Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2023ko ekainaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2762

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 30ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko errepideko garraioaren sektoreko elkarte profesional eta enpresarialei laguntzak emateko deialdia.

Euskadiko garraio-politikaren helburuetako bat garraio arloko elkarteak sustatzea izanik, behar-beharrezkoa da elkarte profesional eta enpresarialen jarduerak eta ekimenak bultzatzea, batez ere, elkarteak osatzen dituzten bazkideen eta enpresen interes profesional eta ekonomikoak erkidegoan, erkidegoz gaindi eta Europa mailan ordezkatu, babestu eta koordinatzeko direnak, eta garraiolarien lana garatu eta baldintza hobeetan egin ahal izateko bideratzen direnak.

Laguntza-programa hau Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago, zeina Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko ekainaren 2ko Aginduaren bitartez onartu baitzen, eta egoitza elektroniko honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus. Beraz, jarduketa hau Euskal Autonomia Erkidegoko helburuetako bat da; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko garraio-sistemaren euskarrietako bat, hain zuzen ere, elkarte profesional eta enpresarialak ditugu, erakutsi baitute funtsezkoak direla harreman eraginkorrak ezartzeko garraioen arloan eskumenak dituzten administrazio publikoen eta garraio arloko ekonomiako eta gizarteko eragileen artean. Elkarte horiek betetzen duten paperaren garrantzia oso nabarmena da, batez ere kontuan hartuta garraio arloak Euskadin duen egituraketa eskasa, gogoan izan behar baita gurean enpresa txiki asko dagoela.

Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren bidez, errepideko garraioaren arloan elkarteak bultzatzeko neurriak hartzen jarraitu nahi du, eta horretarako, ezinbestean, beharrezkotzat jotzen da ezarritako helburuekin bat etorriko diren laguntzak emateko sistema arautzea.

Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan errepideko garraioaren arloan diharduten elkarte profesional eta enpresarialei laguntza ekonomikoak emateko era bat ezartzea; izan ere, entitate horiek garraio arloak dituen zenbait gabezia neurri batean konpontzeko beharrezko diren ekimenak abiarazi ditzakete.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituen arabera, honako dirulaguntza-deialdi honek nahikoa aurrekontu-estaldura dauka.

Ondorioz, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen didan eskumena erabiliz, eta kontuan hartuta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartua– VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da 2023ko ekitaldirako laguntza ekonomikoen deialdia egitea, honako hauek egiteko: prestakuntza-ekimenak eta azterlanak, garraioarekin lotutako albisteak zein ekimenak sustatzeko eta hedatzeko ekintzak, garraioei buruzko azokak eta ekitaldiak antolatzea edo horietan parte hartzea eta 2023. urtean (edozein kasuan 2023ko azaroaren 30erarte) Euskal Autonomia Erkidegoko errepideko garraioaren sektoreko elkarte profesional eta enpresarialen langile- eta funtzionamendu-gastuak ordaintzea.

2.– Agindu honetan ezarritako laguntzak emateko, ehun eta hogei mila (120.000,00) euroko diru-zenbatekoa baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetik hartua.

2. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Oro har, agindu honetan arautzen diren laguntzak jaso ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko elkarte profesional eta enpresarialek, haien federazioek eta konfederazioek, eta errepideko garraioaren eta jarduera osagarrien sektoreko kooperatiben federazioek eta konfederazioek honako eskakizun zehatz hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) 2023ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik legez eratuta egotea.

b) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

c) Xede soziala izatea, bakar-bakarrik, errepideko garraioaren arloko eta jarduera osagarrien interes sozioekonomikoen defentsa eta ordezkaritza.

d) Irabazi-asmorik ez izatea.

e) Jarduketa-eremua Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritako eskakizunak bete, eta Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko edo Europako eremuko batasun, federazio edo bestelako organismoetan sarturik dauden elkarteek ere eskura ditzakete laguntza hauek, Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko edo Europako eremuko ordezkaritzak eragindako gastuak ordaintzeko.

3. artikulua.– Entitate onuradunen betekizun orokorrak.

Onuradunak izan daitezke honako betekizun orokor hauek betetzen dituzten elkarteak:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

b) Epai irmoaren bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigorrik ez izatea, edo prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta ordainarazpen ilegalak edo hirigintza-delituak egiteagatik kondenatuta ez egotea, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean ez egotea, bereziki sexu-bereizkeriagatik jarritakoen eraginpean, bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onetsitako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak 50.5 artikuluan xedatutakoarekin.

c) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

d) Ez izatea eskatuta borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez egotea edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta, ez egotea konkurtsoan deklaratuta, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, ez egotea esku-hartze judizialaren eraginpean, edo ez egotea desgaitua Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

e) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin ez izana, erruduntzat jo diren kausagatik.

f) Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguan jardutea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean eta Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunari buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean jasotako egoeraren batean ez egotea, eta Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsi-karguren bat ez izatea, lege horretan bertan edo gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arabera dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren ebazpen irmoaren bidez zigortua ez izatea.

h) Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean ez egotea.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluetan jasotako debekuren batean ere ez egotea.

4. artikulua.– Laguntzak izapidetzea.

1.– Laguntzen izapidetze elektronikoa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan arautzen da.

2.– Interesdunek baliabide elektronikoen bidez egin behar izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.

Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak euskadi.eus-eko atal honetan jarriko dira: http://www.euskadi.eus

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, non izapideak egiteko jarraibideak eta ereduak eskuragarri dauden eta eskabide-inprimakian sartzeko aukera ematen duen, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0029308

Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta»-ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

Elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6. artikulua.– Agiriak aurkeztea.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzeko, I. eranskinaren ereduarekin bat datorren eta modu egokian betetako eskabide-inprimakia aurkeztu beharko da, entitate eskatzailearen legezko ordezkariak sinatuta. Horrekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitateak ekonomia-ekitaldian burutu dituen edo burutu nahi dituen jarduera eta ekimenei buruzko memoria zehatza, bederatzigarren artikuluan aurreikusitako gastuak eta ekintzak azalduko dituena. Memoria horrek hurrengoa jaso beharko du, gutxienez:

1) 9. artikuluko 1. apartatuko a) epigrafeari dagozkion prestakuntza-ekintza bakoitzeko:

– Ikastaro, jardunaldi edo mintegi bakoitzaren edukia eta iraupena.

– Egin nahi diren edizioen kopurua.

– Gutxi gorabehera noiz egingo den.

– Espero den ikasle-kopurua.

– Kostuaren aurrekontu xehatua, ikastaroaren, jardunaldiaren edo mintegiaren edizio bakoitzeko.

2) 9. artikuluko 1. apartatuko epigrafe berari dagokion azterlana bakoitzeko:

– Azterlana egiteak eta hedatzeak ekarriko duen kostuaren edukia eta aurrekontu zenbatetsia.

3) Garraioari buruzko azoka edo lehiaketa bakoitzean parte hartzeagatik edo hura antolatzeagatik, 9. artikuluko 1. apartatuko b) epigrafeari dagokionez:

– Edukia, iraupena eta ospakizunaren gutxi gorabeherako datak.

– Eskatzaileari eragingo dion kostuaren aurrekontu xehatua (bidaiatik eratorritako gastuak kanpo utzita (garraioa, ostatua, dietak, eta abar).

4) Laguntzaren beharra eta zenbatekoa ebaluatzeko baliagarriak izan daitezkeen beste alderdi batzuk, hala nola helburu berberak lortzeko beste laguntza batzuk egotea, hori guztia II. eranskinean agertzen den ereduaren arabera. Eredu horren egitura eta edukia ez betetzeak Agindu honen 8. artikuluan ezarritakoa izango du ondorio.

b) Aurreikusitako gastuak justifikatzeko dokumentazioa:

1) 9. artikuluko 1. apartatuko a) eta b) epigrafeei dagozkien gastuak modu zehatzean justifikatu beharko dira, honako dokumentu hauek erantsita: proformako faktura edo memorian deskribatutako ekintza eta kostuekin lotura zuzena duen aurrekontua.

2) 9.2 a) eta b) artikuluetan ezarritako kategoriei dagokienez, gastuen eta inbertsioen zerrenda memorian bereizita eta banan-banan jasoko da, alde batera utzi gabe laguntza eman ondoren jasotako agiri bidezko justifikazioa, agindu honen 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Eraketa-akta eta administrazio-organo eskudunak ikus-onetsitako estatutuak.

d) Entitatea batasun, federazio edo bestelako organismoren batean sarturik dagoela egiaztatzen duen agiria, hala badagokio.

e) Zerga-identifikazioko txartela.

f) Agindu honetan aurreikusitako laguntzez baliatzeko antolakundeak edo elkarteak hartutako erabakiaren ziurtagiria.

g) Hirugarrenen alta edo horren aldaketaren fitxa, Ekonomia eta Ogasun Sailak ezarritako ereduaren araberakoa, honako helbide honetan eskuragai: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak; betiere, lehenengoz aurkezten diren edo banku-datuak aldaturik dituzten eskatzaileei dagokienez. Fitxa hori laguntza eman ondoren aurkeztu daiteke, beti laguntzak ordaindu baino lehen.

2.– Entitate eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

3.– Laguntzen entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz. Hala ere, eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimena eta, orduan, dirulaguntzei buruzko araudian aurreikusitako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

4.– Laguntza eskatzen duen entitateak eskabidearekin batera eskabide-inprimakian jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, honako alderdi hauen egiazkotasunari buruzkoa:

a) Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo beste baliabideren bat eskatu eta jaso bada administrazioaren edo ente publiko nahiz pribatuen partetik, horren berri ematea.

b) Agindu honen 3. artikuluaren b) eta i) letren artean ezarritako alderdiak.

Erantzukizunpeko adierazpen batekin edo barnean hartuta doan edozein daturen, adierazpenen edo dokumenturen zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak, funtsezkoa bada, prozedurarekin ezin jarraitzea ekarriko du gertakari horiek jakiten diren unetik, ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.

7. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ardura izango da Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

8. artikulua.– Agiriak zuzentzea.

Eskatzaileak aurkezturiko agiriek agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio ezen, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, ebazpen bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako eran.

9. artikulua.– Laguntzekoak diren gastuak eta gehieneko kopuruak.

1.– 2023. urtean, eta gehienez ere % 70eko mugaraino, honako gastu hauek lagunduko dira:

a) Garraio-sektorearen jardueran aritzeko baldintzak sustatu eta hobetzeko azterlanak eta prestakuntza-jarduerak, aurrez arrekoak zein telematikoak, bai eta elkartearen jarduerak eta garraioarekin lotutako albisteak sustatzeko eta hedatzeko ekintzetarako direnak ere.

b) Garraio-azoka eta -lehiaketetan (autonomikoetan, estatukoetan edo nazioartekoetan) parte hartzera edo antolatzera zuzendutakoak, aurrez arrekoak zein telematikoak (ekitaldi bakoitzeko bi ordezkari gehienez ere). Ez dira kontuan hartuko bidaiaren gastuak, garraioa, ostatua, dietak, etab.

Diruz lagundutako gastuek azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedaturikoa bete beharko dute. Onuradunek dirulaguntzen ekintza guztiak egitea azpikontratatu ahal izango dute, aipaturiko 38/2003 Legearen 29. artikuluan eta hura garatzeko erregelamenduaren 68. artikuluan, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan, seinalatutako mugekin.

2.– 2023. urtean, eta gehienez ere % 50eko mugaraino, honako gastu hauek lagunduko dira:

a) Langileen gastuak, kaleratzeengatiko eta erretiro aurreratuengatiko kalte-ordainak izan ezik.

b) Helburuak lortzearekin lotutako funtzionamendu-gastu hauek:

– Errentamenduak, soil-soilik entitate eskatzailearen ohiko jarduera gauzatzen den egoitzei dagozkienak.

– Entitate eskatzailearen organoetako kide ez diren profesional independenteen zerbitzuak.

– Aseguru-primak.

– Hornidurak, soil-soilik entitate eskatzailearen ohiko jarduera gauzatzen den egoitzetako ur korrontearen, argiaren eta gasaren gastuei dagozkienak.

– Beste entitate batzuetako kide izateagatik ordaindu beharreko kuotak.

Ez da hartuko funtzionamendu-gastutzat aurreko kontzeptuetan sartzen ez den bestelako gasturik.

3.– Honako hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoak gastu-kontzeptu bakoitzerako:

a) 9.500 euro, 9. artikuluko 1. apartatuko a) kontzeptuan adierazitako gastu osoan.

b) 3.500 euro, 9. artikuluko 1. apartatuko b) kontzeptuan adierazitako gastu osoan.

c) 6.000 euro, 9. artikuluko 2. apartatuko a) kontzeptuan adierazitako gastu osoan.

d) 6.000 euro, 9. artikuluko 2. apartatuko b) kontzeptuan adierazitako gastu osoan.

4.– Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek: aurkeztutako gastuengatik ordaindutako BEZa, ezta beste edozein zergenak ere eta, oro har, argi eta garbi zehaztuta ez dauden gastu guztiak, baldin eta ezin badira zuzenean identifikatu laguntza-programa honen 9. artikuluko 1 eta 2 apartatuetan aurreikusitakoekin.

5.– Agindu honen 1.2 artikuluan ezarritako diru-kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei artikulu honen 3. puntuan jasotako gehieneko laguntza ordaintzeko, ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da dirua. Banaketa egiteko, bakoitzari eman beharko litzaiokeenak guztiei eman beharreko zenbateko osoarekiko izango lukeen proportzio berari eutsiko zaio.

10. artikulua.– Bateragarritasuna.

Agindu honen arabera emandako dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek eman ditzaketen beste dirulaguntza batzuekin.

Laguntza bateragarrien zenbatekoak ezin izango du, inola ere, diruz lagundutako jardueren kostua gainditu, beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntza edo laguntzak eta helburu bererako beste edozein diru-sarrera edo baliabideak direla-eta

11. artikulua.– Dirulaguntza eman, jakinarazi eta argitaratzea.

1.– Dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ebazpenaren bidez emango dira. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio administrazio bereko Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari.

Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako modua erabiliz, eta sei hilabeteko epean, agindu honek ondorioak izaten dituen egunetik hasita. Ebazpen horren bidez, dirulaguntza emango da, edo ukatu; aldekoa bada, entitate onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta, kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritako epearen barruan ez bada jakinarazten laguntzak esleitzeko ebazpena, eskabideak ezetsiak izan direla ulertu ahal izango dute interesdunek, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitako ondorioei dagokienez.

3.– Laguntzak esleitzeko prozedura amaitzeko ebazpena interesdunei jakinarazteaz gain, onuradunak eta emandako zenbatekoak jasotzen dituen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Agindu honetan berariaz aurreikusi gabekoari dagokionez, honako hauetan xedatutako prozeduraren arabera emango dira dirulaguntzak: urriaren 1eko 39/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; eta dirulaguntzari buruzko oinarrizko araudia, hau da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzeko Erregelamendua, zeina uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen.

12. artikulua.– Ordainketa.

1.– Emandako dirulaguntza ordainketa bakar baten bidez ordainduko da, diruz lagundutako jarduera guztiz burutu ondoren eta justifikazio-kontu bat aurkeztuz egindako gastu guztiak agiri bidez justifikatu ondoren. Kontu hori egiteko, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 30. artikuluan eta hura garatzen duen erregelamenduaren 72. artikuluan ezarritako prozedurak bete beharko dira.

Justifikazio-kontu horrek honako alderdi hauek izango ditu:

a) Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen jarduketa-memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita. Agindu honi dagokionez, zehazki:

1) 9. artikuluko 1. apartatuko a) epigrafeari dagokion prestakuntza-ekintza bakoitzeko:

– Ikastaroaren programa, ikasleari emandako materialarekin bat etorri behar duena.

– Ospakizunaren data eta leku zehatza.

– Izena eman duten ikasleen eta bertaratu direnen zerrenda.

– 2023ko ekitaldian egindako ikastaroen zerrenda, Lanbidek edo beste edozein entitate publikok baimendutakoak eta finantzatutakoak, bai eta ikastaro horiek egiteko data eta lekua ere.

2) 9. artikuluko 1. apartatuko epigrafe berari dagokion azterlan bakoitzeko:

– Izenburua, edukiaren deskribapen laburra eta gauzatze-data.

3) Garraioari buruzko azoka edo lehiaketa bakoitzeko, 9. artikuluko 1. apartatuko b) epigrafearen arabera:

– Azokaren programa, data eta leku zehatzak, eta parte hartu duten entitateen zerrenda.

b) Jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua, hartzekoduna eta dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data adierazita. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera ematen bada, gertatutako desbideratzeak adieraziko dira. Agindu honen ondorioetarako, gastuen eta inbertsioen zerrenda hori bereizita eta banan-banan jasoko da memorian, 9.1 artikuluaren a) eta b) letretan eta 9.2 artikuluaren a) eta b) letretan ezarritako kategorien arabera.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen xehetasunak, zenbatekoa eta jatorria adierazita. Horrekin batera, diruz lagun daitekeen gastuaren behin betiko fakturak edo horren ordainketaren egiaztagiriak aurkeztuko dira, hala nola han adierazitako informazioa egiaztatzeko balio dutenak. Zehazki:

– 9. artikuluaren 1. apartatuko a) eta b) epigrafeei dagozkien gastuak zehatz-mehatz justifikatu beharko dira, fakturak eta horien ordainketa-data egiaztatzen duten agiriak erantsiz, eta zuzenean lotuta egon beharko dute justifikazio-jarduketaren memorian deskribatutako ekintza eta kostuekin.

– 9. artikuluaren 2. apartatuko a) eta b) epigrafeei dagozkien gastuak zehatz justifikatu beharko dira nominak eta langile-gastuen gainerako egiaztagiriak sartuz, bai eta funtzionamendu-gastuetarako fakturak – eta horien ordainketa-data egiaztatzen duten dokumentuak – ere, eta zuzeneko lotura izan beharko dute justifikazio-memorian kontzeptu horiei buruz egindako deskribapenarekin.

– Bestalde, 9. artikuluaren 1. apartatuko a) letrari dagozkion prestakuntza-ekintzek, justifikazio-memorian adierazitakoa babesteko, honako dokumentu hauek beharko dituzte:

● Bertaratzearen justifikazioa:

○ Ikastaro presentzialetan eta ikastaro mistoen eskola presentzialetan: bertaratze-kontrolaren eguneroko erregistroa, jatorrizkoa eta behar bezala sinatua.

○ Online ikastaroetan eta ikastaro mistoetako klase telematikoetan: plataforma digitalak emandako ziurtagiria eta bertaratze-zerrenda.

● Salgai arriskutsuei buruzko ikastaroetarako, horiek egin izanaren ziurtagiria, Probintziako Trafikoko Buruzagitzak emana, edo bestelako frogabide frogagarriak.

● Lanbideren edo beste edozein entitate publikoren ziurtagiria, 2023ko ekitaldian egin eta haiek finantzatutako ikastaroak egiaztatzen dituena.

– Egindako azterlan bakoitzaren kopia bat aurkeztuko da.

2.– Nolanahi ere, dokumentazio hori 2023ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da. Beraz, 2023ko ekitaldian garatu edo garatu behar diren onartutako programan aurreikusitako gastuak data hori baino lehen gauzatu beharko dira.

3.– Ez da ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez baditu edo zordun bada itzulketa bidezkoa dela adierazten duen ebazpen baten bidez.

13. artikulua.– Dirulaguntza jasotzen duten entitateen betebeharrak.

1.– Agindu honetan azaltzen diren dirulaguntzak eskuratzen dituzten elkarteek honako betebeharrok izango dituzte:

a) Dirulaguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote dirulaguntza eman behar duen Administrazioari.

b) Emandako dirulaguntza onartu beharko dute. Dirulaguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.

c) Eman zaion horretarako erabili beharko du dirulaguntza.

d) Helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.

f) Elkartearen jarduerak sustatu eta horien berri ematerakoan, eta garraioaren inguruko albisteetan, sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatzea.

g) Dirulaguntzen publizitatearen inguruan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 18. artikuluetan ezarritakoa bete.

h) Dirulaguntza honen finantzaketa osoarekin edo partzialarekin egindako jarduketetan, edozein bitartekoren bidez, inprimatutako materialaren bidez edo Internet bidez zabaltzea dakartenean, argi ikusteko moduan sartu behar da sail honen erakunde-logotipoa, «Honako hauek finantzatuta...»:

i) Euskal herri-aginteek emandako laguntzen edo dirulaguntzen enpresa onuradun gisa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikuluan jasotako berdintasun-printzipioen eta emakumeen arteko bereizkeriarik ezaren arabera jarduteko betebeharra betetzea, eta, ondorioz, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluan zehaztutako berdintasun-planak ezartzea, horiek nahitaezkoak diren kasuetan, artikulu horren arabera.

2.– Artikulu honen 1.e puntuan adierazitako organoen eskumenak gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak dirulaguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

14. artikulua.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo entitate publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, dirulaguntza emateko ebazpena ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako eskakizunak betetzen jarraitzen badu.

15. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

Entitate onuradunak ez badu betetzen agindu honetan, dirulaguntza emateko aginduan edo aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, organo eskudunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, hala badagokio, dagokion diru-kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du onuraduna, honako xedapenei jarraikiz: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duena, eta dirulaguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainerako arauek ezarritakoa. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondorioetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, hala badagokio, erantzukizun penala ere eskatzea.

Halaber, itzultzeko kausei dagokienez ere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatukoa aplikatuko da; kasu honetan, jasotako zenbatekoak, osorik edo partez, eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dira.

16. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu hau ezartzean jasotako datu pertsonalak xedapen hauen arabera tratatuko dira: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa, eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren arabera egin dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina). Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 30a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IÑAKI ARRIOLA LOPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala