Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2023ko ekainaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2763

EBAZPENA, 2023ko ekainaren 2koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira 2023ko «Global Training» laguntza programa arautzen duten oinarriak, eta laguntzetarako deialdia egiten baita.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat jarduketa egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industria arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak zenbait ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.

Hala, Laguntza Programa hau beraizik diseinatu da euskal gazteek prestakuntza praktikoa jaso dezaten atzerriko enpresa eta organismoetan.

Bestalde, Euskal Autonomi Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak) bere 48.5 artikuluan agintzen du Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren bidez finantzatzen diren erakundeek publizitate-printzipiora egokitu behar dutela euren dirulaguntza-jarduera.

Gorago adierazitakoaren arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Global Training» 2023 Laguntza Programaren deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen eranskinean.

Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzan, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENA

Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2023ko ekainaren 2a.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,

MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.

ERANSKINA
GLOBAL TRAINING 2023 LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Hazkunde Adimentsu, Jasangarri eta Solidarioa helburu duen Europako 2020ko Estrategia garatzeko eta euskal ekonomiaren nazioartekotzea bultzatzeko, gehiago eta hobeto prestatutako gazteak behar ditugu, ezinbestekoak baitira gizarte jasangarria eraikitzeko; gizarte bat, non emakumeek nahiz gizonek independentzia ekonomiko berbera izango baitute, Europako Batzordeak 2010eko martxoaren 5ean onartutako agiriak dioen bezala. Ildo horretatik, kalkulatzen da etorkizun hurbilean EBko lanpostu gehienek goi-mailako kualifikazioa eskatuko dutela, eta beharrezkoak izango diren gaitasun asko hezkuntza ez-formalaren bidez eskuratuko direla, arreta berezia jarriz nazioarteko mugikortasunari, boluntariotzari, benetako lan-inguruneetan jasotako ikaskuntza praktikoari eta gazteriaren parte-hartze aktiboari.

Horregatik, helburutzat izanik ekonomia irekiak planteatzen dituen etorkizuneko erronkei konponbideak bilatzea eta euskal gazteen gaitasunak, ezagutza, prestakuntza eta mugikortasuna hobetzea prest egon daitezen lan-merkatuan sartzeko, 2012an beka-programa bat abiarazi zen lehen aldiz. Beka-programa horrek EAEko gazteen nazioz gaindiko mugikortasuna bultzatzen du, euren profil akademiko eta profesionalarekin zerikusia duten jarduerak eta proiektuak garatu ditzaten atzerriko enpresa eta organismoetan, aurretik planifikatutako prestakuntza-plan praktiko baten arabera. Programak horrek, dagozkion aldaketak egin ondoren, indarrean jarraitzen du euskal gazte eta enpresen trebakuntza-premiei erantzuteko.

«Global Training» beka-programak aukera ematen die Euskadiko unibertsitateko tituludun eta goi-mailako lanbide heziketako graduatu gazteei atzerrian profesionalki trebatzeko, praktika ordainduak eginez beren espezialitate akademikoarekin zerikusia duten enpresa edo erakundeetan. Proiektu honen bidez EAEko gazteen nazioz gaindiko mugikortasuna sustatzen da, euren prestakuntza osatu dezaten eta aukera izan dezaten pertsonalki nahiz profesionalki hazteko.

Programa hau jasota dago erakundearen 2023ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, zeina 2022ko abenduaren 21eko Administrazio-kontseiluaren erabakiz onartu baitzen eta 2023ko otsailaren 22ko bilkuran hartutako erabakiz aldatu baitzen. Horrela, Planaren helburu hau lortzen laguntzen da: «EAEko gazteen nazioz haraindiko mugikortasuna sustatzea, unibertsitateko eta goi-mailako lanbide-heziketako titulazioa duten gazteak atzerrian beren profil akademikoarekin eta profesionalarekin lotutako jarduerak eta proiektuak egin ditzaten.»

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen bidez finkatuko da «Global Training» 2023 programako bekak bakarka edo lankidetzan kudeatzen dituzten erakundeei emango zaizkien funts galdurako dirulaguntzen erregimena. Beka horien helburua da unibertsitateko eta goi-mailako Lanbide Heziketako titulua duten gazteek prestakuntza praktikoa jaso dezatela atzerriko enpresa eta erakundeetan.

Erakundeek hauxe egin beharko dute zehazki: beken deialdiak eta hautagaien aukeraketa-prozesuak bideratu, praktikak egiteko enpresak identifikatu eta haien konpromisoa lortu, jomugara irten aurreko prestakuntza eman eta Global Training bekadunak atenditu eta haien jarraipenaz arduratu, oinarri hauetako I. eranskinean jasotako aurreikuspenen arabera.

2. artikulua.– Deitutako bekak.

Goitik jota 500 «Global Training» beka eskainiko dira, eta oinarri hauetan aurreikusitako baldintzen arabera, erakunde onuradun bakoitzak gutxienez 50 eta gehienez 80 beka kudeatzea eskainiko du.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

2023an programa honen xedera bideratutako baliabide ekonomikoak 6.415.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude. Zenbateko hori honela banatuko da:

2023ko ekitaldia: 3.082.500 euro.

2024ko ekitaldia: 3.332.500 euro.

Deialdi honen kargura emandako beken guztirako zenbatekoak ezingo du gainditu artikulu honetan jasotako zenbatekoa.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Oinarri hauetako laguntzen onuradun izan daitezke «Global Training» bekak deitzen dituzten erakunde publiko edo pribatuak (I. eranskinean jasota daude), baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Merkataritza-sozietatea ez izatea eta dagokion erregistroan eratuta eta inskribatuta egotea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino gutxienez bi urte lehenagotik.

b) Gutxienez bi urteko esperientzia izatea unibertsitateko edo goi-mailako lanbide heziketako proiektu eta jardueretan, eta/edo gutxienez bi urteko esperientzia izatea gazteen lan-merkaturako gaitasunen trebakuntzan, nazioarteko mugikortasun programen bidez.

c) Erakundeen estatutuen arabera, beren jarduera-eremua Euskal Autonomi Erkidegoa izatea.

d) Nazioarteko sareren bateko kide izatea edo antzeko ezaugarriak dituzten atzerriko beste erakunde batzuekin lankidetza-hitzarmenak edo akordioak sinatuta izatea, zeintzuen bidez bermatzen den badaudela atzerriko enpresa edo organismo batzuk prest daudenak gazteei praktikaldirako aukera emateko.

2.– Ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 artikuluko egoeraren batean dauden erakundeak. Hona hemen egoera horiek:

– Egunean ez izatea zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

– Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Pertsonek edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko edo haren sektore publikoko edozein erakunderekin zorrik ez badute dirulaguntzak betearazpen-aldian itzultzeagatik, edo, premiamendu-bidea erabili behar ez duten pertsona onuradunen edo erakunde laguntzaileen kasuan, borondatezko aldian ordaindu gabeko zorrik ez badute.

– Galduta izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera administrazio-zehapenen edo zehapen penalen ondorioz, edo laguntza horiek eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpenenen bat izatea.

3.– Era berean, ez dira onuradun izango:

– Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera sexuagatiko diskriminazioa egin dutenak (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duena), eta orobat, sexu diskriminazioagatik edo emakume eta gizonen berdintasun arloko araudia ez betetzeagatik administrazio-zehapen edo zehapen penalen bat jaso dutenak, kasuan kasuko zehapenean ezarritako epean. Estatuko araudiaren araberako berdintasun-plan bat izatera behartuta egonik berdintasun-plan hori ez duten erakundeek ere ez dute jasoko laguntza edo dirulaguntzarik, ez eta 50 langiletik gora izanik sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela ziurtatzen ez duten enpresek, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan dioenari jarraikiz.

– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe daudenak, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.

4.– Oinarri hauek ezartzen dituzten laguntzak ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek eta/edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitaziopean dagoen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.

5.– Aurreko ataletan dirulaguntzen onuradun izateko ezartzen diren baldintzak nahitaez bete behar dira laguntza-eskaera aurkezten den unetik emandako dirulaguntzaren likidazioa egin arte.

5. artikulua.– Jarduerak, diruz lagundu daitezkeen gastuak eta laguntzen gehienezko zenbatekoak.

1.– Oinarri hauen ondorioetarako, diruz laguntzeko moduko jarduerak dira: beken deialdia egitea, zabaltzea, bekadunak hautatzea eta esleitutako jomugara abiatu aurreko prestakuntza ematea bekadunei, praktikak egingo diren enpresa eta erakundeak konprometitzea eta programaren garapena kudeatzea amaitu arte.

2.– Hauexek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Beka bakoitzari hasiera ematen dion prestakuntza espezifikoa emateko antolatutako ikastaroen gastuak. Ikastaro horiek 40 eta 60 ordu bitarteko iraupena izango dute, eta besteak beste honako gai hauek landuko dituzte:

1.– Nola ekin atzerriko praktikei.

2.– Kultura arteko negoziazioa.

3.– Protokoloa, eta komunikatzeko estiloa eta praktikak.

4.– Taldeko lana.

5.– Adimen emozionala.

6.– Berrikuntza.

7.– Beste batzuk, praktika moten arabera.

Prestakuntzako gastu horiek finantzatzeko laguntzak ez dira izango 500 eurotik gorakoak bekadun bakoitzeko.

b) Bekaren zuzkidura estaltzeko gastuak. Askoz jota hilean 1.705 euro emango zaizkio bekadun bakoitzari, gehienez 6 hilabetean. Partida horren kargura:

– Bekadunek 1.635 euroko zuzkidura gordina jasoko dute. PFEZaren eta Gizarte Segurantzaren arauek ezarritakoaren arabera, dagozkien atxikipenak egingo zaizkie aipatutako zuzkidura gordinari eta horri dagozkion ordainketei (hala badagokio).

– Gainerako 70 euroko zenbatekoarekin erakunde onuradunek enpresak ordaindu beharreko Gizarte Segurantzako kotizazioak ordainduko dituzte.

c) Aseguru-polizen ondoriozko gastuak. I. eranskinaren arabera, erakunde onuradunak aseguru-poliza bat sinatu behar du, bekadunak aseguru bat izan dezan gaixotasun, erantzukizun zibil eta istripu arriskuak estaltzeko, eta bidaia laguntzako beste poliza bat, azken horren osagarria dena. Gastu horiek finantzatzeko laguntzak ez dira izango 600 eurotik gorakoak bekadun bakoitzeko.

d) Erakunde onuradunek «Global Training» beka-programa abiaraztean, kudeatzean, administratzean eta haren komunikazioa eta publizitatea egitean izan dituzten gastuak. Gastu horiek finantzatzeko laguntzak ez dira izango 1.000 eurotik gorakoak emandako beka bakoitzeko.

Herrialderen bateko bisatuaren kostua bekadunak jasoko duen zuzkidura gordinaren % 30ekoa baino handiagoa bada, erakunde onuradunek euren gain ahal hartuko dute kostu hori partida honen kargura.

Bekadunak uko egiten badio bere bekari oinarri hauetako 14. artikuluko b) letran ezarritako justifikazioa aurkeztu ondoren eta oraindik ez bada abiatu jomugako herrialderantz edo hara heltzerik ez badu herrialdeko ezinbesteko arrazoiengatik nahiz mugak itxita daudelako, bertan behera geratuko da beka eta, hortaz, erakunde onuradunek bekaren kudeaketari dagokion kopuruaren % 50a baino ez dute jasoko.

e) Horrez gain, 3. artikuluan azaltzen den aurrekontuan kontingentzietarako 500 euroko partida bat jaso da bekadun eta urte bakoitzeko.

Partida hori bakarrik erabiliko da bekadunen segurtasunari eragiten dioten ezinbesteko arrazoiengatik (osasun arloko kontingentziak, gatazka belikoak, mundu mailako krisiak), hala nola ustekabeko gastuak ordaintzeko, ezohiko arreta medikorako, helmugako herrialdean bidaia eta gastu gehigarriak egiteko edo, hala badagokio, bekadunak jatorrira aberriratzeko.

Nazioartekotze zuzendariari baimena eskatu behar zaio partida horri edozein gastu egotzi ahala izateko, eta baimendutako gastu guztiak egiaztagiri bidez justifikatu behar dira. Kontzeptu honengatik eginiko gastuen likidazioa oinarri hauetako 14. artikuluan azaldutako hirugarren eta azken ordainketan egingo da. Ez bada beharrezkoa partida erabiltzea, erakunde onuradunek ez dute jasoko inolako diru kopururik.

6. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Oinarri hauetan ezarritako laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde edo organismo batzuek helburu berarekin emandako edozein laguntzarekin.

2.– Aurreko atalean aipatutakoa gorabehera, oinarri hauen babesean emandako laguntzaren zenbatekoa ez da izango laguntzak xedetzat duen programaren garapenerako guztizko kostua baino handiagoa, ez zenbateko hori bakarka hartuta ez administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako beste laguntza edo dirulaguntza batzuk gehituta, eta ezta ere diruz lagundutako jarduera berberetarako beste edozein diru-sarrera edo baliabide gehituta. Zenbateko hori gaindituz gero, soberakina kenduko zaio laguntzari.

7. artikulua.– Aurkezteko epea, eskaerak eta dokumentazioa.

1.– Laguntza-eskaera aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunaren biharamunean eta 2023ko uztailaren 14an amaituko da.

2.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta oinarri hauetatik ondorioztatutako gainerako tramiteak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira. Eskaera helbide elektroniko honetan eskuratu eta bete ahal izango da: www.spri.eus/GlobalTraining

3.– Dokumentu hauek aurkeztu behar dira eskaerekin batera:

a) Eskatzailearen NANa.

b) Erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko Txartela.

c) Erakundearen eratze-eskriturak eta pertsona eskatzailearen ordezkatze-ahala.

d) Emandako kontuaren titulartasunaren ziurtagiria.

e) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta daudela egiaztatzen duten ziurtagiriak. Laguntza-eskaeran berariazko baimena eman dakioke SPRIri ziurtagiri horiek egiaztatzeko, baina erakunde eskatzaileak ez badu baimenik ematen horretarako, berak aurkeztu beharko ditu.

f) Oinarri hauetako 4.b) artikuluan eskatzen den esperientzia egiaztatzeko ziurtagiriak, zeintzuetan adierazi behar baitira garatutako proiektuak, deialdiak edo hitzarmenak.

g) Nazioarteko sare bateko kide dela edo atzerriko antzeko beste erakunde batzuekin hitzarmenak edo lankidetza akordioak sinatu dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak, 4.d) artikuluan adierazitakoa betetzeko.

h) «Global Training» beka-programa bat garatzeko proiektua, honako hauek jasoz:

I.– Deialdirako proposatzen dituen eta oinarri hauen eranskinean aurreikusitako baldintzekin bat datozen «Global Training» beken kopurua.

II.– Hautatutako gazteei praktikak egingo dituzten enpresan edo erakundean sartu aurretik emango zaien prestakuntza-plana. Prestakuntza-plan horrek bere baitan bilduko ditu 40-60 ordu bitarteko ikastaroak, bat etorriko direnak oinarri hauetako 5. artikuluan zehazten den oinarrizko programarekin.

III.– Egin beharreko ekintzen kronograma, proiektua deialdiaren arabera garatuko dela bermatzeko.

IV.– Aurreikusitako diru-sarrera eta gastuen eta proiektuan bildutako ekintzen garapenaren aurrekontu osoa.

V.– Erakunde eskatzaileak proiektua garatzeko dauzkan giza baliabideak, baliabide materialak edo/eta esperientzia.

VI.– Proiektuaren garapenean inplikatutako erakunde juridikoko pertsonen Curriculum Vitae-a.

II, III eta IV. eranskinak ongi beteta aurkeztu behar dira. Ez badira ongi betetzen, eskatzaileari eskatuko zaio zuzendu ditzala eranskin horiek 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.

i) Bi erakunde desberdin edo gehiagok eskaera bateratu bat aurkezten badute lankidetza modalitatean, eskaerarekin batera aurkeztu beharko dute baita ere erakunde kooperatzaile guztiek sinatutako lankidetzako barne-akordio bat. Akordio horretan zehatz-mehatz azalduko dute nola lagunduko duten bikaintasuna lortzen proiektuaren fase desberdinetan, nola egingo duten beken publizitatea, deialdia eta hautagaien aukeraketa, nolako prestakuntza eskainiko duten, nola bilatuko dituzten jardunbide egokienak eta nola monitorizatuko duten prozesu osoa. Akordio horretan zehaztuko da baita ere zein solaskide izendatzen den Basque Trade & Investment-ekin (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziarekin egin beharreko tramite guztietarako. Lankidetzako eskaeren kasuan, bera izango da eskaeran parte hartzen duten erakunde guztien ordezkaria.

j) Erantzukizunezko adierazpena, zeinetan egiaztatuko baita baldintza hauek betetzen direla:

– Ez daukala Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako debekurik.

– Ez duela armarik egiten, merkaturatzen eta finantzatzen, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoari jarraikiz.

– Proiektu berarentzat erakunde publiko edo/eta pribatuetan eskatu edo haiengandik jasotako laguntzak, bertan adieraziz eskaeraren data edo, hala badagokio, laguntza eman zeneko data, organismoa, programa eta zenbatekoa.

– Erakundeak ez duela sexuagatiko diskriminazio-jarduerarik egin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera, ez eta sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenik jaso ere, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ez da Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duen erakundea, ez eta 50 langiletik gorako enpresa bat ere, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez duena, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legerian ezarritako baldintzetan.

– Erakundeari ez zaiola zehapenik ezarri ebazpen irmo baten bidez, ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea ez betetzearen ondoriozko arau-hauste astun edo oso astunengatik.

– Erakundeari ez zaiola zehapenik ezarri Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunengatik, administrazio-bideko ebazpen irmoaren bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak gauzatu eta zehapena bete arte.

– Erakundeak ez duela egiten, bultzatzen edo sustatzen LGTBIfobiarik, bihurketa-terapiak barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

4.– Basque Trade & lnvestment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) edo/eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak erakunde eskatzaileei eska diezaiekete aurkeztu ditzatela laguntza eskaeran aurkeztutako proiektua egoki ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten beste edozein dokumentu edo informazio osagarri.

5.– Ez da derrigorrezkoa Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) edo/eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren esku dauden indarreko dokumentuak aurkeztea. Erakunde eskatzaileak dagoeneko aurkeztu badu dokumentazio hori, eskaeran adierazi beharko du zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zuen.

6.– Laguntza-eskaera eta gainerako dokumentazioa edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu daitezke. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

8. artikulua.– Onarpena eta zuzenketa.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak ikusten badu oker, akats edo zehazgabetasunen bat dagoela aurkeztutako dokumentazioan, horren berri emango dio erakunde eskatzaileari, zeinak 10 egun izango baititu akatsa zuzentzeko, eta baita ere esango dio, akatsa zuzendu ezean, ulertuko dela atzera egin duela eskaeran. Epe hori igaro bada zuzenketa egin gabe, ebazpen bidez adieraziko da uko egin zaiola eskaerari.

9. artikulua.– Esleipen-prozedura.

1.– Erakunde onuradunentzako dirulaguntzak, beka kudeatzea helburu dutenak, norgehiagoka prozedura bidez emango dira. Horretarako, aurkeztutako eskaera guztiak baloratuko dira, hurrenkera bat zehazteko 10. artikuluan finkatutako irizpideen arabera.

2.– Dirulaguntzak emateko kontuan hartuko da hurrenkera hori eta bakarrik emango zaizkie 10. artikuluan finkatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten erakundeei, harik eta deialdi honetarako zuzkidura agortu arte. Hala, ez da bermatzen gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskatzaile guztiak onuradun izango direnik.

10. artikulua.– Balorazio-irizpideak eta haztapen-faktoreak.

Balorazio-irizpideak taula honetan zehaztutakoaren arabera haztatuko dira. Onuradun izaera eskuratzeko, derrigorrezkoa da gutxienez 60 puntu lortzea.

(Ikus .PDF)

Irizpideen azalpena:

1.– Praktiken argitasuna (gehienez 25 puntu): honako hauei buruzko informazioa eman behar da: enpresa edo organismoaren jarduera, sektorea, jatorria eta tamaina; eskatzen den profila; praktikaldia egingo den helmuga geografikoari buruzko informazioa; bekadunak egin beharko dituen zereginen azalpena.

2.– ZTBP 2030 planeko lehentasunezko eremuetako enpresa eta organismoetan egingo diren praktiken portzentajea (20 puntu): kontuan hartuko da aurkeztutako praktika guztien % 25 gutxienez ZTBP 2030 planeko lehentasunezko eremuetako sektore bateko enpresa eta organismoetan egitea, halako moldez non programaren lehentasunak bat etorriko baitira Eusko Jaurlaritzaren Industria Garatzeko eta Nazioartekotzeko 2021-2024 Plan Estrategikoarekin.

3.– Atzerriko enpresa eta organismoen portzentajea (20 puntu): erakundeek lankidetza-akordioak sinatu ditzakete euskal enpresekin zein Estatuko organismoekin, baina nola programaren helburua den bekadunek beste enpresa-kultura batzuk ezagutzea eta haietatik ikastea, baloratuko da aurkeztutako praktika guztien % 80 gutxienez atzerriko enpresa eta organismoetan egitea.

Euskal enpresetan eta Estatuko organismoetan eginiko praktiken portzentajea % 20koa baino handiagoa bada, proiektuak ez ditu jasoko atal honetako 20 puntuak eta, horrezaz gain, % 20ko gehienezko portzentaje horretatik gora geratzen diren eta unibertsitate-tituludunak eskatzen dituzten praktikak ez dira kontuan hartuko artikulu honetako 4. ataleko balorazioa egitean.

Lanbide Heziketako tituludunak eskatzen dituzten euskal enpresetan nahiz Estatuko organismoetan egiten diren praktiken kasuan, aintzat hartuko da kolektibo horretako kideek unibertsitateko tituludunek baino aukera gutxiago dituztela atzerrian praktikak egiteko, eta horregatik ez dira kontuan hartuko atzerriko enpresetako praktiken portzentajea kalkulatzean.

Irizpide hori ebaluatzeko, Euskadiko edo Estatuko enpresen filialak, sukurtsalak eta ordezkaritza-bulegoak ez dira hartuko atzerriko enpresatzat, eta ezta ere Estatuko organismoek atzerrian dituzten delegaritzak edo/eta ordezkaritzak.

4.– Bekaldiaren luzapena (gehienez 30 puntu): positiboki baloratuko da praktikaldiaren gutxieneko 6 hilabeteko epea luzatzea. Luzapen horren gehienezko epea 6 hilabetekoa izango da eta, hortaz, praktikek 12 hilabete iraun ahal izango dute guztira. Lehen 6 hilabeteetako gastu guztiak Programaren aurrekontuaren kargura finantzatuko dira, eta luzapen aldiko gastu guztiak, berriz, praktikak eskaintzen dituen erakunde onuradunak, enpresak edo organismoak ordainduko ditu.

Luzapena baloratu ahal izateko, enpresak edo organismoak oinarri hauetako III. eranskinean ageri den aurre-akordio eredua sinatu behar dute.

Azken deialdietako esperientziak erakusten du zenbait diziplina akademikotan ez dela posible bekaldiaren iraupena luzatzea, eta bermatzeko programa honetan diziplina guztiek izango dutela tokia eskaintza apropos eta interesgarriekin, aurkeztutako eskaintzen % 10ari ez zaio aplikatuko balorazio-irizpide hori. Hauek dira salbuespen honetan sartzen diren diziplinak: Ingurumen Zientziak, Biologia, Artea, Artearen Historia, Arte Ederrak, Geografia eta Historia, Kultur Kudeaketa, Filologia, Itzulpengintza eta Interpretazioa, Psikologia, Kirola eta Gorputz Hezkuntza, Musika, eta Ostalaritza eta Sukaldaritza.

5.– Erakundeen arteko lankidetza eraginkor eta erreala (5 puntu): Kontuan hartuko da bi erakunde edo gehiagok euren proiektua lankidetzan aurkeztea. Lankidetzaren helburua izan behar da bikaintasuna lortzea proiektuaren fase desberdinetan: beken publizitatea, deialdia eta hautagaien aukeraketa, prestakuntza, jardunbide egokien bilaketa eta prozesu osoaren monitorizazioa.

Artikulu honetan jasotako irizpideak hobeto ebaluatzeko, eskatzaileak beteta aurkeztu beharko ditu III. eranskina (Eskainitako praktika bakoitzaren xehetasunak) eta IV. eranskina (Eskainitako praktiken laburpen-koadroa).

11. artikulua.– Eskaeren analisia eta ebaluazioa

1.– Baliorazio-batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eta onartutako eskaerak aztertzea eta ebaluatzea. Honako hauek osatuko dute Balorazio-batzordea:

– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Enpresa Nazioartekotzeko zuzendaria, Batzordeko presidentea izango dena: Iñaki Ezkurra Yurrebaso. Ordezkoa: Usoa Agirre Retolaza, Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Kanpo Sarearen arduraduna.

– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Programen teknikaria, Batzordeko bokala izango dena: Enbor Barruetabeña Rivallo. Ordezkoa: Jesus Mari Cantón Martínez, Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Programen teknikaria.

– SPRIko Nazioartekotze Programen teknikaria, Batzordeko idazkaria izango dena: Inmaculada López Pérez. Ordezkoa: Iker Arruabarrena Fernández, SPRIko Nazioartekotze Programen arduraduna.

Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erakunde kolaboratzailea, eta hauek izango dira bere zereginak:

a) Bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea.

b) Egindako gastu hautagarriak behar bezala egin direla berrikustea.

c) Egindako berrikuspenei buruzko txostenak egitea.

d) Gerta litezkeen gorabeherak SPRIri jakinaraztea.

e) Oinarri hauetan jasotako guztiak.

2.– Lehiaketan parte hartzeko bete behar diren eskakizunak eta oinarri hauetan ezarritako balorazio-irizpideak oinarritzat harturik, Balorazio-batzordeak proiektu guztiak aztertu eta kalifikatuko ditu, aurkeztu eta onartutako eskaerak ordenatuko ditu goitik beheranzko zerrenda batean (lortu dituzten puntuen arabera) eta orobat adieraziko du bakoitzari proposatutako praktika kopurua, deialdi honi dagokion zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

Berdinketa gertatzen bada, 10. artikuluko 4. irizpidean (bekaldiaren iraupena) puntu gehien lortu dituen erakundea lehenetsiko da. Berdinketak jarraitzen badu, 10. artikuluko 1. irizpidean (praktiken argitasuna) puntu gehien lortu dituen erakundea lehenetsiko da. Hala ere berdinketak jarraitzen badu, irizpide hauek hartuko dira kontuan hurrenkera honetan: 2, 3 eta 5.

3.– Batzordearen erabakia oinarritzat harturik, proposamen bat idatziko da erakunde onuradunei bekak esleitzeko, eta SPRIko Nazioartekotze Zuzendaritzari bidaliko zaio.

12. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua, eta publizitate-prozedura.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira. Prozedura horren ebazpena SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendariari dagokio.

2.– Ebazpenak erabakiko du dirulaguntzak emango diren ala ez eta, ematen badira, honako alderdi hauek adieraziko dira: erakunde onuradunaren izen soziala, onartutako «Global Training» beka-proiektuaren zenbatekoa, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta diru horrekin finantzatuko den beka kopurua. Ukatuak izan diren eskaeren kasuan, eskatzaileen izen soziala eta ukatuak izateko arrazoiak adieraziko dira.

3.– Aurreko paragrafoan aipatutako Ebazpenak administrazio-bidea agortzen du. Interesatuek ebazpenaren kontrako berraztertze errekurtsoa jarri ahal izango diote SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzari, eta horretarako, hilabeteko epea izango dute jakinarazpenaren biharamunetik kontatzen hasita.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde interesatuei, baina, denek izan dezaten horren berri, programaren web orrian (www.spri.eus/Global Training) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, bertan adieraziz bakoitzak kudeatuko duen beka kopurua eta jaso duen laguntzaren zenbatekoa.

5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesatuei jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, laguntzen deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, eta epe horren ostean ebazpenik jakinarazten ez bada, dirulaguntzaren eskaera ukatu dela ulertu beharko dute interesatuek.

6.– Oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntzak esleitu eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren menpeko erakunde autonomoek eta/edo sektore publikoko gainerako erakundeek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitaziopean dagoen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta egotea. Baldin eta prozedura amaitzean erabakitzen bada erakundeak galdua duela dirulaguntzak jasotzeko gaitasuna edo diru kopuru bat itzuli behar duela eta ordainketa hori ez bada egiten horretarako ezarritako borondatezko epean, dirulaguntza bertan behera geratuko da, erakunde horrek onuradun izateko debekua duelako.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Oinarri hauen babesean ematen diren dirulaguntzen erakunde onuradunek derrigor bete behar dituzte azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako betebeharrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen (azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen bidez onartua) testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak, eta baita ere bekadunekin hartzen dituztenak, oinarri hauetako I. eranskineko VII. atalean aurreikusitakoaren arabera. Zehazki, hauexek dira betebehar horiek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Zentzu horretan, ulertuko da erakundeak dirulaguntza onartzen duela, baldin eta ez badio espresuki eta idatziz uko egiten laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta 10 egun balioduneko epean.

b) Dirulaguntza erabiltzea dirulaguntzan adierazitako helbururako eta aurreikusitako gastuak finantzatzeko.

c) SPRIri eta Basque Trade & Investment-Nazioarteko Euskal Agentziari berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela hemen ezarritako xede berbererako beste edozein Administraziotatik edo erakunde publiko edo pribatutatik.

d) Lankidetza-akordio espezifikoak sinatzea praktikak eskainiko dituzten atzerriko enpresa edo organismoekin, zeintzuetan argi zehaztuko baitira praktikaldia garatzeko baldintza material eta teknikoak. Baldin eta bekadunaren egonaldia formalizatzeko beharrezkoa bada bisa bat edo bestelako baimenen bat lortzea, erakunde onuradunak helmugako enpresa edo organismoei eskatuko die aldez aurretik ziurtatu dezatela betetzen dituztela herrialde horrek eskatzen dituen baldintza guztiak.

e) Bermatzea eskatutako profila betetzen duten hautagai guztiek aukera izango dutela euren eskaera aurkezteko interesatzen zaizkien eskaintza guztietara. Zentzu horretan, debekatuta dago aurrez aukeratutako pertsona zehatz bati zuzendutako eskaintzak egitea.

f) «Global Training» beken deialdia egitea oinarri hauetako I. eranskinean adierazitako ezaugarri guztiekin, eta emandako beka guztiak kudeatzea, hasi aukeraketatik eta praktikak amaitu arte.

«Global Training» beken berri emateko elementu guztietan (web orrietan, prentsako edo aldizkarietako iragarkietan) nahiz deialdi-, aukeraketa-, esleipen- eta jarraipen-prozesuetako dokumentu guztietan agertu behar dira «Global Training» beka-programa identifikatzen duen logoa, Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) logoa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren logoa eta Eusko Jaurlaritzaren logoa.

Era berean, aipatutako elementu eta dokumentuetako testuetan espresuki eta behar adina aldiz adieraziko da beka horiek Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Eusko Jaurlaritzaren ekimena direla. Azkenik, elementu eta dokumentu horietako testuetan orobat aipatu behar da Global Training programa hainbat erakunde onuradunen bitartez kudeatzen dela, eta Basque Trade & Investment-en webgunerako esteka bat txertatu behar da, azalduz hantxe kontsultatu daitekeela beken eskaintza osoa.

g) Solaskide bakar bat izendatzea Basque Trade & Investment-ekin (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziarekin egin behar diren tramite guztietarako.

h) Basque Trade & Investment-i (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) erakunde kolaboratzailea bezala, behar besteko aurrerapenarekin jakinaraztea zein den aukeraketa-prozesuko elkarrizketen egutegia, bere ordezkariak elkarrizketetara joan daitezen.

i) Ziurtatzea ematen direla aurretiazko prestakuntza-ikastaroak.

j) Beka emateko agiria egitea, jakinaraztea eta argitaratzea, I. eranskineko V. artikuluko 4 eta 5 ataletan adierazten den bezala.

k) Beka bakoitzaren aseguruak kudeatzea.

l) Bekadunei alta ematea Gizarte Segurantzan.

m) Emandako «Global Training» beka guztien jarraipena egitea, egiaztatzeko bekadunak betetzen dituela ezarri zaizkion baldintzak programan dagoen bitartean. Horretarako, dagozkien txostenak eskatuko zaizkie bekadunei eta praktikak garatuko diren enpresa edo organismoei.

n) Hilean behin, hilabete bakoitzeko lehen bost egun baliodunen barruan, bekadunek jasandako aldaketen (helmugara abiatzea, uko egitea, Euskadira itzultzea, azken orduko aldaketak) berri ematea SPRIren sozietate filiala den Basque Trade & Investment-i (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia).

ñ) Harremanetarako telefono bat gaitzea larrialdietarako, Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRIren zerbitzura egongo dena.

o) Agiri bidez dokumentatzea emandako «Global Training» beken kopurua eta beren ezaugarriak. Agiri horiekin batera beken garapenaren laburpen-txosten bat aurkeztu beharko da.

p) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-eginkizunak betetze aldera.

q) Ez-betetzeren bat detektatzen bada laguntza emateko baldintzetan, jasotako zenbatekoak itzultzea.

r) Bekadunari dagokion zuzkidura ordaintzea. Ordainketa hori hiru zatitan egingo da: lehena, % 50ekoa, beka eman ondoren eta praktikak hasi baino lehen; bigarrena, % 40koa, praktikaldiaren erdia betetzen den hilabetean; eta hirugarrena, gainerako % 10a, praktikak amaitzean eta eskatutako agiri guztiak aurkeztutakoan.

s) Bi erakundek edo gehiagok eskaera bateratu bat aurkezten badute lankidetzako modalitatean, proiektuaren kudeaketa bakarra eskaintzea. Hau da, ezingo dituzte bekak erakunde kooperatzaileen artean banatu eta bereizita kudeatu.

14. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea eta erakunde onuradunek laguntza justifikatzea.

1.– «Global Training» beka-programaren erakunde onuradunei emandako laguntzak 13. artikuluan aipatutako epea igarotakoan ordainduko dira, betiere ez bazaio laguntzari espresuki uko egin. Ordainketa honela egingo da:

a) Lehen ordainketa (zenbatekoaren % 25) laguntza onartutakoan.

b) Bigarren ordainketa (zenbatekoaren % 25), datu eta agiri hauek aurkeztutakoan:

– Bekadunen zerrenda: zerrenda horretan datu hauek zehaztuko dira: izen-abizenak, NANa, jaiotza-data, generoa, telefonoa, posta elektronikoa, ikasketak, hizkuntzak, eta esleitu zaizkion enpresa, herrialdea eta hiria. Horrez gain, erakunde kolaboratzailea den Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) beharrezkotzat jotzen duen informazio gehigarri guztia eskatu ahal izango du bekadunei eta esleitutako enpresei buruz.

– Aukeratutako bekadun bakoitzari emandako beka indibidualen agiriak, I. eranskineko V. artikuluko 4 eta 5 ataletan adierazitakoaren arabera.

Bekadunen zerrenda aurkezteko azken eguna 2023ko abenduaren 31 izango da. Behin bekadunen zerrenda aurkeztu ondoren, ezingo da beka gehiagorik eman, ezta 2023ko abenduaren 31tik aurrera ere.

c) Hirugarren eta azken ordainketa lehen 6 hilabeteak bukatu eta justifikatu ostean egingo da, eta % 50ekoa izango da kontzeptu guztiengatik (gehi kontingentziak, halakorik balego). Erakunde onuradunek egiaztatzen badute azken ordainketa horren guzti edo zati baten aurrerakin bat behar dutela «Global Training» beken kudeaketak eragindako gastuei aurre egiteko, eskaera bat egin beharko diote entitate kolaboratzailea den Basque Trade & Investment-i (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), eta horrekin batera 180.303,63 euro baino gehiagoko aurrerakinetarako bankuko abal bat ere aurkeztu beharko dute, eta diruz lagundutako gainerako jarduerak gauzatzeko beharrezko finantzaketa gisa eskatzen den ordainketa aurreratuaren beharra justifikatu beharko dute. Aurrerakinak 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera soilik eskatu ahal izango dira. Nazioartekotze Zuzendaritzak ebatziko ditu eskaeran justifikatutako inguruabarren arabera, eta ematen direnetik gehienez ere 2 hilabeteko epean ordainduko dira, hala badagokio eskatzen den bermea eratu ondoren.

2.– Justifikazioak SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzian aurkeztu beharko dira, deialdi honen aurrekontuaren kargura garatutako proiektua amaitzen denetik hilabeteko epean, eta beranduen jota 2024ko azaroaren 30a baino lehen.

3.– Justifikaziozko agirien artean honako hauek aurkeztuko dira gutxienez:

– Bekadunak egin dituen zeregin eta jardueren txosten xehea.

– Bekaren garapenaren txosten orokorra, enpresen eta bekadunen zerrendarekin.

– Erakunde onuradunak bekadunei eginiko bankuko transferentzien ziurtagiria.

– Gizarte Segurantzari eginiko ordainketen ziurtagiria (langileen zerrenda nominala, alta eta baja agiriak).

– Kontratatutako aseguruen ziurtagiriak.

– Prestakuntza-ikastaroak antolatzeagatiko kostuaren ziurtagiriak.

– Kudeaketa, administrazio, komunikazio eta publizitate gastuen ziurtagiriak.

Faktura guztiak BEZ gabe egingo dira, salbu eta erakunde onuradunak BEZa ordaintzetik salbuetsita dauden jarduerak bakarrik egiten baditu. Kasu horretan, dagokion ogasunaren ziurtagiria aurkeztu behar da.

Ez da onartuko auto-fakturaziorik, ez eta erakunde kooperatzaileen arteko fakturaziorik.

Erakunde onuradunaren barneko langileek garatu badituzte prestakuntza, administrazio, komunikazio edo publizitate jarduerak, espresuki adierazi beharko dira pertsona horien izenak, egin dituzten zereginak, jarduerari eskaini dizkioten orduak eta ordu horien kostua.

Prestakuntza-ikastaroa emateko erakunde onuradunaren barruko aretoak erabiltzeagatiko gastuak egotzi behar badira, orduak eta horien kostua adieraziko dira, erakundeko aretoak erreserbatzeko tarifa ofizialak aurkeztuz.

Ez da ordainketarik egingo onuradunak ez baditu egunean bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo zorduna bada dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen baten ondorioz.

15. artikulua.– Aldaketak praktiken eskaintzan.

1.– Erakunde eskatzaileek erreserbako praktikak aurkeztu ahal izango dituzte praktika nagusiak ordezkatzeko. Erreserbako praktika horiekin praktika nagusiak ordezkatu ahal izango dira zenbait profilen gabezia nabaritzen bada edo ordezkapenak egin behar badira praktikak bertan behera geratu direlako zenbait arrazoirengatik, hala nola bisak edo baimenak ezin lortzeagatik, mugak ixteagatik, herrialdeko segurtasun baldintzek okerrera egiteagatik, helmugako enpresa edo organismoek alde bakarreko erabakiz praktikak bertan behera uzteagatik edo sor litezkeen ezinbesteko beste arrazoi batzuengatik.

2.– Bisatua lortzeko ezintasunagatik edo beste arrazoi justifikatu batzuengatik erakunde onuradunek --enpresekin adostuta-- praktikak egingo diren herrialdea edo/eta hiria bakarrik aldatu nahi badute, posible dute hori egitea erreserbako praktiketara jo beharrik gabe. Aldaketa hori egiteko ez da Nazioartekotze Zuzendaritzaren baimenik beharko, baina Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) erakunde laguntzaileari jakinarazi beharko zaio.

3.– Erreserbako praktikak aurkeztu nahi dituzten erakunde eskatzaileek IV. eranskinean (Eskainitako praktiken laburpen koadroa) praktika nagusientzako eskatzen den informazio bera aurkeztu beharko dute, erreserbakoak eta nagusiak bereiziz bakoitzari dagokion zutabean.

4.– Praktika nagusiak erreserbako praktikekin ordezkatuko dira, baldin eta antzeko ezaugarriak badituzte oinarri hauetako 10. artikuluan adierazitako balorazio-irizpideetan.

5.– Salbuespen gisa, gutxienez erreserbako 10 praktika aurkeztu dituzten erakunde onuradunek aukera izango dute praktika nagusien ordez erreserban ez zeuden beste praktika batzuk egiteko. Horrelakoetan, onuradunak frogatu beharko du ezinezkoa dela praktika nagusiak erreserbakoekin ordezkatzea eta, nolanahi ere, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren baimena beharko du.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen oinarri hauetan ezarritakoa, aurkeztutako datuak faltsuak badira edo dirulaguntzan adierazitakoa ez den beste helburu baterako erabili badu dirua, SPRI-Enpresen Nazioartekotzeko Euskal Agentziak ez-betetze espedientea tramitatuko du eta onuradunak dirulaguntza galduko du; hala, bi hilabeteko epean laguntzaren zenbatekoa gehi dagozkion interes legalak itzuli beharko ditu, egoki diren gainerako ekintzen kalterik gabe, hori guztia azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean ezarritakoaren arabera.

2.– Ez-betetzetzat hartuko da baita ere Dirulaguntzen Lege Orokorreko 37. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean egotea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa eta 1/2021 Dekretua, urtarrilaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duena.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin (aurrerantzean «DPBEDB»), Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuen Babeserako 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin (aurrerantzean «DBEO»), eta datu pertsonalen babesaren arloan aplikatzekoa den gainerako araudiekin, jakinarazten da SPRIk tratatu egingo dituela eman dituzuen datuak eta Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko dituela.

Tratamendu hori deialdiaren interes publikoan eta zuen parte-hartze eskaeran oinarritzen da, helburutzat dauka eskatzen den laguntzaren espedientea kudeatzea, eta datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk daukan interes publikoa Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren sorrera-estatutuetako xedeak betetzeko.

Informazio hori laga ahal izango zaie gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei.

Datuak gordeta geratuko dira laguntza emateko espedientea tramitatzen den bitartean, eta lege-obligazioak betetzeko legez gorde daitezkeen denboran.

Interesatu guztiek dute eskubidea datuak zuzendu zein ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuak aurkaratzeko, datuen eramangarritasunerako, tratamendu automatizatu batean bakarrik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, eta datu-babesaren arloan aplikatzekoak diren gainerako araudietan aurreikusitako eskubideak baliatzeko, baldin eskubide horiek aplikagarriak badira, idatzizko jakinarazpen bat bidaliz helbide elektroniko honetara: lopd@spri.eus. Era berean, interesatuek posible dute harremanetan jartzea Datuen Babeserako Ordezkariarekin, idatzizko jakinarazpen bat bidaliz helbide elektroniko honetara: dpd@spri.eus.

Halaber, interesatu guztiek eskubidea dute erreklamazio bat aurkezteko dagokion Kontrol Agintaritzan eta, SPRIren kasuan, Datuen Babeserako Euskal Agentzian: www.avpd.eus

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo helbide honetara: //agenda.spri.eus/es/aviso-legal/privacidad/

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa izango da jurisdikzio eskuduna.

I. ERANSKINA
«GLOBAL TRAINING» BEKA-PROGRAMAREN OINARRIAK

I.– Helburua.

«Global Training Bekak» laguntza-programaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen nazioz haraindiko mugikortasuna bultzatzea, gazte horiek beren ikasketa- eta lanbide-profilarekin lotutako jarduerak eta proiektuak egin ditzaten atzerriko herrialdeetako enpresetan eta erakundeetan, aldez aurretik planifikatutako prestakuntza praktikoko plan batekin. Horretarako, Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) erakundeak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak laguntza ekonomikoak ematen dizkiete programa hori garatzeko gaituta dauden erakundeei, unibertsitateko tituluak eta goi-mailako lanbide-heziketako tituluak dituzten gazteek –erakunde horiek hautatutakoek eta prestatutakoek– aukera izan dezaten praktikak egiteko atzerriko enpresa eta erakundeetan. Laguntza horien araubidea jasota dago oinarriotan eta oinarriei atxikita doan eranskin honetan.

II.– «Global Training» beken edukia.

1.– Programari atxikitako erakunde arduradunek ematen dituzten bekek honako hauek barne hartzen dituzte:

a) 40-60 ordu bitarteko prestakuntza-ikastaro bat, bekadun guztiek derrigorrez egin behar dutena; ikastaro horren gutxieneko edukia zehaztuta dago deialdi honetako II. eranskinean eta beken erakunde arduradunak, hau da, laguntza-programaren onuradunak emango du praktikak hasi aurretik.

b) Gutxienez 6 hilabeteko eta gehienez 12 hilabeteko egonaldi bat atzerrian praktikak egiteko enpresa edo organismo kolaboratzaile batean.

2.– Bekaduna bekadun bihurtuko da erakunde arduradunak beka eman izanaren agiria igortzen duenean.

III.– «Global Training» beken onurak eta mugak.

1.– Guztira 500 beka eskainiko dira.

2.– Programa honetako bekak jasotzen dituztenek onura hauek izango dituzte:

a) 40 eta 60 ordu bitarteko doako prestakuntza-ikastaro bat praktikak hasi aurretik; beken erakunde erakundeak antolatu eta ordainduko du ikastaro hori eta bekadunek derrigorrez egin beharko dute, bestela beka galduko dute eta.

b) Hileko 1.530 euroko zuzkidura gordina gastu hauek ordaintzeko: helmugako herrialdera joateagatiko gastuak, mantenua eta ostatua eta, beharrezkoa balitz, bisak lortzeko edo txertoak jartzeko gastuak. PFEZaren eta Gizarte Segurantzaren arauek ezarritakoaren arabera, dagozkien atxikipenak egingo zaizkie aipatutako zuzkidura gordinari eta horri dagozkion ordainketei (hala badagokio).

c) Erantzukizun zibileko eta istripuetako arriskuak estaltzeko polizak eta Bidaia Laguntzako beste poliza bat, azken horren osagarri dena. Erantzukizun zibileko polizaren bidez estaltzen dira aseguratuak bere beka-aldian hirugarrenei eragindako kalteen ondorio ekonomikoak.

Hauexek dira istripu polizak estaltzen dituen gertaerak: heriotza, ezintasun iraunkor absolutua, osoa eta partziala (baremoaren arabera). Eta Bidaia Laguntzako polizaren bidez estaltzen dira aseguratuak helmugako herrialdean izan ditzakeen istripu eta/edo gaixotasunak (pandemiak barne).

Poliza horien eremu geografikoa mundu osora hedatzen da.

3.– Beka emateak eta hartaz baliatzeak ez du inolako kontratu edo estatutu bidezko harremanik sortuko bekadunaren eta beken erakunde arduradunaren, Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo praktikak egiten diren enpresa edo erakundeen artean.

IV.– «Global Training» bekak eskuratzeko baldintzak.

1.– «Global Training» bekak eskuratu nahi dituztenek baldintza hauek bete eta egiaztatu beharko dituzte:

a) Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eskabideak aurkezteko epea irekitzen den unea baino gutxienez 12 hilabete lehenagotik edo 5 urtez jarraian aurreko 10 urteetan.

b) Unibertsitateko gradu-titulua edo goi-mailako Lanbide Heziketako titulua edukitzea. Onartuko dira atzerrian lortutako tituluak, baldin eta tituluarekin batera aurkezten bada agintaritza eskudunak egindako homologazioa edo baliokidetza.

c) Praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak eskatutako profilera egokitzea.

d) 2023ko urtarrilaren 1ean 30 urte bete gabe izatea.

e) Ingelesa jakitea. Unibertsitateko irakaskuntza ofizialetako graduko tituluen kasuan, erreferentziatzat hartuko da B2 maila, eta goi-mailako Lanbide Heziketako tituluen kasuan, B1 maila. Baldin azken 4 urteetan hautagaiak ez badu eskuratu eskatzen zaion hizkuntza-maila egiaztatzeko titulu ofizialik, ahozko eta idatzizko proba bat egin beharko du eta eskatutako ingeles-mailari dagozkion ezagutzak egiaztatu beharko ditu.

f) Beka onartzeko unean ez izatea beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik, ez eta eguneroko bizitza mugatzen duen patologiarik.

g) Antzeko prestakuntza-helburua duten eta unibertsitate-tituludunei zuzenduta dauden laguntza edo beken onuradun ez izatea, baldin eta beka eta laguntza horren bidez 6 hilabete edo gehiagoko praktikak egin badira nazioarteko erakunde edo enpresetan. Zehazki, beka hauek ez dira bateragarriak beste hauekin: aurreko ekitaldietako Global Training bekak, ICEXenak edo beste administrazio autonomiko batzuenak, merkataritza-ganberenak, merkataritza sustatzeko EBko erakundeenak edo antzeko beste erakunde batzuenak.

h) Lanik edo praktikarik egin ez izana Global Training praktikak egingo diren enpresa edo erakundeetan.

i) Egunean egotea indarrean dauden xedapenek agindutako zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan.

j) Oinarri hauen bitartez araututako bekarik ez dute jasoko bekak edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat dutenek, edo horretarako legezko debekuren bat dutenek, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 4/2005 18 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

k) Ez dira onuradun izango Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko kasuren batean dauden pertsonak.

2.– Ondoko hauek aurkeztuko zaizkio beken erakunde arduradunari egiaztatzeko betetzen direla aurreko atalean jasotako baldintzak:

a) Jaiotza-data egiaztatzeko dokumentazioa (NANa, jaiotza-agiria edo datu hori modu frogagarrian egiaztatzen duen beste edozein agiri).

b) Curriculum vitaea.

c) Artikulu honetan zehaztutakoari jarraikiz, administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan duela egiaztatzen duen dokumentazioa.

d) Dokumentu hauetakoren bat erabiliz egiztatuko da graduko unibertsitate-titulu ofiziala:

– Titulua.

– Titulu-eskaeraren gordekina, hura emateko eskubideak ordaindu dituela egiaztatzeko dokumentuarekin.

– Ikasketa-espedienteko oharra, zeinetan adierazten baita gainditu duela titulazioari dagokion proba orokorra eta ordaindu dituela titulua lortzeko eskubideak.

Atzerrian lortutako unibertsitate-tituluak agintaritza eskudunak emandako homologazioarekin edo baliokidetzarekin batera aurkeztu beharko dira.

e) Eskatutako hizkuntza-maila ziurtatzen duen egiaztagiria, gehienez ere 4 urteko antzinatasuna duena. Halakorik izan ezean, hizkuntza-maila egiaztatzeko ahozko eta idatzizko proben emaitzak aurkeztu beharko dira.

f) Erantzukizun adierazpena, honako hauek adieraziko dituena:

– Ez duela beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik; edo beka onartzeko orduan ez duela eguneroko bizitza mugatzen duen patologiarik.

– Ez dela izan antzeko beka baten onuradun, artikulu honetan xedatutakoarekin bat etorriz.

– Ordainduta dauzkala dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Egunean dagoela zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan.

3.– Jakiteko hautagaia egokitzen den praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak eskatutako profilera, elkarrizketa bat egingo da Hautaketa Epaimahaiarekin eta bertan erabakiko da eskatutako profilera egokitzen den ala ez.

V.– «Global Training» beketarako hautagaiak aukeratzeko prozesua.

1.– Beka-eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri hauetan ezarritakoa onartzea.

2.– Hautagai bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du programari atxikitako erakunde onuradun batean. Hori hala dela ziurtatzeko, SPRIren sozietate filiala den Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) konprobatuko ditu beken erakunde arduradunetan aurkeztutako eskaera guztiak. Hautagairen batek eskaera bat baino gehiago aurkeztu badu, hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da.

3.– Beken erakunde arduradunek egingo dute hautaketa, jarraian azaltzen den prozesuaren arabera:

a) Beka-programaren deialdi publikoa egingo da, eta bertan alderdi hauek azalduko dira: proposatutako beka kopurua eta beka bakoitzaren profila eta jomuga; eta gutxienez hilabeteko epea finkatuko da deialdia lehenengoz iragartzen denetik, eskaerak formalizatzeko eta IV. atalean aipatutako egiaztagiriak aurkezteko.

b) Egiaztatuko da aurkeztu dela eskatutako dokumentazio guztia, eta, hala ez bada, interesatuei eskatuko zaie aurkez dezatela dokumentazio hori gehienez hamar eguneko epean.

c) Curriculum Vitaea aztertuko da eta tituluak, prestakuntza osagarria eta esperientzia edo egindako praktikak baloratuko dira, irizpidetzat harturik berdintasuna, merezimenduak eta gaitasuna.

d) Eskatutako ingeles-titulu ofizialik (gehienez 4 urteko antzinatasunarekin) ez duten hautagaiek ingeles proba egingo dute.

e) Elkarrizketa egingo da Hautaketa Epaimahaiarekin, eta bertan baloratuko da hautagaiaren profila egokitzen den praktikak egingo diren atzerriko enpresak edo organismoak eskatutako profilera.

f) Hautaketa Epaimahai bakoitzean beka-deialdia egin duen erakundeko bi kide egongo dira gutxienez. Lankidetza modalitatean parte hartzen duten erakundeen kasuan, lankidetzan ari diren gutxienez bi erakundetako ordezkariak egongo dira elkarrizketa bakoitzean. Horrez gain, presente egon daiteke baita ere SPRIren sozietate filiala den Basque Trade & Invesment-eko (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) ordezkari bat.

4.– Hautaketa-prozesua amaitu ondoren, deialdia egin duen erakundeak beka esleitzeko agiria emango du, non adieraziko baitira helmugako herrialdea, praktikak egingo diren enpresa edo erakundea, praktiken datak eta iraupena, bekaren zuzkidura, egin beharreko zereginak eta praktika-egonaldia behar bezala garatzeko garrantzitsutzat jotzen den beste edozein alderdi.

5.– Beka esleitzeko agiriaren berri emango zaie aukeratuak izan diren hautagaiei. Beken erakunde arduradunak prozesuan parte hartu duten guztien zerrenda orokorra argitaratuko du, eta bertan adieraziko du aukeratuak izan diren ala ez.

6.– Esleitutako bekaren baldintzak aldatzea.

a) Bekadunek helmugako herrialdeak eskatzen dituen bisak eta baimenak lortu beharko dituzte beka jaso ahal izateko. Ezinezkoa bada bisa edo baimen horiek lortzea, beka horren erakunde arduradunak eskain diezaioke bekadunari praktikak beste jomuga batean egitea.

b) Arriskuan badaude beka garatzeko baldintzak, dela bekaren erakunde arduradun, enpresa edo organismoari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, dela helmugako herrialdeko segurtasunean aldaketa edo mehatxu larriren bat dagoelako, Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta/edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak beken erakunde arduradunei agindu ahal izango diete aldatzeko helmugako herrialdea aldi baterako edo betirako. Salbuespen gisa, posible da bekadunari esleitutako jomuga berria Euskadin egotea eta bekarekin lotutako zereginak telelanez egitea.

c) Ezohiko kasuetan, aurreko ataletan azaldutako egoeretan dauden bekadunei ezin bazaie aurkitu beste jomuga bat eta ez badago aukerarik bekaren zereginak telelanez egiteko, beken erakunde arduradunek ezarritako data baino lehen bukarazi ahal izango dituzte bekak, Basque Trade & Investment-ekin (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziarekin ados jarri ondoren.

VI.– «Global Training» bekadunen betebeharrak.

«Global Training» programako beken onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Emandako beka onartzea. Hartara, beka eman izanaren jakinarazpena egiten denetik 5 eguneko epean eta idatziz espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da onartu dutela beka.

b) Helmugako herrialdean praktikak egiten hasi aurretik emango den prestakuntza-ikastarora joatea, eta jarrera kooperatiboa izatea, bai irakasleekin eta bai ikaskideekin.

c) Erakunde, enpresa eta organismo kolaboratzaileek ezarritako osasun-neurriak errespetatzea bekak dirauen bitartean.

d) Helmugako herrialdeak bertara joan aurretik eskatzen dituen bisa, txerto eta baimenak lortzea.

e) Emandako jarraibideak onartu eta betetzea: jomugako enpresa eta erakunde kolaboratzaileetan lanean hasi eta amaitzeko datak, laneko egutegia eta ordutegia, eta bekaren helburuak betetzeko beharrezko den beste edozein jarraibide. Praktikaldiak dirauen bitartean, bekadunaren lan-ordutegia eta -egutegia erakunde kolaboratzailearen ordutegi eta egutegiaren araberakoa izango da, eta gehienez 40 orduko lanaldia izango du astean.

f) Arduraldi esklusiboa izatea bekaren berezko jardueretarako, eta ez egitea bestelako jarduera ordaindurik. Bekak dirauen bitartean, bekadunak uneoro bete beharko ditu erakunde, enpresa eta organismo kolaboratzaileen funtzionamendu-arauak.

g) Praktikak eskaini dizkion enpresak edo organismoak agindutako zereginak egitea, aldez aurretik ezarri edo adostutako lan-planaren esparruan.

h) Bekaren erakunde arduradunak praktiken garapenari buruz eskatzen dizkion txostenak egitea eta txosten horiek zein eskatutako beste edozein informazio bidaltzea.

i) Helmugako herrialdera iritsitakoan kontsul-etxean edo enbaxadan erregistratzea, beka-aldiko bizilekua finkatzeko.

j) Bekaren erakunde onuradunak finkatutako lan-ebaluazioetan parte hartzea. SPRIren sozietate filiala den Basque Trade & Invesment-eko (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) ordezkari batek parte hartu ahal izango du ebaluazio horietan.

k) Bekadun izateari utziz gero, soberan jasotako zenbatekoak itzultzea. Itzuli behar den zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da praktikaren egonaldirako aurreikusitako epearen eta praktika hori estaltzeko esleitutako zuzkidura ekonomikoaren arteko harreman proportzionala; bekadunak jaso duen zenbatekoa egin duen egonaldiari dagokiona baino handiagoa bada, jaso duen soberako zati hori itzuli beharko dio erakunde arduradunari.

l) Beken erakunde arduradunek ezarritako jarraibideei jarraikiz, argi jakinaraztea helmugakoak ez diren beste herrialde batzuetara praktikengatik nahiz arrazoi pertsonalengatik egindako bidaiak, aseguru-poliza eguneratzeko eta estaldura bermatzeko. Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak egiaztatzen badute herrialde edo eskualde jakin bat arriskutsua dela, posible izango da bekadunen nazioarteko mugikortasuna mugatzea.

m) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-eginkizunak betetze aldera.

n) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainontzeko betebeharrak betetzea.

VII.– Beken erakunde arduradunek bekadunekin dituzten betebeharrak.

«Global Training» programan parte hartzen duten erakundeen ardura da III. atalean azaldutako onurak erabat asebetetzea eta, horri jarraikiz, honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Bekadunari prestakuntza ematea praktikak egiteko egonaldia hasi aurretik.

b) Lankidetza-hitzarmen espezifikoak formalizatzea atzerriko praktikak eskainiko dituzten enpresekin edo erakundeekin. Hitzarmen horietan jasoko dira bekadunek praktikak garatzeko behar dituzten baldintza material nahiz teknikoak, esate baterako, non egingo diren praktikak, praktika-aldiaren iraupena, adostutako lan-plana eta funtsezkotzat hartzen den beste edozein gai.

c) Aseguru-poliza kontratatzea, zeinak gaixotasun- eta istripu-arriskuak ez ezik, aberriratze-gastuak eta hirugarrenekiko erantzukizun zibila ere estaliko baitizkio bekadunari.

d) Bekaren diru-zuzkidura ordaintzea ordainketa-araubide honen arabera:

1) Lehenengo ordainketa: emandako bekaren zuzkidura ekonomikoaren % 50 praktiketako egonaldia hasi aurretik.

2) Bigarren ordainketa: bekaren zuzkidura ekonomikoaren % 40 praktiketako egonaldiaren erdia betetzen den hilean.

3) Hirugarren eta azken ordainketa: geratzen den zenbatekoa praktiketarako egonaldia bukatutakoan ordainduko da, egonaldiaren azken balantzeari buruzko bi txostenak (bekadunak eta beka jaso duen erakunde edo enpresak aurkeztutakoak) jaso ondoren.

VIII.– Bekadun izaera galtzea.

Bekadun izaera azkendu daiteke programa amaitzeagatik edo, bestela, honako arrazoiren batengatik:

a) Bekadunak uko egitea.

b) VII. artikuluan zerrendatutako betebeharrak ez betetzea.

c) Beka bertan behera uztea VI c) artikuluan ezarritakoa betetzen delako.

d) Helmugako herrialdera joan aurreko prestakuntza-ikastarora birritan edo gehiagotan ez joatea justifikaziorik gabe.

e) Helmugako herrialdera joan aurreko prestakuntza-ikastarora edo ikastaroko jardueretara birritan edo gehiagotan berandu iristea justifikaziorik gabe. Inpuntualtzat hartuko da ikasgelan sartu ezin izatea erakunde onuradunen sarrera-protokoloak bete behar izateagatik.

f) Helmuga-aldaketak ez onartzea, V. artikuluan ezarritakoaren arabera.

g) VII. artikuluko i) atalaren arabera agindutako mugikortasun-murrizketak ez onartzea.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzea.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala