
106. zk., 2023ko ekainaren 6a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (184 KB - 8 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
2645
EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 31koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bitartez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa argitaratzen baita, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak programatutako edo baimendutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten langabeei eta landunei zuzendutako euskarazko hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak egiteko.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) aipatutako akordioa sinatu dute, eta, beharrezko zabalkundea emateko xedez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioaren testua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak programatutako edo baimendutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten langabeei eta landunei zuzendutako euskarazko hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak egiteko.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 31.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.
ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREN ETA HELDUEN ALFABETATZE ETA BERREUSKALDUNTZERAKO ERAKUNDEAREN (HABE) ARTEAN HITZARTUTAKO KUDEAKETA-GOMENDIOARI BURUZKO AKORDIOA, EUSKARAZKO HIZKUNTZA-GAIKUNTZAKO IKASTAROAK EGITEKO LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAK PROGRAMATUTAKO EDO BAIMENDUTAKO PRESTAKUNTZA-EKINTZETAN PARTE HARTZEN DUTEN LANGABEEI ETA LANDUNEI ZUZENDUA
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, Idoia Mendia Cueva andrea, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazioko kontseiluburu gisa.
Eta, beste aldetik, Bingen Zupiria Gorostidi jauna, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko (HABEko) presidente gisa.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Urriaren 13ko 3/2011 Legearen arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua izaera administratiboa duen organismo autonomoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago. Nortasun juridiko propioa du, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere, bere helburuak betetzeko. Haren eginkizunen artean dira enpleguko programak kudeatzea, enplegurako eta auto-enplegua sustatzeko prestakuntza ematea eta enpresak sortzea. Enplegurako prestakuntzaren barruan, langile langabeei eta landunei zuzendutako prestakuntza dago, beren enplegagarritasuna hobetu edo beren prestakuntza-curriculuma handitu nahi dutenei, dituzten itxaropen profesionalak hobeto garatzeko.
Bigarrena.– Euskadin enplegurako prestakuntza profesionala agintzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian (2016ko ekainaren 7ko EHAA) ezarrita dagoenez, enplegurako lanbide-heziketako jardueren eta programen barruan, euskaraz ikasteko programak emango dira HABE organismo autonomoarekin egindako akordioen bitartez, helburu izanik dena delako arlo profesionalean ahozko eta idatzizko komunikazio-gaitasunak garatzea, lanbide-eginkizunak hobeto betetzea edota lanbide-aukerak hobetzea.
Hirugarrena.– Langile elebidun gaituen eskaerak gora egin duenez, agerian geratu da beharrezkoa dela Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak antolatutako prestakuntza-ekintza batzuk osatzea, hain zuzen ere, langabeek gaitasun profesionalak lor ditzaten egiten direnak. Horretarako, euskararen ezagutza eta erabilera jasotzeko edo hobetzeko prestakuntza-ekintzak egin behar dira, langabeen enplegagarritasuna hobetze aldera.
Laugarrena.– Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortzeko eta Euskaltegiak araupetzeko azaroaren 23ko 29/1983 Legean xedatutakoaren arabera, HABE erakundea erakunde administratibo autonomo bat da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago, nortasun juridiko berekia du, eta gaitasun osoa du bere eginkizunak betetzeko. Haren funtzioak dira, besteak beste, herritar helduei euskara irakastea eta herritar horien euskalduntzea eta alfabetatzea sustatzea Euskadin.
Bosgarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoak ez du giza baliabide eta material nahikorik, hizkuntza-gaikuntzako euskarazko ikastaroak emateko. HABE erakundeak, berriz, antolakuntza eta baliabide egokiak ditu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren beharrei arreta emateko espezialitate-baldintza onenetan.
Seigarrena.– Hori dela eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) euskaraz ikasteko prestakuntza-ekintzen plangintza egin dute, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeen beharrei erantzuna emateko, hizkuntza-gaikuntzako euskarazko prestakuntza-ekintzei dagokienez. Prestakuntza-ekintza horiek HABEren euskaltegietan egingo dira. Halaber, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutako esparruaren barruan, erabaki dute dagokion kudeaketa-gomendioko akordioa formalizatzea, honako klausula hauen arabera arautuko dena:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Helburua.
Akordio honek aipatzen duen kudeaketa-gomendioaren helburua da Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak programatutako edo baimendutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten eta parte hartu duten langile langabeei eta landunei zuzendutako hizkuntza-gaikuntzako euskarazko jarduerak egitea.
Bigarrena.– Prestakuntza-eskaintza.
1.– Hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-plana euskarazko prestakuntza-ekintzen bidez gauzatuko da. Moduluka emango dira ekintza horiek, HABEko Erregistroan inskribatutako euskaltegien ahalmenen arabera, eta Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparruko A1, A2, B1, B2 eta C1 erreferentzia-mailekin.
2.– Gomendio honen xede diren prestakuntza-ekintzak aurrez aurre emango dira, gehienez ere 350 orduz, eta teleprestakuntzaren modalitatean gehienez ere 75 orduz. 2023ko urrian hasi eta 2024ko ekainaren 30a baino lehen bukatu behar dira.
a) Aurrez aurreko prestakuntzatzat jotzen da ikasgela batean irakasleek ikasle-talde bati ezaguera berak eta aldi berean transmititzen dizkietenean, edozein motatako baliabide didaktikoak erabilita.
b) Teleprestakuntzatzat jotzen da parte-hartzaileak ikaskuntzaren erritmoak bere denborara egokitzen dituenean; horretarako, prestakuntza-prozesua egingo den tokiaz gain, tutore/irakasleak izango ditu, zalantzak argitzeko eta aurrerapausoak egiaztatzeko. Modu horretan, erabilitako materialen edukiak eta ikasle bakoitzaren lan pertsonala osatu edo sendotuko ditu. Metodologia honetan ikasleen artean hitz egiteko eta elkarrekintzan aritzeko saioak egingo dira.
Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzkidura ekonomikoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak esleitzen ditu kudeaketa hau finantzatzeko guztizko baliabide ekonomikoak. Gomendio honen xede den prestakuntza-programazioa finantzatzera bideratuko den kreditua 400.000 eurokoa da, guztira; horietatik 200.000 euro 2023ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 200.000 euro 2024ko konpromiso-kredituari.
Laugarrena.– Jarduerak finantzatzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta HABEk finantzatu beharko dituzte kudeaketa-gomendio honetatik eratorritako jarduerak, irizpide hauetan oinarrituta:
A) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartuko ditu hizkuntza-gaikuntzako ikastaroetako maila guztietako ikasleen matrikulen gastuak, HABEk ezarritako honako tarifa hauetan oinarrituta:
a) Hiru lurraldeetako hiriburuetako euskaltegietan emandako ikastaroen matrikula, 3,00 euro/ordu/parte-hartzaile.
b) Hiru lurraldeetako beste udalerri batzuetako euskaltegietan emandako ikastaroen matrikula, 2,00 euro/ordu/parte-hartzaile.
c) Teleprestakuntzaren ikastaroen matrikula, 7,50 euro/ordu/parte-hartzaile.
B) HABEk finantzatuko du irakaskuntzaren kostuen gainerakoa, erakunde honek urtero udal-euskaltegientzat eta homologatutako euskaltegi pribatuentzat egiten dituen dirulaguntza-deialdietan araututako baldintzen eta irizpideen arabera, eta, bereziki, diruz lagundu daitezkeen ikastaro-motei dagokienez.
Bosgarrena.– Funtsen transferentzia.
Hona hemen ordainketa-araubidea:
– Lehen ordainketa, hots, prestakuntza-programazioa finantzatzera bideratutako kredituaren % 50, lehenengo prestakuntza-ekintzaren hasieran ordainduko da, HABEren agiria jaso ondoren, bederatzigarren klausulako 3. apartatuan adierazi bezala.
– Bigarren ordainketa, prestakuntza-planaren likidazioari buruzkoa, gastua justifikatu ondoren egingo da, hamargarren klausulan aurreikusitako baldintzen arabera.
Seigarrena.– Prestakuntzaren hartzaileak eta betekizunak.
Euskarazko hizkuntza-gaitasunerako prestakuntza-ekintzetan parte hartu ahal izango dute langabezian edo okupatuta dauden pertsonek, baldin eta, euskarazko hizkuntza-gaitasunak eskuratu edo hobetzeko, eta, hartara beren enplegagarritasuna hobetzeko helburua izanik eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta egonik, honako baldintza hauek betetzen badituzte:
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako edo baimendutako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak egiten egotea.
– edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2019, 2020, 2021 eta 2022an diruz lagundutako edo baimendutako ekintzak egin izana.
– baldin prestakuntza-ekintza kualifikatzailerik egiten ari bada, euskarazko prestakuntza aldi berean egingo da, ekintza hori gauzatu bitartean baina haren ikastorduetatik kanpo.
Zazpigarrena.– Eskainitako hizkuntza-gaikuntzaren publizitatea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian (www.lanbide.euskadi.eus) hizkuntza-gaikuntzako euskarazko prestakuntza-ekintzen publizitatea egingo da, prestakuntza eta ikastaroei buruzko atalean, eta prestakuntzaren hartzaileentzat beharrezkoa den informazio guztia jaso beharko da.
Zortzigarrena.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua arduratuko da hizkuntza-gaikuntzako euskarazko ikastaroetan parte hartuko duten ikasleak aurrez hautatzeaz bere datu-basean inskribatutako pertsonen artean, eta hautaketa-prozesu osoa koordinatzeaz.
2.– Seigarren klausulan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonek hizkuntza-gaikuntzako ikastaroetan parte hartzea eskatu ahal izango dute.
Eskabideak aurkezteko epea 2023ko irailaren 1ean hasi, eta 2023ko irailaren 22an amaituko da. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko bulego-sarearen bitartez edo erakunde autonomo honen web-orriaren bitartez egin ahal izango da eskaera.
3.– Eskaera egindakoan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatu egingo du partaideek bete egiten dituztela parte hartzeko baldintzak, izena eman duten ordenaren arabera eta aurrekontua agortu arte. Eskaera onartuz gero, matrikula-orria Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunetik (www.lanbide.euskadi.eus) deskargatu ahalko da, NireLanbidenet atal pertsonalean, eta euskaltegian aurkeztu beharko da.
4.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik aurrekontua agortuz gero, zerrenda bat egingo da seigarren klausulako 1. atalean ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileekin, NireLanbideneten izen eman duten ordenaren arabera. Pertsona hauek erreserbako hautagai moduan identifikatuko dira, norbaitek uko edo atzera egin duelako edo bestelako arrazoiak egon direlako funtsak libre geratzen badira ere.
Bederatzigarrena.– Euskaltegietan matrikulatzeko prozedura eta Lanbide jakinaren gainean jartzea.
1.– Eskaera onartu zaien pertsonek matrikula-orria aurkeztu beharko dute HABEko erregistroan ageri diren euskaltegietatik aukeratzen duten hartan. Matrikula-orria aurkezteko epea 2023ko irailaren 11tik 29ra bitartekoa izango da. Data horretatik aurrera, matrikula-orriak balioa galduko du.
Onartutako pertsonak matrikula ez izapidetzea erabakitzen badu, bere ukoa ahalik eta arinen aurkeztu beharko du NireLanbideneten edo Lanbideren bulego-sarearen bidez.
Euskaltegian matrikula-orria izapidetzean, eskatzaileak haren kopia zigileztatua bidali beharko du NireLanbideneten edo Lanbideren bulego-sarearen bitartez. Euskaltegiak zigileztatutako kopia egindako izapidearen egiaztagiritzat joko da, eta hura aurkezteko mugaeguna 2023ko urriaren 3a izango da.
Matrikula-orrian, interesdunaren izena eta NANa adieraziko dira.
Matrikula-orriko atal bat prestakuntza-ekintza ematen duen euskaltegiak bete beharko du. Atal horretan, honako hauek zehaztuko dira: prestakuntza-moduluaren kodea, hasiera- eta bukaera-datak, eman beharreko ordu-kopurua eta, euskaltegiak prestatuko duen mailaketa-proba baten ondoren, ikaslearen hasierako maila.
2.– Matrikulaziorako lehen aldia amaitutakoan, Lanbidek erreserban dauden hautagaien zerrenda kudeatuko du, 2023ko urriaren 3an eskuragarri geratu diren funtsekin.
Erreserban dauden eta azkenean eskaria onartu zaien hautagaiek matrikulazio-orria aurkeztu ahalko dute hautatzen duten euskaltegian, HABEren erregistroan sartuta dauden horien artean, NireLanbideneten atal pertsonalean matrikulazio-orria daukaten unetik 2023ko urriaren 20ra arte.
Onartutako pertsonak matrikula ez izapidetzea erabakitzen badu, bere ukoa ahalik eta arinen aurkeztu beharko du NireLanbideneten edo Lanbideren bulego-sarearen bidez.
Euskaltegian matrikula-orria izapidetzean, eskatzaileak haren kopia zigileztatua bidali beharko du NireLanbideneten edo Lanbideren bulego-sarearen bitartez. Zigileztatutako kopia egindako izapidearen egiaztagiritzat joko da, eta hura aurkezteko mugaeguna 2023ko urriaren 20a izango da.
3.– Matrikulazio-prozedura bukatu ondoren, HABEk Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari helaraziko dio, 2023ko azaroaren 15a baino lehen, urrian hasitako prestakuntza-ekintzen kasuan, eta prestakuntza-ekintzak hasi eta, gehienez ere, 10 egun balioduneko epearen barruan, euskaltegietan matrikula formalizatu duten pertsonen zerrenda. Agiri horretan zehaztuko du, baita ere, pertsona bakoitzak zer euskaltegi aukeratu duen, zer maila zuen hasieran, zer maila lortu nahi duen, ikastaroak noiz hasi eta noiz bukatuko diren, eta zenbat ikastordu diren parte-hartzaile bakoitzeko.
Hamargarrena.– Aldeen betebeharrak.
1.– Hauek izango dira HABEren betebeharrak, kasu bakoitzean adierazten den irismenarekin:
a) Euskaltegiekin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin koordinatzea eskatzaileen atxikipena euskarazko prestakuntza-moduluei.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hautatutako ikasleak bere euskaltegietako prestakuntza-eskaintzan sartzea, beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarriz.
c) Egindako jarduerei (programa honi dagozkionak) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindako finantzaketaren publizitatea egitea.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari prestakuntza-ekintzen hasiera jakinaraztea ezarritako epean.
e) Ikasleen bertaratzea kontrolatzea, eta hilero horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari prestakuntza-ekintzetan gertatzen diren bajak edo uzteak jakinaraztea, baita jarduerak egin bitartean gertatzen den edozein gertakari ere.
g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eskatu bezain beste informazio ematea, programari eta ikasleei dagokienez.
h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kontrol- eta ikuskapen-lanen barruan egindako errekerimenduei erantzutea, akordio honen esku jarritako baliabideen kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia egiaztatzeko.
i) Ikastaroetan parte hartzen duten ikasleen aprobetxamendu-maila ebaluatzea, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari horren berri ematea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko prestakuntza kudeatzeko aplikazioarekin (LAN-Frekin) bateragarria den formatu batean, hizkuntza-egiaztatzearen emaitzak agertu behar baitu prestakuntzan parte hartu duen pertsona bakoitzaren Gaitasunaren Erregistroko kontuan.
j) Gauzatutako prestakuntza-ekintzen gastuak frogatzea, ezarritako moduan eta agirien bitartez, 2024ko irailaren 30a baino lehen. Frogagiri horretan, dagozkien moduluetan ematen diren eta ikasleek benetan jasotzen dituzten orduen kopurua zehaztuko da.
2.– Hauek izango dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren betebeharrak:
a) Egindako prestakuntza-ekintzen matrikulak finantzatzea, kudeaketa-gomendioko akordio honetan xedatutakoaren babespean.
b) HABErekin elkarlanean aritzea ekintzak gauzatzean sortutako jazoerak ebazteko orduan, bai eta horiek kudeatzeko prozesuan aholkularitza teknikoa ematea ere.
Hamaikagarrena.– Gastuen justifikazioa.
HABEk Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko ditu, 2024ko irailaren 30a baino lehen, kudeaketa-gomendio honen esparruan egindako hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-ekintzen ondorioz sortutako gastuen frogagiriak, hark dagokion transferentzia agin dezan egoki irizten dizkion egiaztapenak egin ondoren (emandako prestakuntza-orduen kopurua eta ikasleek dagokien moduluan benetan jasotako prestakuntza-orduen kopurua, bai eta «gai» edo «ez gai» kalifikazioa ere, egindako Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparruko mailan emana).
Hamabigarrena.– Jarraipen-batzordea.
Jarraipen-batzorde bat eratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko eta HABEko kideek osatua, akordio hau behar bezala kudeatu eta interpretatu ahal izateko, bai eta antolaketa-gaien eta abarren inguruan sor litezkeen arazoak konpontzeko ere.
Hona Jarraipen Batzordearen osaera:
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aldetik:
a) Enplegurako Prestakuntzako Zerbitzuaren arduraduna, batzordeburu-lanak egingo dituena.
b) Enplegurako Prestakuntzako Zerbitzuko teknikaria, idazkari-lanak egingo dituena.
c) Enplegurako Prestakuntzako Zerbitzuaren teknikaria.
– HABEren izenean:
a) HABEko Kudeaketa Zerbitzuaren arduraduna edo hark eskuordetzen duen pertsona.
b) HABEko Ikuskaritzaren arduraduna edo hark eskuordetzen duen pertsona.
c) HABEko Ikuskaritzako teknikaria.
Hauexek dira Batzordearen funtzioak:
– Egin daitezkeen prestakuntza-ekintzen urteko aurreikuspena egitea. Horretarako, Jarraipen Batzordeko parte den organismo bakoitzeko ordezkari batek, gutxienez, parte hartu beharko du.
– Informazio-trukeko prozesuak aztertzea eta antzemandako arazoak konpontzeko neurriak proposatzea.
– Orokorrean, kudeaketa-gomendio honetan hitzartutakoa gauzatzerakoan sor daitezkeen eragozpenak eta arazoak aztertu eta konpontzeko neurriak proposatzea eta ezartzea.
– Bidalitako informazioa aztertzea.
Batzorde hau gutxienez bi aldiz batuko da: 2023ko azaroaren 15a baino lehen, HABEk 2023ko urrian hasitako prestakuntza-ekintzen berri ematen duenean; eta, ondoren, akordio honetara bideratutako aurrekontuaren egikaritzaren % 75 gainditu baino lehen.
Hamahirugarrena.– Kudeaketa-gomendioaren indarraldia.
Kudeaketa-gomendio hau indarrean egongo da agiri hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik 2024ko ekainaren 30era arte.
Hamalaugarrena.– Datuak babesteari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Bildutako datuak beharrezkoak dira Lanbidek egotziak dauzkan botere publikoak balia ditzan eta lege-betebeharrak bete ditzan; gainera, arloan eskumenak dituzten administrazio publikoei haien berri eman ahalko zaie.
Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).
Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
Hamabosgarrena.– Kudeaketa-gomendioak ez dakar ez eskumenen (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari esleituak) titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoaren ardura izango da kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.
Bi aldeek edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-gomendioa formalizatzeko agiri hau sinatu dute.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
RSS