ere, diruz lagundu ahal izango dira gehienez 15 eguneko epean garatzen diren jarduera bat baino gehiagoz osatutako ekitaldiak, baldin eta jarduera horiek behar bezala identifikatzen badira eskatutako laguntza xede duen ekitaldiaren zati gisa. Kasu horretan, eskabidean zehatz-mehatz identifikatu eta justifikatu beharko dira ekitaldia osatzen duten jarduerak edo ekitaldiaren faseak.

Eskatzaile batek jada emanda balu beste proiektu baterako dirulaguntza bat, eta eskaera berri bat aurkeztuko balu, laguntza ukatu egingo zaio, non eta eskatzaile horrek ez dion uko egiten hasieran emandako dirulaguntza horri.

3.– Jarduerak osorik 2024an egin beharko dira diruz lagundu ahal izateko.

4.– Diruz lagundu ahal izango dira laguntzaren xede diren jarduerak egitearekin zuzenean lotuta dauden gastu guztiak, baldin eta 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean sortzen badira, eta justifikazio-epea amaitu aurretik zerrendatu, kuantifikatu eta ordaindu badira. Esate baterako, hauek sartzen dira:

a) Laguntza eskatu den ekitaldia egiteko langile-kontratazioko gastuak (kanpoan geratzen dira erakunde eskatzailearen plantillako langileak).

b) Ekitaldia eta jarduerak gauzatzeko zerbitzu profesionalen errentamendua.

c) Lokalen alokairuak (erakunde onuradunaren egoitza sozialaren alokairua kanpo).

d) Ekitaldiak eta jarduerak gauzatzeko instalazioak eta zerbitzu teknikoak.

e) Laguntza eskatu den ekitaldien publizitatearekin eta hedapenarekin lotutako gastuak.

f) Nahitaezko aseguruak kontratatzea.

g) Emandako garaikurrak edo sariak.

h) BEZ berreskuraezina, BEZari buruzko Espainiako legeriaren arabera.

4.– Jarduerarekin lotutako kapital-inbertsioak edo -gastuak, zergak eta tributuak ez dira inola ere diruz lagundu daitekeen gastua izango, aurreko apartatuan aipatutako BEZ berreskuraezina salbu.

5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, diruz lagundu daitekeen gastua 40.000 eurokoa edo gehiagokoa bada obretan, edo 15.000 eurokoa edo gehiagokoa gainerakoan, onuradunak gutxienez hiru hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, horien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde eskaintza horiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta gastua ez den dirulaguntzaren aurretik egin. Halako kasuetan, kostu-moderazioa egiaztatu beharko da, justifikazio-memoria baten bidez.

Eskaintzek benetakoak eta ez-fikziozkoak izan behar dute, hornitzaile erreal eta independenteenak, eta behar bezain zehatzak izan behar dute, eta elementu berdinak izan, alderagarriak izateko. Aurkeztutako hiru eskaintzetatik bat hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez bada, memoria batean beren-beregi justifikatu beharko da horren arrazoia.

4. oinarria.– Onuradunek diruz lagundu diren jarduketak kontratatzea.

1.– Onuradunak diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 70era arte kontratatu ahal izango ditu dirulaguntza honen xede diren jarduerak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da onuradunak hirugarren batzuekin hitzartzen duenean dirulaguntzaren helburu den jarduera osorik edo haren zati bat gauzatzeko zeregina. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen da onuradunak dirulaguntza jaso duen jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa. Onuradunak diruz lagundu diren jarduketen kontratazioari aplikatuko zaizkie Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoak.

2.– Onuradunaren aurrean baino ez daude behartuta kontratistak, eta onuradunak osorik bereganatuko du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen ardura.

3.– Aurreko apartatuan xedatutakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da hirugarrenekin itundutako jarduera diruz lagundua egikaritzean diruz lagundu daitezkeen gastuen izaera eta zenbatekoari dagozkion mugak eta 7. oinarrian ezarritako betebeharrak errespetatzen direla zaintzea.

4.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 42. artikuluan xedatutako lankidetza-betebeharra bete beharko dute kontratistek, muga horiek betetzen direla behar bezala egiaztatu ahal izateko.

5.– Onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueren exekuzio osoa edo partziala hitzartu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuekin loturaren bat duten edo debeku-egoeretako batean dauden pertsonekin.

5. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa, mugak eta bateragarritasuna.

1.– Laguntza horien zenbatekoak ez du jardueraren kostu osoaren % 60 gaindituko, eta ez da 20.000,00 eurotik gorakoa izango.

2.– Laguntza bakoitzaren banakako zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko da 6. oinarriaren arabera lortutako puntuazioaren eta pertsona onuradunak eskatutako zenbatekotik diruz lagundu daitekeen gastuaren arteko proportzionaltasun zuzenekoa, betiere taula honetan zehaztutako mugak errespetatuz (gutxienez 50 puntu lortuz gero):

(Ikus .PDF)

3.– Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da sekula izan, bakarka edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

4.– Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa) ezarritako minimis araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.

5.– Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuek helburu bererako eman ditzaketenekin, baldin eta laguntza guztien baturak ez badu diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa eragiten. Kasu horretan, dirulaguntza murriztu beharko da, jardueraren guztizko kostutik gorako zenbatekoa kenduta.

Dena den, ez dira bateragarriak izango Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2024. urtean deitutako gainerako laguntzekin.

6.– Era berean, laguntza hauek batu ahal izango zaizkie beste administrazio publiko batzuek, agindu honetakoak ez diren xedeekin, onuradun berdinei emandako minimis laguntzei; halere, guztien artean ez dute 300.000 euroko laguntza-atalasea gaindituko, onuradun bakoitzeko eta laguntza eman aurreko hiru urteetan. Muga hori Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarri zen (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa). Hala izanez gero, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak gutxituko dira gehieneneko atalase horretara egokitu arte.

6. oinarria.– Finantzaketa, emateko prozedura eta zenbatekoa zehaztea.

1.– Agindu honen arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura 2024ko ekitaldian eman beharreko laguntzen gehieneko zenbatekoa 200.000 eurokoa da.

2.– Laguntza horiek emateko prozedura segidako emakida izango da eta, beraz, espedienteak eskabideen aurkezte-ordenaren arabera aztertu eta izapidetuko dira, eta behar bezala formulatu eta osatu diren ordenaren arabera ebatziko dira.

3.– Laguntza horietara xedaturiko aurrekontua agortuz gero, egoeraren berri emango da Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta. Dagoeneko aurkeztu diren eta izapide-fasean dauden eskabideak, esleitutako aurrekontu-zuzkidura agortzeagatik erantzun ezin direnak, ezetsi egingo dira arrazoi hori dela eta, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

4.– Aurkeztutako jarduera bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa zehazteko orduan, aurkeztutako eskabideak baloratuko dira. Eskabide horiei aplikatuko zaizkie erakunde sustatzaileari, jarduera edo proiektuari eta kokapenaren zaurgarritasun-/itsasertzekotasun-mailari buruzko irizpideak, taula honetan jasotako baremazioaren arabera:

(Ikus .PDF)

7. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte, baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritakoak ere:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, dirulaguntza onartzen dutela ulertuko da, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena egin eta 10 eguneko epean ez badiote beren-beregi eta idatziz uko egiten.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, horrexetarako erabiltzea.

c) Onuradunak, halakorik eskatzen bazaio, informazio osagarria bidali beharko du landaren eta itsasertzaren garapenean eta europar politiken arloan eskumena duen zuzendaritzara, diruz lagundutako jardueren garapenaz eta burutzapenaz egoki iritzitako egiaztapen guztiak egin ahal izateko hark.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatutako informazioa ematea.

e) Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri eman behar diote landaren eta itsasertzaren garapenean eta europar politiken arloan eskumena duen zuzendaritzari, idatziz. Egoera horren berri izan bezain laster jakinarazi behar zaio, eta betiere jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen.

f) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gorde behar dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

g) Beren-beregi adierazi beharko da Eusko Jaurlaritzaren babesletza euskarri, kartel, seinale, sari, garaikur eta diruz lagundutako jardueretan dibulgazioa, zabalpena edo, hala badagokio, publizitatea egitekoak badira, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera: (https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/ Txertatu beharreko logoa erabiltzaileen eskuragai jarriko da Administrazioaren egoitza elektronikoan: gaztelaniaz, https://www.euskadi.eus/ayudas_appa/eventossociales_2022 euskaraz https://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/ekitaldi_sozialak_2022;

h) Jarduerarekin lotutako jakinarazpen guztietan, hizkera eta iruditeria inklusiboak erabiliko dira. Ekitaldiaren publizitatean, euskarria edozein dela ere, ez da erabiliko hizkera edo iruditeria sexistarik.

i) Edizioa, komunikazio-euskarria edozein dela ere, gutxienez euskaraz egin beharko da, kasu guztietan.

j) Pertsonen bertaratzeari eta parte-hartzeari buruzko informazioa sexuen arabera bereizita lortu eta eskaini beharko da.

k) Administrazio baten edo erakunde publiko zein pribatu baten beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortuz gero helburu bera betetzeko, horren berri ematea landaren eta itsasertzaren garapenean eta europar politiken arloan eskumena duen zuzendaritzari, baita laguntza eman aurreko hiru urteetan jasotako beste minimis laguntza batzuen kasuan ere. Egoera horren berri izan bezain laster jakinarazi behar zaio, eta betiere jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen.

l) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, baita dirulaguntzak itzultzearen gainekoak ere.

Laguntza honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen betebeharra betetzen dela, onuradunen aldetik berariazko baimenik behar izan gabe. Berariaz uko egiten dionean, onuradunak egiaztatu egin beharko du alderdi hori.

m) Enpresen deslokalizaziorik ez gauzatzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluari jarraikiz.

8. oinarria.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Eskabideak, oinarri honen 8. apartatuan adierazitako agiriekin batera, landaren eta itsasertzaren garapenean eta europar politiken arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaizkio.

Aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi, eta horretara bideratutako aurrekontua agortzen denean amaituko da. Kasu horretan, 6. oinarriaren 3. apartatuan xedatutakoa errespetatu beharko da. Betiere, eta aurrekontua izanda ere, laguntza-eskabideak aurkezteko epea 2024ko azaroaren 15ean amaituko da.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, Administrazioarekin elektronikoki harremanetan jarri behar direnek eskabideak elektronikoki aurkeztuko dituzte, oinarri honetako 3. apartatuan adierazitako helbideen bitartez.

Pertsona fisikoek aurrez aurre zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete eskabideak. Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko moduak (elektronikoa zein aurrez aurrekoa) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, eta noiznahi aldatu ahal izango da.

– Aurrez aurre: eskabideak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin. Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian egin beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten.

– Bide elektronikoa: 3. apartatuan adierazitakoaren arabera.

3.– Eskabideak bide elektronikoz nahiz presentzialez aurkezteko, inprimaki-eredu normalizatua erabiliko da, helbide hauetan eskuragarri dagoena: gaztelaniaz, https://www.euskadi.eus/servicios/1017306 euskaraz: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1017306;

4.– Eskabidea elektronikoki egin ondorengo izapideak, barne direla jakinarazpenak eta justifikazioak, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira: gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/micarpeta euskaraz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta;

5.– Elektronikoki izapidetzeko, helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos euskaraz: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak,

6.– Eskaera ordezkari baten bidez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

7.– Informazio hau bilduko du eredu normalizatuak:

a) Identifikazio-datuak.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, aurkeztutako agirien egiazkotasunarena eta agindu honetan ezarritako betekizunak betetzearena, baita onuradun-izaeraren debekuetako ezeinetan ez egotearena ere –lekukotza judizialik ezin izan bada lortu–, edo debeku horietako ezeinetan ez egotearen ziurtagiri telematikoa, edo datu-transmisioak edo administrazio-ziurtagiria.

c) Hala badagokio, aurreko hiru ekitaldi fiskaletan eta uneko ekitaldian jasotako gainerako minimis laguntzei buruzko berariazko adierazpena, laguntza ematen duen erakundearen nortasuna eta zenbatekoa barne.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, enpresen deslokalizaziorik ez gauzatzearena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluari jarraikiz.

e) Ekitaldiari buruzko informazioa biltzen duen memoria, agindu honen III. eranskinean aurreikusitako ereduaren arabera. Memoria horretan, landa- eta itsasertz-eremuen dinamizazioaren deskribapenaz gain, haren justifikazioa, egikaritze-epeen aurreikuspen bat, eta alderdi hauei buruzko datuak gaineratu beharko dira: finantzaketa, kokapena, enpleguaren sorrera, bideragarritasun ekonomikoa, genero-ikuspegiaren inklusioa, aurreikusitako inpaktuaren justifikazioa eta hedapena, hau da, partaide kopurua eta aurreikusitako publikoa, sexuen arabera bereizita, eta neurketa-sistemaren azalpen labur bat, bai eta jarduerak izango duten inpaktu ekonomikoaren aurreikuspena ere. Aurkezten ez diren datuak edo informazioa ezin izango dira kontuan hartu haren balorazioa egiteko.

8.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte laguntzen eskatzaileek:

a) Pertsona juridikoek, erakundea eratzeko eskrituraren eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan inskribatu dela adierazten duen zigilua jarrita.

b) Aurrekontuak edo proformako fakturak.

c) Jarduerari emandako laguntza publikoari edo pribatuari dagozkion beste dirulaguntza edo diru-sarrera batzuen ziurtagiria (adibidez: Udala / Foru Aldundia / Eusko Jaurlaritza / beste batzuk).

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen egiaztapena, eta NAN/IFKren egiaztapena, eskatzaileak berariaz uko egin badio Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzaren zerbitzu teknikoek alderdi horiek automatikoki egiaztatzeari.

e) Kasuan kasuko BEZaren zerga-araubidearen egiaztagiria.

f) Onuradun edo entitate laguntzaile izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko –Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege 13. artikuluaren 1. apartatutik 4.era bitarte aipatu dira debekuak–, bide hauek dituzte pertsona edo entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeko dagokion araudian ezarritakoaren arabera, edo, bestela, ziurtagiri administratiboa. Agiri hori agintaritza eskudunak egiterik ez badu, haren ordez oinarri honen beraren 7.b) apartatuan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena.

Gainera, dirulaguntza-eskabidea aurkezteak esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari zuzenean eskura dezan beste edozein administrazio publikok egindako agiri guztiak, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. apartatuan.

9. oinarria.– Organo kudeatzailea eta ebazpen-proposamena.

1.– Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari dagokio agindu honetan xedatutako laguntzak kudeatzea.

2.– Landaren eta itsasertzaren garapenean eta europar politiken arloan eskumena duen zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute agindu honetan ezarritako eskakizunak betetzen direla. Era berean, ekitaldiaren memoria deskriptiboa aztertuko dute, 6. oinarrian ezarritako irizpideen betetze-maila ebaluatuko dute, eta, txosten bat egingo dute irizpide horietan oinarrituta, irizpideon haztapena eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoaren kalkulua adierazita.

3.– Txosten hori kontuan hartuta, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzaren titularrak behar bezala arrazoitutako ebazpen-proposamen bat egingo du, dirulaguntza ematea proposatzen den eskatzailea eta dirulaguntzaren zenbatekoa adierazita.

Gainera, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.

4.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira, edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie, 10 eguneko epea emanda, alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena formulatuko da.

5.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, oinarri honen beraren 3. apartatuaren arabera emandako ebazpen-proposamenak behin betiko izaera izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

10. oinarria.– Ebazpena.

1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartuta, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren titularrak ebazpena emango du, gehienez, lau hileko epean, laguntza-eskabidea aurkeztu den egunetik hasita. Ebazpen horretan, laguntza eman edo ukatu egingo zaio eskatzaileari. Ebazpenak era indibidualizatuan jakinaraziko dira.

2.– Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/micarpeta euskaraz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta;

3.– Aurreko apartatuan adierazitako epea igarota ez bada berariazko ebazpenik eman, eskatzaileek ulertu ahal izango dute euren eskabidea ezetsi egin dela, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoarekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzaren titularraren ebazpen baten bidez EHAAn argitaratuko da emandako dirulaguntzen eta laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda, baita diruz lagundutako gizarte-ekitaldiak eta horiei dagozkien zenbatekoak ere, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.

5.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak landa-garapenaren arloan eskumena duen saileko titularrari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin bat etorriz.

11. oinarria.– Justifikazioa eta ordainketa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko landa- eta itsasertz-eremuetan garatuko diren gizarte-ekitaldietarako laguntzak 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra egikaritu ahal izango dira, eta hauen bitartez egiaztatuko da gastuaren betearazpen zuzena:

a) Egindako jarduketen justifikazio-memoria. Bertan, laguntzaren xede den jarduera egikaritzeari buruzko informazioa jasoko da, erreferentzia eginez batez ere publikoaren bertaratzeari buruz aurreikusitako inpaktuari eta jardueraren inpaktu ekonomikoari (ekitaldia antolatzeko toki-baliabideetan egingo den gastuaren ondoriozko inpaktua eta eskualdeko beste jarduera batzuetan eginiko gastuaren ondoriozko inpaktua); hala badagokio, jardueraren zabalkundeari buruzko informazioa ere jasoko da. Gutxienez III. eranskineko ereduan jasotako informazioarekin bete beharko da.

b) Fakturak edo froga-balio baliokidea duten agiriak eta ordainketa-ziurtagiriak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. eta 73. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz. Laguntzaren onuradunaren izenean egon beharko dira. Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, non zehaztuko baita fakturak eta froga-balio bereko agiriak ez direla aurkeztu beste dirulaguntza-programa batzuk justifikatzeko. Aitzitik, beste dirulaguntza-programa batzuk justifikatzeko aurkeztu badira agiri horiek, zehaztu beharko da zein d(ir)en dirulaguntza-programa(k) eta, faktura edo justifikazio-agiri bakoitzari dagokionez, zein den jasotako dirulaguntzaren ehunekoa.

c) Ekitaldiaren zabalkundea egiteko eskuorri edo kartelaren ale bat, hala badagokio, non agertuko baitira Eusko Jaurlaritzaren babesaren aipamena eta dagokion logotipoa. Dirulaguntza jaso dezaketen ekitaldien kasuan, baldin eta urtarrilaren lehenaren eta agindu hau argitaratu eta hilabeteko epearen artean egingo badira, aipamen hori ez da nahitaezkoa izango.

d) Laguntza jasotzeko, erakunde pertsonifikatu bat eratu behar bada, eraketa-akta, estatutuak eta dagokion erregistroan izena emanda egotearen ziurtagiria.

e) Laguntza jasotzeko, manuzko baimenak eta lizentziak aurkeztu behar badira eta laguntza-eskabidea egitean eman gabe badaude, haiexek aurkeztu beharko dira.

Landaren eta itsasertzaren garapenean eta europar politiken arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak agiri gehiago eska ditzake, behar bezalako arrazoiak emanda, beharrezko irizten badio.

2.– Laguntzen onuradunek jarduerarekin lotutako gastu guztiak justifikatu beharko dituzte, eta ez jasotako laguntzari dagokion zatia bakarrik. Justifikazio hori 2025eko urtarrilaren 15a baino lehen egin beharko da.

3.– Ordainketa bakarra egingo da, oinarri honen lehenengo apartatuan adierazitako ziurtagiriak egiaztatu ondoren.

4.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro egokian egon beharko du. Hirugarren interesdun gisa alta emateko edo datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

5.– Onuradunari ez zaio inolako ordainketarik egingo, baldin eta egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada. Debeku horrek bere horretan iraungo du aipatutako zirkunstantziak gertatzen diren bitartean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.6 artikulua aplikatuz.

12. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat aldatuz gero edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, landaren eta itsasertzaren garapenean eta europar politiken arloan eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta daiteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badira. Ondorio horietarako, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren titularrak behar den aldaketa-ebazpena emango du, eta, bertan, dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doituko dira; horretarako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutako prozedurari jarraituko zaio.

2.– Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, landaren eta itsasertzaren garapenean eta europar politiken arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren likidazio-ebazpenaren bidez, eta, ondoren, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

13. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntzaren eskatzaileak atzera egin dezake, laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik, betiere. Horretarako, idatzi bat helaraziko dio Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzaren titularrari, zeinek, ebazpen baten bidez, zuzenean onartuko baitu atzera-egite hori, eta prozedura hori amaitutzat emango baitu pertsona horri dagokionez.

2.– Laguntzaren onuradunak eman zaion laguntzari uko egin diezaioke, baita emandako dirulaguntza onartu ondoren eta gastu-betearazpena amaitu aurretik ere. Hori bai, horretarako, beharrezkoa izango da administrazioak ezein ordainketarik egin ez izana, eta pertsona edo erakunde interesdunari ez jakinarazi izana ez-betetzeagatiko prozedura abiarazi dela, edo zehapen-prozedura hasi dela, laguntza-deialdi honen esparruan. Uko egitea adierazteko idazki bat aurkeztu beharko dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren titularrari, zeinek, ebazpen baten bitartez, esanbidez onartuko baitu uko-egite hori, eta prozedura hori amaitutzat emango baitu pertsona horri dagokionez. Behin uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

14. oinarria.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, modu horretan emandako laguntzaren xedea osorik hutsalduta, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluaren arabera, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren titularrak, interesdunari entzunaldia eskainiko zaio ez-betetzeari buruzko espedientea egin ondoren, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak eta dirulaguntza-arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak, bat etorriz 698/1991 Dekretuarekin (abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzkoa) eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin, hargatik eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Ezarritako baldintzak eta betebeharrak partez betetzeak, baldin eta osorik betetzetik hurbiltzen bada nabarmen eta onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, dirulaguntzaren zati bat ordaintzea ekarriko du, zeina egindako jarduera osoak guztizkoarekiko duen proportzioa kalkulatuta zehaztuko baita. Edonola, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko partziala benetan eta behar bezala justifikatuta eman den dirulaguntzaren zenbatekoa izango da, organo emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

15. oinarria.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Helbide honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/037400-capa2-eu.shtml

II. ERANSKINA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
PROIEKTUA EDO JARDUERA BALORATZEKO MEMORIA

1.– Proiektuaren edo jardueraren izenburua.

2.– Erakunde sustatzailea. Adierazi erakunde mota; adierazi, halaber, erakunde sustatzaileak jarduerari dagokionez duen esperientzia.

3.– Tokiko eragileen inplikazioa. Adierazi jardueran inplikatutako tokiko eragilerik dagoen eta, baldin badaude, zeintzuk diren eta zer funtzio duten ekitaldiaren diseinuan, antolaketan, garapenean eta/edo hedapenean.

4.– Proiektuaren edo jardueraren kokapena. Adierazi ekitaldia zein herritan egingo den. Ekitaldia udalerri batean baino gehiagotan iragango bada, adierazi udalerri guztiak, bai eta hasierako eta amaierako puntuak ere.

5.– Ekitaldiaren data eta iraupena.

6.– Deskribapen laburra. Deskribatu ekitaldia eta nabarmendu haren alderdi garrantzitsuenak. Azaldu nola lagunduko duen landa-eremua dinamizatzen eragin-esparru zehatz horretan.

7.– Zer publikorentzat den ekitaldia.

a) Esperotako bertaratzea. Adierazi ekitaldira zenbat lagun etortzea aurreikusten den, parte-hartzaile gisa, ikusle gisa, zein bestelako parte-hartze mota batekin. Justifikatu.

b) Ekitaldiaren xedearen edo diseinuaren arabera, adierazi nor bertaratzea aurreikusten den: jende gaztea edo heldua, emakume baino gizon gehiago, familiak eta abar.

c) Aurreikusitako oihartzun-eremua. Adierazi ekitaldiak nazioarteko, Espainia mailako, autonomia-erkidegoko, lurralde historikoko, eskualdeko edo tokiko oihartzunik izango duen. Justifikatu.

8.– Bideragarritasun ekonomikoa:

a) Ekitaldiaren kostua.

b) Finantzaketa-plana.

c) Zenbateko laguntza eskatzen den.

9.– Eragin ekonomikoa.

a) Eskualdeko baliabideetan egindako gastua: adierazi eskualdeko landako eta itsasertzeko udalerrietako hornitzaileei egin beharreko gastuaren zenbatekoa.

b) Tokiko beste jarduera batzuetan (ostatuak, merkataritza, jatetxeak) eragindako gastuaren aurreikuspena: deskribapen laburra.

c) Ekitaldian parte hartzen duten pertsonak eskualdeko bestelako instalazio edo baliabideetara (naturalak, kulturalak, turistikoak edo bestelakoak) jotzeko dagoen probabilitatearen balioespen arrazoitua egitea. Adierazi zein diren beste baliabide edo instalazio horiek.

10.– Genero-ikuspegia.

a) Adierazi ea genero-ikuspegia barne hartu den ekitaldiaren diseinuan edo garapenean. Hala badagokio, azaldu zein diren emakumeen eta gizonen egoerarekiko, baldintzekiko eta beharrizanekiko aldeak ekitaldiaren esparruan (ez bakarrik eremu geografikoan, baita jarduera zehatzaren eremuan ere), eta adierazi ea kontuan hartu diren hura diseinatzerakoan edo gauzatzerakoan.

b) Adierazi berdintasunaren aldeko ekintza positiborik sartu den. Hala badagokio, zuzendu nahi diren ekintzen eta desberdinkerien deskribapena.

11.– Ekitaldiaren zabalkundea. Azaldu zer neurri aurreikusi edo gauzatu den ekitaldia zabaltzeko.

IV. ERANSKINA
JUSTIFIKAZIO-MEMORIA

1.– Proiektuaren edo jardueraren izenburua.

2.– Ekitaldiaren garapena. Deskribatu ekitaldia eta nabarmendu haren alderdi garrantzitsuenak. Adierazi nabarmendu nahi den berezitasun oro.

3.– Bideragarritasun ekonomikoa. Finantzaketa-emaitza. Gastuen eta sarreren kontuen laburpena, kontzeptuka zehaztuta.

4.– Zer publikorentzat den ekitaldia.

a) Adierazi ekitaldira zenbat lagun (gutxi gorabehera, hala badagokio) etorri den, parte-hartzaile gisa, ikusle gisa, zein bestelako parte-hartze mota batekin. Neurketa-metodoa adierazi. Eman datuak sexuaren arabera bereizita.

b) Oihartzun-eremua. Adierazi ekitaldiak nazioarteko, Espainia mailako, autonomia-erkidegoko, lurralde historikoko, eskualdeko edo tokiko oihartzuna izan duen. Justifikatu.

5.– Eragin ekonomikoa.

a) Ekitaldiaren iraupena eta ikusle kopurua. Ekitaldia hainbat egunetan banatutako jarduera bat baino gehiagoz osatua bada, adierazi jarduera bakoitzaren iraupena eta egun bakoitzean parte hartu duten pertsonen kopurua.

b) Ekitaldiarekin lotutako zuzeneko gastuak. Fakturen zerrenda, hornitzaileen identifikazioarekin eta egoitzarekin. Taula honen arabera:

(Ikus .PDF)

6.– Genero-ikuspegia. Deskribatu, hala badagokio, ekitaldiaren emaitzan genero-ikuspegia txertatzearen ondorioak, baita berdintasunaren aldeko ekintza positiboen eraginkortasuna ere.

7.– Ekitaldiaren zabalkundea. Ekitaldia zabaltzeko hartutako neurrien deskribapena, eta, hala badagokio, haren emaitzak ustiatzekoena.


Azterketa dokumentala