Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2024ko martxoaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
1526

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 20koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hartutako erabaki bat argitara emateko dena. Erabaki horren bitartez, zenbait diru-baliabide esleitzen dira Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitako laguntzak 2024ko ekitaldian finantzatzeko. Agindu horrek oinarri arautzaileak ezartzen ditu, langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen dutenei Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan oinarritutako dirulaguntzak emateko, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko martxoaren 19ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, zenbait diru-baliabide esleitu ditu Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan ezarritako laguntzak 2024an finantzatzeko. Agindu horren bidez, oinarri arautzaileak ezartzen dira langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen dutenei Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzeko dirulaguntzak emateko, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Horregatik guztiagatik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2024ko martxoaren 19ko bilkuran hartutako erabakia, zeinaren bidez zenbait diru-baliabide esleitzen baitira Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitako dirulaguntzak 2024ko ekitaldian finantzatzeko. Agindu horrek oinarri arautzaileak ezartzen ditu, langabezia-prestazioa ordainketa bakar osoko modalitatean jasotzen dutenei Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan oinarritutako dirulaguntzak emateko, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabaki horrek ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Jakinaraztea, deialdia onartzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 20a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
ERABAKIA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUARENA, ZEINAREN BIDEZ ZENBAIT DIRU-BALIABIDE ESLEITZEN BAITIRA LAN ETA GIZARTE SEGURANTZA MINISTERIOAREN 1994KO APIRILAREN 13KO AGINDUAN AURREIKUSITAKO LAGUNTZAK 2024KO EKITALDIAN FINANTZATZEKO. AGINDU HORREK OINARRI ARAUTZAILEAK EZARTZEN DITU, LANGABEZIA-PRESTAZIOA ORDAINKETA BAKARREKO MODALITATEAN JASOTZEN DUTENEI GIZARTE SEGURANTZAKO KUOTEN ORDAINKETAN OINARRITUTAKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO, 1044/1985 ERREGE DEKRETUAREN 4.2. ARTIKULUAN EZARRITAKOARI JARRAIKIZ

Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduak oinarri arautzaileak ezarri zituen Gizarte Segurantzako kuoten dirulaguntzak emateko, ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Bada, agindu horren helburua da kotizaziopeko langabezia-prestazioa jasotzen dutenen autoenplegua erraztera bideratutako dirulaguntzak arautzea. Dirulaguntza horien bidez, langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzeko eskubidea baliatu dutenei Gizarte Segurantzako kuoten ordainketa egiten zaie, kuota horien egungo balioaren arabera, betiere ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuak eta beste arau batzuen bidez gerora txertatutako aldaketek aukera ematen diete entitate kudeatzaileei langabezia-prestazioaren zenbatekoa ordainketa bakar batean ordaintzeko, egungo balioaren arabera, prestazioen onuradun izanik kooperatibetan edo lan-sozietateetan bazkide-langile edo lan-bazkide gisa –modu egonkorrean– sartu nahi dutenei edo langile autonomo gisa jarduera bat egin nahi dutenei –baldin eta ez badute alta ematen mendekotasun ekonomikoa duten langile autonomo gisa–, bai eta jasotako zenbatekoa honetarako erabiliko dutenei: ekarpen bat egiteko merkataritza-entitate sortu berri baten kapital sozialari edo ekarpenaren aurreko gehienez ere 12 hilabeteetan sortu den merkataritza-entitate baten kapital sozialari –baldin eta sozietatearen benetako kontrola eskuratzen badute, entitatean jarduera profesional bat egiten badute, eta Gizarte Segurantzan alta ematen badute Norberaren Konturako Langileen Erregimen Berezian edo Itsasoko Langileen Erregimen Berezian–.

Eskubide hori baliatzen duten langileek jasoko duten dirulaguntza hauxe izango da: langile autonomo gisa Gizarte Segurantzan dagokien erregimenean duten kuotaren % 50, gutxieneko kotizazio-mailaren arabera kalkulatuta; edo, langileek langabezia-prestazioa jaso duten bitartean Gizarte Segurantzan, dagokion erregimenaren kotizazioetan, egin duten ekarpenaren % 100, baldin eta langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jaso ez bada.

Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu egin zitzaizkion Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak. Geroztik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumen da enpleguko, enplegu-prestakuntzako eta autoenplegua sustatzeko eta enpresak sortzeko programak kudeatzea.

Egun, Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago laguntzak erregulatzeko araudi bat, kotizaziopeko langabezia-prestazioaren % 100 ordainketa bakarrean jaso dutenei autoenpleguko ekimenak martxan jartzen lagunduko diena. Horregatik, horrelako araudi bat landu eta indarrean jarri bitartean, dirulaguntzen programa hau gauzatu behar da, ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzeko.

Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduak indarraldi mugagabea du. Bestalde, laguntza hauek emateko prozeduran, ez da lehiaketaren teknika erabiliko. Esleitutako aurrekontu-kreditua edo haren eguneratzetik sortzen dena izango da laguntzak emateko muga, berariaz hala ezarrita baitago aginduaren lehenengo xedapen iragankorrean.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzeko dirulaguntzak finantzatzeko kreditua jasotzen du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.6 artikuluan xedatutakoa betez. Beraz, aipatutako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen guztizko zenbatekoa jakinarazi behar da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, 20/2023 Legearen 7.2.a) eta 8.3 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Laguntza hauek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2023ko abenduaren 14ko bileran hartutako erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1. eta 7.1 artikuluetan xedatutakoa. Plan hori Lanbideren webgunean dago argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus. Dirulaguntza hauek helburu estrategikoetako bat lortzeko gakoa izango dira («Talde-ekintzailetza sustatu etorkizuneko enpresa-erronkei aurre egiteko»), gizarte segurantzarako kuotak finantzatuko baitzaizkie ordainketa bakarraren modalitatean langabeziaren ziozko prestazioak jasotzen dituzten pertsonei.

Bestalde, dirulaguntza hauek kudeatzen dituen administrazioa aldatu dela kontuan hartuta, publikotasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak errespetatzeko, komeni da laguntzen onuradun izan daitezkeenei informazioa ematea dirulaguntzen prozedurarekin eta aplikatu beharreko erregimen juridikoarekin zerikusia duten alderdi jakin batzuei buruz.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko martxoaren 19ko bilkuran eztabaidatu ondoren, honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Baliabide ekonomikoak.

500.000 euroren diru-baliabideak esleitzea, 3211-Enplegua programaren kargura, 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko. Izan ere, agindu horrek arautu zuen Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan oinarritutako dirulaguntzak ematea ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren 1. artikuluan ezarritako eskubidea baliatu zutenei, betiere errege-dekretu horren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bigarrena.– Dirulaguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak.

1.– Laguntza horiek jasotzeko eta emateko baldintzak Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitakoak izango dira, bai eta hurrengo apartatuetan ezarritakoak ere.

2.– Laguntzen onuradun izateko, Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduaren 3. artikuluan aurreikusitako betekizunez gain, aplikatzekoak dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuak.

3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, onuradunak enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adierazi beharko du, 20/2023 Legearen beraren 49. artikuluaren arabera.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatzen ez dituen betekizunak eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.

Hirugarrena.– Laguntzen kudeaketa.

Laguntzak kudeatzeko alderdi hauei buruz informazioa ematea (alderdi horietan eragina izango du Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen antolakuntzari eta erregimen juridikoari buruzko araudiak zuzenean aplikatzeak):

1.– Ebazpen honetan aipatzen diren dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak honela aurkeztu beharko dira:

Aurrez aurre: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz) eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurralde- eta toki-bulegoetan, deialdi honen eranskinean ageri den eredu ofiziala betez, zeina hemen ere egongo baita eskuragarri: https://www.lanbide.euskadi.eus/lanbide-hasiera/ helbidean eta https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2023/cuots-2023/web01-tramite/eu/ webgunean.

Elektronikoki: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, zeina hemen egongo baita eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1008808

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Halaber, izapideak ordezkari baten bidez egin daitezke; baina, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzaren ardura da eskabideak kudeatu, izapidetu eta ebaztea.

3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19 artikuluaren 3. apartatutan xedatutakoari jarraikiz, eskaerak modu ordenatuan ebatziko dira, espedienteak erabat osatuta geratzen diren unearen arabera.

Aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, EHAAn eta Lanbideren web-orrian (https://www.lanbide.euskadi.eus) emango da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta ebazteke geratu diren eskaerei dirulaguntzak ukatuko zaizkie.

4.– Ebazteko, gehienez sei hileko epea izango da dirulaguntza eskabidea aurkezten den egunaz geroztik, eta, epe hori igarotakoan, ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertuko da.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Laguntza-programa hau kudeatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeaz gain, honako hauek ere aplikatuko dira: oinarrizko araudia jasotzen duen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta hori garatzen duen erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua; eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren araubide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala