
106. zk., 2023ko ekainaren 6a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (518 KB - 35 orri.)
- EPUB (748 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2650
AGINDUA, 2023ko maiatzaren 30ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira Turismoa Merkaturatzeko eta Sustatzeko 2023. urteko laguntzak (TMS programa), eta horien deialdia iragartzen baita.
2030erako Turismo Jasangarriaren Euskal Estrategia onartu ondoren, eta kontuan hartuta zein diren sektorearen erronka eta joera nagusiak epe ertain eta luzera, honako hauek izan behar dute euskal eredu turistikoaren oinarriak: jasangarritasuna eta kalitatea eta gure helmuga, produktu eta baliabide turistikoen aniztasuna.
Helburu horien xedea da Euskadiko turismoa segurua, jasangarria, arduratsua, adimenduna, bikaina eta lehiakorra izatea.
Era berean, eta aintzat hartuta nolakoa den bizi dugun egoera, ziurtasunik gabea eta aldakorra baita, tentuz prestatu behar ditugu hurrengo urratsak, eta prest egon behar dugu gerta daitezkeen erronkei ekiteko eta erantzuteko.
Beraz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak bi jarduketa-fase planteatzen ditu hamabigarren legealdirako, eta horien intentsitatea eta epeak osasun-krisiaren eta horren ondorio ekonomikoek markatuko dituzte, baita Errusiak Ukrainia inbaditu ondoren Europan bizi dugun konfrontazio belikoak ere. Lehen fasea, erresistentziakoa, ahalik eta enplegu eta establezimendu gehienei eusteko izango da; bigarrena, ordea, ekonomia suspertzeko eta leheneratzeko izango da eta, aurretik azaldutako baldintzak gorabehera, baliteke 2023ko ekitaldian finkatzea.
Gauzak horrela, dirulaguntzen programa honen bitartez turismo-sektoreko enpresei laguntzak ematen jarraituko dugu, produktu berriak garatu eta merkatura ditzaten; horrez gain, espiritu ekintzailea eta berrikuntzaren kultura sustatuko ditugu, bai eta Euskadi Basque Country marka turistikoaren posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen duten ekitaldiak ere.
Eskumenen ikuspuntutik, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 5.1.e) artikuluan, Euskadiko turismo-administrazioari esleitzen zaio turismo-eskaintza sustatu eta bultzatzeko neurri egokiak hartzeko eskumena, beste administrazio eta organismo batzuekin koordinatuta, eta haren 5.2 artikuluan adierazten da Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen organoak gauzatuko duela eskumen hori.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari dagozkio turismo-arloko eskumenak, hala xedatuta baitago EAEko Administrazioaren egungo egituran eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 15.1.a) artikuluan.
Gainera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak du laguntza-programa hau onartzeko ahalmena, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori)
Azkenik, laguntza-programa honek aurrekontu-kreditu nahikoa du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak onartu zuen plan hori, 2023ko otsailaren 21eko Aginduaren bidez, eta aipaturiko sailaren webean argitaratuta dago https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/20213o-turismo-merkataritza-eta-kontsumo-sailaren-diru-laguntzen-plan-estrategikoa/
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Agindu honen xedea da turismo-sektoreko enpresentzako laguntzak erregulatzea eta deitzea, produktu berriak garatu eta merkatura ditzaten, bai eta espiritu ekintzailea eta berrikuntzaren kultura sustatzea eta Euskadi Basque Country marka turistikoaren posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen duten ekitaldiak babestea ere.
2.– Helburu horrekin bat etorrita, honako xede hauek dituzten jarduketak lagunduko dira diruz:
A) Euskadin garatutako turismo-produktuak sortzen, martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzea.
B) Euskadin egindako kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldiei laguntzea, baldin eta Espainian eta nazioartean oihartzun mediatikoa badute eta Euskadiren irudia eta turismo-posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen badute.
3.– Laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta laguntzak emateko prozedura.
1.– Laguntzetara 984.000 euro bideratuko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.
2.– Onartutako laguntza guztiak aldi berean esleituko dira, egintza bakarrean, lehiaketa-teknika erabili gabe; izan ere, programa honen helburua da laguntzak ematea onuradun izateko agindu honetako eskakizunak betetzen dituen entitate orori, baldin eta sasoiz eta behar bezala egin badituzte eskabideak. Horretarako, programa finantzatzeko erabili beharreko aurrekontu-zenbatekoak ez badira nahikoak egindako eskaerei agindu honen 7. artikuluan ezarritako zenbateko eta ehunekoetan aurre egiteko, laguntza eskaeren artean hainbanatuko dira, eta, kalkulua egiteko, oinarritzat hartuko da 7. artikuluan adierazitakoaren arabera kalkulatutako dirulaguntza teorikoaren zenbatekoa.
3. artikulua.– Definizioak.
Agindu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira jarraian datozen definizioak:
1.– Turismo-produktua: OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, turismo-produktutzat hartu behar da elementu material eta immaterialen konbinazio bat, hala nola baliabide naturalak, kulturalak eta antropikoak, bai eta intereseko elementu baten inguruko erakargarri turistikoak, instalazioak, zerbitzuak eta jarduerak ere, destino baten marketin-planaren funtsa ordezkatzen dutenak eta turismo-esperientzia integral bat osatzen dutenak.
2.– Zerbitzu turistikoak: helmuga turistiko batek bisitariaren eskariari erantzuteko eskaintzen dituen jarduera eta prestazio oro.
3.– Ekitaldia: aldez aurretik antolatutako gertakari bat da, aurrez finkatutako denboran eta tokian pertsona kopuru jakin bat biltzen duena; bildutakoek xede bati lotutako zenbait jarduera garatu eta partekatuko dituzte, sustatzeko hala merkataritza eta industria eta turismoa eta marketina nola gizarte-arloko trukea eta kultura oro har.
4. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Honako entitate hauek izan daitezke agindu honetako dirulaguntzen onuradun:
1) Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak) edo horien arteko elkartzeak, zerbitzu turistikoak eskaintzen dituztenak eta Euskadiko Enpresa eta Jarduera Turistikoen Erregistroan inskribatuta daudenak, baita jarduera turistiko osagarriak egiten dituztenak ere.
Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak) 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak dira, eta gehienez ere 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo gehienez ere 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.
Arestian adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, kontuan hartuko da mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan (EBAO, L 124, 2003ko maiatzaren 20koa) ezarritakoa, edo hura ordezten edo aldatzen duten xedapenek ezarritakoa.
2) Irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio eta entitateak, baldin eta turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko jarduerak badaude haien xedeen artean.
2.– Halaber, onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan jasotako eskakizunak bete beharko dituzte entitateek, bai eta agindu honetan ezarritako honako hauek ere:
a) Epai irmo bidez dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigorrik jaso ez izana, edo delitu hauetakoren bat egiteagatik zigortuta ez egotea: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legez kanpoko ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko ez eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea (konkurtso horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen duen kasuan izan ezik), esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta ez egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia bukatu gabe dagoela.
c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin ez izana.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak beteta edukitzea.
f) Ebazpen irmo baten bitartez galdurik edukitzea dirulaguntzak jasotzeko aukera, betiere bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin.
g) Ez egotea sartuta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatiko edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatiko ezein kasutan (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.5 artikulua).
h) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legeak ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.
i) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahasita ez egotea; edo, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura etenda ez egotea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, betiere ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, haren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.
j) Elkartze-araubide espezifikoa duten elkarteek, hala nola enpresa-elkarteek, dagokien erregistroan inskribatuta egon behar dute, aplikatu beharreko araudian ezarritakoari jarraituz.
3.– Egiaztatzeko eskatzaileak egunean dituela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagokionez, eta bat etorriz aipatutako Aginduaren 6.2 artikuluan ezarritakoarekin, espedientea kudeatzen duen organoak betebehar horiek betetzen direla egiaztatzen duten administrazio-ziurtagiriak eskatuko dizkie organo eskudunei, zuzenean, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez, eta laguntza eman eta ordainketa egin aurretik. Hala ere, entitate eskatzaileak aurka egin ahal izango dio organo kudeatzaileak inguruabar horiek zuzenean egiaztatzeari, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak, agindu honen 11.2 artikuluan adierazitako moduan.
Bestalde, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak bete direla, aipatutako 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera.
4.– Laguntzaren erantzukizunpeko adierazpenean justifikatuko da betetzen direla artikulu honen 2. paragrafoan zerrendatutako gainerako betekizunak, agindu honen 11.1 artikuluan adierazitako moduan.
5.– Entitate eskatzaileek eskabidea egiten duten unean bete beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan turismo-jardueran aritzeko legez eskatzen diren baldintzak. Halaber, Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskribatuta egon beharko dute, betiere ezinbestekoa bada eskatutako laguntzaren xede diren jarduerak gauzatzeko.
5. artikulua.– Kanpoan utzitako entitateak.
Honako hauek ezin izango dira izan laguntza-programa honen entitate onuradun:
a) Udal-mailan edo udalerriz edo eskualdez gaindikoan turismo-lankidetzarako ente gisa jarduten duten entitate publiko edo pribatuak, eta sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak, edo beste entitate batzuk, baldin eta administrazio publikoek edo haien mendeko entitateek haien kapitalean edo gobernu-organoetan partaidetzaren gehiengoa badute.
b) Kirol-federazioak, kirol-klubak eta kirol-elkarteak.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Diruz lagundu daitezke 2022ko ekitaldian proiektu tipologia hauek garatzeko egiten diren jarduketak:
A) Euskadin garatzen diren turismo-produktuak sortzen, martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzea (I. eranskinean zehazten da nolako ezaugarriak izan behar dituzten produktu horiek)
B) Euskadin egindako kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldiei laguntzea, baldin eta Espainian eta nazioartean oihartzun mediatikoa badute eta Euskadiren irudia eta turismo-posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen badute (II. eranskinean zehazten da nolako ezaugarriak izan behar dituzten produktu horiek).
2.– Entitate eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra eta proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du.
7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Euskadin garatzen diren turismo-produktuak sortzen, martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzeko proiektuetarako (I. eranskinean jasotzen dira) gehieneko dirulaguntza onartutako gastuaren % 60 izango da, eta, gehienez ere, 20.000 euro entitate onuradun bakoitzeko. Lurralde historiko batean edo Euskal Autonomia Erkidego osoan jarduten duten turismoko enpresa-elkarteen kasuan, 40.000 euro izango da gehieneko zenbatekoa.
2.– Euskadin egindako eta Espainian eta nazioartean oihartzun mediatikoa duten kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldiei laguntzeko proiektuetarako (II. eranskinean jasotzen dira) gehieneko dirulaguntza onartutako gastuaren % 50 izango da, eta, gehienez ere, 7.500 euro entitate onuradun bakoitzeko, betiere proiektuok Euskadiren irudia eta posizionamendu turistikoa sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen badute. Ekitaldiak aurten gutxienez 5. edizioa betetzen badu, eta/edo hiru egun jarraitutik gora irauten badu, 15.000 euro izango da dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.
Antzinatasunaren eta/edo iraupenaren betekizunak betetzeaz gainera egiaztatzen bada lankidetza-akordio bat dagoela bidaia-agentziaren batekin xede-publikoari zuzendutako ekitaldiari lotutako pakete turistikoa egiteko eta merkaturatzeko, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 10.000 euro handituko da, 25.000 euroko gehieneko kopurura arteko mugarekin.
8. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira I. eta II. eranskinek horri buruz jasotako zehaztapenekin bat datozenak, betiere 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin eta fakturatzen badira.
2.– Komunikazio-euskarri grafikoak eta ikus-entzunezkoak prestatzeari, sustatzeari, merkaturatzeari eta online eta offline komunikazio-estrategiak egiteari lotutako jarduketa guztietan, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza aipatu beharko da, Sailaren logoa eta Euskadi Basque Country marka turistikoa txertatuta. Bi aipamen horiek Erakunde-nortasunaren eskuliburuaren arabera egingo dira (https://www.euskadi.eus/servicios/0089407)
3.– Web-orrien sorrera, eguneratze, garapen eta hobekuntza nabarien kasuan, entitate onuradunak banner bat jarri beharko du bere web-orrian, https://turismo.euskadi.eus turismo-atariarekin esteka egiten duena.
4.– Onar daitekeen gastutzat hartuko da zenbatekoaren balio garbia, hau da, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kendu ostean geratzen den balioa. Nolanahi den ere, BEZa diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko da, baldin eta entitate onuradunak egiazki ordaindu badu eta ezin badu berreskuratu edo konpentsatu zerga hori ordaintzetik salbuetsita egoteagatik.
5.– Baldin eta proiektuak beste autonomia-erkidego batzuetako baliabide edo zerbitzu turistikoak eskaintzen baditu, Euskadiri dagokion gastua bakarrik onartuko da, eta eskabidean zehaztu beharko da zein den autonomia-erkidego bakoitzari dagokion ehunekoa.
6.– Oro har, ez dira diruz lagunduko honako hauek:
a) Inbertsio-gastuak.
b) Informatikako ekipamendua erostea.
c) Informatikako programen mantentze-kuotak, informatikako ekipamenduen bermeak, aseguruak eta kanonak, konektagarritasun-gastuak, web-ostatatze zerbitzuak («hosting»), bai eta domeinuak erregistratu, berritu eta kudeatzeko gastuak ere.
d) Entitate eskatzailearen langile-gastuak eta gastu arruntak (mantentze-gastuak, bulegoko materiala, hornidurak eta komunikazioak).
e) Tasak (Patente eta Marken Espainiako Bulegoan marka erregistratzeagatiko tasa izan ezik), eta beste zerga batzuk.
f) Aseguruak.
g) Gonbidapenak, bazkariak eta antzekoak, non eta eskabidean ez dagoen justifikatuta beharrezko gastuak direla jarduketa gauzatzeko.
h) entitate eskatzailearen sustapen- eta merkaturatze-gastuak.
i) Sustapen-ekintzetan izandako garbiketa- eta tresneria-gastuak.
j) Bisita- edo aurkezpen-txartelak.
k) Babesak.
l) 100 euro garbi edo gutxiagoko fakturak.
9. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honen bidez araututako laguntzak bateragarriak izango dira beste entitate edo organismo batzuek emandako beste edozein laguntzarekin; bateraezinak izango dira, ordea, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kudeatutako hitzarmen, babes edo beste laguntza-aginduen bidez jarduketa berberetarako ematen diren laguntzekin.
2.– Agindu honen babesean emandako laguntzaren zenbatekoak, beste entitate edo organismo batzuen laguntza edo dirulaguntzekin batera, ezin izango du inola ere gainditu diruz lagundutako jarduketaren kostua. Ondorio horietarako, diruz lagundutako jarduketaren kostutzat hartuko dira aurkeztu eta onartutako, eta, hala badagokio, justifikatutako gastu guztiak.
3.– Gainfinantzaketa gertatuz gero, soberakinari dagokion zenbatekoa kendu egingo zaio agindu honen bidez emandako laguntzari (Aginduaren 15.7 eta 15.8 artikuluak).
4.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako de minimis arauak errespetatuko dituzte (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori, eta 2013ko abenduaren 24ko 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen)
Europar Batasunak ezarritakoa oinarri hartuta, enpresa batek ezin izango du 200.000 euro baino gehiagoko laguntza jaso minimis erregelamenduaren arabera, kontzeptua zeinahi dela ere, laguntza eskatzen duen ekitaldiaren aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta indarrean dagoen ekitaldi fiskalean.
Muga hori gaindituz gero, programa honi jarraikiz emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopurua kenduta.
10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Entitateek bitarte elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0089407
3.– Egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragarri elektronikoki nola izapidetu behar den argitzeko zehaztapenak, bai eta eskabide-orria ere.
4.– Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak «Nire karpeta» aplikazioan egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Entitate eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Era berean, eskaeratik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
6.– Entitate eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du. Entitate batek eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, horietako batean atzera egiteko eskatuko zaio, eta, hala egin ezean, erregistratutako lehen eskabidea onartuko da, eta gainerako guztiak artxibatuko.
7.– Betetako eskabideak entitate eskatzailearen sinadura aitortua izan behar du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoren baten bidez egina (https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak). Horrez gain, eskabidean hurrengo artikuluak aipatzen duen dokumentazio euskarria aurkeztu behar da, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-eguntzat.
8.– Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, agindu honi dagozkion prozedura guztietan haren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoak erabiliz, dela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoen Ahalordeen Erregistro Elektronikoaren bidez (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa dela eskabidera lege-ordezkaritza emateko inprimaki arautua behar bezala beteta erantsiz (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua)
9.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla agindu honetako baldintzak.
11. artikulua.– Eskabideen eta aurkeztu beharreko beste dokumentazioaren edukia.
1.– Eskabidea eredu normalizatuaren arabera aurkeztuko da (ikus III. eranskina), eta barnean hartuko ditu entitatearen datu orokorrak eta proiektuak aztertzeko eta laguntzak kalkulatzeko behar den informazioa. Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean jasota agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruzkoa. Hauxe da eman beharreko informazioa:
1) Laguntza jaso duen entitatearen izaerari dagokionez:
– Eskabidearen helburu den proiektua exekutatzeko behar adinako aurrekontua du.
– Jarduera gauzatzeko legez eskatzen diren baldintzak betetzen ditu.
– entitatea ez dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aipatzen diren egoeretan (onuradun izatea eragozten dute horiek).
– Mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertaina (ETE) kalifikatua izateko baldintzak betetzen ditu.
– Hala badagokio, bere izaera juridikoari dagokion elkarteen erregistroan inskribatuta dago, edo Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen erregistroan.
– Hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ditu.
2) Zehapenei dagokienez:
– Ez dauka dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
– Entitateak ez dauka abian inolako itzulketa- edo zehapen-prozedurarik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen edo laguntzen esparruan hasitakorik.
3) Bestelako laguntzei dagokienez:
– Zer laguntza eskatu edo lortu duen, eskabidearen xede den proiektuan aurkeztutako jarduketa berberetarako, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kudeatutako hitzarmen, babes eta beste agindu batzuen babesean.
– Zer laguntza eskatu edo lortu duen beste entitate edo organismo batzuetatik, eskabidearen xede den proiektuan aurkeztutako jarduketa berberetarako.
– Enpresak jasotako de minimis laguntzak, agindu honetako 9.4 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
4) Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez:
– Ez daukala dirulaguntza eta laguntza publikoen onuradun izatea debekatzen dion zigorrik, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
5) Eskabideko datuei dagokienez:
– Laguntzak arautzen dituen Aginduan ezarritako betekizunak betetzen ditu.
– Egiazkoak dira eskabidean adierazitako datuak, eta bere gain hartzen du aurkeztutako agiri guztien egiazkotasunaren erantzukizuna.
Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako datu edo informazioren bat zehazgabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).
b) Eskabideekin batera, gainera, ondoren zehazten den dokumentazio digitalizatua aurkeztu beharko da:
– Turismo-produktuak sortzen, martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzeko proiektuen kasuan, azalpen-memoria zehatza, honako hauek adierazita: zertan den turismo-produktua, helburuak, aurreikusitako jarduketen xehetasunak eta jarduketa bakoitzari buruzko aurrekontu xehatua (horretarako, IV. eranskineko eredu normalizatua erabiliko da).
– Ekitaldien kasuan, honako hauek zehazten dituen memoria, eredu normalizatuan aurkeztua (V. eranskina): ekitaldiaren izena (data eta tokia adierazita); zenbatgarren edizioa den; zenbat egun iraungo dituen; ezaugarriak; zer produktu mota den (kulturala, gastronomikoa, kirolekoa); helburuak; laguntzaren xede den ediziorako hedabide-plana, adierazita zer kopuru aurreikusten den helburu horretarako (komunikabideen eta sare sozialen presentzia, ekitaldiaren oihartzuna baloratzeko); zer xehetasun dituzten aurreikusitako jarduketek eta zer aurrekontu duen horietako bakoitzak.
– Diruz lagun daitezkeen gastuen aurrekontuak, proformako fakturak edo fakturak, dirulaguntzaren xede diren elementuak eta/edo lanak argi eta garbi identifikatuta. Euroa ez den beste moneta bateko zenbatekoek euroan duten balioa adierazi beharko dute eskabidean eta harekin batera doan memorian.
– Jarduera ekonomikoen gaineko zergan izandako altak eta bajak egiaztatzeko agiria.
– Dagokion zerga-administrazioaren adierazpena, balio erantsiaren gaineko zergatik salbuesteari buruzkoa, hala badagokio, edo eskatzailea balio erantsiaren gaineko zergaren subjektu pasiboa ez dela egiaztatzen duen agiria, ez baitu ordainik jasotzen eskaintzen dituen ondasun eta zerbitzuengatik.
– Hala badagokio, entitate eskatzaileak besteren konturako langilerik ez duela eta, hori dela-eta, Gizarte Segurantzari kotizatzeko obligaziorik ez duela egiaztatzen duen agiria.
– Enpresa-elkarteak sortzen badira, horiek gauzatzeko eskritura publikoaren kopia.
– Hala badagokio, lankidetza-akordioa egiaztatzen duen dokumentua, bidaia-agentzia batekin sinatutakoa xede-publikoari zuzendutako ekitaldiari loturiko turismo-pakete bat egiteko eta merkaturatzeko.
– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa erabili gabe emanez gero ordezkaritza, legezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatuarekin batera –behar bezala beteta–, hauek: pertsona fisikoa bada, ordezkaritza ematen duen pertsonaren NANa edo agiri baliokidea; pertsona juridikoa bada: ordezkaritza hirugarren pertsona bati ematen dion entitatearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen ordezkaritza-ahalordea edo zuzenbidean baliozkoa den dokumentu oro.
2.– Ez da nahitaezkoa izango administrazioren batek egindako dokumentuak aurkeztea, betiere entitate interesdunak horiek kontsultatzeko baimena espresuki ukatu ez badu eskabidean. Era berean, ez da nahitaezkoa izango entitate interesdunek aurretik edozein administraziotan aurkeztu dituzten datu edo dokumentuak aurkeztea, betiere noiz eta zer organotan aurkeztu zituzten adierazten badute. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ofizioz bilduko ditu datu edo dokumentu horiek, entitate eskatzaileak espresuki horretarako baimena ukatzen ez badu. Materialki ezinezkoa bada agiria zuzenean eskuratzea, organo kudeatzaileak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio entitate eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste modu batez egiazta ditzala.
3.– Laguntza eman baino lehen eta ordainketa-proposamena egin baino lehen egiaztatuko da baldintza horiek guztiak bete direla.
12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideak zuzentzea.
1.– Eskabidea ez bada osorik betetzen, edo harekin batera ez bada aurkezten agindu honetan adierazitako nahitaezko dokumentazioa, hamar eguneko epea emango diote Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoetako teknikariek entitate eskatzaileari hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela eta hala adierazten duen ebazpena emango dela.
Eskabidea aztertuta egiaztatzen bada laguntzaren xedeko proiektua beste apartatu bati dagokiola –eskabidean adieraziaz bestelako bati, alegia–, eta apartatu horretako laguntzak lortzeko baldintzak betetzen baditu, eskabidea zuzentzeko eskatuko zaio enpresa eskatzaileari.
2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira, «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egunetan eta zer ordutan jarri zaion eskuragarri jakinarazpena jakinarazten den egintzako interesdunari, eta noiz sartu den haren edukian; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da. Baldin badakigu jakinarazpena iritsi zaiola baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.
13. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.
1.– Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoetako teknikariek aztertu eta ebaluatuko dituzte epe barruan aurkeztu diren eskabideak, ezarritako betekizunak betetzen diren egiaztatuz, eta eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta/edo informazio osagarria eskatu ahal izango diote entitate eskatzaileari.
2.– Ondoren, eskabide bakoitzari dirulaguntza emateko proposamen bat egingo dute, eta, han, jasota utziko dute beren esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun izateko proposatzen dituzten entitateek betetzen dituztela dirulaguntzak eskuratzeko eskatzen diren betekizun guztiak. Horrez gain, hautatu diren eta hautatu ez diren gastuak identifikatuko dituzte, hautatu ez dituztenak zergatik ez dituzten hautatu arrazoituta, eta agindu honen 7. artikuluan adierazitako mugen arabera eman beharreko dirulaguntzaren (dirulaguntza teorikoaren) ehunekoak eta gehieneko zenbatekoak adieraziko dituzte.
3.– Dirulaguntzaren proposamena egin aurretik, entitate eskatzaileek egiaztatu beharko dute egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 5.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.
14. artikulua.– Prozeduraren iraupena, ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Dirulaguntza-programa honen babesean emandako dirulaguntzak emateko prozedurak sei hilabete iraungo du gehienez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
2.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak eman eta jakinaraziko du laguntza-deialdi hau ebazteko administrazio-ebazpena, eta han adieraziko zein diren onartutako eta baztertutako eskabideak. Onartutako eskabideen kasuan, entitate onuradunak, finantzatutako proiektuak eta eman zaizkien zenbatekoak zehaztuko dira. Halaber, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren 6.1 artikuluan ezarritakoa bilduko du ebazpenak. Baztertutako eskabideen kasuan, zergatia adierazi beharko da.
3.– Laguntzen deialdiaren ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/tablon-electronico-anuncios/) eta argitalpena egin eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.
4.– Sei hilabeteko epean prozedurari buruzko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, entitate eskatzaileak eskabidea ezetsi dela ulertu ahal izango du, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak berariazko ebazpena emateko eta jakinarazteko duen betebeharra.
5.– Entitate eskatzaileek abisu bat jasoko dute beren eskabidean identifikatutako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora, jakinarazteko aipatutako egoitza elektronikoan eskuragarri jarri dutela prozeduraren ebazpenaren jakinarazpena. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.
6.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten denetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
7.– Arau honen bidez araututako dirulaguntzak entitate onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.
15. artikulua.– Laguntzen justifikazioa eta ordainketa.
1.– Justifikazioa eskuratu eta betetzeko, «Nire karpeta» atala erabili beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Entitate onuradunak agirien bidez justifikatu beharko du, bitarteko elektronikoak erabiliz, betetzen dituela ezarritako baldintzak eta dirulaguntzaren xede den helburua, dirulaguntza jaso duten jarduketak bukatu ondoren, eta, betiere, 2023ko abenduaren 31 baino lehen.
Horretarako, egindako gastutzat hartuko da justifikatzeko epe hori amaitu aurretik egiazki ordaindu dena.
2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra arte igorritako eta ordaindutako fakturak onartuko dira. Ondorioz, ez dira kontuan hartuko epe horren aurretik edo ondoren egindako ordainketak, epeka eta/edo geroratuta adostutakoak barnean hartuta.
3.– Ezarritako justifikazio-epea bukatu eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, luzatu ezin den hamabost eguneko epean aurkezteko eskatuko diote entitate onuradunari Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoetako teknikariek. Justifikazioa ezarritako epean aurkezten ez bada, baldintza hori bete gabe geratuko da, agindu honen 18. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.
4.– Justifikazioa egiteko, justifikazio-kontua erabiliko da, eta gastuaren justifikazioak eta ordainketa-egiaztagiriak aurkeztuko dira. Justifikazio-kontuak dokumentazio hau bildu beharko du:
a) Diruz lagundutako proiektua justifikatzeko memoria, dirulaguntza emateko aintzat hartu ziren jarduketak zenbateraino egin diren eta aurreikusitako helburuak bete diren zehaztuta.
b) Memoria ekonomiko bat, egindako jardueraren kostua justifikatzen duena. Honako hauek jasoko ditu:
1) Fakturen koadroa, non jarduketa bakoitzaren gastua zehaztuko baita: gastuaren kontzeptua, fakturaren identifikazioa (faktura-zenbakia eta enpresaren izen soziala), fakturaren zenbatekoa eta data (BEZa barne, diruz lagungarria bada) eta ordainketa-eguna. Laguntza aurrekontu baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri eman beharko da.
Fakturen koadroa eredu normalizatuan beteko da (ikus VI. eranskina).
2) Jatorrizko fakturak –elektronikoak izan daitezke– edo merkataritzaren trafiko juridikoan froga baliokide diren edo administrazioan eragina duten dokumentuak, aurreko apartatuan zehaztutakoekin bat etorri behar dutenak. Bidaia-gastu txikiak justifikatzeko (bidesariak, kilometrajea, aparkamendua, hiriko garraioa eta mantenu-gastuak), posible izango da kontzeptu horregatik egindako gastuen egiaztagiri bat aurkeztea, entitatean kudeaketa ekonomikoaren ardura duenak edo horretarako baimendutako pertsonak sinatua, betiere zenbateko hori emandako dirulaguntza osoaren % 10 baino handiagoa ez bada.
3) Ordainketa egiaztatzen duen dokumentazioa.
4) Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren xedeko jarduera finantzatzeko jasotako laguntzei buruzkoa.
c) Diruz lagundutako jarduketen artean komunikazio-euskarri grafikoak eta ikus-entzunezkoak prestatzea, sustatzea, merkaturatzea eta online eta offline komunikazio-estrategiak egitea daukatenek frogatu beharko dute jarri dituztela hala Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logoa nola Euskadi Basque Country turismo-marka, eta biak erakunde-nortasunaren eskuliburuaren arabera jarri dituztela (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0089407 Halaber, hala badagokio, https://turismo.euskadi.eus). turismo-atariarekin lotzeko banner-a jarri beharko dute.
Entitate onuradunak betebehar hori betetzen ez badu, arau hauek aplikatuko zaizkio:
– Baldin eta oraindik posible bada betebehar hori betetzea, Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoetako teknikariek gehienez hamar eguneko epea emango diote entitate onuradunari zabalkunde-neurriak hartzeko.
– Baldin eta, neurri hauen eraginpeko jarduketak egin direlako jadanik, ez bada posible haiek betetzea, zabalkunde-neurri alternatiboak ezarri ahal izango dira. Ondorio horietarako, gehienez hamar egun balioduneko epea emango diote aipatutako langileek entitate onuradunari neurri horiek hartzeko.
5.– Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoetako teknikariek aurkeztu den dokumentazioa aztertuta egiaztatuko dute diruz lagundutako jarduerak egin direla.
6.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada konpon daitezkeen akatsak daudela entitate onuradunak aurkeztutako justifikazioan, hala jakinaraziko diote entitateari, eta hamar eguneko epea emango diote akatsok zuzentzeko.
7.– Dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa kalkulatzeko, dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutako finantzaketa-ehunekoa aplikatuko zaie entitate onuradunak benetan ordaindu eta justifikatu dituen gastuei, kontuan izanik agindu honen 7. artikuluan ezarritako gehieneko ehunekoak eta zenbatekoak, eta, gainfinantzaketa gertatuz gero, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduta.
8.– Nolanahi ere, ez badira dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen, eta horrek emandako dirulaguntza murriztea badakar, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamar eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio entitate onuradunari, hala badagokio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.
9.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu eta gero, Turismo eta Ostalaritzako lurralde-bulegoetako teknikariek txosten bat emango dute, eta turismo eta ostalaritzaren arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrari igorriko diote; han, justifikatutako eta onartutako gastuaren arabera, dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatuko da.
10.– Dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, dirulaguntza artikulu honetan eskatzen den bezala justifikatu ondoren.
11.– Dirulaguntza jasotzeko, eta betiere entitate eskatzaileak banku-datuak aurretik jakinarazi ez badizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari, edo datu horiek aldatu nahi baditu, bide elektronikoz egin beharko du izapide hori, egoitza elektronikoaren dagokion zerbitzuan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenen-erregistro-telematikoa/web01-s2oga/eu/
12.– Dirulaguntza ezin izango da ordaindu entitate onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzen itzulketari dagozkionak, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 5.1 artikuluarekin.
13.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak aginduko du dirulaguntza ordaintzeko.
16. artikulua.– Laguntza aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, era berean, horrekin batera beste entitate nahiz organismo batzuetatik laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere aldaketak ez-betetze kasuak estaltzen ez baditu, dirulaguntzen entitate onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira, eta hirugarrenei kalterik egiten ez bazaie. Gutxieneko baldintza horiek bete behar dituzte entitateek laguntza-programa honen onuradun izateko, eta agindu honen 4. artikuluan jasota daude; diruz lagundu daitezkeen jarduketak, ordea, I. eta II. eranskinetan bilduta daude. Ondore horietarako, aldatzeko ebazpena emango du Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, eta, bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira.
2.– Aurrekoa gorabehera, dirulaguntza emateko ebazpena ez da aldatuko, baldin eta aldaketek ez badiote funtsean eragiten aurkeztutako proiektuari (hala nola, aurreikusitako jarduketa batzuen ordez izaera berdintsuko beste batzuk egin beharra, dela ustekabeko edo ezinbesteko arrazoiengatik, dela turismo-merkatu berri batek eskatzen duen egokitasun-arrazoiengatik), eta, betiere, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntzaren xedeko helburuari eusten bazaio; dena den, aldaketa horiek idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko dira, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak baimendu ditzan.
3.– Baldin eta, justifikazio-fasean, benetan egindako eta justifikatutako gastuaren onartutako kostua txikiagoa bada onartutako gastuaren aurrekontua (laguntza emateko baliatu zena) baino, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan gutxituko da, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariaren gutxitze-ebazpen baten bidez, eta oinarri berriari aplikatuko zaio emandako dirulaguntza-ehunekoa. Aurretik, betiere, entzunaldi-izapidea eskainiko zaio entitate onuradunari, hamabost eguneko epean, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan.
17. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntza eskatzen duen entitateak atzera egin dezake bere eskaeran. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, osoki onartuko du atzera egitea, eta prozedura amaitutzat emango.
2.– Enpresa onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere uko egin ahal izango zaio. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak berariaz onartuko du uko-egitea, ebazpen baten bidez, eta prozedura amaitutzat emango du.
3.– entitate eskatzailearen uko-egitea onartu ondoren, eta laguntza ordainduta badago, hura itzultzeko prozedurari ekingo zaio.
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Entitate onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu betetzen proiektuaren zati bat (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen baten bidez, dirulaguntza osoa edo zati bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin bat etorriz, hargatik eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Segidan aipatzen den gorabeheraren bat gertatzen bada, dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galduko da:
a) Dirulaguntza justifikatzeko betebeharra ez betetzea.
b) Justifikazio-agiriak ezarritako epetik kanpora aurkeztea, delako errekerimendua egin denetik aurrera.
c) Laguntza eskuratzeko eskatutako baldintzak ez betetzea.
d) Diruz lagundutako jarduketak I. eta II. eranskinetan ezarritako gutxieneko zenbatekoa baino zenbateko txikiagoarekin egitea.
3.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari dagokio ez-betetzearen espedientea hastea eta ebaztea. Ez-betetzearen espedientea «Nire karpeta» aplikazioaren bidez izapidetuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Prozedura administrazioko arau-hauste izan daitezkeen egitateen ondorioz hasten bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.
19. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen entitate onuradunek:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, entitate onuradunak dirulaguntza onartu egin duela ulertuko da baldin eta berariaz eta idatziz uko egiten ez badio hamar egun naturaleko epean. Epea laguntzen deialdiaren ebazpena agindu honen 14.3 artikuluan aurreikusitako moduan jakinarazten denetik aurrera zenbatuko da.
2.– Laguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea. Gainera, justifikatu beharko du dirulaguntza emateko ebazpenean jasotako jarduketak egin direla eta aurreikusitako helburuak bete direla, agindu honetan ezarritakoari jarraituz.
3.– Dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako epean gauzatzea diruz lagundutako jarduketak.
4.– Dirulaguntza ematen duen organoari jakinaraztea beste administrazio edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskutik xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko. Eskabidean hala jakinarazi ez bada, jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntzaren frogagiriekin batera.
5.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatzen bada, aldaketa egin aurretik horren berri ematea.
6.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea jasotako laguntzen inguruan dagozkien zereginak betez eskatzen duten informazio guztia.
7.– Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez 5 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jarduketen azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera.
8.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza espresuki aipatzea modurik egokienean, diruz lagundutako proiektuaren ezaugarrien arabera eta irizpide hauek betez:
a) Komunikazio-euskarri grafikoak eta ikus-entzunezkoak prestatzeari, sustatzeari, merkaturatzeari eta online eta offline komunikazio-estrategiak egiteari lotutako jarduketa guztietan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logoa eta Euskadi Basque Country turismo-marka azalduko dira, biak ere erabilera-eskuliburuaren arabera.
b) Web-orrien sorrera eta eguneratzeen kasuan, entitate onuradunak banner bat jarri beharko du bere web-orrian, https://turismo.euskadi.eus turismo-atariarekin esteka egiten duena.
9.– entitate onuradunek kontratuak egiten badituzte, eta horietan diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa 15.000 eurotik gorakoa bada, entitate onuradunak eskaintza bana eskatu beharko die hiru hornitzaileri gutxienez, zerbitzua kontratatzeko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta haren ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan zerbitzu horiek ematen dituzten nahikoa enpresa ez badago, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.
Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, proposamen ekonomiko onena ez bada. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntzaren eskabidearekin batera.
10.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko zerbitzu teknikoek egokitzat jotzen dituzten ikuskaritza eta egiaztapenei men egitea. Diruz lagundutako jardueren garapenarekin eta gauzatzearekin izango dute zerikusia ikuskaritza eta egiaztapen horiek, eta entitate onuradunek horien inguruan eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute, bai eta eskatzen zaien justifikazio-dokumentazio oro ere.
20. artikulua.– Datu pertsonalak.
Eskatzaileen datu pertsonalak «Turismo-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira. Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
1.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
2.– Agindu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko arauak; eta, prozedura-arloan, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 30a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.
I. ERANSKINA
EUSKADIN GARATUTAKO TURISMO-PRODUKTUAK SORTZEN, MARTXAN JARTZEN, SUSTATZEN ETA MERKATURATZEN LAGUNTZEA
1.– Apartatu honetan, Euskadin garatutako ekimenak babestuko dira, proiektu turistiko lehiakorrak, arduratsuak eta jasangarriak garatzen eta merkaturatzen laguntzen dutenak, baita ekintzailetza-espiritua eta berrikuntzaren kultura sustatzen dituztenak ere.
2.– Honako jarduera hauek lagunduko dira diruz:
1) Turismo-produktuak sortzea eta martxan jartzea. Kontzeptu honetan onartuko dira marka sortu eta erregistratzearekin, irudi korporatiboaren diseinuarekin eta proiektua martxan jartzeko beharrezkoak diren aurretiazko azterlanekin lotutako gastuak, hala nola bideragarritasun- eta jasangarritasun-azterlanak eta proiektuaren marketin-plana.
2) Estrategiak diseinatzea eta marketin-plana egitea. Kontzeptu honetan, dagoeneko sortuta dauden turismo-produktuak estrategikoki birbideratzeko gastuak onartuko dira, bai eta marketin-plan bat diseinatu eta egitekoak ere.
3) Elementu grafikoak eta ikus-entzunezkoak. Kontzeptu honetan gastu hauek onartuko dira: diseinu grafikoa, liburuxkak eta kartelak egitea, flyer-ak, argazki- eta film-bankuak eta bideoak, baita argazki- eta film-bankuak eta bideoak ere.
4) Online sustapena eta merkaturatzea. Kontzeptu horretan gastu hauek onartuko dira: web-orriak sortu edo eguneratzea, online, SEO eta SEM bilatzaileetan posizionamendua hobetzea, landing pages, blogak, sare sozialetako edukia eta email marketina. Baita bisitak egitea errazten duten eta esperientzia turistikoa optimizatzen duten sakelako gailuetara egokitzea ere
Web-orriak sortzeko edo eguneratzeko laguntza-eskaerari dagokionez, webgune horiek hurbileko eremu geografiko batean dauden baliabide turistikoen eskaintza ere eskaini beharko dute, eskatzailearen instalazio eta zerbitzu propioez gain.
5) Ohitze-bidaiak antolatzea Euskadi helmuga turistiko gisa sustatzen laguntzen duten turoperadore, kazetari eta influencerrentzat. Kontzeptu honen barruan, soilik sartzen dira Euskadira iristen direnetik sortzen dituzten gastuak: gonbidatuen joan-etorriak, programa garatzeko beharrezkoak diren gastuak, ostatua eta mantenua.
6) Parte hartzea Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziaren bidez antolatutako edo koordinatutako jarduketetan. Kontzeptu honetan, entitate eskatzaile bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak onartuko dira, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko. Online jarduketetan, parte-hartzeko gastuak.
7) Parte hartzea Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziaren bidez parte hartzen ez duen jarduketetan. Honako gastu hauek onartuko dira kontzeptu honetan: parte-hartzeko kuota; entitate eskatzaile eta jarduketa bakoitzeko, pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, eta, hala badagokio, lurzorua eta stand-ak alokatzeko eta materialak garraiatzeko gastuak. Online jarduketetan, parte-hartzeko gastuak.
3.– Laguntza jasotzeko eskubidea izateko egin beharreko gutxieneko gastua: 3.000 euro.
4.– Dirulaguntzaren xede diren jarduera guztiak azpikontratatu ahal izango dira, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritako baldintzetan.
5.– Hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Merchandisinga.
b) Jatetxeetako menu-kartak eta ostatuetako zerbitzu-katalogoak: diseinu grafikoa, inprimaketa edo eguneratzea.
II. ERANSKINA
EUSKADIN EGINDAKO KULTURA-, GASTRONOMIA- ETA KIROL-EKITALDIEI LAGUNTZEA, BALDIN ETA ESPAINIAN ETA NAZIOARTEAN OIHARTZUN MEDIATIKOA BADUTE ETA EUSKADIREN IRUDIA ETA TURISMO-POSIZIONAMENDUA SENDOTZEN LAGUNTZEN BADUTE
1.– Apartatu honetan, ekitaldi hauek lagunduko dira: Euskadik bikaintasuneko eta lehiakortasuneko helmuga turistiko bezala duen posizionamendu turistikoa sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen dutenak.
2.– Ez dira onartuko herrietako urteko jaien barruan egiten diren ekitaldiak eta tokiko herri-ekitaldiak, ez eta feriak, azokak, topaketak, tailerrak eta erakusketak ere.
Kontzertuak edo bestelako ikuskizunak lagunduko dira baldin eta Euskadi helmuga turistiko bezala sustatzeko jarduera gehiago egiten diren ekitaldi baten barruan badaude.
3.– Apartatu honen ondorioetarako, ekitaldia egiteak dakartzan zeregin guztiez arduratu beharko du entitate onuradunak, hots, ekitaldia antolatzeko, gauzatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko lanez.
4.– Ekitaldiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
– Oihartzun mediatikoa izatea Espainian eta nazioartean eta, hala badagokio, hainbat herrialderen parte-hartzearengatik.
– Herritar guztientzat irekita egotea.
– Online eta offline hedabideetan eta sare sozialetan agertzea.
5.– Honako jarduketa hauek lagunduko dira diruz:
1) Elementu grafikoak, publizitatekoak eta ikus-entzunezkoak. Honako gastu hauek onartuko dira kontzeptu honen barruan: marka, diseinu grafikoa, olanak eta pankartak, photocall, kartelak eta rollupak, liburuxkak eta flyerrak, banderak, fly-bannerrak, dekorazio-panelak eta displayak eta merchandising-a. Baita honako hauek ere: argazki- eta film-bankuak, iragarkien filmazioa, bideoak, irrati-iragarkien grabazioa eta lokuzioa.
2) Komunikazio-estrategiak, Euskal Autonomia Erkidegoan eta handik kanpo oihartzuna dutenak: online (web-orriak sortu edo eguneratzea, SEO bilatzaileetan posizionamendua hobetzeko ekintzak, SEM, landing pages, blogak, sare sozialetako edukia, eta email marketina) eta offline (telebistan, idatzizko hedabideetan, irratian eta interneten sustatzeko gastuak).
3) Ohitze-bidaiak antolatzea ekitaldia zabaltzen eta Euskadi helmuga turistiko gisa sustatzen laguntzen duten turoperadore, kazetari eta influencerrentzat. Kontzeptu honen barruan, soilik sartzen dira Euskadira iristen direnetik sortzen dituzten gastuak: gonbidatuen joan-etorriak, programa garatzeko beharrezkoak diren gastuak, ostatua eta mantenua.
4) Parte hartzea Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziaren bidez antolatutako edo koordinatutako jarduketetan. Kontzeptu honetan, entitate eskatzaile bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak onartuko dira, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko. Jarduketa birtualetan, parte hartzeko gastuak.
5) Euskaditik kanpoko sustapen-ekintzak, ekitaldia sustatzen laguntzen dutenak: azoketan, jardunaldietan edo xede-publikoari zuzendutako beste ekintza batzuetan parte hartzeko gastuak. Kontzeptu horren barruan onartuko dira, parte hartzeagatiko kuotaz gain, entitate eskatzaile bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko. Jarduketa birtualetan, parte hartzeko gastuak.
6) Ekitaldiak antolatzea: kontzeptu horren barruan onartuko dira ekitaldia antolatzeko behar den gastu oro, betiere justifikatu beharreko zenbateko osoaren % 50 gainditzen ez badu.
6.– Laguntza jasotzeko eskubidea izateko egin beharreko gutxieneko gastua: 3.000 euro.
7.– Hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Sarien gastuak (diru-zuzkidura, garaikurrak eta dominak) eta oparienak.
b) Dortsalak eta ekipamenduak.
c) Sarrerak eta akreditazioak.
RSS