Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

107. zk., 2023ko ekainaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2682

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 23koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Easo Geltokia (Osasuniturri kalea) San Roke kalearekin konektatzeko igogailua eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzen duena, eta titularrei dei egiten diena okupazioaren aurretiko aktak egiteko.

2022ko azaroaren 22ko Ebazpenaren bidez, «Easo Geltokia (Osasuniturri kalea) San Roke kalearekin konektatzeko igogailua eraikitzeko proiektuak» onetsi zen.

Geroago, eraikuntza-proiektuaren aurrekontua zuzentzeko beharra ikusi zen, eta, beraz, aurrekontu berri bat idatzi zen horretarako. Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2023ko otsailaren 22ko Ebazpenaren bidez, «Easo Geltokia (Osasuniturri kalea) San Roke kalearekin konektatzeko igogailua eraikitzeko proiektua» berriro onartu zen.

Sartutako aldaketak proiektuaren aurrekontuari buruzkoak baino ez dira, eta, beraz, 2023ko urtarrilaren 24ko Ebazpenaren bidez jendaurrean jarritako eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrendari ez zion eragiten, ezta aldatzen ere.

Proiektuaren xedea da Aieteko auzoa eta Donostialdeko Metroaren Miraconcha-Easo zatiaren eraikuntza-proiektuan zehaztutako trenbide-azpiegitura berria lotzea.

Donostialdeko Metroaren proiektuan diseinatutako kanoiak gainazalerako irteera bikoitza aurreikusten du Autonomia eta Osasuniturri kaleetan. Alabaina, Aieteko bizilagunak azpiegitura berritik urrun samar geratzen dira. Proiektu honek arazoari konponbidea ematen dio igogailu baten bidez. Igogailu horrek Osasuniturri kalera irteten den kanoira ematen du, eta bat egiten du mendi-mazela berean kokatutako San Roke kalearekin. Bien artean ia 30 metroko kota-aldea dago.

Alternatiben azterketan egindako analisiaren ondoren, eraikuntza-proiektuan Easo geltokiaren eta San Roke kalearen arteko konexio-soluzioa garatzearen aldeko hautua egin da, Osasuniturri kalean bitarteko geraleku bat sartuta, pasabide baten bidez San Roke kalearekin konektatzen den igogailu bakar bat eraikita.

Azpiegitura berria erabilgarria izango da bai Metroaren erabiltzaileentzat bai Autonomia kaletik San Roke kalera edo alderantziz joan nahi duten inguruko bizilagunentzat.

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazio xehatua biltzen du (desjabetzeen eranskinean jaso dira lurzatien zerrenda eta planoak).

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2023ko urtarrilaren 24ko Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedurari hasiera ematea eta desjabetzeen eranskinaren zerrenda jendaurrean jartzea. Interesdunei jakinarazi zitzaien, eta 2023ko otsailaren 8an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta «Berria» eta «El Diario Vasco» egunkarietan argitaratu zen. Ondasun eta eskubideen zerrenda hori Donostiako udaletxeko iragarki-taulan ere jarri zen.

Izapide honetan hiru alegazio-idazki aurkeztu dira; Zerbitzu Teknikoetara bidali dira, neurriak hartzeko eta kontuan hartzeko, akatsak zuzendu behar badira ere. Erantzun indibidualizatua bidali zaie.

Jendaurrean jartzeko epea amaituta, ukitutako ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda egin da.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo trenbide-azpiegiturako beste elementu batzuk onesteak edo lehendik daudenak aldatzeak lursail berriak erabiltzea eskatzen badu, horietan identifikatutako eraginpeko ondasun eta eskubideen Nahitaezko Desjabetzearen ondorioetarako, onura publikoko edo gizarte-intereseko deklarazioa egingo da, eta okupatu beharrekoa eta presakoa dela deklaratuko da. Legezko adierazpen horrek nahitaezko desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako prozedurara jotzeko ahalmena ematen dio administrazioari; hartara, lurrak okupatu edo ukitutako ondasunak eskuratuko ditu, ondasun edo eskubide horiek deskribatzen dituzten aktak egin ondoren, titularrak identifikatuz eta baloraziorako beharrezkoak diren datuak jasoz, eta, aldez aurretik, okupazioaren aurreko gordailu gisa perituak zehaztutako zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz, eta, hala badagokio, okupatzeko presak eragindako kalteen zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz.

Ondorioz, egindakoa ikusita, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56. artikuluan eta horrekin bat datozen eta oro har aplikatu beharreko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Easo Geltokia (Osasuniturri kalea) San Roke kalearekin konektatzeko igogailua eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta hura okupatu beharra deklaratzea, Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan adierazitako ondorioekin.

Bigarrena.– Zerrenda horretan agertzen diren jabeei dei egitea, Donostiako Udalera joan ondoren, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, zerrenda horretan adierazitako egun eta orduetan, eta, hala badagokio, horiek formalki okupatzeko; hala ere, beharrezkoa izanez gero, aukera egongo da lursailetara bertaratzeko, interesdunek hala eskatuta.

Egintza horretara interesdunek berek joan beharko dute, edo haien izenean jarduteko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek; haien titulartasuna egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte (eskritura publikoak, Jabetza Erregistroko ziurtagiriak edo informazio-oharrak, etab.), bai eta beren eskubideak egiaztatzen dituen beste edozein agiri ere. Egoki iritziz gero, beren perituekin eta notario batekin batera aurkeztu ahal izango dira, baina hori haien kontura izango da.

Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte okupazioaren aurreko akta egiten den egunera arte, akatsik egonez gero horiek zuzentzeko. Horretarako, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara jo beharko dute idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa jartzeko idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari zuzendu behar zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Nolanahi ere, aurretik aukera izango dute errekerimendua egiteko, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 23a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

ERANSKINA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala