Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

107. zk., 2023ko ekainaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2675

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 16koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideetarako 2023ko ekitaldirako laguntzen deialdiko oinarriak onartzeko dena.

1962an Nekazaritzako Politika Bateratua (NPB) sortu zenetik, politika hau egokitu egin da, sektoreko erronken eta herritarren beharrizan berrien arabera, ondoz ondoko erreformen bidez.

NPBren azken erreforma 2021eko abenduan amaitu zen, hiru erregelamendu argitaratuta. Erregelamendu horiek 2023-2027 aldian NPB aplikatzeko oinarriak finkatzen eta arautzen dituzte, kasuan kasuko ordezko eta betearazpeneko erregelamenduekin batera, egon daitezkeen luzapenak gorabehera. Hona hemen erregelamenduak:

Alde batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamendua, nekazaritza-politika bateratuaren esparruan estatu-kideek egin behar dituzten plan estrategikoetarako (NPBren plan estrategikoak) laguntzari buruzko arauak ezartzen dituena –Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta– eta 1305/2013 (EB) Erregelamendua eta 1307/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen dituena.

Bestalde, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamendua, nekazaritza-politika bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena.

Eta, azkenik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2117 (EB) Erregelamendua, honako erregelamendu hauek aldatzen dituena: 1308/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako produktuen merkatuen antolakunde erkidea sortzen duena; 1151/2012 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideei buruzkoa; 251/2014 (EB) Erregelamendua, mahastizaintzako eta ardogintzako produktu aromatizatuen adierazpen geografikoen definizioari, deskribapenari, aurkezpenari, etiketatzeari eta babesari buruzkoa; eta 228/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritzaren sektorean Batasuneko eskualde ultraperiferikoen aldeko neurri espezifikoak ezartzen dituena.

NPB berriak, 2023tik 2027ra bitartean aplikatuko denak, aurreko NPBren funtsezko elementuak ditu, baina laguntzen azken onuradunek bete behar dituzten baldintzen deskribapenean oinarritutako politika bat izatetik emaitza zehatz batzuk lortzera bideratutako politika izatera pasatuko da, hiru helburu nagusirekin lotuta: nekazaritzaren sektore adimentsua, lehiakorra, erresilientea eta dibertsifikatua sustatzea, elikagaien epe luzeko segurtasuna bermatuko duena; ingurumenaren babesa indartzea eta babestea, bioaniztasuna barne, bai eta klimaren aldeko ekintza ere, eta Batasuneko ingurumen- eta klima-helburuak lortzen laguntzea, tartean Parisko Itunaren arabera hartutako konpromisoak; eta landa-inguruetako sare sozioekonomikoa indartzea. Helburu orokor horiek, era berean, bederatzi helburu espezifikotan banakatuko dira, jasangarritasuneko hiru zutabetan oinarrituta, eta zeharkako helburu komun batekin osatuta: nekazaritzaren sektorea modernizatzea landa-inguruetan, ezagutzaren, berrikuntzaren eta digitalizazioaren bidez.

2023-2027ko NPBren berrikuntza nagusietako bat da estatu-kide guztiek eduki behar dutela NPBren Plan Estrategiko (NPBPE) bakarra eta, bertan, NPBren helburuak eta Europako Itun Berdearen anbizioa lortzeko laguntzako esku-hartzeak jaso behar direla.

Horrenbestez, eta hiru urte inguruko lan-prozesuaren ostean, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako Ministerioen koordinazioarekin eta autonomia-erkidegoen partaidetzarekin, bai diagnostikoaren eta beharren azterketaren hasierako fasean, bai estrategia antolatu eta esku-hartzeak diseinatzeko ondorengo fasean, 2022ko abuztuaren 31n Europako Batzordeak Espainiako NPBren Plan Estrategikoa onartu zuen, C (2022)6017 Erabakiaren bidez.

Espainiako NPBPE horretan jaso dira, batetik, lehen zutabearen eremuan (laguntza zuzenak eta sektorialak, NBEUF funtsak finantzatuak) programatutako laguntzako esku-hartzeak, estatu-mailan zuzenean aplikatuko direnak eta, bestetik, bigarren zutabeko landa-garapenerako esku-hartzeak (LGENF funtsak kofinantzatuak). Azken horiek erkidego-mailan ezarri eta garatuko dira, kasuan kasu ezarri diren eskualde-zehaztapenen arabera eta autonomia-erkidego bakoitzak bere lurralderako programatu dituen esku-hartzeei eta aurrekontuei jarraikiz. Horren ondorioz, Euskadiren kasuan, NBEUF funtseko esku-hartze sektorialez eta ordainketa zuzenen bidez egindako esku-hartzeez gain, landa-garapeneko 18 esku-hartze programatu dira (LGENF).

Euskadin programatutako landa-garapeneko 18 esku-hartzeen artean (LGENF), kalitate-araubideetako partaidetzari (lankidetzako esku-hartzea, 7131) eta kalitate-araubideetan produktuak sustatzeari (lankidetzako esku-hartzea, 7132) buruzkoak aurkitzen dira.

Elikadura-sektorea sektore estrategikoa da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta euskal landa-ingurunearen funtsezko substratua da. Sektore horren lehiakortasuna handitzeko xedeaz, euskal nekazaritzan nolabait sustraituta dauden produktu batzuk bereizteko eta sustatzeko estrategia bat garatu da.

Babestutako jatorri-deituretan edo adierazpen geografiko babestuetan sartzeak eragin positiboa dauka nekazarien diru-sarreretan, sektore ekoizleak prezio hobeak eta diru-sarrera handiagoak lortu ditzakeelako, balio erantsia transferitzen duten produktuen ezaugarriekin bat. Halaber, kalitatearen kudeaketa hobea, merkatuetarako sarbide hobea eta prezioen egonkortasuna sustatzen dituzte. Ondorioz, EBko kalitate-araubideen aplikazioak eragin positiboa izan lezake landa-inguruetan, muga naturalak dituzten guneetan barne.

Bai NPBren Plan Estrategikoaren abiapuntuko egoeraren azterketak, bai Europako Batzordearen gomendioek (SWD (2020) 374 final) berariaz proposatzen dute nekazaritza ekologikoari buruzko EBren Itun Berdean agertzen den helburua betetzen lagundu beharra. Horretarako, honako neurri hauek proposatzen dira: ekoizpen ekologikoko guneen egungo goranzko joera hobetzea, bihurketa- eta mantentze-plan egokien bidez; eskari ekologikoaren igoera sustatzea elikadura-katean eta merkatuaren antolaketan; eta animalien ekoizpeneko eta landaketako praktika onenak bultzatzea. Halaber, nekazaritza ekologikoan eta kalitatezko beste nekazaritza-produktu batzuetan ingurumena errespetatzen duten ekoizpen-teknika jasangarriak behar dira. Europako Batzordeko gomendio horiek, beraz, merkatura orientatuko nekazaritzako ustiapen bideragarriak finkatzea proposatzen dute.

Orokorrean, laguntza hauen helburua Europar Batasunak elikaduraren eta osasunaren arloko eskakizun sozialei ematen dien erantzuna hobetzea da, modu jasangarrian ekoitzitako elikagai kalitatezko, seguru eta nutritiboen eskaria barne. Nekazaritzaren sektoreak balio-katean duen posizioa hobetzea da helburuetako beste bat eta, horretarako, kalitate bereziko ekoizpen ekologikoak sustatzen dira. Erkidegoko ekoizpen-sistemei eta produktuei balioa ematea eta kontsumitzaileen eta ekoizpen-sektorearen arteko loturak eta konfiantza indartzea ere lortu nahi da.

Kalitate-araubide horietan parte hartzeak batzuetan kostu eta betebehar gehigarri batzuk sortzen dituenez, eta merkatuak ez dituenez beti behar adina saritzen, nekazariek programa horietan parte har dezaten sustatu behar da. Lehen helburua hauxe da: ziurtatutako kalitatedun euskal produktuak elikadura-katean hobeto sartzen laguntzea, hain zuzen ere sektore ekoizleak kalitate-araubideetan duen parte-hartzea areagotuz eta produktu horiek barne- eta kanpo-merkatuetan duten kokapena eta aintzatespena hobetuz. Hori guzti hori, Euskadiko kalitate bereizi eta ziurtatuko estrategian txertatuta dago, gure nekazaritza-politikaren oinarria bera. Kalitate-araubideetan partaidetza sustatzeko esku-hartzeak dirulaguntza forma izango du, hau da, nekazariak benetan egin dituen gastu diruz lagungarriak itzuliko dira, bai eta EBko kalitate-araubideetan parte hartzen duten nekazarien elkarteek egindakoak ere. Kasu horretan, helburu zehatza kalitate-araubideetan operadore berrien sarrera sustatzea eta dagoeneko kalitate-araubide batetan dagoen produktu baten ziurtapena (edo araubide beraren barruan ekoizpen-orientazio desberdina duena) beste batera aldatzea izango da, araubide horietako partaidetzak hobetu egiten baitu ekoizleen egoera balio-katean.

Bestalde, Europar Batasuneko kalitate-politikaren ebaluazioari buruzko oraintsuko azterlanak, EBn babestutako adierazpen geografikoei eta bermatutako espezialitate tradizionalei buruzkoak dioenez, nekazaritzaren, elikagaigintzaren eta ardogintzaren sektoreetako ekoizle-taldeentzako helbururik esanguratsuenetako bat da kontsumitzaileei informazio argia ematea produktuei balioa eransten dieten jabetzen gainean edo/eta kontsumitzaileen bidezko interesak babestea. Hala ere, estatu-kide batzuetan sistema honen gaineko kontzientziazioa eta ulermena baxua denez, kontsumitzaileak ez dira nahitaez jabetzen produktu horien garrantziaz. Azterlan honetan adierazten denez, era berean, kalitate-figurak tresna garrantzitsua dira eskualdeko nortasuna eta ondare gastronomikoa sustatzeko; bereziki, adierazpen geografikoak babesteko orduan historia luzea duten herrialdeetan. Hala ere, erkidego zientifikoak adierazten duen bezala, zeinak kasu arrakastatsu ugari identifikatzen baititu, tokiko kultura-ondare biziaren zaintzarekin eta kontserbazioarekin lotutako dimentsio geografiko hori are gehiago garatu daiteke. Kalitatezko nekazaritza-produktu batekin batera promozio egokia egin behar da, merkatuan dauzkan aukerak hobetzeko. Era berean, biztanleei kalitatezko programen existentziari eta ezaugarriei buruz ematen zaien informazioa hobetzeak areagotuko egingo du kontsumitzaileek kalitate altuko produktuekiko duten ezagutza eta sentsibilizazioa, bai eta produktuok eskuratzeko erabilitako metodo jasangarrien gainekoa ere. Kontuan hartuta egoera hau eta behar horiek, esku-hartze honen bigarren helburua erkidegoko merkatuan kalitatezko produktuen informazioa eta sustapena indartzea da, kontsumitzaileek EBko edo estatu-mailako kalitatezko programen arabera egindako produktuen ezaugarri bereiziak ezagut ditzaten, kalitate-araubideak kudeatzen dituzten ekoizleen elkarteek egindako informazio- edo sustapen-kanpainen bidez.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna EBren oinarrizko printzipioa da, eta genero-ikuspegiaren txertaketa tresna garrantzitsua da printzipio hori NPBra sartzeko. Ondorioz, arreta berezia jarri behar da emakumeek landa-guneetako garapen sozioekonomikoan duten partaidetzan, nekazaritzari eta abeltzaintzari bereziki erreparatuta, eta emakumeen funtsezko zeregina babestu behar da. Estatu-kideei eskatu behar zaie emakumeek nekazaritza eta abeltzaintzaren sektorean duten egoera ebaluatzeko eta NPBren plan estrategikoetan erronkak jorratzeko. Genero-berdintasuna NPBren esku-hartzeak prestatu, bete eta ebaluatzeko lanaren parte izan behar da. Estatu-kideek, era berean, indartu egin behar dute genero-ikuspegia integratzeko eta datuak generoaren arabera banatuta batzeko duten gaitasuna. Ondorioz, beharrezkoa da Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legea eta Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legea onartzea, nekazaritzaren sektorean emakumeek jasaten duten bereizkeriari aurre egiteko, batik bat aitorpen profesionala lortzeko eta gizartean aintzat hartuak izateko, eta beren eskubide profesional, sozial eta fiskalak egikaritzeko.

Hori guztia dela eta, Espainiako NPBPEren eta NPBren eremuan aplikatzekoak diren estatu-arauetan ezarritakoaren arabera, deialdi honekin 2023rako Europar Batasunaren eta EAEren artean finantzatutako laguntzen araubidea arautu nahi da, nekazariek nekazaritza eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideetan duten partaidetza indartzeko eta erkidegoko merkatuko kalitate-araubideetako produktuen sustapenerako laguntzak indartzeko.

Hala, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuan jasotako xedapenen arabera, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eskumenekoak dira nekazaritzako, arrantzako eta elikagaigintzako industriei eta merkaturatzeari dagozkien jardun-arloak, besteak beste. Jardun-arlo horren funtzioak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari esleitzen zaizkio, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren bitartez; Zuzendaritza horri dagokio, beste eskuduntza batzuen artean, nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-industrien lehiakortasuna hobetzeko jarduerak gauzatzea, bai eta elikagaigintzaren balio-katea sustatzea ere, ekoizpen primariotik gastronomiaraino.

Agindu honen bidez iragarritako laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021., 2022. eta 2023. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko otsailaren 20ko Aginduaren bidez onartu zen (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021, 2022 eta 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa laugarrenez aldatzekoa). Horiek guztiak 5.4.4.1. ardatz estrategikoan sartzen dira: «Lehen sektore errentagarri, berritzaile eta lehiakorra». Hartara, Euskadin egindako edo lortutako produktuen kalitate bereizia sustatu nahi da, nekazaritzako produktuen eta ekoizpenaren kalitatea hobetzeko neurrien bidez.

Laguntza-deialdi honetan onuradun moduan sartzen dira, era berean, 2019, 2020, 2021 edo 2022an Landa Garapenerako 2015-2022 Programaren 3.1. neurriko kalitate-programetara atxiki ziren horiek, edo, ekoizpen ekologikoaren kasuan, urte horietakoren batean ekoizpen-orientazio berri bat sartu zutenak. Laguntza horiek ez dira 2023-2027 NPBPEren parte eta, LGENF finantzaketarik ez dutenez, funts propioekin finantzatuko dira.

Era berean, deialdi honetan, xedapen hauetan ezarritakoa hartu da aintzat: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (EAEko Administrazio Publikoaren dirulaguntzak arautzeari buruzkoa).

Laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikulua, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideetarako laguntzen deialdiko oinarri arautzaileak, 2023ko ekitaldirako, I. eranskinean adierazitako eran.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– NPBren Plan Estrategikoko elementuen aldaketa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduak, 2021eko abenduaren 2koak, nekazaritza-politika bateratuaren esparruan (NPBren plan estrategikoak) estatu-kideek egin behar dituzten plan estrategikoetarako laguntzari buruzko arauak ezartzen dituenak –Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta– eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) Erregelamenduak indargabetzen dituenak, 119.9 artikuluan xedatutakoari jarraituz, deialdi honen ebazpena emateko, ezinbestekoa izango da Europako Batzordeari jakinaraztea NPBren Plan Estrategikoari dagokionez Europako Batzordeak onartutako aldaketak, NPBren Plan Estrategikoa Kudeatzeko Agintaritzaren bidez.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 16a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan 2023-2027ko Espainiako Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoaren esparruan jasota dauden «7131 - Nekazariek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntzak» eta «7132 - Ekoizle-elkarteek barne-merkaturako ezarritako informazio- eta sustapen-jardueretarako laguntzak» emateko deialdia egitea 2023ko ekitaldirako.

Deialdi honen bidez, 2015-2022 aldirako Landa Garapenerako Programako 3.1 neurriko (Nekazariek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza) 5 urteko aldia bete ez zuten eta 2019., 2020., 2021. edo 2022. urteetan kalitate bereiziko programetara atxiki ziren pertsonen laguntza-eskaerei ere erantzun nahi zaie edo, ekoizpen ekologikoaren kasuan, urte horietako batean produkzio-orientazio berri bat txertatu zutenei.

2. oinarria.– Laguntza-motak.

Laguntzak hiru motatakoak dira:

a) 7131 esku-hartzea: Nekazariek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza. Urteko ordainsari bat emango da ustiategiko; ordainsari horren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira zenbaterainokoak diren eskatzaileari kalitate-araubideetako partaidetzak eragiten dizkion kostu finkoak, onuraduna inskribatzen denetik 5 urtera gehienez.

b) 7132 esku-hartzea: Informazio- eta promozio-jardueretarako laguntza, ekoizle-taldeek Erkidegoko merkaturako egindako jardueretarako, kalitate-araubideren batek estalitako produktuei begira. Dirulaguntza zuzen baten bidez lagunduko da, informazio- eta promozio-ekintzetan diruz lagundu daitezkeen kostuen ehuneko baten gainean.

c) Landa Garapenerako 2015-2022 Programako 3.1 neurria (Nekazariek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza). Urteko ordainsari bat emango da ustiategiko; ordainsari horren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira zenbaterainokoak diren eskatzaileari kalitate-araubideetako partaidetzak eragiten dizkion kostu finkoak, onuraduna inskribatzen denetik 5 urtera gehienez. 2019., 2020., 2021. eta 2022. urteetan diruz lagun daitezkeen kalitate-araubideetan izena eman zuten eta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpenaren bidez laguntza jasotzeko eskubidea aitortua zuten pertsonen eskaerak baino ez dira aintzat hartuko. Neurri horrek ez du LGENFren finantzaketarik izango, eta 7131 esku-hartzearen finantzaketa osagarriko partidaren bidez finantzatuko da.

3. oinarria.– Finantzaketa.

Aurrekontuari dagokionez, 2023ko ekitaldiko laguntza-programa Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren aurrekontuen kreditu egoki eta behar besteko baten kontura finantzatuko da.

Nekazariek 7131 esku-hartzean aurreikusitako kalitate-araubideetan parte har dezaten ematen diren laguntzak finantzatzera bideratutako aurrekontu-kreditua Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak batera finantzatuko dute, eta 153.080 eurokoa da; horietatik, 87.256 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira (% 57), eta 65.824 euro Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa izeneko Europako funtsaren kontura (% 43), Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2023-2027 Programaren babesean; eta 62.980 euroko zati ez-kofinantzatu bat, gehigarri nazional gisa aurreikusitakoa, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aurrekontuen kontura. 2023ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio denak.

7132 esku-hartzean aurreikusitako kalitate-araubideek estalitako produktuei buruzko informazio- eta promozio-jarduerak finantzatzera bideratutako aurrekontu-kreditua, berriz, 610.255 eurokoa da, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren artean finantzatuta; horietatik, 347.845 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira (% 57), eta 262.410 euro LGENF Europako funtsaren kontura (% 43), Euskal Autonomia Erkidegoko 2023-2027 NPBren Plan Estrategikoaren babesean; eta 251.919 euroko zati ez-kofinantzatu bat, gehigarri nazional gisa aurreikusitakoa, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aurrekontuen kontura. 2023ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio denak.

Eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko adierazitako zenbatekoa. Diru-zuzkidura hori handitu ahal izango da, kontuan hartuta eskatutako laguntzak guztira zenbatekoak diren eta aurrekontuetan zenbat diru geratzen den erabilgarri beste programa batzuk egikaritutakoan. Gehikuntza hori gertatuz gero, hasieran aurreikusitako zuzkidura agortu baino lehen egin beharko da, eta haren berri emango da Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

4. oinarria.– Onuradun izateko betekizun orokorrak.

1.– Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako eskakizunak bete behar dira. Izan ere, oinarri honek jasotzen ditu honako hauetan dauden betekizunak: Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan. Halaber, Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legetik eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretutik eratorritako baldintzak bete beharko dira, bai eta Europako, Estatuko eta autonomia-erkidegoko legeriatik erator daitezkeenak ere.

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso ez izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso ez izana.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratuta ez egotea, konkurtso-deklarazioa jaso ez izana, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo desgaituta ez egotea Konkurtso Legearen testu bategina onartzen duen maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege-dekretuaren arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoela.

c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera ebatzi ez izana.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea honako lege hauetan jasotako ezein kasutan: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Egunean izatea indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, edo dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea erabaki bada. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean ez izatea.

g) Egunean egotea itzultzeko edo zehatzeko prozeduretako kopuruak ordaintzeko betebeharrari dagokionez, laguntzen edo dirulaguntzen esparruan. Pertsonek edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak geroratuta edo bermatuta daudenean, edo dagokion ebazpenaren aurkaratzea dela-eta horiek bertan behera uztea erabaki denean. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, pertsona edo erakunde eskatzailearen edo onuradunaren edo erakunde laguntzailearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta aitorpena egiten duen pertsonak edo erakundeak egoera horretan gerta daitekeen edozein aldaketa jakinarazi beharko du, emandako laguntza edo dirulaguntza osoa justifikatu arte.

h) Ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzeko zigorrik ezarri ez izana.

i) Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea, eta zigor-arloko delituren bat egin duelako arrazoizko zantzuak egoteagatik inskribatzeko administrazio-prozedura eten ez izatea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko ahala dagoela ziurtatzen duen ebazpen judizial irmoa eman ez bada.

j) Eskatzaileak jakinaraztea diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dion administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duen ala ez.

k) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen epai irmorik (zigor- edo administrazio-arloan), ezta halakoak eskuratzeko desgaitzen dion legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 21 bis artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

l) Berreskuratze-agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

2.– Ezin izango da inolako dirulaguntza edo laguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duen ezein jardueratarako. Sexuaren ziozko bereizkeria dela-eta edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio-zehapena edo zigor penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoak ere egoera berean geratuko dira, dena delako zehapen edo zigorrak dirauen denboran.

3.– Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten eta halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez badute, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.

4.– Ez zaie inolako laguntzarik emango beren onarpen-prozesuan edo funtzionamenduan jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik diskriminatzen duten elkarteei.

5.– Ez zaie laguntzarik emango beren jardueraren bidez pertsona fisiko edo juridikoen aurkako gorrotoa edo indarkeria sustatzen edo justifikatzen duten elkarteei, edo terrorismo-delituak edo delitu horiek gauzatzen parte hartu dutenenak edozein bitartekoren bidez goresten edo justifikatzen dituztenei, edo delitu terroristen biktimen edo haien senideen izen ona galtzea, gutxiestea edo umiliatzea dakarten ekintzak egiten dituztenei.

6.– Izaera juridikorik ez duten pertsona fisikoen edo juridikoen taldeetako kideei dagokienez, onuraduntzat har daitezkeenek 1. eta 2. apartatuetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

7.– Pertsona fisiko edo juridikoen taldeak direnean –nortasunik gabeko pribatuak edo publikoak–, eskaeran eta dirulaguntza emateko ebazpenean berariaz jaso beharko dira taldeko kide bakoitzak proiektua egikaritzeko hartzen dituen konpromisoak, bai eta bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, izendatu behar da taldearen ordezkari edo ahaldun bat, nahiko ahal duena taldeari onuradun gisa dagozkion obligazioak betetzeko.

Gainera, 1. apartatu horretan ezarritako betekizunek eragina izango dute, halaber, zuzendariak edo beste inguruabar batzuk kontuan hartuta, lehenagoko enpresa batzuen jarraipena direla ebatzi daitekeen enpresetan, edo horietan eraldatze, bat-egite edo ondorengotzagatik eratorri direnetan.

8.– Aurreko paragrafoan aurreikusitakoez gain, deialdi honetako 19. eta 26. oinarrietan laguntza-lerro bakoitzerako ezartzen diren baldintza espezifikoak bete beharko dituzte, eta, zehazki, diruz lagundu daitezkeen gastuak lotuta dituzten establezimenduek Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egon beharko dute.

5. oinarria.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak:

– Modu presentziala: eskabideak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia-San Sebastián kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat etorriz. Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian egin beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten. Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurkezteko ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatzea: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean

– Modu elektronikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, oinarri honen 3. apartatuan adierazten diren helbideen bidez.

Eskabidea eta dokumentuak aurkeztean modu presentziala edota elektronikoa erabili denean, horrek ez du esan nahi prozeduraren gainerako izapideetan bide hori bera erabili beharko denik; aitzitik, edozein unetan aldatu ahal izango da modua.

2.– Pertsona juridikoek eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.1 artikuluan aurreikusitako gainerako subjektuek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dituzte eskabideak, oinarri honen 3. zenbakian adierazitako helbide elektronikoan sartuta.

3.– Eskabideak eta horiek izapidetzeari buruzko jarraibideak –aurrez aurreko moduan nahiz modu elektronikoan– eta behar diren gainerako ereduak edo memoriak eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide hauen bitartez:

– Nekazariek kalitate-araubideetan parte hartzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028814

– Kalitate-araubideek estalitako produktuei buruzko informazio- eta promozio-jardueretarako laguntzak: https://www.euskadi.eus/servicios/1028815

4.– Izapidetze elektronikoari dagokionez, eskaera egin ondorengo izapideak eta jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

5.– Laguntza-eskatzaileek, 20. eta 27. oinarrietan adierazitako agiriez gain, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eredu presentziala hautatzen duten pertsona fisikoek honako webgune honetan eskuragarri dagoen inprimakia aurkeztu beharko dute: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028814. Eskabide-orria modu informatikoan bete eta grabatu ostean, inprimatu eta paperean bidali beharko da, sinatuta. Eskari telematikoa egitea hautatuz gero, nahikoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoaren inprimakia betetzea, hurrengo apartatuen arabera beharrezko diren agiriak erantsi, eta eskabidea elektronikoki sinatzea.

b) Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFK, ahalordetze-eskrituraren fotokopia eta erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen fotokopia, dagokien erregistroan zigilatuta. Ondasun-erkidegoek eta sozietate zibilek eratze-kontratu bat aurkeztu beharko dute, eta laguntza-eskabidean ordezkaritza-gaitasuna egiaztatu. Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen taldeen kasuan, hala nola ondasun-erkidegoen kasuan, kontratuan pertsona bakoitzaren exekuzio-konpromisoak jasoko dira (partaidetza-ehunekoa), eta taldearen ordezkari edo ahaldun bakar gisa nor aritzen den agertuko da.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek adierazita: aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla, aginduan ezarritako betekizun guztiak betetzen dituela laguntzarako eskubidea izateko aitorpena lortzeko, hori egiaztatzen duen dokumentazioa daukala, eskatzen zaionean Administrazioaren eskura jarriko duela dokumentazio hori, eta aurreko betebeharrak aipatutako aitorpen horri dagokion aldi osoan betetzeko konpromisoa hartzen duela. Era berean, erantzukizunpeko adierazpenean adieraziko da ea beste administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen batek laguntzarik eman dion eskabidean aurkeztutako gastu berberak ordaintzeko. Pertsona juridikoek, ondasun-erkidegoek eta sozietate zibilek Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean eska daitekeen informazioaren berri eman beharko dute eskaera-formularioan, eta horien administrazio-organoetan parte hartzen duten pertsonen izen-abizenak, NAN zenbakia eta sexua adierazi beharko dituzte.

6.– Zuzendaritza kudeatzailearen zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dute onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta haren NAN/IFK ere. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka diezaioke egiaztatze horri, baina, orduan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

7.– Aurreko ekitaldietan deitutako laguntzen onuradunek, aldaketarik izan ez bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53. artikuluko 1. zenbakiaren d) apartatuan ezarritakoarekin bat eginda, ez dute aurkeztu beharko 5. zenbakiko b) apartatuan adierazitako dokumentazioa; pertsona juridikoek, sozietate zibilek eta ondasun-erkidegoek ordea, berariazko akordioa aurkeztu beharko dute betiere, III. eranskineko ereduari jarraikiz.

8.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

9.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentuekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskaera aurkeztu ondorengo jardueretan ere, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.

10.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ostean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin bat.

11.– Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen duen agiri edota informazio osagarri oro eska diezaioke eskatzaileari, aurkeztutako eskabidea egokitu, ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.

6. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza da laguntza hauek kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Balorazio-batzorde bat eratuko da eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Hiru kide izango ditu, zuzendaritza eskudunari atxikiak; horietako bat programa honen arduraduna izango da, eta zuzendaritza horretako teknikarien artean aukeratuko dira beste biak. Halaber, ordezko bat izendatuko da batzordekide bakoitzeko. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak izendatuko ditu horiek guztiak, ebazpen bidez, eta ebazpen horretan adieraziko da nor izango diren batzorde horretako idazkaria eta batzordeburua. Bere eginkizunak betetzeko, batzordeak arloko aditu diren pertsonei eskatu ahal izango die bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.

3.– Balorazio-batzordearen egitekoak honako hauek izango dira:

a) Aurkeztutako eskabide guztiak aztertzea, eta aplikatzekoa den araudia betetzen ez dutenak baztertzea. Baztertutako horien zerrenda egingo du, eta banan-banan azalduko du zein izan den baztertzeko arrazoia.

b) Araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea, laguntzen irizpide objektiboen eta kuantifikazioaren arabera.

c) Laguntza-mota bakoitzeko, onuradun bakoitzari eman beharreko zenbatekoari buruzko proposamen bat egitea. Proposamen hori behar bezala justifikatu eta arrazoitu beharko da.

4.– Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.etik 18.era arteko artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

7. oinarria.– Ebazpena.

1.– Aurkeztu diren eskabideak eta agiriak aztertuta, eta Batzordeak igorritako proposamena ikusita, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari dagokio deialdia ebaztea. Ebazpen-proposamenarekin bat ez datorren ebazpenik ematen badu, behar bezala arrazoitu beharko du.

2.– Ebazpenak arrazoituta egon behar du, eta informazio hau jaso behar du gutxienez:

A) 7131 esku-hartzeko laguntzei dagokienez (Agindu honen II. kapitulua):

– Onuradunaren izena edo sozietate-izena.

– Pertsona fisikoen NAN edo IFZ, edo pertsona juridikoen eta ondasun-erkidegoen IFK. Informazio hori jasotzeko, kontuan hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Datuak Babesteko ordezkariak NANaren datu pertsonalak eta eskuz idatzitako sinadura aldizkari ofizialetan eta webguneetan argitaratzeko egindako gomendioak. Ondasun-erkidegoen eta nortasun juridikorik gabeko bestelako elkarteen kasuan, kide bakoitza agertuko da onuradun gisa, bai eta horietako bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere, partaidetza-ehunekoaren arabera.

– Laguntzaren xedea.

– Guztira zenbat jaso behar duen, eta, kopuru horretatik zenbat finantzatu behar den LGENF Europako funtsaren kontura eta zenbat Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuaren kontura.

B) 7132 esku-hartzeko laguntzei dagokienez (Agindu honen III. kapitulua):

– Ekoizle onuradunen taldearen izena edo sozietate-izena.

– Ekoizle onuradunen taldearen IFK.

– Laguntzaren xedea.

– Diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbatekoa.

– Dirulaguntzaren kopurua, eta, kopuru horretatik zenbat finantzatu behar den LGENF Europako funtsaren kontura eta zenbat Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuaren kontura.

3.– 2022/128 Erregelamenduaren 44. artikuluaren arabera, onuradunen izenari eta identifikazio fiskaleko zenbakiari (IFZ edo IFK) buruzko informazioa laguntza-eskaeretan eta ordainketa-eskaeretan agertu behar da, eta Nekazaritza Politika Bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa den eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duen 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 98. artikulua betetzeko erabili ahal izango da. Informazio hori erabiliko da onuradunei buruzko publizitatea egiteko.

4.– Ebazpen bakarra emango da, eta eranskinetan bi esku-hartzeetako (7131 eta 7132) eskabideei buruzko informazioa jasoko du, hala kofinantzatutako espedienteei buruzkoa nola espediente ez-kofinantzatuei buruzkoa. Gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena, agindu honek ondorioak dituenetik hasita. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 51.9 artikuluan.

5.– Laguntza-deialdiaren ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), eta hura argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du jakinarazpen-balioa.

6.– Erakunde eskatzaileek abisu bat jasoko dute beren eskabidean identifikatutako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora, jakinarazteko aipatutako egoitza elektronikoan eskuragarri jarri dutela prozeduraren ebazpenaren jakinarazpena. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

7.– Ebazpenak laguntza baietsi nahiz ezetsi, beraren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Horretarako, hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hileko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

8.– Oinarri honen 4. apartatuan aipatzen den jakinarazpena gorabehera, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agindu honen babesean laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda; bertan, emandako kopuruak ere adieraziko dira, publiko egiteko baino ez.

9.– Onuradunei laguntzak emateko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaituta egotea.

8. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte. Baldintza horiek betebehar hauek guztiak jasotzen dituzte: Dirulaguntzei buruzko 2003ko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako baldintzak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluko baldintzak; hauek dira horiek guztiak:

1.– Emandako dirulaguntza onartu behar dute. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

2.– Dirulaguntza zertarako eman den, xede horrexetarako erabiltzea.

3.– Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari.

4.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

5.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati diruz laguntzen den xede bera finantzatzeko, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste dirulaguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost egun balioduneko epean.

6.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetan erabil baitaitezke.

7.– Merkataritza-legeriak eskatutako baldintzetan izatea ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

8.– Finantzaketa publikoa dela adierazten duen publizitate egokia egitea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1.h) artikuluan ezarritakoarekin bat eginez.

9. oinarria.– Gauzatzeko epeak.

Ekintzak gauzatzeko gehieneko epea 2023ko abenduaren 31 izango da.

10. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Laguntzen gastua justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aurrean:

a) Kalitate-araubideetan parte hartzeko laguntzei dagokienez, kalitate-araubideen kontrol-agintaritzak edo ziurtapen-organoek egindako ziurtagiria. Ziurtagirian hauek adieraziko dira: zein egunetan sartu den eskatzailea kalitate-araubidean eta, kasu bakoitzean, zenbat hektarea, abelburu, litro eta erlauntz sartu diren kalitate-araubide bakoitzean. Informazio hori ofizioz eskatu ahal izango du laguntza kudeatzen duen organoak, salbu eta eskatzaileak egiaztapen horren aurka egiten badu; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du. Gastua justifikatzeko, ondorio baliokideak izango ditu eskatzaileak 20. oinarriaren 1d) apartatuari jarraikiz aurkeztutako dokumentazioak. Idiazabalgo Gaztaren BJDren kasuan, eta laguntza eskatu duten sartu berriei dagokienez, esne-kanpainaren behin betiko datuak eskatuko zaizkio kalitate-araubide hori kontrolatzeko eta ziurtatzeko erakundeari.

b) Kalitate-araubideek estalitako produktuei buruzko informazio- eta promozio-jardueretarako laguntzei dagokienez:

– Egindako jarduerak justifikatzeko memoria.

– Informazio, promozio eta publizitaterako erabilitako materiala, bai eta 26. oinarria betetzen dela egiaztatzen duten bestelako agiriak ere.

– Fakturak eta ordainagiriak.

– Memoria gehigarria, egindako fakturen eta ordainketen datuen taula xehatua jasoa duena, baldin eta 10 faktura baino gehiago badaude.

– 15.000 euro edo gehiagoko kopuruetarako (BEZa barne hartu gabe), eta kostuen moderazioa egiaztatzeko, 3 eskaintza eskatu beharko dira. Kontuan izan behar da kontratu baten xedea ezin dela hainbat zatitan banatu betekizun hori alde batera utzi ahal izateko. Dirulaguntza justifikatzeko unean, jasotako 3 eskaintzak aurkeztu beharko dira, bai eta hautatutako eskaintzaren hautaketa justifikatzen duen txosten bat ere. Eskaintza horiek baldintza batzuk bete beharko dituzte, eta kudeaketa-organoak egiaztatuko ditu, laguntza justifikatzeko:

• Benetakoak izatea, eta ez atsegin hutsezkoak edo fikziozkoak (eduki bera, akats berdinak, itxura sinplea, ez oso formala, etab.), benetako hornitzaile independenteenak, beren artean loturarik ez dutenak.

• Kontzeptuetan konparagarriak izatea eta eskainitako produktuak eta/edo zerbitzuak ezaugarri, gaitasun eta funtzionalitateetan homologagarriak/konparagarriak izatea, fabrikatzailea edo eredua hiru eskaintzetan berdina ez izan arren.

• Beharrezko banakapena eskaintzea, laguntza-eskabidearekin batera aurkeztutako memorian agertzen den aurrekontuaren arabera. Aurrekontu hori laguntza emateko oinarria da.

• Eskaintzek edo proformako fakturek gutxieneko baldintza hauek betetzea:

* Dokumentua eskaintza edo proformako faktura dela argi eta garbi identifikatu behar da.

* Eskaintzailearen eta eskatzailearen identifikazioa argi agertu behar da (sozietatearen izena, NAN/IFZ, helbidea, etab.).

* Data eduki behar du.

* Enpresa hornitzailearen sinadura edo, bestela, zigilua eraman behar du.

Diruz lagundu daitekeen gastua nomina bat bada, ez da beharrezkoa izango hiru eskaintza aurkeztea.

Merkatuan ez badago behar adina erakunde hornitzaile eskatutako eskaintza-kopurua eskatzeko, onuradunak hautatu duen hornitzaileari esleitu ahal izango zaio. Egindako aukeraren justifikazio-txostena ere aurkeztu beharko da.

2.– Laguntzei dagozkien proiektuetako gastuak aurkezteko azken eguna 2024ko urtarrilaren 15a izango da.

3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, eskaera arrazoitu bidez, egoki deritzon edozein agiri gehigarri eskatu ahal izango du.

11. oinarria.– Tokian bertan egindako kontrolak.

1.– Tokian bertan egindako kontrolek egiaztatuko dute eragiketa aplikatu beharreko arauen arabera egin dela, eta laguntza emateko baldintzei dagozkien onargarritasun-irizpide eta- betekizunak, konpromisoak eta bestelako betebeharrak hartuko dituzte barnean, hau da, bisitaren unean egiazta daitezkeenak. Halaber, bermatu egingo dute eragiketak eskubidea duela deialdi honen laguntza jasotzeko.

2.– Tokian tokiko kontrolak azken ordainketa egin aurretik egingo dira.

3.– Laguntzaren onuradunei kontrol-bisita bat egingo zaie, in situ. Horretarako, kontrol-laginean sartutako espedienteak laguntza hauen LGENF gastuaren % 5era iritsi beharko dira. Lagina ausaz hautatuko da. Kontrol-laginean, modu zuzenduan ere sartu ahal izango dira espedienteak, kofinantzatuta ez daudenak sartuta. Horretarako, irizpide hauek hartuko dira aintzat:

– Azken urtean laguntza-mota honekin lotutako laguntzen arloan ez-betetzeak atzeman zaizkien onuradunak.

– Laguntza gehien jaso duten espedienteak.

4.– Onuradunek ez dute inolako oztoporik jarriko beharrezkotzat jotzen diren kontrolak egiteko, eta kontrol horiek erraztu beharko dituzte uneoro.

12. oinarria.– Ordainketa.

1.– Laguntza bien onuradunei ordaindu baino lehenago, helburua eta gastua bete direla egiaztatu beharko dute, aurreko 10. oinarrian xedatutako agirien bidez.

7131 esku-hartzeko laguntzen kasuan, 10. oinarriko 1.a) apartatuan aipatzen den ziurtagiria (justifikazioari buruzkoa) eskuratu eta erkatu ondoren egin ahal izango da ordainketa. Ziurtagiri hori eskaera egiten den unean ere aurkez daiteke.

2.– Foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dauden, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egiaztatuko du, automatikoki. Edonola ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori laguntza-eskabidean, eta halakoetan, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3.– LGENF Europako funtsaren arabera aitortutako laguntzak erakunde ordaintzailearen bidez ordainduko dira, erakunde ordaintzailearen zuzendariak horretarako ebazpenak eman ondoren, abenduaren 9ko 275/2020 Dekretuan xedatutakoarekin bat (275/2020 Dekretuaren bidez, Nekazaritzako Europako Berme Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolakuntza eta funtzionamendu-araubidea ezartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan).

4.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzulketa-prozeduraren batean egonez gero, laguntza jasotzeko, lehenik hura amaitu beharko da. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, baldintzapean emandako laguntza baliogabetu egingo da, onuradun izateko debekua ezartzen duen egoera batean egoteagatik. Hala dagokionean, dirulaguntza hauek onuradunei ordaintzeko, dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izan beharko dira.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 20. artikuluarekin bat etorriz, eskatzaileak Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du, informazio eguneratuarekin (Kontrol Ekonomikoko Bulegoak kudeatzen du erregistro hori). Horretarako:

a) Izapidetze elektronikoa: Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistro Elektronikora jo beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak. Aukera hori nahitaezkoa izango da pertsona juridikoentzat.

b) Izapidetze presentziala: hirugarrenen altako eredu normalizatua aurkeztu beharko du, behar bezala beteta eta sinatuta. Eredu hori eskuragarri dago, https://www.euskadi.eus/hirugarrenak web-orrian, eta zuzenean Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bulegoetan aurkeztuko da (Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.

13. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza hauek emateko kontuan izan den inguruabarren bat aldatu bada, eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntzarik eta laguntzarik lortu bada, idatziz jakinarazi eta justifikatu behar zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, inguruabar berriaren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu aurretik. Horrek dirulaguntza emateko ebazpenaren aldaketa eragin dezake.

2.– Baldin eta onartutako proiektua ez bada gauzatzen aurreikusitako epeetan, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatu egiten bada, baina proiektua ez bada funtsean aldatzen eta, betiere, laguntza helburu bererako erabiltzen bada, zuzendaritza eskudunari jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, idatziz, baina dirulaguntza emateko ebazpena ez da aldatuko. Adierazitako aldaketek proiektua aldatzea badakarte, horren berri ere eman beharko zaio, eta dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da. Aldaketa txikiak izango dira:

• Gastua % 20 baino gutxiago murriztea jardueraren batean, eskaeran aurreikusitakoarekin alderatuta.

• Gastua % 20 baino gutxiago gehitzea jardueraren batean, eskaeran aurreikusitakoarekin alderatuta.

• Arrazoi objektiboengatik eskaeran aurreikusitako jarduerarik ez egitea, jardueraren aurrekontua dirulaguntza osoaren % 20 baino gehiago ez bada.

• Eskaeran aurreikusita ez zeuden jarduera berriak abian jartzea, baldin eta jardueraren aurrekontua dirulaguntza osoaren % 20 baino gehiago ez bada.

3.– Aldaketa handitzat hartuko dira 2. paragrafoan adierazitako ehunekoak gainditzen dituztenak. Onuradunak hasierako proiektua funtsean aldatzen badu, administrazio-kontrolean egiaztatuko da diruz lagundu daitekeela, eta, besteak beste, honako hauek jasoko dira:

a) Aldaketa-mota.

b) Komunikazio-data.

c) Kostuen moderazioa, hala badagokio.

4.– Aurkeztutako proiektuak aldatzearen edo birprogramatzearen helburua ezin da izan 28. oinarriko 3. apartatuan deskribatutakoez bestelako jarduerak garatzea.

5.– Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da likidazio-ebazpenaren bidez, dagokion proportzio aplikagarrian.

14. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak aukera izango du eskabidean atzera egiteko. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Jasota uztea ahalbidetzen duen edozein bide erabiliz egin ahal izango du uko onuradunak, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, ebazpen baten bidez, guztiz onartuko du atzera-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.

2.– Laguntzaren onuradunak uko egin ahal izango dio eman zaion laguntzari. Emandako laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin, betiere. Jasota uztea ahalbidetzen duen edozein bide erabiliz egin ahal izango du uko onuradunak, baldin eta dagozkion sinadurak eransten baditu. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.

15. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak eskakizun eta betebeharren bat edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, eta, hori eginda, laguntzaren helburua desitxuratzen bada, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan xedatutako itzulketa-zioetako batean erortzen bada, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak beste ebazpen baten bidez adieraziko du dirulaguntzarako eskubidea osorik edo partez galdu dela eta, behar izanez gero, jasotako laguntzak eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera. Horrez gain, ez dira baztertzen gainerako bidezko ekintzak. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Arau-hauste administratiboak izan litezkeen gertakarien ondorioz hasi bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

16. oinarria.– Bateragarritasuna.

Administrazio publikoek zein erakunde pribatuek deialdi honetan emandako laguntzak, diruz lagundu daitekeen gastu bererako izan arren, bateragarriak izango dira, baldin eta ez badute gainfinantzaketarik eragiten edota ez badituzte agindu honen 23. eta 31. oinarrietan xedatutako laguntzen mugak gainditzen. Gainfinantzaketarik izan edota mugak gaindituz gero, soberakoari dagokion kopurua kenduko da, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

II. KAPITULUA
7131 ESKU-HARTZEA
NEKAZARIEK KALITATE-ARAUBIDEETAN PARTE HARTZEKO LAGUNTZAK

17. oinarria.– Helburua.

Esku-hartze honetan adierazitako laguntzen helburua hau da:

a) Sektoreak balio-katean duen posizioa hobetzea.

b) Elikaduraren eta osasunaren arloko eskakizun sozialei Batasuneko nekazaritzak ematen dien erantzuna hobetzea, eta, bereziki, modu iraunkorrean ekoitzitako kalitate oneko elikagaien, elikagai seguruen eta nutritiboen eskaerari erantzutea, elikagaiak alferrik galtzea murriztea, animalien ongizatea hobetzea eta mikrobioen aurkako erresistentziaren aurka borrokatzea.

c) Kalitate-programetan operadore berriak sar daitezen sustatzea.

18. oinarria.– Onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratuta eta jardunean dauden ustiategien nekazari titularrak izan daitezke laguntza hauen onuradunak, pertsona fisikoak edo juridikoak, nahiz nekazaritzako edo basogintzako ekoizle-taldeak, baldin eta lehen aldiz parte hartzen badute aukeran dauden kalitate-araubideetan edo/eta lehen aldiz produkzio-bide berriak biltzen badituzte ekoizpen ekologikoko kalitate-araubidera 2022ko martxoaren 20tik (egun hori barne) deialdi honetan ezarritako eskabideak aurkezteko epearen azken egunera bitartean, deialdi honen Aginduaren 5. oinarriaren 8. apartatuan ezarritakoaren arabera. Pertsonak laguntzaren onuradun izan daitezke, gehienez ere 5 urterako, kalitate-araubidean sartzen diren egunetik zenbatzen hasita, eta ekoizpen ekologikoaren kasuan, produkzio-orientazio berri bat erantsi zaienean.

2.– Ekoizpen ekologikoan ekoizpen-orientazio berri bat gehitzen denean, onargarritasunerako erreferentzia-data ekoizpen-orientazio horren alta-data izango da.

3.– Pertsona fisikoek ezinbestean adinez nagusia izan behar dute.

4.– Laguntza-deialdi honetan onuradun moduan sartzen dira, era berean, 2019, 2020, 2021 edo 2022an Landa Garapenerako 2015-2022 Programaren 3.1. neurriko kalitate-programetara atxiki ziren horiek, edo, ekoizpen ekologikoaren kasuan, urte horietakoren batean ekoizpen-orientazio berri bat sartu zutenak. Nolanahi ere, inskribatu zirenetik edo ekoizpen ekologikoan azken ekoizpen-orientazioa sartu zenetik 5 urte igaro arte baino ezin izango dira onuradun izan. 2015-2022 LGPko operadoreentzako laguntza horiek ezin izango dira batera finantzatu. Laguntzen 5 urteko epea agortu ahal izateko, beharrezkoa da onuradunek Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpenaren bidez laguntza jasotzeko eskubidea lortu izana 2019., 2020., 2021. edo 2022. urteetako deialdietan.

5.– Onuradunek sartuta egon beharko dute Europar Batasunak aitortu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako araubideren batean, babestutako jatorri-deituretan (BJD), adierazpen geografiko babestuetan (AGB) edo ekoizpen ekologikoan, erregelamendu hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1151/2012 Erregelamendua (EB); Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) II. zatiko II. tituluaren I. kapituluko 2. sekzioa, ardoari dagokionez; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 Erregelamendua (EB), produktu ekologikoen produkzio eta etiketatzeari buruzkoa eta Kontseiluaren 834/2007 Erregelamendua (EK) indargetzen duena; edo horiek ordezkatzen dituzten arauak:

I.– Errioxa jatorri-deitura (JD), «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» (BJD), «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» (BJD), «Getariako Txakolina/Txakoli de Getaria/Chacolí de Getaria» (BJD), «Idiazabal» (BJD) eta «Euskal Sagardoa/Sidra Natural del País Vasco» (BJD).

II.– «Carne de vacuno del País Vasco» edo «Euskal Okela» (AGB), «Pimiento de Gernika» edo «Gernikako Piperra» (AGB) eta «Euskal Sagardoa/Sidra Natural del País Vasco» (AGB).

III.– Ekoizpen Ekologiko Ziurtatua.

6.– Babestutako jatorri-deitura batek edo adierazpen geografiko babestu batek babestutako produktuen kasuan, kalitate-araubideari buruzko informazioa eAmbrosian jaso beharko da.

19. oinarria.– Baldintza espezifikoak.

Dirulaguntzaren eskatzaileek, eskabidea aurkezterakoan, 4. oinarrian adierazitako eskakizun orokorrez gain, hauek ere bete beharko dituzte:

1.– Alta emanda egon behar dute EAEko nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideen erregistroetan.

2.– Diruz lagun daitezkeen kalitate-araubideetan inskribatuta dauden araudiak eta arau teknikoak bete beharko dituzte.

3.– Kuoten ordainketa egunean izan beharko dute, bai eta diruz lagundu daitekeen kalitate-ikur bakoitzaren barruan indarrean dauden kontrol- eta ziurtapen-tasak ere.

4.– Diruz lagundutako elkarte bateko kideak ezin dira izan helburu bererako laguntza ekonomikoa jaso duen beste lankidetza-sustapen bateko kide. Kasuistika hori bi eskaeratan gertatzen bada, eta bi eskaerek onargarritasunaren gainerako baldintzak betetzen badituzte, ukatu egingo da pertsona gutxiagok osatutako eskaera. Inguruabar hori Balorazio Batzordearen aktan erregistratuko da, eta 7. oinarriaren ebazpenean jasoko da.

5.– 50 langile baino gutxiago dituzten enpresek, nolanahi ere, ordainsarien erregistro bat izan beharko dute. Pertsona juridikoak 50 langile baino gehiago baditu, berdintasun-plan bat ere izan beharko du, eta, bertan, besteak beste, ordainsarien erregistroa jaso beharko da.

20. oinarria.– Dokumentazio espezifikoa.

1.– 5. oinarrian xedatutako agiri orokorrez gain, agiri hauek ere aurkeztu behar dituzte esku-hartze honetan adierazitako laguntza eskatu nahi dutenek:

a) Gutxienez ustiategiaren identifikazioa, kokapena, titulartasuna eta ekoizpen-mota jasotzen dituen memoria. Informazio hori bereizita aurkez daiteke, edo c) apartatuaren dokumentazioarekin batera.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko inskripzioaren ziurtagiria, bera titularra den eta jardunean dagoen nekazaritza-ustiategiarena.

c) Kalitate-araubideren batean inskribatuta dagoela justifikatzen duen dokumentazioa, bai eta, kasuan kasu, zenbat hektarea, abelburu, erlauntza, eta esne-litro dituen erregistratuta justifikatzen duena, laguntzaren zenbatekoa kalkulatu ahal izateko. Gainera, kalitate-araubide horretako inskripzio-data agertuko da, eta ekoizpen ekologikoaren kasuan, ekoizpen-orientazioetako bakoitza noiz sartu zen ere adieraziko da. Bihurketa-jarduerak onartuko dira, betiere ekoizpen ekologikoa kontrolatzeko eta ziurtatzeko erakundeak ziurtatutako datuen fitxan agertzen badira. Kalitate-araubide bakoitzaren kontrol- eta kudeaketa-erakundeak egiaztatuko du dokumentazio hori, eta 19. oinarriko 1., 2. eta 3. apartatuetan azaldutako baldintzak betetzen direla ere egiaztatu ahal izango du.

d) Pertsona juridikoen, sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko legeria betetzeko:

• Erabakiak hartzeko organoak osatzen dituzten pertsonen kopurua, nortasuna (izen-abizenak eta NAN/IFZ/AIZ) eta sexua adieraziko dituzte.

• Ordainsarien erregistroa duen erantzukizunpeko adierazpen bat sinatuko dute. Baldintza hori edozein unetan egiaztatu ahal izango du laguntza kudeatzen duen organoak, eta, nolanahi ere, tokian bertan egiten diren kontroletan.

• 50 langile baino gehiago dituzten pertsona juridikoek, gainera, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko dute, berdintasun-plan bat dutela adierazteko. Baldintza hori edozein unetan egiaztatu ahal izango du laguntza kudeatzen duen organoak, eta, nolanahi ere, tokian bertan egiten diren kontroletan.

2.– Lehenengo apartatuko b) letran adierazitako dokumentua aurkeztu beharko da, baldin eta eskatzailea ez badago ados organo eskudunen Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak informazio hori kontsultatu eta jasotzearekin, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz. Salbuespenez, aipatu agiriak biltzea ezinezkoa bada, berriz ere aurkezteko eskatuko zaio interesdunari.

21. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

1.– Esku-hartze honetako laguntzen ondorioetarako, diruz laguntzeko modukotzat joko dira onuraduna kalitate-araubide hautagarriren batean inskribatzeak eragindako kostuak, araubide horietan parte hartzeko urteko kuota eta ziurtapen-kontrolen kostua, ziurtapen-prozeduretan ezarritako nahitaezko analisiak barne.

2.– Ekoizle berak hainbat araubidetan parte hartu ahal izango du, edo ekoizpen-orientazio desberdinak txertatu ahal izango ditu araubide berean Ekoizpen Ekologiko Ziurtatuaren kasuan, eta bakoitzari dagozkion laguntzak metatu ahal izango ditu, 23.1 oinarrian ezarritako gehieneko mugaraino eta gehienez 5 urtez, kalitate-araubidean lehen aldiz inskribatzen denetik edo ekoizpen ekologiko ziurtatuko produkzio-orientazio berri batean inskribatzen denetik.

3.– Oro har, urteen zenbaketa bereizita aplikatuko zaio kalitate-araubide bakoitzari edo ekoizpen ekologikoko ekoizpen-orientazio bakoitzari, eta kalkulua egiteko, kontuan hartuko da laguntzen onuraduna nor den eta/edo laguntza horiei lotutako nekazaritza- edo abeltzaintza-ustiategia zein den, bai eta kalitate-araubide horretan izena emanda daraman urte-kopurua edo nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoan ekoizpen-orientazioa duen urte-kopurua ere.

22. oinarria.– Esleitzeko prozedura.

1.– Balorazio Batzordeak aztertuko ditu nekazariek lehen aldiz 7131 esku-hartzearen kalitate-araubideetan parte hartzeko laguntzen eskaerak. Ebaluazio hori baino lehen, Zuzendaritzari atxikitako teknikari batek aztertuko du eskabide bakoitza, hau da, eskabidearen analisi tekniko eta ekonomikoa egin, txosten batean eskabide bakoitza deialdirako egokia den ala ez adierazi, eta txostena batzordeari aurkeztuko dio. Txostena ez da loteslea izango.

2.– Laguntza honela kalkulatuko da: onuradunak diruz lagundu daitekeen kasuan kasuko araubidean ziurtatzera aurkeztutako unitateak bider diruz lagundu daitekeen kalitate-araubide bakoitzerako kalkulatutako urteko unitate-zenbatekoak, II. eranskineko «7131 Esku-hartzea. Ziurtapen-kostuak» izeneko agiriko taulan adierazitakoarekin bat etorriz. Kalitate-araubide bakoitzaren kontrol- eta ziurtapen-organoak eskaera aurkeztean erregistratutako eta ziurtatutako ekoizpen-unitateei buruzko informazioaz gain, erregistro ofizialetatik lortutako erroldei eta urteko nahitaezko aitorpenei buruzko beste informazio bat ere hartuko da kontuan. Idiazabalgo Gaztaren BJDrako esne-ekoizpenaren kasuan, aurreko kanpainako datuak erabiliko dira, eta sartu berrietarako indarrean dagoen kanpaina amaitu arte itxarongo da behin betiko datuak ezagutzeko.

3.– Esku-hartze honetan aurreikusitako primak % 15 igoko dira emakumeek edo pertsona juridikoek egindako eskaeretan, baldin eta haien partaidetza-ehunekoa gutxienez % 50ekoa bada elkartekide bi pertsona fisiko badira, edo % 40koa hiru pertsona fisiko edo gehiago elkartekide badira, eta inola ere ezin izango da gainditu 23. oinarriaren 1. apartatuko gehieneko zenbatekoa.

4.– Deialdiko zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada kalkulatutako kopuruak emateko, guztiek jasoko dute erabakitako zenbatekoa. Ezarritako gehieneko zuzkidura orokorra nahikoa ez bada eskabide guztietarako, lehentasun-irizpide hauen arabera emango da:

a) Emakumeek edo pertsona juridikoek egindako eskaerak, baldin eta emakumeek gutxienez % 50eko partaidetza badute elkartekide bi pertsona fisiko izanik, edo % 40koa hiru pertsona fisiko edo gehiago elkartekide badira (5 puntu).

b) Ekoizpen Ekologiko Ziurtatuaren araubidean sartzen diren ekoizleak, edo kalitate-araubide horretako produkzio-bideak lehendabizi hartzen dituzten ekoizleak (4 puntu).

c) Euskal Okela AGBrako ziurtatutako behi-haragiaren ekoizleak (3 puntu).

d) Latxa-Karrantzako ardi-esnearen ekoizleak, Idiazabal BJDko gazta ekoizteko (2 puntu).

e) Beste BJD eta AGB batzuen ekoizleak (puntu 1)

5.– Irizpide horien arabera berdinduta egonez gero, lehentasuna hurrenkera honetan ezarriko da, onuradun-motaren arabera:

a) Diruz lagundu daitezkeen gainerako kalitate-araubide batean baino gehiagotan inskribatuta dauden pertsonen eskaerak.

b) Sektorean lehen aldiz lanean hasten diren nekazari gazteen eskaerak.

c) Nekazari gazteen eskaerak (< 41 urte).

d) Mendi-nekazaritzako eremuan ustiategi bat duten pertsonen eskaerak.

e) Gainerako eskaerak.

23. oinarria.– Laguntza zenbatekoa den.

1.– Onuradunarentzako urteko ordainsaria finkatzeko, kontuan hartuko da zenbateko kostua lagun daitekeen diruz –«kostu finkoak»–, inskribatzen den kalitate-araubideari edo -araubideei begira. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 3.500 eurokoa izango da ustiategi eta urte bakoitzeko, eta, gehienez, 5 urtez, bertan inskribatzen denetik. Gehieneko aldia zenbatzeko, pertsona bat helburu bererako laguntza baten onuradun izan den urteak hartuko dira kontuan, 2023-2027 NPBPEren aurreko aldietan lortutakoak barne, 2015-2022 Landa Garapenerako Programaren aurreko aldian diruz laguntzeko moduko 5 urteak agortu ez zituzten pertsonen kasuan. Era berean, ez da laguntzarik emango, jaso beharreko zenbatekoa ez bada gutxienez 400 eurokoa.

2.– Zenbait kalitate-araubidetan parte hartzeagatik edo ekoizpen ekologikoan produkzio-orientazio batean baino gehiagotan parte hartzeagatik ematen diren laguntzak bateragarriak dira, betiere aurreko apartatuan ezarritako gehieneko zenbatekoa gainditzen ez badute. Gehienez ere 5 urteko onargarritasuna kalitate-araubidean edo ekoizpen ekologikoan izena ematen den egunetik aurrera zenbatuko da. Ekoizpen ekologikoan kalitate-araubide desberdinak edo ekoizpen-orientazio desberdinak bateragarri eginez gero, horietako bakoitzari 5 urteko hobaria emango zaio. Epe hori igarota, oinarri honen 1. apartatuan ezarritako gutxieneko zenbatekoa gainditzen dutenean baino ez dira diruz lagunduko kalitate-araubide berriak eta ekoizpen ekologikoko ekoizpen-orientabide berriak.

III. KAPITULUA
7132 ESKU-HARTZEA
KALITATE-ARAUBIDEEK ESTALITAKO PRODUKTUEI BURUZKO INFORMAZIO- ETA PROMOZIO-JARDUERETARAKO LAGUNTZAK

24. oinarria.– Helburua.

Kapitulu honetan adierazitako laguntzen helburua hau da:

a) Kalitatezko produktuen informazioa eta sustapena bultzatzea, kontsumitzaileek EBko edo nazioko kalitate-programen arabera egindako produktuen ezaugarri bereiziak ezagut ditzaten, informazio- edo sustapen-kanpainen bidez.

b) Hizpide diren produktuen ezaugarri edo abantaila zehatzak nabarmentzea; batez ere, kalitatea, ekoizpen-metodo espezifikoak, animalien ongizaterako arau zorrotzak eta ingurumenarekiko errespetua, dagokien kalitate-araubidearen arabera.

25. oinarria.– Onuradunak.

Nekazaritzako elikagaien ekoizleen elkarte edo erakundea, irabazi asmorik gabeko elkarteak, administrazioa edo nekazaritzako elikagaien kalitate-figurak kudeatzeko organo gisa eratuta dauden erakunde instrumentalak, elkarren artean lankidetzan aritzen direnak nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen informazioa eta sustapena kalitate-araubideetan emateko.

1.– Errioxa jatorri-deitura (JD), «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» (BJD), «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» (BJD), «Getariako Txakolina/Txakoli de Getaria/Chacolí de Getaria» (BJD), «Idiazabal» (BJD) eta «Euskal Sagardoa/Sidra Natural del País Vasco» (BJD).

2.– «Carne de vacuno del País Vasco» edo «Euskal Okela» (AGB), «Pimiento de Gernika» edo «Gernikako Piperra» (AGB) eta «Euskal Sagardoa/Sidra Natural del País Vasco» (AGB).

3.– Ekoizpen Ekologiko Ziurtatua.

26. oinarria.– Baldintza espezifikoak.

4. artikuluko eskakizun orokorrak ez ezik, honako hauek ere bete behar dituzte:

a) Kalitate-araubideren batek estalitako produktuei buruzko informazio- eta promozio-ekintzak izan behar dira.

b) EBko legeak eta nazio-mailako lege aplikagarriak bete behar dira, eta, zehatzago esanda, aipamen argi bat egin behar zaie beti alkoholdun edarien kontsumo arduratsuari eta alkohol-abusuaren arriskuari buruzko lege- eta erregelamendu-xedapenei, hauei buruzko informazio- eta promozio-jardueretan: Errioxa jatorri-deitura kalifikatua, «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava», «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia», «Getariako Txakolina/Txakoli de Getaria/Chacolí de Getaria» eta «Euskal Sagardoa/Sidra Natural del País Vasco» babestutako jatorri-deiturak eta «Euskal Sagardoa/Sidra Natural del País Vasco» adierazpen geografiko babestua.

c) Kalitate-araubideen kontrola EAEko Kontrol eta Ziurtapen Erakundeen Erregistroan inskribatutako erakunde pribatu edo publikoek egin beharko dute, eta ekoizpen ekologikoaren kasuan, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak.

d) Diruz lagundutako elkarte bateko kideak ezin dira izan helburu bererako laguntza ekonomikoa jaso duen beste lankidetza-sustapen bateko kide. Kasuistika hori gertatzen den bi eskaera jasotzen badira, eta bi eskaerek onargarritasunaren gainerako baldintzak betetzen badituzte, kalitate-araubide horretan inskribatutako operadore-kopuru txikiena duen eskaera ukatuko da. Inguruabar hori Balorazio Batzordearen aktan erregistratuko da, eta 7. oinarriaren ebazpenean jasoko da.

e) Sustapen-, informazio- eta publizitate-materialetan rol-aldaketak sustatu beharko dira, eta estereotipatu gabeko askotariko erreferenteak/ereduak transmititu beharko dira, jardueretan emakumeen presentziari balioa emanez. Era berean, material horietan hizkuntzaren erabilera ez-sexista egingo da.

f) Onuradunaren webgune ofizialean, webgune hori dagoenean, eta sare sozialetako kontu ofizialetan, eragiketaren deskribapen laburra egingo da, laguntzaren mailaren proportzioan, helburuak eta emaitzak adierazita, eta Batasunaren finantza-laguntza nabarmenduta.

g) Eragiketa gauzatzearekin zerikusia duten dokumentuetan eta komunikazio-materialetan Batasunaren laguntza agerian uzten duen informazioa emango dute onuradunek, jendearentzat edo parte-hartzaileentzat.

h) NPBPEren laguntzen onuradunek Europar Batasunaren ikurra erabili beharko dute, 2022/129 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako baldintza teknikoen arabera, ikusgarritasun, gardentasun eta komunikazioko jarduerak egiten dituztenean. Ikurra modu nabarmenean jasoko da komunikazio-material guztietan, hala nola produktu inprimatuetan edo digitaletan, webguneetan eta haien bertsio mugikorretan, eragiketa bat gauzatzea hizpide eta jendeari zuzenduta. Ikurrarekin batera, «Europar Batasunak kofinantzatuta» adierazpena aurkeztu beharko da.

i) Pertsona onuradunen zuzendaritza- edo erabaki-organoek emakumeen presentzia orekatua izan beharko dute gutxienez. Lau lagun baino gehiagoko kide anitzeko organoetan, ordezkaritza orekatua dago, sexu bakoitza gutxienez % 40an ordezkatuta dagoenean; lau lagun edo gutxiagoko kide anitzeko organoetan, bi sexuak ordezkatuta daudenean. Baldintza hori laguntza ematen den unean bete beharko da, eta une horretarako justifikatuta egon beharko du. Erakundeak baldintza hori betetzetik salbuetsi ahal izango dira, baldin eta zuzendaritza-organoan emakumeen presentzia orekatua betetzeko ezintasuna justifikatzen badute. Ezinezkoa dela ulertuko da, baldin eta elkarteko edo erakundeko emakumeen kopurua txikiagoa bada presentzia orekatua izateko ordezkaritza-organoetan parte hartu beharko luketenen bikoitza baino. Kasu horretan, eta baldintza hori betetzetik baztertuta egon ahal izateko, erakunde horrek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren bidez, laguntza kudeatzen duen organoari jakinaraziko dio ezin duela baldintza hori bete, eta organo horrek Emakume Nekazarien Estatutuaren Jarraipen Batzordeari bidaliko dio kasu bakoitza. Batzorde horrek egoera hori aztertuko du bereziki, eta irizpen bat igorriko dio eskaerak balioesteko ardura duen administrazio-organoari.

j) Erakundeak 50 langile baino gehiago baditu, berdintasun-plan bat izan beharko du, eta 50 langile baino gutxiagokoek ordainsari-erregistro bat.

27. oinarria.– Dokumentazio espezifikoa.

5. oinarrian xedatutako agiri orokorrez gain, agiri hauek ere aurkeztu behar dituzte kapitulu honetan adierazitako laguntza eskatu nahi dutenek:

a) Memoria xehatua, honako hauek deskribatuz: hasierako egoera eta proiektuaren osagaiak, egin beharreko informazio- eta sustapen-jarduerak garatzeko faseak eta helburuak, jardueren xehetasunak –non garatuko diren barne–, sustatuko diren produktu-motak, informazioari eta sustapenari lotutako inbertsioak eta gastuak, eta gauzatze-data posibleak. Era berean, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa egiaztatu beharko da, eta eskabidea hautatzeko eta laguntza kalkulatzeko garrantzitsutzat jotzen duen beste edozein informazio eman ahal izango du, 30. oinarriko hautaketa-irizpideak kontuan hartuta.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez erakunde eskatzaileak konpromisoa hartzen baitu laguntza honen finantzaketarekin sortutako informazio-, sustapen- eta publizitate-materialak 26. oinarriko e), f), g) eta h) apartatuak betetzeko.

c) Erakundearen berariazko akordioa, III. eranskineko ereduaren arabera egina, eta erakunde horren ordezkariak sinatua, zeinaren bidez erabakitzen baita Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari laguntza-lerro hau eskatzea eta izendatzen baita erakunde horren ordezkari bat, laguntza-deialdi honekin lotutako eskabidea eta gainerako izapideak egiteko.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, honako informazio hau jasotzen duena:

* Elkartean/kalitate-araubidean erregistratutako pertsonen guztizko kopurua.

* Gizonen kopurua eta emakumeen kopurua.

* Erabakiak hartzeko organoa osatzen duten pertsonen kopurua.

* Erabakiak hartzeko organoa osatzen duten gizonen kopurua eta emakumeen kopurua, haien izen-abizenak, NANa eta sexua adierazita.

* Ordainsari-erregistroa dagoen ala ez, Emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzko urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuaren arabera.

* 50 langile baino gehiago izanez gero, berdintasun-planik dagoen edo ez, Enpleguan eta okupazioan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzko martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege-dekretuan ezarritakoaren arabera.

e) Eskabidean, balorazio-irizpideei buruzko informazio hau jaso beharko da:

* Produktu-gamen kopurua. Kalitate-araubide horretan dauden produktuen kopurua da produktu-gama. Ekoizpen ekologikoan dauden ekoizpen-orientabideen kopurua eta baldintza-agirietan berariaz aipatzen diren produktu-barietateen kopurua jasotzen dira, etiketan aipamen espezifikoa dutenak.

* Kalitate-araubidearen lurralde-eremua (operadoreak dituzten lurralde historikoen kopurua).

* Azken 5 urteetan kalitate-araubidean edo erakundean sartu diren gazteen kopurua (41 urtetik beherakoak).

* Diruz lagundu beharreko sustapen-jardueran sartutako produktuen balio ekonomiko ziurtatua, kalitate-araubide batetik, laguntza-deialdiaren aurreko urteko publikoarentzako salmenta-prezioaren arabera kalkulatuta.

* Euskara hutsean egindako sustapen-jarduerak edo euskarazko argitalpenetan, irratian edo telebistan egindako publizitate-kanpainak egitea edo ez.

* Diruz lagundu daitekeen kalitate-araubidean edo erakunde eskatzailean inskribatutako ekoizleen kopurua.

28. oinarria.– Dirulaguntzak jaso ditzaketen jarduerak.

1.– Ekoizleen taldeentzako laguntzak erabiliko dira kalitate-araubideek estaltzen dituzten produktuei buruz merkatu erkidean soilik egiten diren informazio- eta promozio-jarduerek eragindako kostuak ordaintzeko.

2.– Laguntzaren onuradun izan daitezkeen jarduera-motek 24. oinarrian ezarritako helbururen bat beteko dute.

3.– Diruz lagunduko dira 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean egindako informazio- eta promozio-kanpainak martxan jartzearen ondoriozko kostuak, behar bezala justifikatuta. Gehieneko muga % 70ekoa izango da, betiere diruz lagundutako jarduerak osorik gauzatu ez badira onuradunak laguntza-eskabidea aurkeztu baino lehen, kontuan hartu gabe onuradunak kostuon ordainketak egin dituen edo ez. Zehatzago esanda, eta orientazio gisara, diruz lagundu ahal izango dira informazio- eta promozio-ekintza hauei lotutako kostuak:

a) Kalitate-ezaugarri bereizgarrien publizitatea egitea hainbat euskarritan: telebistan, prentsan, irratian, interneten, sare sozialetan eta beste komunikabide batzuetan.

b) Komunikazio-euskarriak lantzea eta ekoiztea: liburuxkak, bideoak, eta komunikazio- eta banaketako bestelako euskarriak.

c) Kalitate-bereizgarriak jakitera emateko eta harreman publikoetarako ekintzak.

d) Dastaketak.

e) Gizartea (ikasleak, kontsumitzaileak, preskriptoreak...) produktuen kalitate-bereizgarriez sentsibilizatzeko ekintzak.

f) Salmentak jakitera emateko eta sustatzeko ekintzak banaketa handiko establezimenduetan.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko saltoki tradizionaletan jakitera emateko eta saltzeko sustapena.

h) Komunikazio- eta promozio-ekintzak, produktu jakin bat kontsumitzea edo erostea gomendatzen duten pertsonekin edo erakundeekin (preskriptoreak).

i) Kalitateko euskal nekazaritza-elikagaiak Estatuko merkatuetan sustatzen eta merkaturatzen laguntzea.

j) Azoketan egoten eta negozio-agendak antolatzen laguntzea.

k) Ostatu, jatetxe eta catering kanalean (HORECA) eta zirkuitu laburretan salmentak dinamizatzea.

l) Teknologia berrien bidezko informazio- eta promozio-ekintzak.

m) 24. oinarrian jasotako helbururen bat duten kalitate-araubideen sustapen-, publizitate- eta informazio-jarduerak.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean, honako gastu-kategoria hauek sartu ahal izango dira:

Proiektuak prestatzeko fasea:

a) Proiektuari atxikitako langileen kostuak.

b) Zeharkako kostuak: justifikatu ezin diren kostu orokorrak (adibidez, alokairua, ura, argia, etab.), langile hautagarrien zuzeneko kostuen % 15eraino. Kostu horiek justifikatzea ez da beharrezkoa izango.

c) Zerbitzuak ematea.

d) Beste gastu batzuk (lekualdaketak, material suntsikorra eta abar).

Proiektuaren exekuzio-fasea:

a) Proiektuari atxikitako langileen kostuak.

b) Zeharkako kostuak: justifikatu ezin diren kostu orokorrak (adibidez, alokairua, ura, argia, etab.), langile hautagarrien zuzeneko kostuen % 15eraino. Kostu horiek justifikatzea ez da beharrezkoa izango.

c) Zerbitzuak ematea.

d) Ekipo-ondasunak, azpiegiturak eta prototipoak: alokairua edo amortizazioa erosiz gero.

e) Material suntsikorra.

f) Lekualdaketak eta mantenua.

g) Beste gastu batzuk: jabetza intelektuala, auditoriak, itzulpenak, ekitaldietan izena ematea, dibulgazio-gastuak, koordinazio-gastuak, etab.

Langile-kostuen kasuan, proiekturako onartutako guztizkoaren % 20rainoko tasa finkoan kalkulatu ahal izango dira.

5.– Ezin dira diruz lagundu informazio- eta promozio-jarduera hauek:

a) Kanpo-merkaturako (EBtik kanpo) egin diren eta diruz lagun daitezkeen kalitate-figuren informazio- eta sustapen-ekintzak.

b) Fruta eta Barazki Ekoizleen Elkarteek sustatutakoak, horien eragiketa-funtsen bidez diruz lagunduta.

c) Mahastizaintza eta ardogintzaren sektorean Merkatuen Antolakunde Bateratuak diruz laguntzen dituen Batasuneko ardoen sustapen- edo informazio-ekintzak, ardoaren kontsumo arduratsua sustatzen dutenak edo JD eta adierazpen geografikoak arautzen dituzten kalitate-araubideak sustatzen dituztenak.

d) Kalitate-araubide hautagarrietako merkataritza-markak kontsumitzera bultzatzen dutenak.

e) Mezu nagusitzat produktuaren jatorria hartzen dutenak, kasu hauetan izan ezik: «Idiazabal» (BJD), «Errioxa/Rioja jatorri-deitura» (JD), «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» (BJD), «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» (BJD), «Getariako Txakolina/Txakoli de Getaria/Chacolí de Getaria» (BJD), «Euskal Sagardoa/Sidra Natural del País Vasco» (AGB), «Euskal Okela» edo «Carne de vacuno del País Vasco» (AGB), Gernikako Piperra/Pimiento de Gernika» (AGB), eta «Euskal Sagardoa/Sidra Natural del País Vasco» (AGB).

f) Eskabidea aurkeztu aurretik egindako jarduerei dagozkien gastuak, gastu orokorrak izan ezik. Sustapeneko esku-hartze horretan, halakotzat jo ahal izango dira merkatu-azterketen, aholkularitzaren, kanpainaren aldez aurreko diseinuen, inskripzioen eta espazio-erreserben gastuak, etab.

6.– Ezin izango da BEZa diruz lagundu inola ere, baldin eta berreskura edo konpentsa badaiteke Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.8 artikuluarekin bat. Bai erakundea BEZetik salbuetsita badago, bai BEZaren mendeko jarduerak eta jarduera salbuetsiak garatzeagatik hainbanaketa aplikatzen bazaio, agiri bidez egiaztatu beharko du beti.

7.– Beste autonomia-erkidego batzuetan ere ezarritako kalitate-figuren kasuan, diruz lagundu daitekeen gastua murriztu egingo da ziurtatutako produktuak (pisuari edo bolumenari dagokionez) Euskal Autonomia Erkidegoan dagokion kalitate-figura osoarekiko duen proportzioan, deialdia argitaratzen den unean amaitutako azken kanpainan.

29. oinarria.– Esleitzeko prozedura.

Laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira, 30. eta 31. oinarrietan ezarritako baldintzen eta zenbatekoen arabera eta aurrekontua agortu arte. Balorazio Batzordeak eskabideak ebaluatuko ditu. Ebaluazio hori baino lehen, Zuzendaritzari atxikitako teknikari batek aztertuko du eskabide bakoitza, hau da, eskabidearen analisi tekniko eta ekonomikoa egin, txosten batean eskabide bakoitza deialdirako egokia den ala ez adierazi, eta txostena batzordeari aurkeztuko dio. Txostena ez da loteslea izango. Espedienteen hurrenkera lortutako puntuen arabera zehaztuko da, handienetik txikienera, hurrengo oinarrian araututako balorazio-prozedurari jarraikiz. Lehentasun-hurrenkera horren arabera, eta puntu gehien dituen espedientetik hasita, diruz lagundu daitekeen gastuaren % 100 hartuko da kontuan, aurrekontu-partida agortu arte.

30. oinarria.– Proiektuen balorazioa.

1.– Espedienteen balorazioa eta lortutako puntuen araberako hurrenkera, handienetik txikienera, irizpide hauen arabera egingo da:

a) Produktu-gama bat baino gehiago hartzen duten kalitate-araubideak sustatzeko jarduerak. 20 eta 50 puntu artean; 20 gama bakarrerako, eta 50, 5 gama-produktu baino gehiagoko araubideetarako.

b) Kalitate-araubidearen jarduneko lurralde-eremua (operadoreak dituzten lurralde historikoen kopurua). Lurralde historiko bakoitzak 3 puntu izango ditu.

c) Lanean ari diren gazteen kopurua. Azken 5 urteetan diruz lagundu beharreko sustapen-jarduerak aurkezten dituzten kalitate-araubideetako gazteak. 0 eta 40 puntu artean (40 puntu: 10 gazte baino gehiago sartu duten araubideak).

d) Kalitate-araubide batean diruz lagundu nahi den promozio-jardueraren barruan sartu diren produktuen balio ekonomiko ziurtatua (dirulaguntzako araubidean aurkeztu aurreko urteko batez besteko PSPren arabera kalkulatuta). 10 puntu (>100.000 euro urteko) eta 30 puntu artean (>15.000.000 euro urteko).

e) Euskara hutsean garatutako sustapen-jarduerak edo euskarazko argitalpenetan, irratian edo telebistan egindako publizitate-kanpainak abian jartzea (10 puntu).

f) Diruz lagundu daitekeen beste kalitate-araubide bat kudeatzen duen beste ekoizle-elkarte batekin batera jarduerak egitea (5 puntu).

2.– Berdinketa kasuan, lehentasuna emango zaie balio ekonomiko ziurtatu gehien duten kalitate-programen espedienteei.

31. oinarria.– Laguntza zenbatekoa den.

Laguntzaren intentsitatea baldintza hauen arabera egokituko da:

– Sustapen-jarduera orori diruz lagundu daitezkeen kostuen % 20 emango zaio, aurrekontu-kreditua nahikoa bada.

– Erakunde onuradunek gehienez ere 7 urtez jaso ahal izango dituzte laguntzak kontzeptu horrengatik, NPBren Plan Estrategikoaren oraingo aldian.

– Diruz lagundu daitezkeen gastuen % 70era hel daiteke gehienez laguntza, espedienteak lortutako puntu-kopuruari lotutako baremo hauen araberako proportzioan:

• 30 eta 70 puntu artean: diruz lagun daitezkeen kostuen % 60-64.

• 71 eta 100 puntu artean: diruz lagun daitezkeen kostuen % 65-67.

• 101 eta 120 puntu artean: diruz lagun daitezkeen kostuen % 68-69.

• 120 puntu baino gehiago: diruz lagun daitezkeen kostuen % 70.

– Onuradun bakoitzeko, 150.000 eurokoa izango da informazio- edo promozio-jarduera batean diruz lagundu daitekeen gehieneko kostua; jardueratzat hartuko da informazio- edo promozio-programa bat osatzen duten ekintzen multzoa.

– Gastu hautagarriaren gutxieneko zenbatekoa 5.000 eurokoa da erakunde eskatzaile bakoitzeko.

– Aukera daitekeen kalitate-araubideak ezin izango du esku-hartze horretarako aurreikusitako gastu publikoaren % 25 baino gehiago jaso Euskadin NPBren 2023-2027 Plan Estrategikoaren aldi osorako.

– Eskatzaile bakoitzak lortutako puntuazioarekin lehentasun-zerrenda bat egingo da, eta eskaera-espedienteak handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntu-kopuruaren arabera. Kreditua nahikoa ez bada eta aurrekontu-zuzkidura agindu honen 3. oinarriaren azken paragrafoaren arabera handitu ezin bada, laguntza-eskaerei erantzungo zaie, lehenengotik hasi eta guztizko aurrekontu-kreditua agortu arte.

32. oinarria.– Betebehar espezifikoak.

Agindu honetan ezarritako betebehar orokorrak betetzeaz gain, onuradunek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduari jarraikiz olio-haziei, kotoiari eta ardogintzako azpiproduktuei buruzko esku-hartze motetarako arauak ezartzen dituen Batzordearen 2021eko abenduaren 21eko 2022/129 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 5. eta 6. artikuluetan xedatutako informazio- eta publizitate-betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta Batasunaren laguntzarekin eta NPBren plan estrategikoekin lotutako informazio-, publizitate- eta ikusgarritasun-arloko betekizunak ere.

II. ERANSKINA
7131 ESKU-HARTZEA. ZIURTAPEN-KOSTUAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ERABAKI ESPRESUA

........................................................................ jaunak/andreak (NAN/IFZ/AIZ:...........................), sozietate zibilaren / ondasun-erkidegoaren / elkartearen / sozietate mugatuaren / kooperatibaren / kontseilu arautzailearen / beste zenbaiten (ezabatu ez dagokiona) ordezkari den aldetik, EGIAZTATZEN DU ezen, erabakiak hartzeko organoan 2023ko................aren...........(e)(a)n hartutako erabakiaren bidez, honako hau erabaki zela:

• Eusko Jaurlaritzaren Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari dirulaguntza eskatzea, nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideetarako laguntzen deialdi honetan:.............

•......................................................................... (NAN/IFZ/AIZ:.........................) izendatzea, erakunde honen ordezkari, eskaera bideratzeko eta administrazioarekin gainerako izapideak egiteko.

Bestalde, honako honen berri jakinarazten da:

• Erakunde honek ordainsarien erregistro bat dauka, Emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzko urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuaren arabera.

• 50 enplegatu baino gehiago edukiz gero, berdintasun-plan bat dago, martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege-dekretuan ezarritakoaren arabera (6/2019 Errege Lege-dekretua, enplegu eta okupazioaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzkoa).

• Elkartean/kalitate-araubidean erregistratutako pertsonen guztizko kopurua............. da (sexuaren arabera bereizita).

• Egun, honako hauek dira erakundearen zuzendaritza-organoa edo erabakiak hartzeko organoa osatzen duten pertsonak:

(Ikus .PDF)

................................, 2023ko......................aren.........(a).

SINADURA.

Oharra: Eremu guztiak bete behar dira.


Azterketa dokumentala