Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2023ko maiatzaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2436

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 16koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez laguntza-programa bat ezartzen baita, Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoaren sektorean teknologia berrien eta segurtasunaren sistemak eskuratu eta ezartzeko.

Garraio publikoaren sektorean ematen den zerbitzua seguruagoa, hobea, gardenagoa eta arinagoa izateko, beharrezkoa da sektorean hainbat aldaketa ezartzea, hala nola: teknologia berriak, flotak lokalizatzeko eta kudeatzeko sistemak, betiere kudeaketa eta kontrol-zentro batekin lotuak; segurtasun-elementuak, salgai eta bidaiarien garraio-publikoko ibilgailuetan zein garraio-sektoreko logistika- eta biltegiratze-zentroetako orga jasotzaile automotoreetan, eta eskola-umeak eta adingabeak errepidez garraiatzeko ibilgailuetarako segurtasun-uhalak eta bestelako euskarri homologatuak jartzeko sistemak. Hori, alde batetik, positiboa da garraiolariarentzat, azken belaunaldiko teknologia erabiliz zerbitzua modernizatzeko aukera emango diolako, eta, bestetik, erabiltzailearentzat ere onuragarria da, kalitate, gardentasun eta segurtasun handiagoa lortuko duelako.

Gaur egun teknologian egiten ari diren aurrerabideei esker, kalitate- eta segurtasun-maila handitu daiteke; izan ere, merkatuan dauden kudeaketa, lokalizazio, kontrol, komunikazio eta segurtasuneko puntako teknologiako sistemek ibilgailu-floten kudeaketa eta segurtasuna efizienteagoa bermatzen dute.

Laguntza-programa hau sartuta dago Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko ekainaren 2ko Aginduaren bitartez onartutako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, eta egoitza elektroniko honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus Beraz, jarduera jarduketa hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak dituen helburuen barruan sartzen da: garraio jasangarri baterantz aurrera egitea eta salgaien eta bidaiarien garraio publikoaren sektorea modernizatzea erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetuz. Era berean, sektoreko kudeaketa- eta merkaturatze-sistemak hobetu nahi dira, zerbitzua ematerakoan gardenagoa izateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituen arabera, honako dirulaguntza-deialdi honek nahikoa aurrekontu-estaldura dauka.

Laguntza hauek honako hauen mende daude: 1407/2013 (EE) Erregelamendua, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutakoa Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EEAO L 352/1 2013-12-24), eta haren ondorengo aldaketetan ezarritakoa.

Ondorioz, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 1/2021 Dekretuaren 4.1 artikuluak –Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. Kapituluekin lotuta– ematen didan aginpidea erabiliz, eta kontuan harturik Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da 2023an eta, betiere, 2023ko azaroaren 30a baino lehen, erregulatzea nola eman behar diren honako sistema hauek eskuratu eta ezartzeko laguntzak (salbuetsita leasing edo renting kontratuak, edo eskurapenaz bestelako beste edozein negozio juridiko):

a) Ibilgailu-floten lokalizaziorako eta kudeaketarako (GPS edo antzekoak) sistemak, kudeaketa eta kontrol-zentro batekin lotuak, dela ibilgailu astunetan egiten den salgaien garraio publikorako, dela gidaria barne dela bederatzi jarleku baino gehiagoko ibilgailuetan egiten den bidaiari-garraiorako. Ez da emango dirulaguntzarik ibilgailu-floten kudeaketa- eta kontrol-zentro batean integratuta ez dauden lokalizazio-elementu indibidualak eskuratzeko.

b) Salgaien garraio publikoko ibilgailu astunetan eta gidaria barne dela bidaiarientzat bederatzi jarleku baino gehiago dituztenetan gidatze seguruari laguntzen dioten sistemak:

– Artaziarena ez egiteko sistemak.

– Istripuak erregistratzekoak.

– Suteak detektatu eta autoitzaltzea.

– Aurreko beiratik gidatze-dinamika erregistratzen duten kamera-sistemak (dash cam), bai eta gidatzean ikuspena edo maniobragarritasuna hobetzera bideratutakoak ere.

– Talkak arintzeko teknologiak, hala nola sentsoreak eta radarrak erabiltzea talka horiek saihesteko.

– Istripuaren edo larrialdien kasuan, kontrol-gunera automatikoki deitzeko edo abisatzeko sistemak.

c) Orga jasotzaile automotoreen segurtasun-elementuak:

– Oinezkoen alerta-sistemak.

– Goratze-abiaduraren murriztaileak eta Inklinazio-abiaduraren murriztaileak eta inklinazio-angeluaren mugatzaileak.

– Kargatzeko eta deskargatzeko ikusmena eta dinamika errazten duten kamera-sistemak.

d) Gidatze efizientea optimizatzeko eta erregai-kontsumoa murrizteko sistemak:

– Ekonometroak eta gidatzea monitorizatzeko sistemak.

– Gurutzaldi-abiaduraren kontrolagailuak.

e) Haurrak lotzeko sistemak, ECE R44/04 araudiak homologatuak, eskola-umeak edo adingabeak garraiatzeko erabilera bereziko bidaiari-garraio publiko erregularreko ibilgailuetan.

2.– Aurreko apartatuan aipatzen diren sistemei ere eman ahal izango zaizkie laguntzak fabrikatik badatoz – betiere aukerako sistemak badira – eskatzaileak eskura ditzakeen ibilgailu berrietan, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Ibilgailua 1. apartatuan adierazitako epean eskuratzea.

b) Sistema horien kostuak ibilgailuaren kostu osotik argi eta zehatz bereizteko modukoak izatea. Horretarako, ibilgailuaren erosketa-fakturan, bereizita agertuko da zer kostu izan duten ezarritako hautazko sistemek.

3.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko ehun eta laurogei mila (180.000,00) euroko diru-kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetatik hartuta.

4.– Diruz lagundutako gastuek azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedaturikoa bete beharko dute. Onuradunak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko ditu ondasunak, bost urtez gutxienez erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, eta bi urtez gutxienez gainerako ondasunen kasuan.

Onuradunak diruz lagundutako ekintzen betearazpen osoa azpikontratatu ahal izango du, 38/2003 Legearen 29. artikuluan eta hura garatzen duen erregelamenduaren (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) 68. artikuluan adierazitako mugekin.

2. artikulua.– Deialdiaren onuradunak eta betekizun espezifikoak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzeko, pertsona fisiko nahiz juridikoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) Salgaien eta bidaiarien errepideko garraioaren, zirkulazioaren edo mugimenduaren sektorean lan egitea.

c) Aginduaren 1.1.a) artikuluan aurreikusitako kasuan, pertsona fisikoek, sozietateek eta lan elkartuko kooperatibek hiru kopia edo atxikitako ibilgailu dituen baimen bat, gutxienez, izatea beren izenean, salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin jarduteko edo gidaria barne dela bederatzi jarleku baino gehiagoko ibilgailuekin bidaiariak garraiatzeko. Merkaturatze-sozietateen edo garraiolari-kooperatiben kasuan, beren bazkideek edo kooperatibistek aipatutako motako hiru baimen izan beharko dituzte gutxienez.

d) Aginduaren 1.1.artikuluaren b), c) eta d) letretan aurreikusitako kasuan, salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin edo bidaiarienean gidaria barne dela bederatzi jarleku baino gehiago dituzten ibilgailuekin jarduteko baimen bat izan beharko dute gutxienez.

Era berean, Aginduaren 1.1.c) artikuluan aurreikusitako kasuan, aurreko paragrafoan ezarritakoez gain, garraio-operadorearen baimenaren titularrak ere onuradun izan daitezke.

e) Aginduaren 1. 1. artikuluaren e) letran aurreikusitako kasuan, erabilera bereziko bidaiari-garraio publiko erregularrean jarduteko baimen baten titularra izatea, eskola-umeak eta adingabeak garraiatzeko, bat etorriz Eskola-umeen eta adingabeen garraiorako segurtasun-baldintzei buruzko apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoarekin.

3. artikulua.– Onuradunen betekizun orokorrak.

Onuradunak izan daitezke honako betekizun orokor hauek betetzen dituzten pertsonak:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

b) Epai irmoaren bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigorrik ez izatea, edo kondenatuta ez egotea prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta ordainarazpen ilegalak edo hirigintza-delituak egiteagatik, eta onuradun izateko ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean ez egotea, sexu-bereizkeriagatik gertatutakoak barne, bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onetsitako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak 50.5 artikuluan xedatutakoarekin.

c) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

d) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu ez izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan hitzarmen batek efikazia hartu badu, eta esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaitua izatea konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

e) Ez eragin izana, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako ezein kontraturen amaiera irmoa.

f) Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguan jardutea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean eta Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunari buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean jasotako egoeraren batean ez egotea, eta Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsi-karguren bat ez izatea, lege horretan bertan edo gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arabera dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren ebazpen irmoaren bidez zigortua ez izatea.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluetan jasotako debekuren batean ere ez egotea.

4. artikulua.– Laguntzak izapidetzea.

1.– Laguntzen izapidetze elektronikoa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 eta 14.3 artikuluetan arautzen da, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko 16/1987 Legearen 56. artikuluari lotuta.

2.– Interesdunek baliabide elektronikoen bidez egin beharko dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.

Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan jarriko dira: http://www.euskadi.eus/egoitza

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta horretarako epea.

1.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, non eskuragarri baitaude izapideak egiteko jarraibideak eta aukera ematen baitu ereduak eta eskabide-inprimakian sartzeko, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0034908

Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita.

6. artikulua.– Agiriak aurkeztea.

1.– Aginduan araututako laguntzak eskuratzeko, dagokion inprimakiarekin batera, dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:

a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, identitatea automatikoki egiaztatuko da, eskaera baliabide elektronikoak erabiliz egiten delako; izan ere, pertsona horiek ziurtagiri digitalaren edo baliokidearen bidez identifikatu behar dira baliabide horietara sartzeko.

b) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, eskatzailearen identifikazio fiskaleko zenbakia edo IFZ aurkeztu beharko da, bai eta eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea ere, salbu eta horiek Administrazioaren esku badaude eta aldaketarik egon ez bada.

c) Aurrekontua edo faktura, proformakoa edo behin betikoa. Egindako inbertsioari dagokion gastua argi eta zehatz identifikatzeko modukoa izan beharko da, eta ez du nahasterik sortuko diruz lagundu ezin diren beste kontzeptu batzuekin.

d) Proiektuaren azalpen-memoria, inbertsioaren xedea eta ezaugarriak labur adierazita. Era berean, inbertsio bakoitza 1. artikuluko zein epigraferi dagokion zehaztuko da.

e) Hala badagokio, eskola-umeak edo adingabeak garraiatzeko erabilera bereziko bidaiari-garraio publiko erregularrerako baimen baten titulartasuna egiaztatzea.

f) Hirugarrenen alta edo horren aldaketaren fitxa, Ekonomia eta Ogasun Sailak ezarritako ereduaren araberakoa, honako helbide honetan eskuragai: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak betiere, lehenengoz aurkezten diren edo banku-datuak aldaturik dituzten eskatzaileei dagokienez. Fitxa hori laguntza eman ondoren aurkeztu daiteke, beti laguntzak ordaindu baino lehen.

2.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

3.– Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz. Hala ere, eskatzaileak modu arrazoituan egin ahal izango du aurka eta, orduan, dirulaguntzei buruzko araudian aurreikusitako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

Era berean, salgaien edo bidaiarien autobus-garraio publikorako zein garraio-operadorearen baimenen titulartasuna eskatzen den antzinatasunarekin dutela egiaztatzeko, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, haien baimenik behar izan gabe, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan eta otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 6. artikuluan (puntu hori apirilaren 21eko 55/2020 Dekretuaren bidez aldatu zen) ezarritakoaren arabera. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori eskabidea egitean, eta, hala egiten badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

4.– Laguntza eskatzen duen entitateak, eskabidearekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, honako alderdi hauei buruzkoa:

a) Eskabide-zerrenda, eta, hala badagokio, zenbat dirulaguntza edo laguntza jaso dituen ekitaldi honen barruan eta aurreko bi urtekoetan, laguntzok zein organok eman dituen eta zenbatekoak izan diren adierazita.

b) Agindu honen 3. artikuluaren b) eta h) letren artean ezarritako alderdiak.

Erantzukizunpeko adierazpenaren barruan edo harekin batera aurkezten den edozein datu edo adierazpenetan funtsezkoak diren zehaztasunik ezak, faltsutzeak edo ez-egiteak gertatzen badira, ezin izango da prozedurarekin jarraitu gertakari horiek jakiten diren unetik bertatik, hargatik eragotzi gabe ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du, baldin eta beharrezkotzat jotzen badu aurkeztu den eskabidea behar bezala baloratzeko.

7. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ardura izango da agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

8. artikulua.– Agirien gaineko okerrak zuzentzea.

Eskatzaileak aurkezturiko agiriek agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio ezen, hala egiten ezean, eskarian atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpen bat emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako eran.

9. artikulua.– Zenbatekoa.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, honela banatuta:

a) Agindu honen 1.1.a) artikuluan aurreikusitako kasuetarako, eskuratze- eta ezartze-kostu osoaren % 50. Nolanahi ere, dirulaguntza 10.000 eurokoa izango da gehienez, onuradun bakoitzeko.

b) Agindu honen 1.1.b) artikuluan aurreikusitako kasuetarako, eskuratze- eta ezartze-kostu osoaren % 50. Nolanahi ere, dirulaguntza 10.000 eurokoa izango da gehienez, onuradun bakoitzeko.

c) Agindu honen 1.1.c) artikuluan aurreikusitako kasuetarako, eskuratze- eta ezartze-kostu osoaren % 50. Nolanahi ere, dirulaguntza 10.000 eurokoa izango da gehienez, onuradun bakoitzeko.

d) Agindu honen 1.1.d) artikuluan aurreikusitako kasuetarako, eskuratze- eta ezartze-kostu osoaren % 50. Nolanahi ere, dirulaguntza 10.000 eurokoa izango da gehienez, onuradun bakoitzeko.

e) Agindu honen 1.1.e) artikuluan aurreikusitako kasuetarako, 60 euro, ekipaturiko jarleku bakoitzeko.

2.– Ez dira diruz lagunduko honako kostu hauek: ondasunak eskuratzeagatik ordaindutako BEZa eta, oro har, argi eta garbi zehaztuta ez dauden kostu guztiak, baldin eta ezin badira zuzenean identifikatu laguntza-programa honen 1.1 artikuluan aurreikusitako jarduketetan egindako inbertsioengatik aurreikusitako helburuekin.

3.– Agindu honen 1.2 artikuluan ezarritako diru-kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei artikulu honen 1. puntuan jasotako gehieneko laguntza ordaintzeko, ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da dirua. Banaketa egiteko, bakoitzari eman beharko litzaiokeenak guztiei eman beharrekoarekiko izango lukeen proportzio berari eutsiko zaio.

4.– De minimis gisa emandako laguntzak direnez, ezin izango da 100.000 euroko muga gainditu, salgaien garraio publikoaren kasuan, edo 200.000 euroko muga, bidaiarien autobus-garraio publikoaren kasuan, onuradun berarentzako hiru ekitaldiko aldian, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta uneko ekitaldi fiskalean, laguntzok Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren mende daudelako (2020ko uztailaren 2ko Batzordearen 2020/972 Erregelamenduak luzatua).

10. artikulua.– Bateragarritasuna.

Agindu honen arabera emandako dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste pertsona fisiko edota juridikoek emandako beste batzuekin, baina guztira jasotako diru-kopuruak ezin izango du gainditu diruz laguntzekoa den jarduketaren kostua.

Helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntza batzuk lortzen badira, eta horren ondorioz dirulaguntzek proiektuaren kostua gainditzen badute, Agindu honi esker emandako dirulaguntza dagokion zenbatekoan gutxituko da.

11. artikulua.– Dirulaguntza eman, jakinarazi eta argitaratzea.

1.– Dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ebazpenaren bidez emango dira. Ebazpen horrek ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio administrazio bereko Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari.

Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako moduan, eta sei hilabeteko epean, agindu honek ondorioak izaten dituen egunetik aurrera zenbaturik. Ebazpen horrek zehaztuko du dirulaguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta, kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.

2.– Aurreko apartatuan ezarritako epearen barruan ez bada jakinarazten laguntzak esleitzeko ebazpena, eskabideak ezetsiak izan direla ulertu ahal izango dute interesdunek, 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitako ondorioei dagokienez.

3.– Laguntzak esleitzeko prozedura amaitzeko ebazpena interesdunei jakinarazteaz gain, onuradunak eta emandako zenbatekoak jasotzen dituen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Agindu honetan berariaz aurreikusi gabekoari dagokionez, honako hauen bitartez eraenduko da dirulaguntzak emateko prozedura: 39/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; eta dirulaguntzari buruzko oinarrizko araudia, hau da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua).

12. artikulua.– Ordainketa.

Emandako dirulaguntza ordainketa bakar baten bidez ordainduko da, diruz lagundutako jarduera guztiz burutu ondoren eta justifikazio-kontu bat aurkeztuz egindako gastu guztiak agiri bidez justifikatu ondoren. Kontu hori egiteko, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 30. artikuluaren bigarren apartatuan adierazitakoa bete beharko da.

Justifikazio-kontu horrek honako alderdi hauek izango ditu:

a) Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen jarduketa-memoria, egindako inbertsioak eta lortutako emaitzak adierazita.

b) Inbertsioen eta gastuen zerrenda sailkatua, hartzekoduna eta dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data adierazita. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera ematen bada, gertatutako desbideratzeak adieraziko dira.

c) Diruz lagundutako inbertsioa finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen xehetasunak, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Horrekin batera, diruz lagun daitekeen gastuaren behin betiko fakturak edo egiaztagiriak aurkeztuko dira. Nolanahi ere, dokumentazio hori 2023ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da.

Ezin izango da dirulaguntza ordaindu onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu edo itzulketa-ebazpen baten ondorioz zordun bada.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan azaltzen diren dirulaguntzak eskuratzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:

a) Dirulaguntza eskuratzeko beharrezkoak diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen eta mantentzen dituztela egiaztatu beharko diote dirulaguntza eman behar duen Administrazioari.

b) Emandako dirulaguntza onartu beharko dute. Dirulaguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.

c) Dirulaguntza zertarako eman zaion, horretarako erabili beharko du.

d) Helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortu badu, onuradunak horren berri eman beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari, zer organok eta zenbat eman dion adierazita.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.

f) Onuradunen betebeharren eta dirulaguntzen publizitatearen inguruan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 18. artikuluetan ezarritakoa betetzea.

g) Dirulaguntza honen finantzaketa osoarekin edo partzialarekin egindako jarduketetan, edozein bitartekoren bidez, inprimatutako materialaren bidez edo Internet bidez zabaltzea dakartenean, argi ikusteko moduan sartu behar da sail honen erakunde-logotipoa, «Honako hauek finantzatuta» hitzekin.

h) Euskal botere publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen enpresa onuradun gisa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3. artikuluan jasotako berdintasun-printzipioen eta gizonen eta emakumeen arteko bereizkeriarik ezaren arabera jarduteko betebeharra betetzea, eta, ondorioz, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluan zehaztutako berdintasun-planak ezartzea, horiek nahitaezkoak diren kasuetan, artikulu horren arabera.

2.– Artikulu honen 1.e) puntuan adierazitako organoen eskumena gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak dirulaguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

14. artikulua.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen baditu, edota helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, dirulaguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, baldin eta deialdi honetan onuradun izateko ezarritako betekizunak betetzen jarraitzen badu.

15. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

Onuradunak agindu honetan, dirulaguntza emateko aginduan edo aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru-kopurua Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta dirulaguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainerako arauek ezarritakoa betetzeko. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondorioetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.

Halaber, itzultzeko arrazoien inguruan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatukoa aplikatuko da; kasu horretan, jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean, eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Agindu honi helegitea jartzeko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 16a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala