Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2023ko ekainaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2759

57/2023 EBAZPENA, ekainaren 5ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Trenbide Sarearekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta ADIF Trenbide Azpiegituren Administratzailea enpresa-erakundearekin sinatutako hitzarmena, Donostiako Loiolako Erriberako aldagunea finantzatu eta eraikitzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta, behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Trenbide Sarearekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta ADIF Trenbide Azpiegituren Administratzailea enpresa-erakundearekin sinatutako hitzarmenaren testua, Donostiako Loiolako Erriberako aldagunea finantzatu eta eraikitzeko. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 5a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 5EKO 57/2023 EBAZPENARENA
DONOSTIAKO LOIOLAKO ERRIBERETAKO ALDAGELTOKIA FINANTZATU ETA ERAIKITZEKO HITZARMENA, HONAKO HAUEN ARTEKOA: EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRA, EUSKAL TRENBIDE SAREA, GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA ETA ADIF – TRENBIDE AZPIEGITUREN ADMINISTRATZAILE DEN ENPRESA-ERAKUNDE PUBLIKOA

Donostian, 2023ko maiatzaren 4an.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Iñaki Arriola López jauna, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua –Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua izendatzeko lehendakariaren irailaren 7ko 26/2020 Dekretuaren bidez izendatua–, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari atxikitako Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren ordezkari gisa, erakunde publiko horretako presidentea baita.

Markel Olano Arrese jauna, Gipuzkoako Lurralde Historikoko ahaldun nagusia, Batzar Nagusiek 2019ko ekainaren 28an egindako osoko bilkuran izendatua; Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari gisa dihardu eta ahalmena du hitzarmen hau sinatzeko, Foru Administrazioaren izenean eta ordezkaritzan Gipuzkoako Lurralde Historikoko Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 26.5.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Maria Luisa Domínguez González andrea, ADIF - Trenbide Azpiegituren Administratzaile den enpresa-erakunde publikoko (IFZ: Q-2801660H) presidentea –kargu horretarako izendatua uztailaren 27ko 670/2021 Errege Dekretuaren bidez– ADIFen Estatutuko 23.2.a) artikuluak ematen dizkion ahalmenak baliatuz (Estatutua abenduaren 30eko 2395/2004 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Alderdi guztiek dagozkien karguen bidez parte hartzen dute, bakoitzari eman zaizkion ahalmenak baliatuz, eta honako hitzarmen hau sinatzeko gaitasun juridiko eta jarduteko gaitasun nahikoa aitortzen diote elkarri; horretarako,

HONAKO HAU AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak (aurrerantzean, EAEAO) eskumen esklusiboak ditu erkidegoaren intereseko obra publikoetan, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik igarotzen diren trenbideetan eta lurreko garraioan zehazki, baita Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoaren sustapenean, garapenean eta plangintzan, lurralde-antolamenduan eta hirigintzan ere, hala xedatzen baitute abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Autonomia Estatutuaren 10. artikuluko 25., 31., 32. eta 33. apartatuek –Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoari dagokionez– eta bat datozen gainerako xedapenek.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu, eta 11.1.g) artikuluan xedatzen du ezen trenbideak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egiteko eta jardun-arlo propioa direla; esaterako, 11.2 artikuluak sail horretara atxikitzen du, besteak beste, ETS-Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea.

Urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak, zeinaren bidez Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen baita barne-funtzionamenduko erregelamendu gisa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala arautzen ditu. Araudi horretan xedatzen denez, Azpiegitura eta Garraio Sailburuordetzari agintzen zaizkio, sailburuaren zuzendaritzapean, besteak beste tren-azpiegiturak antolatzeko eta planifikatzeko eta ETSk garatutako jarduketak koordinatu eta kontrolatzeko sail-funtzioak (hau da, hasiera batean sailari dagozkionak).

Era berean, Azpiegitura eta Garraio Sailburuordetzaren mende daude, zuzenean eta hierarkikoki, Garraio Plangintzaren Zuzendaritza eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritza; azken horrek trenbidearen azpiegituraren gaineko funtzioak ditu aginduta beste batzuen artean, 16.2.b) eta d) eta 16.3) artikuluetan berariaz xedatutakoaren arabera; hala, honako funtzio hauek ditu, hurrenez hurren:

– Sailaren eskumenekoak diren garraio-azpiegituren obra-proiektuak idatzi, gainbegiratu eta teknikoki onestea, bai eta horien zuzendaritza, ikuskapena, jarraipena eta exekuzio-kontrola gauzatzea ere, obren harrera egin arte.

– Bilboko Hiri Trenbideari dagokionez, EAEko Administrazioaren eskumenekoak diren proiektu, obra eta bestelako jarduketak gauzatzea.

– ETSren administrazio-tutoretza gauzatzea, betiere Azpiegitura eta Garraio Sailburuordetzaren zuzendaritzapean eta haren jarraibideekin bat etorriz.

Bigarrena.– Gipuzkoako Foru Aldundiak (aurrerantzean, GFA) eskumena du, alde batetik, mugikortasunaren eta garraioaren arloan, honako manu hauetan xedatutakoaren arabera: EAEko Autonomia Estatutuaren 10.32 artikulua; Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 10. artikulua; garraioaren arloko eskumenak eskuordetzeari buruzko uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoa, eta Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legea.

Bestalde, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumena du, honako manu hauen arabera: 27/1983 Legearen 7.c).5 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea.

Era berean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 36.1.d) artikuluak xedatzen duenez, foru-aldundien eskumen propioa da probintzia-lurraldean garapen ekonomiko eta soziala sustatzen eta plangintza egiten laguntzea, gainerako administrazio publikoek arlo horretan dituzten eskumenen arabera.

Hirugarrena.– Trenbide Azpiegituren Administratzaile den enpresa-erakunde publikoa (aurrerantzean, ADIF), Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari atxikitako erakunde publikoa da, nortasun juridiko propiokoa; bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasun osoa du, eta ondare propioa ere bai, eta Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean eta hura garatzeko arauetan, bere Estatutuan, aurrekontu-arauetan eta aplikatu beharreko beste arau batzuetan ezarritakoaren arabera arautzen da.

Abenduaren 30eko 2395/2004 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluak ahalmena ematen dio erakunde horri Estatuko Administrazio Orokorrarekin edo beste administrazio publiko batzuekin hitzarmenak egin ahal izateko, bere helburuak hobeto betetzeko.

Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari atxikita dago Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko erakunde publikoa (aurrerantzean, ETS). Erakunde hori maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez sortu zen, eta haren xedea da, 5. artikuluaren arabera, EAEko Administrazio Orokorrean trenbideen arloko eskumena duen sailarekin lankidetza teknikoa izatea trenbide-garraioko azpiegituren plangintzan eta programazioan, Eusko Jaurlaritzak agintzen dizkion trenbide-garraioko azpiegiturak eraikitzea, eta azpiegitura berri horiek eta erakundea onartu aurretik zeudenak kontserbatzea.

ETSk bere funtzioak bete ahal izateko, ekainaren 6ko 118/2016 Dekretu bidez baimena eman zen Eusko Trenbideak/Ferrocarriles Vascos SAren kapitala gutxitzeko –ekarpenak itzulita–, eta lehendik zeuden trenbide-azpiegituren administrazioa ETSri atxiki eta agindu zitzaion. Dekretu horren bigarren artikuluari jarraikiz, ETSri honako hauek atxiki zitzaizkion: Eusko Trenbideak/Ferrocarriles Vascos SAk kapitala gutxitzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari –akziodun bakarra zein heinean– itzuli zizkion ondasunak eta eskubideak, EAEAOren trenbide-jabari publikoko gainerako ondasunak, hau da, abuztuaren 25eko 2488/1978 Dekretuaren eta abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez eskualdatu zitzaizkion trenbide-lineak (Bilbo/Donostia eta Lasarte-Oria/Hendaia lineak), Zumarragatik Zumaiarako trenbide-linea eta Bilboko tranbiaren A linea. Lasarte-Oria/Hendaia linea Donostiako hainbat auzotatik igarotzen da: Errekalde, Añorga, Lugaritz, Amara, Anoetako geltokia, Loiola, Herrera, Intxaurrondo eta Altza.

Azken urteotan inbertsioak egin dira trenbideak bikoizteko, eta, horrela, trenbide-zerbitzuen kalitatea eta maiztasuna hobetzeko. Gaur egun, topoaren saihesbidea egiten ari dira Donostian, bi zatitan: Lugaritz-Mirakontxa eta Mirakotxa-Easo. Saihesbide hori esker Amarako geltokia ez da kale itsua izango, eta ibilgailu pribatuari aldea aterako zaio.

Bosgarrena.– Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren 2012-2024 aldirako Azpiegitura, Garraio eta Etxebizitza Planaren helburu estrategikoa da garraio-sistema osoaren integrazio funtzionala sustatzea, ikuspegi intermodalean oinarrituta; hala, garraio-sistema horretan, tren-geltokiak, baita aldageltokiak ere, garraio publikoa kalitatezkoa izateko puntu erabakigarriak dira.

Hiri-garraioko terminaletarako pentsatu diren neurriez gain –neurri horiek distantzia luzeko hiriarteko garraio-nodoetan ere aplikagarriak dira–, haien kudeaketa hobetzeko, intermodalitatea bermatu behar da, eta, horretarako, distantzia luzeko beste garraiobide batzuekin behar bezala integratu behar dira; horrez gain, terminal horiek behar bezala konektatu behar dira hiriko eta metropoliko garraio-zerbitzuekin.

Seigarrena.– Euskadiko Garraio Jasangarriaren 2030 Gidaplanaren helburuetako bat da (Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2017ko ekainaren 13an) garraiobideen arteko oreka berri bat bultzatzea; horretarako, beharrezkotzat jotzen da pertsonen zein salgaien garraioan intermodalitatea bultzatzea, bidaiarien garraio publikoko sare koordinatua eta integratua garatzea, eta garraiobide jasangarrienen erabilera sustatzea, hala nola trenbide-sistemarena.

EAEAOren eskumenekoa den eta ETSk kudeatzen duen E2 Lasarte/Hendaia trenbide-lineak, Donostiatik igarotzean, Zorroaga pasealekuarekiko paraleloa da, eta perpendikular zeharkatzen du ADIFen C1 aldiriko linea gainetik, Loiolako Erriberak izeneko bizitegi-eremuaren barruan. ETSren eta ADIFen trenbide-lineen artean ez dago bi lineen arteko aldageltoki funtzioa betetzeko geltokirik edo geralekurik hurbil.

Loiolako Erriberetan geltoki bat eraikitzeak onura ekar diezaioke hainbat garraiobideri, besteak beste, tren konbentzionalari eta metroari. Hala, tren-aldaketak egin ahal izango lirateke tren konbentzionaletik metrora eta alderantziz, eta auzoek trenbide-zerbitzuak hurbilago leuzkakete, baita egungo Norteko geltokian eraikiko den Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriaren geltokia ere.

Zazpigarrena.– Jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren espedientearen ondoren, , «Loiolako Erriberetako aldageltokiari buruzko informazio-azterlana behin betiko onartu zen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2021eko azaroaren 30eko Ebazpenaren bidez».

Ebazpen horren arabera, «aipatutako informazio-azterlana jendaurrean jarri zen, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 5.5 artikuluak eta Trenbide Sektorearen Erregelamendua onartzen duen abenduaren 30eko 2387/2004 Errege Dekretuaren 10.5 artikuluak xedatutakoari jarraikiz. Horretarako, Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2021eko maiatzaren 27ko Ebazpena onartu, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta kasuan kasuko prentsa-iragarkietan argitaratu zen 2021eko ekainaren 28an. Horrez gain, Donostiako Udalaren bulegoetan ere egon zen ikusgai hogeita hamar egun balioduneko epean».

Izapide horretan alegazioak aurkeztu ziren, eta haiei banan-banan erantzun zitzaien.

Zortzigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek (aurrerantzean, LAG), uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuaren bidez onartu zirenek, harreman-sistema bat ezarri zuten barne- eta kanpo-konexioko azpiegiturekin, eta horiek lurralde-plan partzialen eta sektorialen bidez garatu dira, baita beste proiektu espezifiko batzuen bidez ere, azpiegiturak eta komunikazio-zerbitzuak hobetuz.

Donostiako eremu funtzionaleko (Donostialdea-Bidasoa Beherea) Lurralde Plan Partzialak (aurrerantzean, LPP) xede hauek jasotzen ditu, besteak beste: ADIFen egungo sarea aldiriko zerbitzu gisa sendotzea eta indartzea, geltoki berriak irekita; ETSren egungo sarea osoki eraldatzea eta modernizatzea –azken urteotan horretan jardun da–, eta Donostia erdialdetik igaroko den topoaren saihesbidea egitea –azken proiektu hori gauzatze-bidean dago–. Era berean, iberiar zabalerako ADIFen sarerako, UIC zabalerako ADIFen sare berrirako eta ETSren sarerako esku-hartze batzuk aurreikusten ditu, etorkizuneko trenbide-eredua taxutzeko. Sare horiek osagarriak dira, baina elkargune bat behar dute aldaketa modala egin ahal izateko; horretarako aurreikusi da ADIFen sarea ETSren sarearekin lotuko duen aldageltokia Loiolako Erriberetan.

Bederatzigarrena.– Hitzarmen hau Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen (aurrerantzean, SPAJL) 47.2.a) artikuluak jasotzen dituenetako bat da: «Administrazio publiko biren edo gehiagoren artean sinatutako administrazio arteko hitzarmenak, edo administrazio publiko diferenteei lotutako edo haien mendeko organismo publiko edo zuzenbide publikoko entitate biren edo gehiagoren artean sinatutakoak. Hitzarmen horien barnean bildu ahalko da beste administrazio publiko baten edo lotutako edo mendeko organismo publiko edo zuzenbide publikoko entitate baten bitarteko, zerbitzu eta baliabideak erabiltzea, eskumen propioak edo delegatuak baliatzeko».

Hamargarrena.– Alderdiek egokitzat jotzen dute hitzarmen hau sinatzea, trenbide-garraioko zerbitzu publikoetarako irtenbide eraginkor eta koordinatu bat lortzeko, garraio publikoaren erabilera sustatuko duena, bai eta mugikortasun jasangarria ere, bidaiariei garraio publikoko sistemen artean aldatzea erraztuta, eta, ondorioz, hiriko tren-zerbitzuen arteko lotura hobetuta, are hiriaren eta Gipuzkoako beste udalerri batzuen artekoa ere. Horretarako, bi eraikuntza-proiektu egingo dira, elkarren artean koordinatuta egongo direnak, baina ETSren eta ADIFen titulartasuneko aktiboen gaineko jarduketak bereizita; hala, erakunde bakoitzak bere titulartasunekoak izango diren aktiboen gaineko jarduketak onetsiko ditu, hitzarmen honen bigarren klausulan deskribatzen den moduan eta irismenean.

Ondorioz, erakunde itunkideek ontzat ematen dute Hitzarmen hau sinatzea eta, horregatik, zeinek bere antolamendu-arauetan ondore horietarako dituen prozedura formalak aurretiaz beteta, adosten dute dokumentu hau gauzatzea, SPAJLn xedatzen denaren arabera, aginpidetzat hartuz xedapen horiek eta ondorengo

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da EAEAOren, ETSren, GFAren eta ADIFen arteko lankidetza-baldintzak ezartzea Donostiako Loiolako Erriberetako aldageltoki berriaren obrak zehaztu, gauzatu eta finantzatzeko. Obra horiek E-2 Lasarte-Oria/Hendaia trenbide-linearen 2+500 kilometro-puntuaren parean gauzatuko dira, ETSren lineak ADIFen aldiriko C1 linea gainetik gurutzatzen duen tokian. Erabilera komuneko bidaiari-gune bat izango du, ADIFen aldiriko nasetara iristeko (beheko solairuan) eta ETSren sareko nasetara iristeko (goiko solairuan) aukera emango duena.

Hitzarmen honen edukiaren irismenetik kanpo gelditzen dira Loiolako Erriberak auzoko aldageltokiaren eta erabilera komuneko bidaiari-gunearen ustiapena, kontserbazioa, mantentze-lanak, segurtasuna eta ondare-erantzukizuna; esku hartzen duten alderdiek konpromisoa hartzen dute, aldageltokia amaitu baino lehen izenpetu beharko den hitzarmen batean alderdiok garatzeko.

Aktiboen titulartasuna bat honela banakatzen da:

– EAEAOren titulartasuneko aktiboak, proiektua idazteko, onartzeko eta obrak gauzatzeko fasean: 1. proiektuaren III. eranskinean zehaztutako irismenaren arabera. Aldageltokiaren eraikina eta ETSren gainerako instalazioak.

– ADIFen titulartasuneko aktiboak, proiektua idazteko, onartzeko eta obrak gauzatzeko fasean: 2. proiektuaren III. eranskinean zehaztutako irismenaren arabera: Bartzelona hiribidearen ondoko bidaiari-gunea, trenbideak, ADIFen trenbideen eta nasen estaldura.

Bigarrena.– Jarduketak zehaztea.

Hitzarmenak honako jarduketa hauek egingo direla aurreikusten du:

a) Donostiako Loiolako Erriberetan aldageltokia eraikitzeko azterlanak eta proiektuak idaztea, onartutako informazio-azterlanean zehazten den irismenarekin, eta proiektua gauzatzeko behar diren lurzoruak eskuratzea.

Bi eraikuntza-proiektu gauzatzea aurreikusten da, honako irismen honekin:

1. proiektua, aldageltokiaren eraikina eta ETSren gainerako instalazioak.

2. proiektua, Bartzelona hiribidearen ondoko bidaiari-gunea, trenbideak, eta ADIFen trenbideen eta nasen estaldura.

b) Proiektuak onartzea.

c) Eraikuntza-proiektuetako obrak gauzatzea, obrak zuzentzea, eta laguntza teknikoko zerbitzuak ematea, tartean, kontrola eta zaintza, arriskuen kudeaketa (baita AsBo ere), segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa, obren ingurumen-kontrola eta kalitatearen kontrola, zaintza eta auditoretzak.

d) Obrak hartzea eta likidatzea.

Hirugarrena.– Jarduketen kostu zenbatetsia.

Jarduketen kostu osoa, I. eranskinean zehaztutakoaren arabera, hogeita hamabost milioi bederatziehun eta berrogei mila (35.940.000,00) eurokoa dela zenbatetsi da, BEZik gabe. Zifra hori kalkulatzeko oinarritzat hartu dira zenbatespen hauek: obretarako lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, obra-zuzendaritzaren kostua eta behar diren laguntza teknikoak kontratatzearen kostuak.

I. eranskinean zehaztutakoaren arabera:

1. eta 2. eraikuntza-proiektuak idazteko eta zuzentzeko kontrataren aurrekontua milioi bat hirurehun mila (1.300.000,00) eurokoa (BEZik gabe) dela zenbatetsi da.

Proiektu horietan zehaztutako obrak egiteko kontrataren aurrekontua hogeita hamabi milioi bostehun eta laurogeita hamar mila (32.590.000,00) eurokoa dela zenbatetsi da (BEZik gabe). Zenbatespen hori «Loiolako Erriberetako aldageltokiari buruzko informazio-azterlanean» oinarritzen da.

Laguntza teknikoko kontratuen aurrekontua (obren zuzendaritzarako laguntza, kontrola eta zaintza, arriskuen kudeaketa (baita AsBo ere), segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa, obren ingurumen-kontrola eta kalitatearen kontrola, zaintza eta auditoretzak) bi milioi (2.000.000,00) eurokoa dela zenbatetsi da (BEZik gabe).

Desjabetzeak gauzatzeko aurrekontua berrogeita hamar mila (50.000,00) eurokoa dela zenbatetsi da (BEZik gabe).

Jarduketen azken kostuan eragina izango dute, halakorik balitz, eraikuntza-proiektuak idatzi eta onartu ondorengo behin betiko aurrekontuak, adjudikazio-bajek, prezio-berrikuspenek, aldaketek eta, oro har, kontratuen garapenean izan daitezkeen gorabeherek. Gainkostua laugarren klausularen beheko taulan ezarritako proportzioan banatuko da sinatzaile guztien artean.

Gorabehera horien ondorioz hitzarmenean aurreikusitako hogeita hamabost milioi bederatziehun eta berrogei mila (35.940.000,00) euroko kostu osoa gainditzen bada (BEZ kanpo), gai hori hamargarren klausulan aipatzen den Jarraipen eta Koordinazio Batzordean aztertuko da, eta hitzarmen honi gehigarri bat atxikiko zaio, eta bertan alderdiek aho batez adostu beharko dute gainkostuak nola finantzatuko diren. Nolanahi ere, laugarren klausulako koadroan ezarritako proportzio berean banatuko da gainkostua sinatzaile guztien artean.

Obra gauzatzeko behar diren proiektu aldatuek kasuan kasuko eraikuntza-proiektuak ikuskatu eta onartzen dituen administrazioaren onespena izan beharko dute.

Laugarrena.– Finantzaketa eta ordaintzeko modua.

4.1.– Finantzaketa.

Finkatutako konpromisoetan oinarrituta, eta urteko kuoten eta Plan Ekonomikoaren arabera (II. eranskina), alderdiek adostu dute jarduketak honako aurrekontu-banaketa honen arabera finantzatzea:

(Ikus .PDF)

EAEAOk, GFAk eta ADIFek konpromisoa hartzen dute ETS hitzarmen honetan jasotako jarduketa guztiak gauzatzeko behar dituen funtsez hornitzeko.

Halaber, konpromisoa hartzen dute okupazioaren aurretiazko gordailutzeei, okupazio azkarragatiko kalte-ordainei, balio justuei edo desjabetze-espedienteen amaierako kalte-ordainei aurre egiteko behar diren funtsak emateko, seigarren klausulan adierazitako moduan.

Administrazioek eta erakunde finantzatzaileek hitzarmen honen ondoriozko ordainketa- eta konpromiso-kredituak dagozkien aurrekontuetan kontsignatu ditzaten, urteko zenbatekoen aurreikuspena jasotzen da II. eranskinean (Ekonomia eta Finantza Plana).

Hitzarmena sinatu aurretik, alderdi sinatzaileen kontabilitate- edo aurrekontu-agiriak aurkeztuko dira, ziurtatzeko ezen hitzarmenaren indarraldian kreditu egokia eta nahikoa eta aurrekontu-konpromiso egokia izango dituztela; horrez gain, hitzarmenean parte hartzen dutenen finantza-partaidetza egiaztatzen duen beste edozein agiri (kreditu-atxikipenaren kontabilitate-agiria, banku-abalak edo antzeko tresnak) aurkeztuko da.

Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek finantzatuko dituzte, klausula honetan finkatutako ekarpenaren proportzioan, obren adjudikazio-prezioan eragin ekonomikoa duten kontratu-gorabeherak eta bestelako gorabeherak (hala nola likidazioen soberakina, obren prezioen berrikuspena, etab.), bai eta aldaketak ere, baldin eta horien zenbateko metatuak ez badu gainditzen proiektuaren aurrekontu maximoa.

Finantzaketa gehigarria beharrezkoa balitz, gorabeherek eta/edo aldaketek proiektuan ezarritako aurrekontua gainditzeagatik, orduan, hitzarmenerako gehigarri bat idatzi beharko litzateke, aurrekontuaren zenbateko berria eta finantza-plangintzaren eguneratzea jasotzeko soilik; kasu horretan ere, sinatzaileek konpromisoa hartu beharko lukete klausula honetan finkatutako ekarpenaren proportzioan ordaintzeko.

Lanek aurrera egin ahala II. eranskinean aurreikusitako urteko zenbatekoak egokitu behar badira, eta egokitzapen horiek ez badakarte hitzarmenean aurreikusitako zenbatekoa handitzea eta epea luzatzea, Jarraipen eta Koordinazio Batzordeak onartuko ditu, aktan jasota utzita, eta alderdi bakoitzeko organo eskudunek onartuko dituzte. Ez da beharrezkoa izango hitzarmen hau aldatzea.

4.2.– Ordaintzeko modua.

4.2.1.– Alderdi bakoitzak ETSri ordainduko dizkio hitzarmenaren xede diren jarduketak, klausula honetan ezarritako finantza-konpromisoei jarraikiz.

4.2.2.– Alderdiek ezinbestean ordaindu behar dituzte kasuan kasuko zenbatekoak epe jakinetan, organo kontratugilea berandutza-egoeran gera ez dadin. Aipatutako betebeharra betetzen ez duenak berandutzak eragiten dituen kalte guztien eta ordaindu beharreko kalte-ordain guztien erantzukizuna izango du.

ETSk obra-ziurtagiriak bidaliko dizkie proiektuaren alderdi finantzatzaileei –zuzendari fakultatiboak oniritzia eman eta agiri horiek igorritakoan–, eta ordaindu beharreko zenbatekoa zein den adieraziko die. Alderdiek xede horretarako sortutako ETSren kontuan sartu beharko dute zenbateko hori, «konturako ordainketa» gisa, berandutzea saihesteko behar besteko epean.

4.2.3.– Obrak amaitu ondoren, ETSk kostu errealen likidazio justifikatua egingo du, administrazioek eta erakunde finantzatzaileek ezarritako funtsen kargura.

Bosgarrena.– Alderdien betebeharrak.

5.1.– EAEAOko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak betebehar hauek ditu:

5.1.1.– Lehenengo azalpenean zehazten diren eskuduntzei jarraikiz: Loiolako Erriberetako aldagailuaren 1. eraikuntza-proiektua (III. eranskinean jasotako definizioaren arabera) gauzatzeko eta onartzeko behar diren administrazio-izapideak.

EAEAOko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 1. eraikuntza-proiektua onartu aurretik, proiektu hori hirigintzako administrazio eskudunari helaraziko zaio, hark informazio-azterlanarekin bat datorren egiazta dezan eta txostena egin dezan; txostena aldekotzat joko da jakinarazpena egin eta hilabeteko epean bidali ez bada.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren zuzendariak 2021eko azaroaren 30eko Ebazpenaren bidez onartutako informazio-azterlanaren xedearen arabera dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa (IIE) izapidetuko da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 7 c) taldean zehaztutakoari jarraikiz.

5.1.2.– Bere titulartasuneko aktiboen gaineko jarduketak zehazten dituen proiektuaren (1. proiektua) ondasunen eta eskubideen zerrendan adierazten diren titulartasun publikoko eta pribatuko lurzoruak lortzea, haiek gauzatzeko beharrezkoak edo eskatutakoak badira, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearekin eta Erregelamenduarekin bat etorriz, seigarren klausularen arabera.

5.1.3.– Jarduketa osoaren (1. proiektua eta 2. proiektua) kostua finantzatzea: azterlanen eta proiektuen idazketa eta haien zuzendaritza, obrak gauzatzea, obren zuzendaritza fakultatiboa, eta behar diren laguntza teknikoko zerbitzuak: kontrola eta zaintza, arriskuen kudeaketa (AsBo barne), segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa, obren ingurumen-kontrola, eta kalitatearen kontrola, zaintza eta auditoretzak, laugarren klausulan adierazitako moduan.

Era berean, finantzaketaren ondorioetarako, seigarren klausula ere kontuan hartu beharko da, alderdiek desjabetzeetan dituzten betebeharrak ezartzen baititu.

5.2.– ETSk honako betebehar hauek ditu:

5.2.1.– ETSk lizitatu eta adjudikatuko ditu eraikuntza-proiektuak (1. proiektua eta 2. proiektua) idazteko behar diren zerbitzuak, III. eranskinean zehaztutako irismenaren arabera; hark lizitatu eta adjudikatuko ditu, halaber, proiektu horiek zehazteko behar diren azterlan guztiak idazteko zerbitzuak.

Eraikuntza-proiektu horiek Estatuaren eskumenekoak diren trenbide-instalazioei funtzionalki eragiten badiete, ETSk ADIFekin batera adostu beharko ditu proiektu horiek idazteko baliatuko diren irizpideak. Nolanahi ere, 2. proiektua idazteko, dagokion ADIFen araudi teknikoa beteko da.

5.2.2.– Administrazio bakoitzaren titulartasuneko aktiboen desjabetzeak kudeatzeko EAEAOk edo ADIFek (1. proiektua eta 2. proiektua, hurrenez hurren) eskatzen dituzten dokumentuak egitea eta aurkeztea, eta izapideak egitea.

5.2.3.– Loiolako Erriberetako (Donostia) aldageltokia egiteko onartu diren eraikuntza-proiektuetako obrak (1. eta 2. proiektuetako obrak, III. eranskinean zehaztutako irismenaren arabera) lizitatzea, adjudikatzea eta gauzatzea, bai eta obren zuzendaritza fakultatiboa, kontrola eta zaintza, segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa, ingurumenaren kontrola eta kalitatearen kontrola, zaintza eta auditoretzak gauzatzeko behar diren aholkularitza- eta laguntza-kontratuak ere.

ETSk obren eta laguntza tekniko guztien kontratuak lizitatuko ditu, eta prozeduren garapenaren eta kontratuen adjudikazioaren berri emango dio Hitzarmen honen Jarraipen eta Koordinazio Batzordeari.

5.2.4.– Obren jarraipenaz eta kontrolaz arduratuko da, obren zuzendaritza fakultatiboaren bitartez; ETSri dagozkio kontratazio-organoaren eskumen propioak, honako zeregin hauek barne:

– Proiektuan zehar gertatutako kontratu-gorabeherentzako kontratatutako aseguru-polizak moldatu direla kontrolatzea, eta estaldurak mantendu eta berritzea, formalizatutako kontratuak indarrean dauden bitartean.

– Azterlan eta txosten gehigarriak idaztea.

– Eraikuntza kudeatzea, obra-zuzendaritza, aholkularitza espezializatuen identifikazioa eta zuzendaritza, obren eraginen kudeaketa, eta zerbitzu ukituena, eta obrek irauten duten bitartean sortzen diren gainontzeko gorabeherak.

– Beste erakunde batzuekin koordinatzea; herritarrentzako etengabeko arreta eta informazioa emateko zerbitzua, kalteak pairatu dituztenen erreklamazioak ebaztea eta akats ezkutuak eskatzea. Azken horiek hitzarmena sinatu duten alderdiei helaraziko zaizkie, aurre egiteko hartutako neurriekin batera.

– Kontratistek egin ditzaketen erreklamazioak ebaztea, halakorik balitz, eta Hitzarmen hau sinatu duten alderdiei haien berri ematea eta haiek ebazteko modua jakinaraztea.

– Berme-epea amaitu ondoren, obren likidaziorako 1. eta 2. proiektuak idatziko ditu.

5.3.– ADIFek honako betebehar hauek ditu:

5.3.1.– ETSrekin elkarlanean aritzea 1. eta 2. eraikuntza-proiektuak egiteko, bai eta proiektu horiek gauzatzeko behar diren azterlan eta/edo saiakuntzak egiteko ere.

Eraikuntza-proiektu horiek Estatuaren eskumenekoak diren trenbide-instalazioei funtzionalki eragiten badiete, ADIFek ETSrekin batera adostu beharko ditu proiektu horiek idazteko baliatuko diren irizpideak.

5.3.2.– ETSren esku jartzea ADIFen azterlan eta proiektuak, baldin eta baliagarriak izan badaitezke Donostiako Loiolako Erriberetako aldageltokia eraikitzeko azterlanek eta proiektuek barne hartzen dituzten jarduketak definitzeko.

5.3.3.– ADIFi egokituko zaio 2. proiektua gainbegiratzea eta teknikoki onartzea (III. eranskinean zehaztutako irismenaren arabera). Alde horretatik, eraikuntza-proiektuak onartu aurretik, eta Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 7.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, proiektu horiek helaraziko zaizkio hirigintza-administrazio eskudunari, informazio-azterlanarekin bat ote datozen egiazta dezan eta txostena egin dezan; txostena aldekotzat joko da, jakinarazpena egin eta hilabeteko epean txostena egin ez bada.

ADIFek proiektua gainbegiratzeko behar diren koordinazio-lanak egingo ditu, ADIFek proiektuak kudeatzeko eta gainbegiratzeko baliatzen dituen berariazko prozeduretan oinarrituta.

Era berean, ADIFek adierazitako epeetan emango ditu proiektua gauzatzeko eskatzen zaizkion txostenak.

5.3.4.– ADIFi dagokio 1. proiektuko espazioei buruzko txostenak, oniritziak eta adostasuna ematea, bai proiektua idazteko fasean, bai obra gauzatzeko fasean, baldin eta espazio horiek bere instalazioen ustiapenarekin zerikusia badute.

5.3.5.– Laguntza eta aholkua ematea aldez aurreko komunikazio-prozeduretan eta Trenbide Segurtasuneko Estatu Agentziari (AESF) jakinarazteko prozeduretan, bai eta gauzatutako obretan sartzeko eta haiek zerbitzuan jartzeko baimenen dokumentazioa prestatzeko eta lantzeko prozeduretan ere.

5.3.6.– Behar diren kudeaketak egitea bere titulartasunekoak izango diren aktiboen gaineko jarduketak zehazten dituen proiektuaren (2. proiektua) ondasunen eta eskubideen zerrendan adierazten diren titulartasun publikoko eta pribatuko lurzoruak lortzea, haiek gauzatzeko beharrezkoak edo eskatutakoak badira. Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluarekin eta Nahitaezko Desjabetzearen Legearekin eta Erregelamenduarekin bat etorriz, seigarren klausularen arabera.

5.3.7.– ETSren eskueran jartzea kargarik gabe eta doan bere titulartasuneko lurzoruak eta/edo lurgainak, obrak egiteko beharrezkoak diren heinean. Jarduketa gauzatzeko lurzoruak aldez aurretik eskueran jarri behar direnez, ADIFek eta ETSk eskueran jartzeko akta formalizatuko dute, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, ADIFek trenbidearen eragin-eremuetan hirugarrenek jarduketak egiteko baimena ematen duenetik, indarrean dagoen ADIFen prozeduraren arabera, eta hitzarmen hau indarrean jarri ondoren.

5.3.8.– ETSrekin formalizatzea jarduketa honen xede diren eta ADIFen titulartasunekoak izango diren obren entrega-akta, zazpigarren klausulan jasotakoaren arabera.

5.3.9.– Honako hauei dagozkien kostuak finantzatzea: azterlanen eta proiektuen idazketa eta haien zuzendaritza, obren gauzatzea –onartutako proiektuei jarraikiz–, obren zuzendaritza fakultatiboa, kontrola eta zaintza, arriskuen kudeaketa (AsBo barne), segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa, obren ingurumen-kontrola, eta kalitatearen kontrola, zaintza eta auditoretzak, laugarren klausulan adierazitako partaidetza-baldintzetan.

Era berean, finantzaketaren ondorioetarako, seigarren klausula ere kontuan hartu beharko da, alderdiek desjabetzeetan dituzten betebeharrak ezartzen baititu.

5.3.10.– Obrak segurtasun- eta koordinazio-baldintza egokietan egin daitezen erraztea eta bermatzea, haien gauzatze-erritmoari kalterik ez egiteko, eta beharrezkoak diren neurriak hartzea eraikuntza-proiektuak gauzatu daitezen ADIFek trenbidea ustiatu eta mantentzearekin bateragarriak diren ordu-tarteetan.

5.4.– Gipuzkoako Foru Aldundiak betebehar hauek ditu:

5.4.1.– Honako hauei dagozkien kostuak finantzatzea: azterlanen eta proiektuen idazketa eta haien zuzendaritza, obren zuzendaritza fakultatiboko zerbitzuak, eta egiteko hauetarako behar diren laguntza teknikoak: kontrola eta zaintza, arriskuen kudeaketa (AsBo barne), segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa, obren ingurumen-kontrola, kalitatearen kontrola, zaintza eta auditoretzak, eta obren gauzatzea onartutako proiektuei jarraikiz, laugarren klausulan adierazitako baldintzetan.

Era berean, finantzaketaren ondorioetarako, seigarren klausula ere kontuan hartu beharko da, alderdiek desjabetzeetan dituzten betebeharrak ezartzen baititu.

Seigarrena.– Desjabetzeak.

EAEAO eta ADIF arduratuko dira proiektu hau gauzatzeko behar diren lurzoruak eskuratzeaz, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legean eta Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritako izapide eta prozedurekin bat etorriz.

Hori dela eta, EAEAOko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari (MITMA) dagokie, administrazio desjabetzaileak diren aldetik, behar diren administrazio-egintzak ematea 1. eta 2. eraikuntza-proiektuetako jarduketak gauzatzeko behar diren ondasun guztien desjabetze-espedienteak izapidetu daitezen; ETS eta ADIF izango dira, hurrenez hurren, horien onuradunak.

1. proiektuari dagozkion izapideak EAEAOk egingo ditu, eta 2. proiektuari dagozkion izapideak ADIFek.

Proiektu horrek behin betiko, aldi baterako edo zortasunez okupatuko dituen lurzoru guztien kostu ekonomikoa heren berdinetan finantzatuko dute EAEAOk, GFAk eta ADIFek. Desjabetze-prozesuak amaitu ondoren, EAEAOk eta ADIFek kostu errealen likidazio justifikatua egingo dute, eta kostu horiek ere heren berdinetan finantzatuko dituzte EAEko Administrazio Orokorrak, GFAk eta ADIFek.

Lurzoru horiek hitzarmen honetan parte hartzen duten alderdienak badira edo haien titulartasunekoak badira, alderdi horiek konpromisoa hartzen dute lurzoruok doan lagatzeko.

(Proiektuak lurzati pribatuen okupazioengatik sortutako kostua 50.000,00 eurokoa dela zenbatesten da).

Zazpigarrena.– Lanak hartzea.

7.1.– Behin 1. eta 2. proiektuen eraikuntza-proiektuetan zehaztutako obrak amaitu ondoren, kasuan kasuko harrera-lanak egingo dira akta bidez, lizitazio-agiriekin eta kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiarekin bat etorrita.

– EAEAOren aktiboak (1. proiektua) ETSk hartuko ditu.

– ADIFen aktiboak (2. proiektua) ETSk eta ADIFek hartuko dituzte.

Administrazio bakoitzaren titulartasuneko aktiboak modu independentean hartu ahal izango dira, eta ez da beharrezkoa izango proiektu bakoitzari dagozkion obrak aldi berean hartzea. Gai hori kontuan hartu beharko da kontratuen lizitazio-fasean. Horrela, obra hartzeko prozesuan, proiektu baten amaierak ez du eraginik beste proiektuaren amaieran, bi proiektuak kontratu bakar batean gauzatzen badira.

Lanak hartu aurretik, ADIFek 1. proiektuko obrei buruzko aldeko txostenak egin beharko ditu, baldin eta obra horiek bere aktiboen ustiapenari eragiten badiote.

7.2.– Lanak jaso ondoren, ETSk ADIFen eskumenekoak diren azpiegiturak eta instalazioak entregatuko ditu (ADIF haien titular bihurtuko da, eta bi alderdiek dagokion akta sinatuko dute). Gainerako azpiegiturak eta instalazioak ETSren ondare izatera igaroko dira, eta ondare hori Euskadiko Ondarean sartuko da, maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 15.1.a) artikuluari eta azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriari jarraikiz.

Zortzigarrena.– Zerbitzuan hastea eta jartzea.

Erakunde bakoitza proposatzailea izango da Trenbide Segurtasuneko Estatu Agentziaren (AESF) aurrean, 929/2020 Errege Dekretuak ezarritakoari jarraikiz. ADIFek behar den laguntza eta aholkua emango du aldez aurreko komunikazio-prozeduretan eta AESFri jakinarazteko prozeduretan –proiektua onartu aurrekoak– bai eta gauzatutako obrak zerbitzuan hasteko eta jartzeko baimenen dokumentazioa prestatzeko eta lantzeko prozeduretan ere.

Bederatzigarrena.– Jabetza intelektuala eta/edo industriala.

Jabetza Intelektualaren Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera proiektugileari dagozkion egile-eskubide moralei kalterik egin gabe, enpresa adjudikaziodunak hitzarmen honetan aipatzen diren proiektuaren idazketa-zerbitzuak gauzatzean sortutako dokumentu eta materialak (proiektuak, planoak, maketak, diseinuak eta kontratazioaren xede den proiektuari buruzko edozein agiri tekniko), osorik edo edozein fasetan, ETSrenak eta ADIFenak izango dira, % 50eko eta % 50eko proportzioetan, hurrenez hurren. Alabaina, erakunde horietako bakar bati eragiten dioten obrei dagozkien agiriak eta materialak, hitzarmen honen bigarren klausulan jasotakoarekin bat etorriz, obra horien eraginpean dagoen erakundearenak soilik izango dira.

Horrenbestez, agiri eta material horiek erabiltzeko eskubidea, ustiatzeko eskubideak (erreproduzitzeko eskubidea, banatzeko eskubidea, jendaurrean osoki edo zati batez zabaltzeko eskubidea eta itzultzeko, egokitzeko, konpontzeko edo beste edozein eraldaketarako eskubidea) eta, oro har, agiri eta material horien gaineko Jabetza Intelektualaren ondare-izaerako eskubide guztiak, erakunde horietako bakar bati eragiten dioten obrekin lotutakoak izan ezik, ETSri eta ADIFi dagozkie, batera, mundu osorako eta legez ezarritako gehieneko epean, % 50eko eta % 50eko proportzioetan, hurrenez hurren.

Agiri eta material horiek erabiltzeko eskubidea, ustiatzeko eskubideak (erreproduzitzeko eskubidea, banatzeko eskubidea, jendaurrean osoki edo zati batez zabaltzeko eskubidea eta itzultzeko, egokitzeko, konpontzeko edo beste edozein eraldaketarako eskubidea) eta, oro har, agiri eta material horien gaineko Jabetza Intelektualaren ondare-izaerako eskubide guztiak, erakunde horietako bakar bati eragiten dioten obrekin lotutakoak badira, erakunde hartzaileari baino ez dagozkio, mundu osorako eta legez ezarritako gehieneko eperako; erakunde horrek nahierara baliatu ahal izango ditu, egoki deritzen irizpideen arabera.

Hamargarrena.– Jarraipen eta Koordinazio Batzordea eta Batzorde Teknikoa.

10.1.– Jarraipen eta Koordinazio Batzordea.

Jarraipen eta Koordinazio Batzorde bat eratuko da hitzarmen honetan alderdiek bere gain hartutako betebeharrak betetzen dituztela zaintzeko, hitzarmen honen xedearen gauzatze teknikoa koordinatzeko, hitzarmenaren edukia betearazteko eta hura gauzatzeak sor ditzakeen zalantzak argitzeko.

Alderdi bakoitzari dagozkion eskumenak gorabehera, Jarraipen eta Koordinazio Batzordeak honako funtzio hauek izango ditu:

a) Proiektuaren kontrol globala egitea.

b) Hitzarmen honetatik eratortzen diren eginbeharren betetzeaz arduratzea.

c) Hitzarmen honen xede diren lan eta jarduketa guztiak gauzatzeko ezarri diren epeak bete daitezen arduratzea.

d) Lanen eta jarduketen jarraipena egiteko programa bat ezartzea.

e) Prozesuan esku hartzen duten beste administrazio eta eragile batzuekin beharrezko koordinazioa sustatzea, Hitzarmenaren helburuak lortzeko eta jarduketetarako beharrezkotzat eta egokitzat jotzen dituzten ekintza guztiak garatuz.

f) Hitzarmena interpretatzean eta betetzean sortzen diren zalantzak eta desadostasunak ebaztea.

g) Kasu bakoitzean egin behar diren izapideen arintasuna eragozten duten oztopoak kentzen laguntzea.

h) Hitzarmen honen xede diren jarduketak betetzeko behar diren neurriak jakinaraztea eta proposatzea.

i) Hitzarmen honetan aurreikusitako jarduketak behar bezala gauzatzen direla zaintzea, eta irizpideak eta bitartekoak ezartzea alderdiek elkarri informazioa eman diezaioten eta dagozkien konpromisoak egoki bete ditzaten.

j) Hitzarmena gauzatzean sor daitezkeen atzerapenen eta gorabeheren berri ematea alderdiei eta, hala badagokio, urteroko zenbatekoen doikuntzak proposatzea, ekarpen ekonomikoak obrak gauzatzeko erritmora egokitu daitezen; urteroko zenbatekoetan egokitzapenak egitea onartu ahal izango dute, horrek ez badakar berekin hitzarmenaren kostu ekonomikoa handitzea edo hitzarmena betetzeko epea luzatzea.

Honako hauek izango dira Jarraipen eta Koordinazio Batzordeko kideak:

– EAEAOko bi ordezkari.

– ETSko bi ordezkari.

– GFAko bi ordezkari.

– ADIFeko bi ordezkari.

Batzordearen presidentetza txandakatu egingo da, urtetik urtera, EAEAOren eta ADIFen artean, eta ETSri egokituko zaio haren idazkaritza.

Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, eta alderdietako edozeinek proposatuta, Jarraipen eta Koordinazio Batzordea jarduketen martxa egokirako beharrezkoa den guztietan bilduko da, eta gutxienez sei hilean behin. Bilerarako deialdia idatziz egingo da, gutxienez 72 ordu lehenago, aztertu beharreko gaien zerrenda eta horiei dagokien dokumentazioa erantsita; horrez gain, batzordekideen interesekoa izan daitekeen beste edozein gai ere aztertu ahal izango da. Idazkariak bileren aktak bidaliko dizkie alderdi sinatzaileen administrazioetako eta erakundeetako organo baimen-emaileei.

Batzorde horretan aldian-aldian esku hartu ahal izango dute esku hartzen duten administrazioetako edo erakundeetako teknikariek, baita, hala dagokionean, hitzarmen honetan hartutako konpromisoak betetzeko egoki iritzitako erakundeetako ordezkariek ere.

Batzordea behar bezala eratzeko, ezinbestekoa izango da bertan egotea batzordeburua, batzordeko idazkaria eta, gutxienez, GFAko eta ADIFeko ordezkari bana. Bertaratuek aho batez hartu beharko dituzte erabakiak.

Hitzarmen honetan Jarraipen eta Koordinazio Batzordearentzat espresuki jasotzen ez diren gaietan, 40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, Atariko Tituluaren II. kapituluaren hirugarren atalean arautzen duen kide anitzeko organoen araubidea aplikatuko da.

10.2.– Batzorde teknikoa.

Era berean, Batzorde Tekniko bat sortuko da, eta hauek izango dira batzordekideak:

– EAEAOko bi ordezkari.

– ETSko bi ordezkari.

– GFAko bi ordezkari.

– ADIFeko bi ordezkari.

Batzorde Teknikoak hitzarmen honen xede diren eraikuntza-azterlan eta -proiektuen jarraipena egiten lagunduko du, bai eta gauzatzen diren obrena ere, komenigarritzat jotzen dituen alderdi teknikoak aztertzeko. Ondorioak Jarraipen eta Koordinazio Batzordeari bidaliko dizkio, eta, nolanahi ere, Jarraipen eta Koordinazio Batzordeak hartuko du horien gaineko azken erabakia.

Hamaikagarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta azkentzea.

Hitzarmen hau sinatzearekin batera jarriko da indarrean, eta erabateko balioa eta eraginkortasuna izango ditu Estatuko Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denetik 5 egun balioduneko epean. Halaber, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, formalizatzen denetik 10 egun balioduneko epean.

Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluaren eta 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorren gaineko abenduaren 30eko 11/2020 Legearen ehun eta hogeita hemezortzigarren xedapen gehigarriaren arabera, hitzarmen honek, gehienez, 6 urteko indarraldia izango du. Hala ere, barne hartzen dituen jarduketak egiteko aldi luzeagoa behar bada, alderdiek konpromisoa hartzen dute behar den luzapena izapidetzeko, hitzarmenaren indarraldia amaitu baino lehen eta behar besteko aurrerapenarekin, aipatu legean aurreikusten den moduan, eta hartarako jarraituz berau baimentzeko erabili den prozedura berbera.

Hitzarmenaren indarraldia luzatzeko, alderdiek aho batez onartu beharko dute.

Hitzarmen hau bertan jasotako jarduketa guztiak betetzean edo amaitzean azkenduko da; horrez gain, hura suntsiarazteko arrazoi hauetakoren batengatik ere azkenduko da:

– Alderdiak horretarako ados daudelako, eta horixe jasota utzi dutelako horretarako propio egindako dokumentu batean.

– Sinatzaile batek ez dituelako bete hitzarmen honetan jasota dauden betebehar zehatzak; kaltea jasaten duen alderdiak idatziz eta, gutxienez, hilabeteko aurrerapenarekin, horren berri eman behar du adierazpen fede-emaile baten bidez. Hartarako, balizko kalte-ordainak zehazteko irizpidetzat hartuko dira balizko ez-betetzea gertatzen den unean kaltetuak izango lituzkeen kostuak.

– Hitzarmenaren deuseztasuna ezartzen duen erabaki judiziala.

– Hitzarmen honen edukiarekin bat ez datozen aldaketak legedian.

– Hitzarmenaren xedea betetzea eragozten duen ezinbesteko kasua.

– Hitzarmenaren indarraldia amaitzea eta hura luzatzeko erabakirik ez hartzea.

Xede diren jarduketak amaitzea ez den beste arrazoiren batengatik azkentzen bada hitzarmena, alderdiek, Jarraipen eta Koordinazio Batzordeak proposatuta, jarduketekin jarraitzeko eta haiek amaitzeko egoki deritzeten baldintzak adostu ahal izango dituzte. Horretarako, epe luzaezina ezarriko dute, eta epe hori igarotakoan, jarduketen likidazioa egin beharko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hitzarmena edozein arrazoirengatik azkenduz gero, hitzarmena azkendu aurretik sortutako eskubide eta betebehar guztiak likidatu eta bete egingo dituzte alderdi guztiek, alde batera utzi gabe azkentze horretatik eratortzen zaizkien eskubide eta betebeharrak, Legearen edo hitzarmen honetan xedatutakoaren arabera.

Hamabigarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Inguruabarrengatik beharrezkoa bada, hitzarmen hau aldatzeari ekingo zaio, administrazio eta erakunde sinatzaileen aurretiazko adostasunarekin; horretarako, dagokion aldaketa-dokumentua izapidetu eta sinatuko da, baimena emateko baliatu den prozedura bera erabilita.

Hamahirugarrena.– Araubide juridikoa eta jurisdikzioa.

Lankidetza-hitzarmen honek izaera administratiboa du eta men egingo dio indarrean den araudiari, eta han aurreikusten ez den guztian, 40/2015 Legean, urriaren 1ekoan, Sektore Publikoko Araubide Juridikokoan, edo etorkizunean hura ordezkatu dezakeenean, ezartzen denari.

Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek honako hau erabaki dute: hitzarmen honen interpretazioan eta/edo betetzean ager daitezkeen gorabeherak Jarraipen eta Koordinazio Batzordean erabakiko direla.

Hitzarmen honen interpretazioan eta/edo betetzean ager daitezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikziora bideratuko dira.

Eta adostasun horren froga gisa, agiri honen lau ale sinatu dituzte goiburuan adierazitako tokian eta datan, honako hauek:

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean,

IÑAKI ARRIOLA LÓPEZ JAUNAK.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean,

MARKEL OLANO ARRESE JAUNAK.

Euskal Trenbide Sarearen izenean,

IÑAKI ARRIOLA LÓPEZ JAUNAK.

ADIFen izenean,

MARIA LUISA DOMÍNGUEZ GONZÁLEZ ANDREAK.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala