Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2023ko maiatzaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2077

EBAZPENA, 2023ko apirilaren 26koa, HABEko zuzendariarena, 2022-2023 ikasturtean euskara ikasleei dirulaguntzak emateko deialdia egiten duena.

Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak HABE erakundea eratu zuen (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea), helduen euskalduntzea gauzatzeko asmoz eta ahalik eta euskal hiztun gehien lortzeko helburuz.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, helduen euskara-irakaskuntza burutzen duten euskaltegi zein beste zentro homologatuen finantzazioa arautu zuen.

179/2003 Dekretuaren 17. artikuluari jarraikiz, HABEk hainbat dirulaguntza ezar ditzake euskara ikasleentzat, emaitza akademikoen baitan, betiere, Dekretu horretan araututako modalitate eta euskarrietan edo homologatutako sistemen bitartez eta HABEren aurrekontu mugen barruan.

Azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak, uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaz aldatuak, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetza finkatu du eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratura egokitu ditu.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Aginduak, euskararen komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztatzegintza arautu du eta euskara-ikasle helduentzako dirulaguntzen deialdietarako irizpideak finkatu ditu.

Ildo horretatik, 2023ko Dirulaguntzen Urteko Plana onartzen duen eta 2021-2024 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzen duen 2023ko urtarrilaren 26ko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Aginduak, Hizkuntza Politika alorreko helburu estrategikotzat helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du, besteak beste euskara ikasleei zuzendutako dirulaguntzak aurreikusiz.

Bestalde, XII. Legegintzaldi honetako gobernu-programaren 118. konpromisoaren 3. ekinbidean jasota dago euskararen ezagutza handitzeko programak eta laguntzak areagotuko direla, oro har, egiaztatutako B2 mailara arteko doakotasuna ezarriz eta C1 mailara arteko doakotasuna eskainiz 16 eta 30 urte bitartekoentzat.

Ebazpen honen bitartez, HABEren zuzendari nagusiak 2022-2023 ikasturterako euskara- ikasleentzako dirulaguntzak emateko baldintzak eta jarraibideak zehaztu eta deialdia egiten du.

Aurreko xedapenak aintzat hartuta, HABEren arau organikoak onartu dituen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak (eta berau aldatu duen urriaren 22ko 166/2019 Dekretuak) emandako eskumenez baliatuz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Lege-Testu-Bateginak araututakoari jarraikiz eta azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorrak (eta berau garatu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak) xedatutakoa oinarri izanik,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskara ikasleei dirulaguntzak emateko deialdia egitea eta oinarriak onartzea, 2022-2023 ikasturtean HABEren euskararen komunikagaitasun-mailak egiaztatu dituzten neurrian, betiere ebazpen honen eranskinean ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, bide administratiboa agortzen duenez, interesdunek berraztertze errekurtsoa aurkez dezakete HABEren zuzendari nagusiaren aurrean. Horretarako, hilabeteko epea izango dute Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunaz geroztik.

Donostia, 2023ko apirilaren 26a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

OINARRIAK

1. oinarria.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Ebazpen honen xedea da euskara ikasleei dirulaguntzak emateko oinarriak onartzea.

2.– Ebazpen honen xede diren laguntzetarako, 2023. urtean 3.775.500 euroko kopurua jarriko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako dagoen partidaren kontura. Era honetan banatuko da kopuru hori:

a) 3.725.500 euro, deialdi honen epealdiaren barnean A1, A2, B1 eta B2 mailetarako, eta 1993 urtean edo ondoren jaiotako ikasleentzat C1 mailarako.

b) 50.000 euro, 1992 urtean edo lehenago jaiotako ikasleentzat C1 mailarako, eta guztientzat C2 mailarako.

2. oinarria.– Onuradun izateko baldintzak.

1.– Ebazpen honetan arautzen diren laguntzen onuradun izateko, ondorengo baldintzak bete behar dira, deialdi honetako txanda bakoitzean ezarritako eskari-epea amaitzen den egunean, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotakoaren arabera:

a) Matrikulatua egon izana.

HABEren erregistroan inskribatutako euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu batean matrikulatua egon izana 2022ko ekainaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitarteko epealdian eta dagozkion matrikula-prezioak euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatuei ordaindu izana.

b) Maila gainditu edo maila egiaztatu izana.

HABEren komunikagaitasun-maila euskaltegiko edo autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ebaluazioan gainditu izana edo HABEren egiaztatze-deialdietan egiaztatu izana edo gainditutako maila zein egiaztagiri horien baliokidea den titulua edo ziurtagiria lortu izana, jarraian zerrendatutako prozeduraren baten bitartez:

1) A1 edota A2 mailak egiaztagiri bitartez: HABEren A1 edota A2 mailak egiaztatu egin behar dira 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitarteko ebaluazio-garaietan, HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenez deituta.

2) B1 edota B2 mailak ebaluazio bitartez: HABEren B1 eta B2 komunikagaitasun-mailetako atalasearen ebaluazioa, euskaltegian edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu batean gainditu egin behar da.

Gainera, dirulaguntzaren onuradun izateko, oinarri honetako beste baldintzak betetzeaz gain, ondorengo baldintzak ere bete beharko dituzte:

– Oro har, gutxienez 50 ikastordu hartuak eduki beharko ditu eta udako ikastaroetan 30 ordu.

– Asistentziari dagokionez, gutxienez, honako bertaratzea izan beharko da matrikulatuta izan den ikastaroan: aurrez aurreko ikastereduan, gutxienez, euskaltegiak emandako ikastorduen % 75 hartuak izan beharko dira; eta autoikaskuntza ikastereduan, ordu teorikoen % 75 betetzeaz gain, mintza-saioetan izandako asistentzia orduekin, gutxienez matrikulatu deneko ikastaroaren ordu teoriko guztien % 7,5era iritsi beharko du.

Gaitasun-mailaren aurrerapenari dagokionez:

– B1 mailaren dirulaguntzaren onuradun izateko: ikastaroaren hasieran, gehienez, B1A2 abiapuntua izan beharko da, eta bukaeran, gutxienez, B1B1 lorpen maila.

– B2 mailaren dirulaguntzaren onuradun izateko: ikastaroaren hasieran, gehienez, B2B1 abiapuntua izan beharko da, eta bukaeran, gutxienez, B2B2 lorpen maila.

Euskaltegiak adierazpen bat luzatuko du baldintza hauek bete direla azalduz.

Dirulaguntza bat eskuratuz gero, B1 edota B2 maila gainditu izanagatik, euskaltegiko ebaluazioaren bitartez, eta ondoren maila berbera egiaztatu bada, HABEren egiaztagiri edo baliokidea den ziurtagiri bitartez, egiaztatze honengatik ez da beste dirulaguntza bat jasotzerik izango.

3) B1, B2, C1 edo C2 mailak egiaztagiri bitartez: HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenez deitutako 2022. urteko deialdiko bigarren azterketaldian, edo 2023 urteko deialdiko lehen azterketaldian eskuratu behar dira egiaztagiriok.

4) B1, B2, C1 eta C2 mailak baliokidea den ziurtagiri edota titulu baten bitartez: 2022ko irailaren 1tik 2023ko abuztuaren 31ra bitartean eskuratu behar da HABEren egiaztagirien baliokide den ziurtagiri edo titulua, betiere, baliokidetzari buruzko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak araututakoaren arabera eta deialdi bakoitzaren eragin datari jarraikiz.

c) Administrazio- edo zigor-zehapenik jaso ez izana, sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edota emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, betiere, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintza-dekretuak xedatutakoarekin bat etorriz (emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak).

d) Dirulaguntza Lege Orokorraren 13.2 artikuluak aurreikusitako egoeretan ez egotea. Bereziki, zerga zein gizarte segurantza arloko betebeharrak egunean eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

2.– Dirulaguntzen deialdi honetatik at geldituko dira:

a) Herri Administrazioak finantzatuta eskolatu diren ikasleak.

b) Deialdi honetako epealdiak baino lehen dagoeneko maila egiaztatuta duten ikasleak, dagokion egiaztagiriaren edo tituluaren bitartez.

c) Deialdi honetako epealdian ikasleari ezarri zaion abiapuntu-mailarik baxuena baino beheragokoa den mailaren bat gainditu edota egiaztatu duten ikasleak.

3. oinarria.– Eskariak aurkeztea.

1.– Eskabidea egiteko, derrigorrez, Eusko Jaurlaritzako Egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskaera-formularioa bete beharko da:

– Lehen txanda: https://euskadi.eus/zerbitzuak/1038706

– Bigarren txanda: https://euskadi.eus/zerbitzuak/1038707

Eskaera-formularioarekin batera egindako ikastaroen matrikularen ordainketa-agiriak aurkeztu behar dira.

Euskararen ezagutza mailaren ziurtagiria edo titulua HABEk ofizioz egiaztatzearen aurka agertzen bada eskari-egilea, horri buruz dagozkion dokumentuak aurkeztu beharko ditu eskaera–orriarekin batera.

2.– Eskaera-formularioa eta berarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko bi modu daude:

a) Bide telematikoa: eskabidea bide elektronikoz helbide honetan egingo da «Nire karpeta»-ren bitartez: https://euskadi.eus/nirekarpeta

b) Aurrez aurrekoa: eskaria ordenagailuan bete, inprimatu eta sinatu ondoren aurrez aurre aurkeztu beharko da HABEren bulegoetan, Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoaren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 727/2008 Dekretuan jasotakoetan) edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

Bide telematikoa edo aurrez aurreko erabiltzeak, bai eskabideak aurkeztean, bai dokumentazioa aurkeztean, ez du behartzen prozedurako hurrengo izapideetan bide berdina erabiltzera.

3.– Elektronikoki aurkeztutako dokumentuek, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Pdf formatuan aurkeztuko dira.

b) Bakoitzaren gehieneko tamaina 30 Mb-koa izango da.

4.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

4. oinarria.– Eskariak aurkezteko txandak, eskari-epeak eta ebaluazio garaiak.

Bi txanda izango dira 2023 urtean eskariak egin ahal izateko.

Eskari bakarra egin ahal izango da gainditutako edo egiaztatutako maila bakoitzeko, deialdi honetako bigarren oinarriaren 1.b) atalean ezarritako prozeduraren bati jarraikiz.

Ikasle berberak maila berberagatik, eskari bat baino gehiago eginez gero, aztertu egingo dira eskariak, osagarriak diren ikusteko. Kontrajarriak diren datuak edukiz gero, denboran azkena izan den eskaria hartuko da aintzat.

Ikasle berberak gainditutako edo egiaztatutako maila ezberdinengatik, eskari ezberdinak egin ditzake txanda ezberdinetan.

4.1.– Lehen txanda.

Lehen txanda honetan, dirulaguntza eskaria egiteko epea 2023ko ekainaren 1ean irekiko da eta abuztuaren 4an amaituko da.

Eskaria egin ahal izango dute lehen txanda honetan 2022ko uztailaren 1etik 2023ko uztailaren 21 bitartean maila gainditu edota maila egiaztatu duten ikasleek.

4.2.– Bigarren txanda.

Bigarren txanda honetan, dirulaguntza eskaria egiteko epea 2023ko irailaren 7an irekiko da eta urriaren 6an amaituko da.

Eskaria egin ahal izango dute bigarren txanda honetan 2023ko uztailaren 22tik irailaren 30a bitartean maila gainditu edota maila egiaztatu duten ikasleek.

Gainera, lehen txandan eskaria egiterik izan ez duten pertsonek aukera izango dute dirulaguntza-eskaria egiteko, betiere, 2022ko uztailaren 1etik 2023ko uztailaren 21 bitartean gainditu edota egiaztatu badute maila.

5. oinarria.– Aurkeztutako eskariaren akatsak eta hutsuneak zuzentzea.

Eskariak akatsak edota hutsuneak baditu, edo eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta bada, hamar laneguneko epea emango da hauek zuzentzeko. Eta horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertuko da, aldez aurretik emandako ebazpenaren bidez.

6. oinarria.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.

HABEko Zuzendaritza Nagusiari dagokio, Kudeaketa Zerbitzuko Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.

7. oinarria.– Dirulaguntza esleitzeko eta neurtzeko irizpideak.

1.– Gainditu edo egiaztatu den maila bakoitzeko, ikasleak 2021-2022 eta 2022-2023 ikasturteetan matrikuletan ordaindutako kopurua eskura dezake, gehieneko muga hauekin gainditu edo egiaztatutako maila bakoitzeko:

– HABEren A1 maila: 600 euro.

– HABEren A2 maila: 800 euro.

– HABEren B1 maila edo baliokidea: 900 euro.

– HABEren B2 maila edo baliokidea: 1.000 euro.

– HABEren C1 maila edo baliokidea, 1993an edo ondoren jaio diren ikasleentzat: 700 euro.

– HABEren C1 maila edo baliokidea, 1992an edo aurretik jaio diren ikasleentzat: 150 euro.

– HABEren C2 maila edo baliokidea: 100 euro.

2.– Dirulaguntza kontzeptupean jasotako diruzko zenbateko hauek salbuetsita egongo dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokionez, aplikagarri zaion araudian ezartzen den eran.

3.– Gainditu edo egiaztatu den maila bakoitza behin bakarrik lagunduko da diruz, ikaslearen ibilbide osoan zehar. Era berean, maila bat gainditu edo egiaztatu ondorengo dirulaguntza zuritzeko beharrezkoa izan den matrikularen zenbatekoa ez da konputatuko beste maila bat egiaztatu izanagatiko laguntza zuritzeko.

8. oinarria.– Ebazpena, ebazpena emateko epea, jakinarazpena eta dirulaguntzaren ordainketa gauzatzea.

Deialdi honetan zehaztutako irizpideak aplikatu ondoren, HABEren zuzendari nagusiak dirulaguntza-eskariak ebatziko ditu eta ebazpenak emango ditu ondoren zehaztutako epeetan:

Lehen txandan barneratutako eskariei buruz 2023ko irailaren 30a baino lehen ebatziko da.

Bigarren txandan barneratutako eskariei buruz 2023ko abenduaren 20a baino lehen ebatziko da.

Ebazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko dira (https://euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa).

Gainera, interesdunei «Nire Karpeta»-ren bidez, jakinaraziko zaizkie.

Era berean, emandako dirulaguntzen publizitateari dagokionez, aipatutako ebazpenak HABEren web orrialdean argitaratuko dira Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan argitara ematen diren egun berean.

Eskabideen gainean emandako ebazpenek bide administratiboa agortzen dute eta interesdunek horien kontra borondatezko berraztertze errekurtsoa aurkez diezaiokete HABEko zuzendari nagusiari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan jasotakoaren arabera.

Ebazpenaren jakinarazpena aurreikusitako epe-mugan jasotzen ez bada, onuradunek ulertu ahal izango dute beren eskabidea ezetsita izan dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 25. artikuluan zehaztutakoaren ondorioz.

Dirulaguntzen Ebazpena emanda, dirulaguntza ordainketa bakarrean egingo da banku-transferentzia bidez. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko dirulaguntza batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

9. oinarria.– Dirulaguntzen bateragarritasuna eta gainfinantzaketaren debekua.

Emango den dirulaguntza bateragarria izango da xede berarekin jaso daitekeen beste edozeinekin, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago laguntzen den xedearen guztirako kostuan. Horrelakoetan, dagozkion kenketak egingo dira, aldea ez ordainduz edo dagokion kopurua itzultzeko eskatuz.

HABEk eskubidea izango du eskatzaile bakoitzak emandako edozein datu beste administrazio publikoekin erkatzeko, betiere deialdi honen xede den gaiari atxikita.

Dirulaguntza deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar, ikasle den eskari-egileak berariaz ontzat eman dituela oinarri hauek eta baimena ematen diola batetik, HABEri, gainfinantzaketa hori egon den ziurtatzeko beharrezko diren informazioa eska diezaien gainerako Administrazio publikoei, eta bestetik, azken hauei, informazioa HABEri emateko ere.

10. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunek, oro har, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak bete beharko dituzte.

2.– Eta zehazki, Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradunak beti izango ditu honako betebehar hauek:

a) Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztatzeen menpe eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren menpe egon beharko du, deialdi honen bitartez eskuratu diren dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien menpe ere egon beharko du.

b) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak eskuratuz gero, horren berri eman beharko dio HABEri.

c) Laguntza ematerakoan kontuan izandako dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin bada, horren berri eman beharko dio HABEri.

d) Horretaz gain, 1/1997 Legegintzako Dekretuak, 1997ko azaroaren 11koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, ezarritako betebeharrak eta gaiari ezar dakizkiokeen gainerako xedapenek ezarritako betebeharrak ere izango ditu.

11. oinarria.– Baldintzak aldatzea, arauak ez betetzea eta itzulketak.

Ebazpena eman ondoren, kanpoko beste dirulaguntzarik eskuratu bada, honen berri eman beharko zaio HABEri. Honen ondorioz, gerta daiteke dirulaguntza onartu duen ebazpena aldatzea, betiere deialdi honen 9. oinarrian aipatutako gainfinantzaketa ekiditeko.

12. oinarria.– Datuen tratamendua.

Deialdi honetan adierazitako datu pertsonalak Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 2016/679 (UE) Erregelamenduak eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak araututakoaren arabera tratatuko dira, «Ikasleen dirulaguntzen kudeaketa» izeneko tratamendu-jardueretan, ondoren zehazten den helbururako:

– Deialdi honetan aurreikusitako prozeduren kudeaketa.

HABEren zuzendari nagusia izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.

Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko.

Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Halaber, onuradunek bere datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezakete helbide honetan:

https://habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa

13. oinarria.– Araubide juridikoa.

Dirulaguntza lerro honen araubide juridikoa, ebazpen honetan aurreikusitakoaz gain, ondorengo arauen araberakoa da eta horiei jarraikiz ulertu eta kudeatuko da dirulaguntza hau:

– Azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina.

– Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua, dirulaguntzen esparruan bai zerga zein gizarte segurantza-betebeharrak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzko betebeharrak bete direla egiaztatzeari buruzkoa (8.1.a) eta g) artikuluak).

– 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorra eta jasotako oinarrizko xedapenak.

– Administrazio Publikoen administrazio prozedura erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

– Sektore publikoaren araubide juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.

– Indarrean dagoen Zuzenbide Administratiboko gainerako araudia, supletorioki.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala