Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

107. zk., 2023ko ekainaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2685

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 29koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Bizkaiko Arkeologi Museoa Bizkaiko Lurralde Historikoan aurkitutako interes arkeologikoko ondasunen gordailu-zentro izendatzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluaren arabera, eskumen esklusiboa bereganatu zuen kultura-ondarearen arloan. Eskumen horretaz baliatuz onartu zen maiatzaren 9ko 6/2019 Legea, Euskal Kultura Ondareari buruzkoa.

Maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 74. artikuluaren lehenengo paragrafoan adierazten denez, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan aurkitzen diren interes arkeologikoko eta paleontologikoko ondasunak jabari publikokoak izango dira.

Bestetik, lege beraren 70. artikuluaren lehenengo puntuak ezarrita dauka jarduera arkeologiko eta paleontologiko baimenduen ondorioz aurkitutako ondasunak kasuan kasuko lurraldeko museoetan edo Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailak xede horretarako izendatzen dituen zentroetan gordailutu behar direla.

Urriaren 5eko 341/1999 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan aurkitutako interes arkeologikoa edota paleontologikoa duten ondasunak garraiatu, entregatu eta gordailuan uzteko baldintzei buruzkoak, bere 8. artikuluan betebehar berbera dakar adierazita; hau da, ondasun horiek lurralde-museoetan edo Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailak xede horretarako izendatzen dituen zentroetan gordailutu behar direla.

2008ko azaroaren 27ko Aginduaren bidez, Kulturako sailburuak Bizkaiko Arkeologi Museoa izendatu zuen Bizkaiko Lurralde Historikoan aurkitutako ondasun arkeologiko eta paleontologikoak gordetzeko zentro, hamar urterako. Bizkaiko Arkeologi Museoa Euskara, Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari atxikita dago, eta Bilboko Mallonako Galtzadak kaleko 2an du egoitza.

Izendapen horren ondoren, abenduaren 22ko 5/2010 Foru Arauak, «BizkaiKOA» enpresa-erakunde publiko forala sortzekoak, 6.b) artikuluan, erakunde horren eginkizunen artean, foru-titulartasuneko museoen kudeaketa integrala ezarri zuen, eta horietakoa da Bizkaiko Arkeologi Museoa.

2023ko apirilaren 19an, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren idazki bat sartu zen Kultura Ondarearen Zuzendaritza Nagusian. Horren bidez, izendapena berritzeko eskatu zuen, eta izendapena berritzeko informazio garrantzitsua erantsi.

Aipatutako urriaren 5eko 341/1999 Dekretuaren 8. artikuluaren hirugarren paragrafoaren arabera, izendapen hori egokia da, kontuan hartuta Bizkaiko Arkeologi Museoaren ibilbide aski ezaguna, baliabide material eta pertsonaletarako daukan gaitasuna eta museoaren zerbitzura dauden lokalak egokiak direla. 2008tik, sortu zenetik, egindako ibilbidean argi asko egiaztatuta dago hori guztia.

Horregatik guztiagatik, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 74. artikuluan eta urriaren 5eko 341/1999 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena eta Kultura Ondarearen zuzendariaren proposamena ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bizkaiko Arkeologi Museoa Bizkaiko Lurralde Historikoan aurkitutako interes arkeologikoko ondasunen gordailu-zentroa izendatzea.

Bigarrena.– Izendapen horren indarraldia hamabost urtekoa izango da, eta epe hori igarotakoan, berrikusi egingo da.

Hirugarrena.– Bizkaiko Arkeologi Museoak gainbegiratu beharko du material arkeologikoak entregatzeko betebeharrak betetzen direla, urriaren 5eko 341/1999 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan aurkitutako interes arkeologikoa edo paleontologikoa duten ondasunak garraiatu, entregatu eta gordailuan uzteko baldintzei buruzkoak, ezarritako zehaztapenen arabera.

Laugarrena.– Izendapen-agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila, edonork izan dezan izendapen honen berri.

Bosgarrena.– Izendapenaren berri ematea Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari, BizkaiKOA Enpresa Erakunde Publiko Foralari eta Bizkaiko Arkeologi Museoari.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, administrazio-bideari amaiera ematen dionez, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 29a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala