Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2023ko maiatzaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2421

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 12koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendariarena, «Ekintzaile» 2023 laguntza-programa arautzen duten oinarriak eta deialdia onartzen dituena.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta garatu behar dituen jarduketek helburu hauek dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-jarduera sustatzea eta euskal enpresei laguntzea trantsizio teknologiko-digitala, trantsizio energetikoa eta ingurumenekoa eta trantsizio demografiko-soziala egiten, lehiakortasunerako tresna gisa, inbertsioaren, berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta enpresa-jarduera ekintzailearen sustapenaren bidez.

Horri dagokionez, SPRIk ekintzailetza eta barne-ekintzailetza bultzatzeko hainbat ekintza garatu izan ditu, eta, horretarako, enpresa-ekimen berriei behar duten laguntza eskaini die. Helburua laguntza integrala, malgua eta beharren araberakoa ematea da, ekimen horiek merkatuan arrakastaz abian jartzeko, hazteko eta finkatzeko aukera izan dezaten; era berean, erraztasunak ematen zaizkie hasierako finantzaketa eskuratzeko, eta, bereziki, proiektuek behar duten epe luzeko finantzaketa lortzeko.

Ondorioz, «Ekintzaile» laguntza-programak finantza-laguntza eman nahi die pertsona fisikoek edo enpresek eratu berriek gidatzen dituzten eta BIC baten tutoretzapean dauden enpresa-proiektu berritzaile eta/edo oinarri teknologikoko proiektu berriei, ahal dela, industria-arloko proiektuei eta/edo prozesu-produktu horiei lotutako zerbitzuetakoei, ideia heltzeko eta enpresa abian jartzeko faseetarako.

Horrela, programak bidelaguntza aurreikusten ditu enpresa berrien bideragarritasuna aztertzeko, abian jartzeko eta heltzeko prozesu osoan laguntzeko, haien jarduerak kokatzeko aholkularitza eta azpiegiturak eskaintzen ditu, eta, horrez gain, enpresa-plana gauzatzeko beharrezko inbertsioen finantzaketa lortzeko bideak aurkitzea errazten du.

Bestalde, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsia) 48.5 artikuluan xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez finantzatutako erakunde guztiek, dirulaguntzaren bat eman behar dutenean, publikotasunaren printzipioa bete beharko dutela, besteak beste.

Adierazitako guztia dela eta,

ebazten DUT:

Lehenengoa.– «Ekintzaile 2023» laguntza-programa arautzen duten oinarriak eta deialdia onartzea, zeinaren edukia ebazpen honen eranskinean jaso baita, eta, aldi berean, horri lotutako gastua onartzea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Ekintzaile 2023 programari lotutako oinarri arautzaile hauen ebazpena osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluari; horretarako, hilabeteko (1) epea egongo da, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi (2) hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2023ko maiatzaren 12a.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA
«EKINTZAILE 2023» LAGUNTZA-PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

Ekintzailetza funtsezko politika izan da euskal administrazio publikoentzat. Horrela, hainbat plan eta programa onartu dira ekintzailetza modu integralean bultzatzeko, gero eta proiektu, enpresa eta enplegu lehiakor eta jasangarri gehiago sortu eta haz daitezen, bereziki etorkizuneko sektoreetan, Euskal Autonomia Erkidegoko eraldaketa ekonomiko eta sozialaren etapa berri bat sortuz.

EAEko ekintzailetzan identifikatutako erronken artean dago «arrantza-leku» eta iturrietatik sortutako ideien eta ekimen berrien masa kritikoa eta kalitatea handitzea, proiektu bakoitzaren behar espezifikoei erantzunez. Finantzaketarako eta inbertitzeko aukerak eskaintzen zaizkie jaio, abiarazi, hazi eta finkatzeko potentziala duten proiektuei; horrez gain, merkatuan sartzeko eta «lehen bezeroak» lortzeko aukerak ematen zaizkie proiektu ekintzaileei, batez ere etorkizuneko sektoreetan potentzial handiena duten proiektuei.

Ekintzaileei laguntzeko apustua herrialde osoaren konpromisoa da oraindik, eta, horretarako, inplikatutako erakunde eta eragile guztien arteko elkarlana bultzatzen jarraitu nahi da, uste sendoa baitugu enpresa-ekimen berritzaile berriak sortzea giltzarri dela gure erkidegoak etorkizunean hazten jarrai dezan.

Bestalde, gure enpresa-sare sendoa ere funtsezkoa da, eta hala izaten jarraitu behar du, enpresa-ekimen berriak sortzeko eta gure hazkunde ekonomikoaren ereduaren egitura-aldaketan aurrera egiteko, ezagutza-jarduera trinkoak, teknologia berriak eta zerbitzu aurreratuak sartuz, eta ekintzailetza-sare global eta lehiakorra garatuz.

EAEko Enpresa eta Berrikuntza Zentroek (BIC) parte-hartze handia dute programan, ekintzaileei eta enpresak sortzeari laguntzeko tresna gisa duten eginkizuna dela eta. Zentro horiek enpresa berrien heltzeko eta abian jartzeko prozesu osoan laguntzen dute, enpresen jarduerak kokatzeko aholkularitza eta azpiegiturak eskaintzeaz gain.

Programa bat dator Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin, Nazio Batuek 2015eko irailaren 25ean onartutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari egindako euskal ekarpenarekin. Bertan ezartzen den bezala, enpresek zeregin garrantzitsua jokatu behar dute, eta hori aurrekaririk gabeko erantzukizun handia eta aukera ezin hobea da negozio baten helburuek ekitatearen eta jasangarritasunaren helburuekin bat egin dezaten. Era berean, esan beharra dago Programa hau erakundeak 2023 ekitaldirako onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dagoela. Plan hori Administrazio Kontseiluak onartu zuen 2022ko abenduaren 21ean, eta planeko helburu honetarako ekarpena egin zuen: «Oinarri teknologikoa eta/edo berritzailedun industria-ekintzailetza eta lotutako zerbitzuen ekintzailetza laguntzea»

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen helburua da EAEn dauden Bussiness Innovation Center (BIC) zentroetako baten tutoretzapeko enpresa-proiektu berritzaile berrientzako eta/edo industria- eta teknologia-oinarriko eta/edo prozesu-proiektu industrialari lotutako zerbitzuetako enpresa-proiektuentzako laguntza arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoan ideiaren heltze-fasean eta enpresa abian jartzeko fasean.

Laguntza hori laguntza mota hauen bidez gauzatuko da:

1. ildoa: bidelaguntza ematea pertsona edo talde sustatzaileari edo enpresari, ideiaren heltze-prozesuan eta enpresa-plana egiteko prozesuan, hura martxan jarri arte. Itzuli beharrik gabeko dirulaguntza izango da.

2. ildoa: 1. ildoko ekintzailetza-proiektuek sortutako enpresa berrientzako laguntza, zehaztutako enpresa-plana gauzatzeko behar diren inbertsioen finantzaketa errazago eskuratzeko.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Dirulaguntzen programa honek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 8.3 artikuluan ezarritako printzipioak bete behar ditu.

2.– Laguntza horiek behar bezala jasotako eskabideak ondoz ondo aitortzeko prozeduraren arabera emango dira. Ildo horretan, banaka eta ordenatuta ebatziko dira, oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin eskabidea osatu den unearen arabera.

3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak garrantzi gutxikoak edo minimis laguntzak dira, eta, beraz, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduak ezarritakoaren mende daude.

4.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira.

5.– Programa honetan emandako dirulaguntzak ez daude zuzen lotuta esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezarri eta ustiatzeari edo esportazioarekin zerikusia duten bestelako gastu arruntei.

3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

1.– Business Innovation Center: enpresa- eta berrikuntza-zentroak dira, irabazi-asmorik gabekoak; ekintzaileei eta enpresei laguntza ematen diete, enpresa-ekimen berritzaileak eta/edo oinarri teknologikoko enpresa-ekimenak sustatzeko eta haien garapena sustatzeko. BICak tresna dinamizatzaileak dira enpresa-proiektu berriak ekoizpen-sarean sartzeko, eta haien helburua da proiektu horien etorkizunari arrakasta-berme onenekin ekitea, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren aldeko konpromisoaren bidez.

2.– Enpresa-plana: negozio-aukera bat identifikatu, deskribatu eta aztertzen duen dokumentua, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa aztertuta. Plan horretan garatzen dira negozio-aukera hori enpresa-proiektu bideragarri bihurtzeko behar diren prozedura eta estrategia guztiak.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2023an laguntzak emateko programa honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 1.700.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan beren-beregi ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. Aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Funts hauek mugatuak direnez, laguntzak ahalik eta lasterren eskatu eta ematea nahi du programak; beraz, laguntzak esleitzeko, espedientea osorik dagoen unearen arabera egingo da, modu ordenatuan, eta ebazpen baten bidez ukatuko dira laguntzak, baldin eta Programarako gehieneko zuzkidura gainditzen badute.

3.– Programara bideratutako funtsak agortuz gero, Programa amaitu egingo da, eta horren berri emango da SPRIren zuzendaritza nagusiaren ebazpen baten bidez, eta webgunean (www.spri.eus) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Aurrekontu-kreditua agortutakoan, ezingo da laguntza berririk eman, eta berariaz atzera botako dira aurkeztu bai, baina ebazteko dauden eskabideak.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta laguntzen onuradun izateko eskakizunak.

1.– Bidelaguntzaren erakunde onuradunak (1. ildoa).

Bidelaguntzaren onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako pertsona fisikoak eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera eratutako edo 2021eko urtarrilaren 1az geroztik jarduera ekonomikorik ez duten baina egoitza soziala edo/eta gutxienez jarduera-zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona juridikoak, baldin eta enpresa-proiektu berritzailea eta/edo industria- eta teknologia-oinarrikoa eta/edo produktu-prozesu industrialei lotutako zerbitzuetakoa bada, eta Euskal Autonomia Erkidegoan abiarazi nahi bada.

2.– Finantzaketa errazago eskuratzeko laguntzaren erakunde onuradunak (2. ildoa).

Euskal Autonomia Erkidegoan enpresa-plana gauzatzeko konpromisoa hartzen duten eta eskakizun hauek betetzen dituzten pertsona juridikoek bakarrik jaso ahal izango dituzte finantzaketa errazago eskuratzeko laguntzak:

a) Sortu berriak izatea, hau da, 2022ko urtarrilaren 1aren ondoren eratutako enpresa guztiak, data hori barne.

b) Gutxienez 3 enplegu sortzea aurreikustea 3 urteko epean.

c) ETEak izatea, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera – Aldizkari Ofiziala (DUE) 2003/05/20ko L 124 zk., 0036-0041 orrialdeak. 0036-0041.

d) Altan emanda egotea EAEko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dagokien industriako epigrafean.

e) Ekintzailetza-prozesu batetik etortzea.

3.– Honako hauek ezin izango dira deialdiaren laguntzen onuradun izan:

a) Administrazio publikoak direnak edo haietariko baten sektore publikokoak direnak.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13 artikuluan aurrez ikusitako kasuetako batean daudenak, besteak beste:

– Egunean ez edukitzea beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

– Egunean ez edukitzea dirulaguntzak itzultzeko prozeduraren ondoriozko betebeharrak.

– Zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko zigortuta ez egotea, ezta horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta egotea ere.

– Ez betetzea, 2. ildoaren kasuan bakarrik, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

c) Armen ekoizpen, komertzializazio eta finantzaketaren arloetan jarduera garatzen dutenak.

d) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain daudenak.

e) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera, sexuagatiko diskriminazioa egin dutenak, bai eta dagokion zehapenean ezarritako aldian sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso dutenak ere. Halaber, ez dute laguntza edo dirulaguntzarik jasoko Estatuan indarrean dagoen araudiaren arabera berdintasun-plana izan behar duten eta ez duten edo 50 langiletik gora dituzten enpresek; betiere egiaztatzen ez badute neurriak ezarri dituztela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko, Estatuko legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan.

f) 1. ildoaren kasuan, Ekintzaile 2022 programaren onuradun izan badira.

g) Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea ez betetzearen ondoriozko arau-hauste astun edo oso astunengatik zehatuak izan direnak ebazpen irmo baten bidez.

h) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunak egin izanagatik zehapena jaso dutenak, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez; betiere, neurri zuzentzaile egokiak egikaritu eta zehapena bete arte.

i) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatu dutenak, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

4.– Eskabidea aurkezten denetik laguntza likidatu arte bete beharko dira laguntza ekonomikoen onuradun izateko eskakizunak.

5.– Honela egiaztatuko dira aurreko paragrafoetan ezarritakoak:

a) SPRIk eta/edo BICek ofizioz egiaztatuko du eskakizun hauek betetzen direla:

– Pertsona juridikoek industria-jarduerako zentro bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan, non proiektuak eragina izango duen.

– Egunean izatea beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

– Finantzaketa-laguntzen kasuan (2. ildoa):

a) ETEa dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, urteko enplegu-datuak, negozioaren bolumena eta balantze orokorra, bai enpresa eskatzailearena eta bai harekin lotutako gainerako enpresena ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen balantze globalak aurkeztu beharko dira, talde osoaren antolakuntza-eskemarekin, parte-hartzeekin, enplegu-datuekin, esportazio-zifrarekin eta balantzearekin, laguntza-eskabidearen aurreko bi ekitaldietakoak, halakorik balego.

b) Altan emanda egotea EAEko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dagokien industriako epigrafean.

Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, horretarako, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

b) Gainerako eskakizunak erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira (eskabide-orri elektronikoan egongo da), eta eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitakoa egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu, SPRIk hala eskatzen dionean.

6. artikulua.– Jarduketa diruz lagungarriak.

Hauek dira jarduketak diruz lagungarriak:

1. ildoa: pertsona edo talde sustatzaileari edo enpresari bidelaguntza emateko ideia heltzeko eta enpresa-plana egiteko prozesuan, hura martxan jarri arte. Laguntza hori itzuli beharrik gabeko dirulaguntza da.

2 ildoa: enpresa-plana gauzatzeko behar diren inbertsioen finantzaketa errazago eskuratzeko laguntza ematea eta inbertsio horiek gauzatzea.

7. artikulua.– Bidelaguntzako gastu diruz lagungarriak (1. ildoa).

1.– Bidelaguntza bada, honako hauek izango dira gastu hautagarriak, gutxienez 100 euro baino gehiagokoak badira:

– Enpresa-arloko prestakuntza espezifikoa.

– Kanpoko aholkularitza eta laguntza teknikoko gastuak.

– Prospekzio- eta dokumentazio-azterlanak.

– Azoketara joatea, merkataritza-prospekzioko bidaiak.

– Maketak eta prototipoak egitea.

– Bestelakoak.

2.– Gastu diruz lagungarriak proiektuaren tutorea den BICak onetsi beharko ditu. Gastuek eskakizun hauek bete behar dituzte:

a) Maketa eta prototipoen gastuak, oro har, ez izatea onartutako aurrekontu osoaren % 25etik gorakoak.

b) Laguntza-eskabidearen ondoren sortuak izatea, eta gehienez eskabidea aurkezten denetik 18 hileko epean sortuak. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, behin proiektua hasita, ebazpenean hautagarritzat jo ditzake laguntza emateko ebazpenaren aurretik egindako gastuak, baldin eta 2021eko urtarrilaren 1aren ondorengoak badira; hala bada, 18 hileko epea hautagarritzat jo den lehenengo gastua sortzen denetik aurrerakoa izango da.

c) Ez da diruz laguntzeko gastu hautagarritzat joko fakturetan jasanarazitako Balio Erantsiaren gaineko Zerga, non eta pertsona fisikoa eta ez autonomoa ez den.

d) Aurkeztutako proiektuaren esparruan azpikontratatutako kanpoko enpresek baldintza hauek bete beharko dituzte:

I.– Herri-administrazioen mendeko edo haiei lotutako berezko nortasun juridikoa duten erakundeak ez izatea.

II.– Loturarik ez izatea laguntzaren eskatzailearekin edo lankidetza-proiektu batean sartutako enpresaren batekin, akzioen edo partaidetzen bidez, edo zuzenean edo zeharka administratuta.

3.– Gastu hautagarrien balorazioa egitean, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Gastu hautagarriek lotura zuzena izan beharko dute programa honen xede den jarduerarekin, eta haren artikuluetan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte.

b) Deskontuek eta antzekoek gastuaren balio txikiagoa ekarriko dute.

c) Gastu hautagarrien balorazioa euroa ez den beste moneta batean egiten bada, eurora aldatuko da, ordainketaren datako truke-tasa kontuan hartuta.

d) Inola ere ez dira gastu hautagarritzat hartuko fabrikatutako edo merkaturatutako produktuak eta/edo zerbitzuak, ez eta eskatzaileak berak edo taldeko enpresek egindako lanak edo akzioen edo partaidetzen bidez (zuzenean edo zeharka) laguntzaren eskatzailearekin lotutakoak.

4.– Edonola ere, oinarri hauen esparruan gastu diruz lagungarritzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat datozenak.

8. artikulua.– Finantzatu beharreko inbertsioak, finantza-arloko eragiketak eta maileguen ezaugarriak, finantzaketa errazago eskuratzeko laguntzetan (2. ildoa).

1.– Finantzaketa errazago eskuratzeko laguntzetan (2. ildoa), inbertsioak aktibo finkoaren elementu berrietarako izan behar dira. Halaber, pertsona juridikoaren diruzko kapital sozialarekin autofinantzatu beharko dira, gutxienez % 30, sinatutako eta ordaindutako kapitalaren diruzko ekarpenaren bidez, dirulaguntzetatik datorren zatia zenbatu gabe.

2.– Finantzatuko diren inbertsioak honako hauek dira:

a) Ibilgetu materiala, lursailak eta eraikinak izan ezik.

– Lokalak berritzea eta egokitzapenak.

– Makineria.

– Ekipamendu-ondasunak.

– Tresneria.

– Industria-ibilgailuak.

– Instalazio teknikoak.

– Altzariak.

– Beste inbertsio batzuk aktibo finko materialetan.

b) Ibilgetu ukiezinak.

– Aplikazio informatikoak.

– Jabetza industriala.

– Jabetza intelektuala eta pizgarri administratiboen edo frankizien kanonak.

Ibilgetu ukiezinean egindako inbertsioak gastu hautagarritzat joko dira, baldin eta inbertsioak badaude ibilgetu materialean.

3.– Edonola ere, oinarri hauen esparruan gastu diruz lagungarritzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat datozenak.

4.– Finantzaketa errazago eskuratzeko laguntzak gauzatzeko (2. ildoa), erakunde onuradunek SPRIren, Luzaro Kredituko Finantza Establezimenduaren eta Autonomia Erkidegoaren administrazioaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan egindako mailegu-eraketan artikulatuko dira.

5.– Maileguek honako ezaugarri hauek izango dituzte:

– Gutxieneko zenbatekoa: 40.000 euro.

– Gehieneko zenbatekoa: 180.000 euro.

– Interes-tasa: Euriborra sei hilabetera + % 1,25.

– Amortizazio-epea: 7 urte.

– Gabealdia: 2 urte.

– Kuotak: hiruhilekoak, hiruhileko natural bakoitzaren amaieran.

– Bermeak: enpresa-proiektua egiteko konpromisoa.

– Irekiera- eta azterlan-batzordea: salbuetsita.

– Xedapena: erakunde laguntzaileak baimentzen duen neurrian, proiektua gauzatzearen arabera.

6.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, eragiketen epea eta gabealdia luzatu ahal izango ditu, gehienez hiru urtez, eragiketaren jatorrizko epeari dagokionez. Luzarok edo enpresak egindako eskabidearen arabera egingo da luzapen hori, zerbitzu-emaileek ordainketa-egutegia betetzeko justifikatzen dituzten zailtasunak kontuan hartuta eta jatorrizko mailegu-kontratuari erantsitako dokumentu batean formalizatuko da luzapena.

9. artikulua.– Laguntza motak eta zenbatekoa.

Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa emango dira.

1.– Bidelaguntza (1. ildoa) gastu hautagarrien % 100era arte; gehieneko zenbatekoa: 30.000 euro.

2.– Finantzaketan sartzeko (2. ildoa), honako hauek lagundu ahalko dira diruz:

– Aurkeztutako inbertsioak finantzatzeko maileguaren % 20.

– Mailegua formalizatu eta indarreko hiruhileko naturalaren amaieraren arteko aldian sortutako interesak, baita hiruhileko bakoitzean sortutako interesak ere, hurrengo 8 hiruhileko naturaletan zehar.

10. artikulua.– Laguntzak metatzea, mugak eta azpikontratazioa.

1.– Programa honetan aurreikusitako laguntzak beste laguntza bateragarri batzuekin, diru-sarrera publiko zein pribatuekin, edo Erkidegoaren beste finantzaketa-modu batzuekin metatu ahal izango dira, baldin eta errespetatzen bada gastu hautagarri berberetarako gehieneko laguntzaren intentsitatea.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa, bakarrik zein administrazioak edo sektore publikoak emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bat eginda, inolaz ere ezin da izan onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Beste laguntza publiko batzuen eta programa honen bidez emandakoaren batura kostu hori baino handiagoa bada, Programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko beharrezkoa den neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzi txikiagoko edo minimis laguntzatzat hartzen dira.

4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntza, guztira, ezingo da 200.000 eurotik gorakoa izan, hasitako ekitaldi ekonomikoan eta aurreko bi urteetan zehar kontabilizatuta.

5.– Minimis laguntzak ezin dira metatu gastu berberetarako estatutik jasotako laguntzekin, baldin eta batura hori laguntza baino handiagoa bada, edo kategorien araberako salbuespenen erregelamendu batean nahiz Europako Batzordearen erabaki batean kasuan kasuko inguruabarretarako ezarritako laguntzen zenbatekoa baino handiagoa bada.

6.– Muga horietako bat edo Programak ezarritakoren bat gaindituz gero, ematen den laguntzari soberako diru-kopurua kenduko zaio.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari laguntza jasotzeko legezko eskubidea aitortzen zaion unean.

8.– Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin azpikontratatzea edo kontratatzea.

a) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoarekin bat, onuradunak azpikontrataten duela ulertuko da dirulaguntzaren xedeko jardueraren zati baten burutzapena beste batekin hitzartzen duenean. Azpikontratazioaren kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa. Horri dagokionez, hirugarrenak azpikontratatzea edo kontratatzea diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko edo kontratatzeko, 29. artikuluan jasotako gainerako aurreikuspenak aplikatu beharko dira.

b) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa handiagoa bada kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritakoa baino, gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak onuradunak. Zerbitzu bat egiteko edo ondasun bat emateko konpromisoa hartu aurretik eskatu beharko dira eskaintzok, salbu eta merkatuan ez badago zerbitzu-ondasunok emateko edo hornitzeko behar beste erakunde (ezaugarri bereziak dituztelako), edo dirulaguntza jaso aurretik egin bada gastua.

Aurkeztutako eskaintzak hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, beren-beregi justifikatu beharko da inguruabar hori.

c) Onuraduna enpresa denean, eta plikatu daitekeen kasuetan, gastu diruz lagungarriak Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.2 artikuluan ezarritako epeetan ordaindu beharko dira.

11. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren webgunearen bidez.

2.– Aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri bide elektronikoz izapidetzeko jarraibideak, bai eta eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere.

3.– Laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa aukeratzen den hizkuntzan aurkez daitezke. Gainera, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak aurkezten duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera.

12. artikulua.– Laguntza eskatzea

1.– Laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren webgunean eskuragarri dagoen eskabidea bete behar dute.

2.– Eskabide hori pertsona fisikoak edo, enpresen kasuan, erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektroniko aurreratu bidez (aitortutako ziurtagiri elektroniko bidez). Aurkezpen-datatzat hartuko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren sistemetan eskabidean duen sinadura elektronikoarena.

3.– Laguntza-eskabideak berarekin dakar SPRI baimentzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea eskatzeko, bai eta enpresa EJZn (Ekonomia Jardueren gaineko Zerga) altan emanda dagoen epigrafea kontsultatzeko ere.

4.– Laguntza-eskabideak pertsona fisikoaren edo enpresa eskatzailearen identifikazio-datuak eduki beharko ditu, bai eta haren legezko ordezkariarenak ere.

13. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

1.– Onuraduna pertsona fisikoa bada:

a) Talde sustatzaileko kideen nortasun-agiri nazionala.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko erroldatze-ziurtagiria.

c) Emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.

d) Proiektua zehazteko inprimakia, non datu orokorrak (proiektuaren jatorria, garatu beharreko produktu edo zerbitzua, xede-merkatua...), gastu diruz lagungarrien aurrekontu zenbatetsia, eta datozen hiru urteetarako aurreikusitako inbertsio-, fakturazio- eta enplegu-datuak jasoko diren.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean atxikitako ereduarekin bat, non inguruabar hauek jasoko diren:

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako debekurik ez izatea.

– Ez jardutea armen ekoizpen, komertzializazio edo finantzaketan, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoarekin bat.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa egunean izatea. Eskatzailea mota horretako itzulketa- edo zehapen-prozesuan badago, dirulaguntza ematea edo ordaintzea prozesuaren emaitzaren araberakoa izango da.

– Proiektu bererako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskabidearen eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Minimis laguntza-kontzeptuan ez jaso izana 200.000 euro baino gehiago hiru urteko epean, eta, kasu horretan, adieraztea.

– Ez egotea oinarri hauek 5. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitako egoeraren batean.

– Oinarri hauek 10.8 artikuluan zehaztutakoa betetzeko konpromisoa hartzea.

2.– Onuraduna enpresa bat bada:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionala (NAN) edo atzerritarren identifikazio-zenbakia (AIZ).

b) Sozietatearen eratze-eskrituraren kopia.

c) Sozietatearen ordezkariaren ahalordearen kopia.

d) Identifikazio fiskaleko txartelaren kopia.

e) Emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.

f) Hala badagokio, EJZn alta emanda ez egotearen ziurtagiria.

g) Proiektua zehazteko inprimakia, non datu orokorrak (proiektuaren jatorria, garatu beharreko produktu edo zerbitzua, xede-merkatua...), gastu diruz lagungarrien aurrekontu zenbatetsia, eta datozen hiru urteetarako aurreikusitako inbertsio-, fakturazio- eta enplegu-datuak jasoko diren.

h) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako adierazpena, eskabideari erantsitako ereduaren arabera, honako inguruabar hauek jasotzen dituena:

– Ez jardutea armen ekoizpen, komertzializazio edo finantzaketan, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoarekin bat.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa egunean izatea. Eskatzailea mota horretako itzulketa- edo zehapen-prozesuan badago, dirulaguntza ematea edo ordaintzea prozesuaren emaitzaren araberakoa izango da.

– Ezein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, lehiaketa-adierazpena eskatu izana, lehiaketan deklaratuta ez egotea, esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituta ez egotea lehiaketaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean zehar emandako minimis laguntzen zerrenda, emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Proiektu bererako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskabidearen eta, hala badagokio, emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Minimis laguntza-kontzeptuan ez jaso izana 200.000 euro baino gehiago hiru urteko epean.

– Ez egotea oinarri hauen 5. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitako egoeraren batean.

– Oinarri hauen 10.8 artikuluan zehaztutakoa betetzeko konpromisoa hartzea.

– Ez duela sexu-diskriminaziorik egin, ez duela antzeko arrazoiengatiko zehapenik jaso, eta indarrean dagoen Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izatea.

– Finantzaketa errazago eskuratzeko laguntza eskatzeko (2. ildoa), beharrezkoa izango da, gainera, dokumentazio hau aurkeztea:

– Enpresa-planaren kopia bat.

– Enpresa-talde bateko kide izanez gero, taldearen eta zeharkako parte-hartzea duten beste sozietate batzuen sozietate-organigrama (ETE irizpidearen arabera: Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioa), parte-hartzearen ehunekoa adierazita.

– Eskatzailea ETE bat dela egiaztatzeko dokumentazioa, hau da, urteko enplegu-datuak, negozioaren bolumena eta balantze orokorra, bai enpresa eskatzailearena eta bai harekin lotutako gainerako enpresena ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen balantze globalak aurkeztu beharko dira, talde osoaren antolakuntza-eskemarekin, parte-hartzeekin, enplegu-datuekin, esportazio-zifrarekin eta balantzearekin, laguntza-eskabidearen aurreko bi ekitaldietakoa.

– Eskatzaileak urteko kontu laburtuen ereduak erabiltzen dituenean, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.

– Kontularitza-araudiaren arabera irabazi-galeren laburpena aurkeztu ezin duten sozietateek ordainketa-epeak bete dituztela egiaztatuko da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiri baten bidez. Auditore horrek enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea hartuko du kontuan, enpresa hornitzaileari aldez aurretik kobratzeko edozein finantzaketa alde batera utzita.

3.– Halaber, SPRIk eta finantza-erakundeak beste dokumentu batzuk eta informazio osagarria eskatu ahalko dituzte beharrezkotzat jotzen denean aurkeztutako eskabidea ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko.

4.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotasuna emango diete posta elektroniko bidez enpresak laguntza-eskabidean adierazitako harremanetarako pertsonaren kontura bidalitako jakinarazpen guztiei. Harremanetarako onartuko den posta elektronikoko kontu bakarra programaren enpresa onuradunarena izango da.

14. artikulua.– Laguntza-eskabideak aurkezteko epea.

Laguntza-eskabideak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2023ko abenduaren 11n amaituko da. Nolanahi ere, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2023ko abenduaren 11ko 15:00etan (Espainiako ordu penintsularra) amaituko da.

15. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.

1.– Aurkezpena:

a) Erakunde eskatzaileak eskabidea bete eta telematikoki bidaliko du.

b) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak BIC bati esleituko dio eskabidea.

c) BIC horrek egiaztatuko du informazio guztia zuzena dela, eta horren aldeko txostena egingo du, hala badagokio.

2.– Ebaluazioa:

1) Aurkeztutako laguntza-eskabideen analisia eta ebaluazioa BICen esku egongo da, eta eskatzaileari beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta informazio guztia eskatu ahalko diete horietako bakoitza behar bezala ulertu eta ebaluatzeko.

Eskabideak akatsak baditu, ez bada oso-osorik bete edo ez bada erantsi aurreko artikuluan zerrendatutako dokumentazioa, BICak edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak enpresa interesdunari eskatuko dio 10 eguneko epean akats horiek konpontzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Gainera, adieraziko dio hori egin ezean eskabidea bertan behera geldituko dela, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak aurretiaz ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat. Eskabidea aintzat hartuko da dokumentazio osoa aurkezten denean.

2) Laguntzak eman eta ebazteko espedienteen izapidetzea, arau honetan xedatutakoarekin bat, modu ordenatuan egingo da, eskabide-espedientea eta dagokion dokumentazioa guztiz osatuta dauden unearen arabera.

3) BICei dagokie aurkeztutako eskabideen hasierako analisia eta balidazioa, eta, oinarri hauen 17. artikuluan izendatutako funtzioen esparruan, txosten bat egitea, enpresa-proiektua aztertzeko bidelaguntzaren kasuan (1. ildoa) eta enpresa-plana finantzaketarako sostenguaren kasuan (2. ildoa).

BICek egiaztatuko dute enpresa eskatzaileak ETEak direla, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioan ezarritakoaren arabera – Europako Erkidegoen Aldizkari Ofiziala, L 124 zenbakia, 2003-05-20koa, 0036-0041 or.

BICek eskabideei buruzko txosten bat bidaliko diote proiektuen jarraipena egiteko Balorazio Batzordeari; hura Lurralde Historiko bakoitzean osatuko dute Eusko Jaurlaritzako, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako eta dagokion Foru Aldundiko kideek.

Batzordearen funtzionamenduarekin lotutako guztiari Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoa aplikatuko zaio.

Balorazio-batzordeak proposamenak aztertuko ditu sarrera-ordenari jarraikiz. Espedienteak bete ondoren, programa honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko da.

Batzordeak hartutako erabakian oinarrituta, laguntza emateko proposamena idatziko da SPRIren Zuzendaritza Nagusiarentzat.

4) Hitzarmenaren babespean formalizatutako maileguen bidez inbertsioen finantzaketa errazago eskuratzeko laguntza-eskabideak, Luzaro EFC erakundeari bidaliko dizkio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak. Luzaro EFC erakundeak eskabidea onartu edo ukatzeko erabakia jakinaraziko die eskatzaileari eta SPRIri hura jaso eta hilabeteko epean, eta, ondoren, SPRIk dagokion baiespen- edo ezespen-ebazpena emango du.

3.– Ebazpena:

1) Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du, zuzeneko esleipenaren erregimenean, eta eskabideak aurkezpen-ordenaren arabera ebatziko dira, beharrezko aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.

2) Programan parte hartzeko eskakizunak betetzen ez dituzten eskabideak ezetsi egingo dira SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren banakako ebazpenen bitartez, eta horiek enpresa eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.

3) Gehienez 6 hilabeteko ebazpen-epea ezartzen da, dokumentazio osoa aurkezten denetik aurrera. Ebazpena ez bada epean ematen, ezespen-ebazpentzat joko da.

4) Esleitutako laguntzen ezagutza orokorrerako, SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira.

16. artikulua.– Laguntzen likidazioa - Ordainketa.

1.– Bidelaguntza (1. ildoa).

a) Erakunde onuradunei emandako dirulaguntza SPRIren bitartez igorriko da, BICek egindako balorazioaren eta SPRIren ondorengo balidazioaren arabera.

b) Aldian-aldian, erakunde onuradunek proiektuaren exekuzioa justifikatu beharko dute, SPRIren aplikazio informatikoko likidazioaren eskabide-inprimakiak erabiliz.

c) Likidazio-eskabidea pertsona fisikoak edo, enpresen kasuan, erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektronikoaren bidez. Aurkezpen-datatzat hartuko da SPRIren sistemetako sinadura elektronikoarena.

d) Likidazio-eskabidea dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko da.

I.– Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, kostuen banakapena eginda.

II.– Fakturen ordainketen ordainagiriak, bankuko kontuetan islatuta, edo ordainketaren banku-egiaztagiria.

III.– Hala badagokio, emandako zerbitzuaren egiaztagiriak.

IV.– Seihilekoan behin: Enpresa Proiektuaren prestaketaren bilakaera, jardueraren memoriaren bidez.

V.– Bidelaguntza-aldiaren amaieran: egindako enpresa-plana.

VI.– Enpresa sortzeko unean: sozietatearen eratze-eskrituren kopia eta IFZ.

Likidazioa ez bada guztiz betetzen edo ez bada harekin batera eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten, SPRIk edo dagokion BICak erakundearen legezko ordezkariari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean akatsa konpontzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko.

2.– Finantzaketa lortzea errazteko laguntza (2. ildoa).

a) Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzari dagokionez, SPRIk 15 egun naturaleko epean ordainduko du, SPRIren ebazpenaren erakunde onuradunari jakinarazten zaionetik. Halaber, kopuru hori Luzarok pignoratuko du, finantzaketa-berme gisa. Finantzaketaren eskakizunak bete ostean, onuradunari adierazitako zenbatekoa emango zaio.

b) Interesei dagokionez, Luzarok SPRIri dagokion kuota kobratu duela jakinarazten dioenean, SPRIk enpresa onuradunari honako hau ordainduko dio:

I.– Maileguaren formalizazio-dataren eta indarreko hiruhileko naturalaren amaieraren arteko aldian sortutako interesak.

II.– Hiruhileko bakoitzean sortutako interesak, hurrengo 8 hiruhileko naturaletan zehar.

Ordainketak zuzenean Luzaro finantza-erakundearekin harremanetan dagoen erakunde onuradunaren kontuan egingo dira.

c) Erakunde onuradunek laguntza emandako xederako erabiltzeko betebeharra izango dute, eta BICei honako dokumentazio hau emateko konpromisoa hartzen dute:

I.– Seihilekoan behin: inbertsioen egoeraren txostena, baita fakturen eta ordainagirien bidez egindako ordainketak ere.

II.– Seihilekoan behin: jardueraren txostena eta enpresa-planaren exekuzioa, desbideratzeak, berrikuspenak eta doikuntzak.

17. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Oinarri hauetan jasotako araudiarekin bat ematen diren laguntzei dagokienez, EAEko BICak eta Luzaro erakunde laguntzaile izendatzen dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako terminoetan, baita arau honetan eta dagokion lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenekin bat ere.

2.– Hauek dira EAEko BICak:

Araba:

– BIC Araba: Arabako eraberrikuntza-industrialdea AB.– Centro de Empresas e Innovación de Alava, S.A.

Bizkaia:

– BIC Bizkaia Ezkerraldea: Ezkerraldeko Enpresa-garapenerako Zentroa.

– Bizkaiko enpresa- Eta Aurrerapen-zentroa/ Centro de Empresas de Innovación de Bizkaia (BEAZ).BIC Bizkaia, Bizkaia Parke Teknologikoa.

Gipuzkoa:

– BIC Gipuzkoa: Gipuzkoako enpresa- eta Berrikuntza-zentroa.

– Saiolan.

3.– BICak, erakunde laguntzaile gisa, honako funtzio hauez arduratuko dira:

a) Dokumentazioa aztertu eta proiektuak hasiera batean balioztatzeaz.

b) Onetsitako proiektuaren jarraipenaz eta tutoretzaz.

c) Ordainketa-proposamena ebaluatu eta hasiera batean balioztatzeaz.

d) Finantzaketa-laguntzaren kasuan (2. ildoa), Enpresa Planak aztertzeko txostenak egiteaz eta horiek Balorazio Batzordeari eta hala badagokio Luzarori bidaltzeaz.

e) Oinarri hauetako 19. artikuluan araututako laguntzaren baldintzak aldatzeko proposamenak.

f) Edonola ere, oinarri hauetan jasotako guztiak.

4.– Luzarok, erakunde laguntzaile gisa, honako funtzio hauez arduratuko da:

a) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak igorritako 2. ildoko proiektuak aztertu eta ebaluatzeaz.

b) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari eta onuradunari horiek baiespena edo ezespena jakinarazteaz.

c) Poliza formalizatzeaz.

d) Enpresa onuradunei zuzendutako ordainketa igortzeaz.

e) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari aldian-aldian onuradunen kuoten ordainketen eta sortutako arazoen berri emateaz.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunen betebeharrak dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan aurreikusitakoak, eta, zehazki, hauek:

a) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntzaren emakidaren jakinarazpena jaso eta hamar egun balioduneko epean erakunde onuradunak ez badio espresuki uko egiten hari SPRIren aurrean, ulertuko da hura onartu egin dela.

b) Emandako laguntza haren xede den jarduketa-plana garatzeko erabiltzea.

c) Onartzea SPRIk beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarri guztia eskatu ahal duela, eta SPRIk izendatutako langileek beharrezko eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapenak egin ditzaketela euren instalazioetan, esleitutako laguntzaren xede den proiektua egikaritu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko.

d) Faktura guztiak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urteko epean, gastu hautagarriak egiten direnetik aurrera.

e) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo beste kontrol-organo eskudun batzuei, bai nazionalak eta bai komunitarioak, eskatutako informazioa ematea laguntzen jomugaren fiskalizazio-funtzioak betetzean.

f) Berehala jakinaraztea SPRIri eta BICari hemen araututako laguntzen xede bererako edo antzekorako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik.

g) SPRIri laguntza esleitzeko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatu dela jakinaraztea.

h) Programa honen bitartez emandako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia egitea.

i) Hizkuntza eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea diruz lagundutako proiektua osatzen duten dokumentu eta euskarrietan.

19. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edozein kasutan, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuen laguntzak edo dirulaguntzak eta xede bererako beste edozein diru-sarrera edo baliabide jasotzen badira, laguntza emateko ebazpena ere aldatu ahalko da, betiere programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Jarduketak laguntza-eskabidean eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, eta aldaketak baimendu ahalko dira, betiere aldaketa horiek aldez aurretik justifikatu baditu erakunde onuradunak, amaitu aurretik, eta ez bada hutsaltzen programa honek hasieran lortu nahi dituen jarduketen eta helburuen izaera.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunek oinarri hauetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako eskakizunak edo laguntzen emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak urratzen badituzte, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko legezko ekintzak abiaraziko dira. Halaber, enpresa hornitzaileari debekatu ahalko zaio programa honekin lotutako proiektu berriak egitea, egiaztatzen bada ez dagoela halakorik.

2.– Edonola ere, ez-betetzat joko dira honako hauek artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera:

a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskabidean eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak aldatzea. Egikaritzearen edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntzaren emakidaren azterketa-baldintzak aldatzen baditu, ez betetzetzat joko da ondore horietarako. Aldaketak baimendu ahalko dira, betiere SPRIri eskatzen bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatzen baditu, ahal den neurrian, proiektuan aplikatu aurretik, betiere ez bada hutsaltzen programa honek hasieran lortu nahi dituen jarduketen eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, betiere ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.

d) Laguntza lortu izana programa honetan jasotako baldintzak eta eskakizunak edo laguntza emateko ezarritako baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo oztopatzea.

f) Proiektua beste edozertara desbideratzea edo laguntzaren emakidaren ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIri dagokio ez betetzea egiaztatzeko espedientea abiarazi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Deialdi honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta, hala badagokio, emakidaren ebazpenean ezarritako eskakizunak betetzen ez badira, hura indargabetuko da, ez-betetzearen aurretiazko espedienteari jarraikiz, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari laguntzak itzuli beharko zaizkio, berandutze-interesekin batera, 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzak bermatu eta itzularazteko araubide orokorra, eta dirulaguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. Tituluan xedatutakoari jarraikiz, nahiz eta horrek ez duen eragotziko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak ezartzea. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Halaber, gainfinantzaketa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia ere itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraikiz. Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.

6.– Halaber, bidezkoa izango da jasotako laguntza itzultzea onetsitako proiektu bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo exekutatzen bada.

7.– Borondatezko epean itzultzen ez bada, premiamendu-bidea har daiteke, aplikagarria den legezko araudian zehaztutakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.

Programa honi araudi hau aplikatu ahal zaio:

1.– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntzen arloko oinarrizko legedia osatzen duen aldetik.

2.– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzak bermatu eta itzularazteko araubide orokorra, eta dirulaguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena.

4.– Europako Batzordearen 1407/2013 EB Zuzentaraua, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu-itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa. (EBAO 2013 L 352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, DPB-EDBLO), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalen babesaren arloan aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da SPRIk tratatuko dituela emandako datuak, eta bere Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko dira.

Deialdiaren interes publikoan eta parte-hartzeko egin duzun eskabidean oinarrituta, tratamendu horren xedea da eskatu duzun laguntzaren espedientea kudeatzea, datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa SPRIk duen interes publikoa baita, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia gisa sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betez.

Informazio hori gai horretan eskuduna den Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei laga ahalko zaio.

Datuak laguntza emateko espedientea izapidetu bitartean eta legez eskatu daitekeen epeak iraun bitartean gordeko dira, lege-betebeharrak betetzeko xedez.

Interesdun guztiek eskubide hauek egikaritu ahal izango dituzte: datuak zuzentzea edo ezereztea, tratamendua mugatzea, datuen eramangarritasunari aurka egitea edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izatea, bai eta datuen babesaren inguruan aplikagarria den araudian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, idatzizko jakinarazpen baten bidez, honako helbide elektroniko honetara bidalita: lopd@spri.eus Halaber, interesdunek gure Datuak Babesteko ordezkariarekin harremanetan jar daitezke, idatzizko jakinarazpen baten bidez, honako helbide honetan: dpd@spri.eus

Halaber, interesa duen pertsona orok edozein motako erreklamazioa aurkez dezake Kontrol-agintaritza eskudunaren aurrean, eta kasu honetan SPRI, Datuak Babesteko Euskal Agentziaren kasuan honako hau da: www.avpd.eus

SPRIn datu pertsonalak babesteari buruzko informazio osagarria eta zehatza jasotzeko, webguneko Pribatutasun Politika atala (https://agenda.spri.eus/lege-oharra/pribatutasun/) kontsulta daiteke.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.

Bilbao, 2023ko maiatzaren 12a.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.


Azterketa dokumentala