Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2023ko apirilaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1872

44/2023 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Arabako Foru Aldundiarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta, EAEko udalerri guztien izenean, EUDELekin esparru-akordioa, EAEn arreta soziosanitarioa emateko finantza-lankidetzarako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Osasun Sailaren eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren, Arabako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta, EAEko udalerri guztien izenean, EUDELen arteko esparru-akordioa, EAEn arreta soziosanitarioa emateko finantza-lankidetzarako. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 4a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 4KO 44/2023 EBAZPENARENA
ESPARRU-AKORDIOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO OSASUN SAILAREN ETA BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILAREN, ARABAKO FORU ALDUNDIAREN, BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN, GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREN ETA, EAEKO UDALERRI GUZTIEN IZENEAN, EUDELEN ARTEKOA, EAE-N ARRETA SOZIOSANITARIOA EMATEKO FINANTZA-LANKIDETZARAKO

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 6a.

BILDU DIRA:

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren izenean, sailburua.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren izenean, sailburua.

Arabako Foru Aldundiaren izenean, Emilio Sola Ballojera, Arabako Gizarte Zerbitzuetako foru-diputatua.

Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Sergio Murillo Corzo, Bizkaiko Gizarte Ekintzako foru-diputatua.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, Maite Peña López, Gipuzkoako Gizarte Politiketako foru-diputatua.

EUDEL - Euskadiko Udalen Elkartearen izenean, Juan Ibarretxe Careche, Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzia.

AZALTZEN DUTE

I.– EAEko arreta soziosanitarioaren arloko jardun instituzionalak ez du etenik izan 2022an, eta horren erakusle da Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak 2021-2024 aldirako Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Estrategia onartzea eta Eusko Jaurlaritzaren XII. legegintzaldian jasotako proiektuak pixkanaka abian jartzea.

Mende laurden igaro da arlo horretako jardun instituzionala hasi zenetik (1996-2021), eta, erakundearteko lankidetzaren bidez, EAEko koordinazio-eredu soziosanitarioa zehaztu eta antolatu da.

Osasun-sistemen eta gizarte-zerbitzuen arteko lankidetzak eta koordinazioak ezaugarritzen du eredu hori, eta 1996an hasi zen egituratzen Osasun Sailaren eta Osakidetzaren eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako foru-aldundietako gizarte-zerbitzuetako sailen artean izenpetutako lehen esparru-akordioen bitartez, hiru lurralde historikoetako biztanleen behar soziosanitarioak asetzeko. Ondoren, akordio gehiago etorri dira.

Akordio horien bidez, EAEn arreta soziosanitarioa emateko ardura duten erakundeak lan-esparru partekatu horren gainean ados jartzeko lehen oinarriak ezarri ziren, eta akordio horiek ordeztu zituen Eusko Jaurlaritzaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien eta EUDEL, Euskadiko Udalen Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmenak, Euskal Autonomia Erkidegoko arreta soziosanitarioa garatzekoak (2003ko urtarrilaren 30ekoak). Hain zuzen ere, erakundeok Arreta Soziosanitariorako Euskal Kontseilua osatu zuten gerora (2011). Lankidetza-hitzarmen horrek (2003) erakunde itunkide guztien autonomia errespetatzea zuen oinarri, erakundearteko lehen lan-esparru partekatua ezartzen zuen, eta funtsezko elementua izan zen jardun soziosanitariorako, EAEko arreta soziosanitarioa koordinatzeko eredua taxutu zuten elementu adostuei bide eman zielako.

II.– Lankidetza-esparru bat hedatzea ekarri duten hitzarmen sorta oparoaren ondoren, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren erakunde kideek, lankidetza eta koordinazio hori antolatzearen arduradun gorenak diren aldetik, adostasun-esparru berri bati buruzko akordio bat sustatu dute, esparru horrek barnean har ditzan koordinazio-eredu soziosanitarioak 1996-2021 aldian erdietsitako lorpenak eta egunean jar ditzan plangintza- eta antolamendu-kudeaketa, eta, aldi berean, EAEn arreta soziosanitarioa ematen duten erakundeen arteko finantza-lankidetzaren eredua adostu dute.

III.– Gizarte- eta osasun-zerbitzuen sistemek 25 urtez plangintza- eta antolamendu-kudeaketan koordinatuta jardutearen lorpenetako bat da ASSEKek 2019an onartu zuen Gobernantza Soziosanitarioko Eredua. Gizarte- eta osasun-zerbitzuen sistemen kudeaketa-mailetan (asistentziala, antolakuntzakoa eta instituzionala) koordinazio sanitarioko funtzioak beren gain hartzen dituzten figuren eta erabaki-organoen arteko harreman egiturazko eta funtzional konplexuen egitura makro, meso eta mikroaren adierazpena da.

Beste zutabeetako bat Baliabide Soziosanitarioen Katalogoa (2019) osatzearen inguruko adostasuna da. Dokumentu horrek gizarte- eta osasun-zerbitzuetako sistemetan erabilgarri dauden baliabideak identifikatzen ditu; alegia, horien titulartasuna eta prestazio-eremua edozein izanik ere, EAEko herritarren behar soziosanitarioei erantzuteko finantzatzen direnak.

Era berean, etorkizuneko Gobernantza Soziosanitarioaren Dekretua izapidetze juridiko-administratiboaren fasean dago gaur egun, eta 2022an argitaratzea aurreikusita dago. Dekretu horrek arau-dokumentu bakar batean egituratzen ditu Gobernantza Ereduan (2019) proposatutako harreman egiturazko eta funtzionalak, eta erakunde ukituek adostutako Baliabide Soziosanitarioen Katalogoko (2019) baliabideen sailkapen soziosanitarioa.

IV.– EAEn, behar soziosanitarioen arreta koordinatuan 25 urteotan erdietsitako lorpenak, funtsean, elementu erraztaileak dira, tresna berriak arreta soziosanitarioko eredu koordinatuaren zerbitzura modu adostuan jartzen jarraitzeko.

V.– Elementu horietako bat da beharrezkoa dela finantzaketa-esparru partekatu bat zertzea –gaur egun, ASSEKeko erakunde kideek zehaztu eta antolatzeko prozesuan dago–; alegia, EAEn arreta soziosanitarioa emateaz arduratzen diren erakundeen finantzaketa-esparru erkidea.

XEDAPENAK

Lehenengoa.– Xedea.

Akordio honen xedea da esparru adostu bat ezartzea, EAEn arreta soziosanitarioaren hedapenean erakundearteko lankidetza- eta koordinazio-ereduaren jarraipena sustatzeko.

Adostasun horretarako ezinbesteko elementuetako bat da baliabide soziosanitarioak finantzatzeko eredu partekatu bat behar dela, non ezarriko baitira Osasun Sailaren eta baliabide soziosanitarioen erakunde titularren arteko finantza-lankidetza garatzeko baldintzak.

Horrela, esparru-akordio honek arreta soziosanitarioa emateko ardura duten erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa bermatu behar duten printzipioak, xedeak eta bideak zehazten ditu, bereziki baliabide soziosanitarioen finantza-lankidetzaren ereduaren efikaziari, efizientziari eta jasangarritasunari dagokienez.

Akordioaren edukitik ondoriozta daiteke haren izaera, eduki ekonomikorik gabeko jarduera-akordio edo -protokolo orokorra dela zehazten baita; hau da, ez dakar konpromiso juridiko zehatz eta nahitaezkorik formalizatzea, alderdi sinatzaileek helburu berarekin jarduteko asmoa dutelako adierazpen orokor hutsak besterik ez dira eta.

Bigarrena.– Printzipioak.

EAEn arreta soziosanitarioa ematen duten erakundeen arteko finantza-lankidetzaren ereduak printzipio hauek ditu:

– Herritarren behar soziosanitarioei erantzuteko erakundeen jardueren harmonizazioa.

– Erantzukidetasuna herritarren behar soziosanitarioen arreta eta kudeaketa partekatuan.

– Kudeaketa-autonomia eta baliabide soziosanitarioen koordinazioan eta kudeaketan eskumena duen erakunde bakoitzaren lidergoa.

– Arreta soziosanitarioarekin zerikusia duten erakunde publikoen lankidetza, bereziki baliabide soziosanitarioen plangintzan, antolamenduan, kudeaketan eta ebaluazioan.

– Zeharkakotasuna, lurralde-eremu, kudeaketa-maila eta asistentzia-maila bakoitzean eskumena eta ardura duten erakundeek parte hartzea bultzatzeko eta herritarren premia soziosanitarioei erantzun koordinatua emateko.

– Lurralde-ekitatea eta erantzun homogeneoa hiru lurralde historikoetako biztanleen behar soziosanitarioen aurreko erantzunean.

– Adostasuna baliabide soziosanitarioak hornitzeari, finantzatzeari eta kudeatzeari buruzko erabakiak hartzeko eztabaida- eta bateratze-prozesuetan.

– Finantza-iraunkortasuna, behar diren baliabide soziosanitarioetarako baliabide ekonomiko eta teknikoak, eta giza baliabideak izango direla bermatzeko.

– Konpentsazio bidezko ordainketa (moduluen finantzaketan edo baliabideen lanpostuen kostuaren banaketa paritarioan oinarritua) baztertzeak dakarren paradigma-aldaketa sendotzeko eta Osasun Sailak (Eusko Jaurlaritza) baliabide soziosanitarioen arretari eusteko gastu historiko finkatuaren finantzaketan parte hartzea bermatzeko mekanismoak garatzera bideratutako berrikuntza.

– Efikazia eta efizientzia baliabide soziosanitarioen zuzkiduran, finantzaketan eta kudeaketan, arreta berezia jarriz asistentziaren koordinazioan, zainketen jarraitutasunaren sustapenean eta baliabide soziosanitarioen kudeaketan, bikoiztasunak saihesteko eta/edo asistentzia-hutsuneak sortzeko.

– Kalitatea herritarren behar soziosanitarioekiko arretan, arreta soziosanitario bereziko kolektiboenetan bereziki, pertsonan oinarritutako arreta eta duintasunarekiko, balioekiko, sinesmenekiko eta hautatzeko gaitasunarekiko errespetua sustatuz, harekin eta haren asistentzia-prozesuarekin lotutako gai guztietan.

Hirugarrena.– Finantza-lankidetzaren helburuak.

Finantza-lankidetzaren xedea Osasun Sailak (Eusko Jaurlaritza) baliabide soziosanitarioen finantzaketan parte hartzen jarraitzea da.

Gizarte-zerbitzuei buruzko 12/2008 Legeak, abenduaren 5ekoak, honakoa dio zioen azalpenean: «Eremu soziosanitarioan eskaintzen den arretaren kasuan, zerbitzu soil-soilik soziosanitarioen, unitate berariaz soziosanitarioen eta arreta soziosanitario orokorraren finantzaketa batera egin ahal izango da eraginpeko administrazio publiko guztien artean, horretarako adosten dituzten hitzarmenen bitartez. Ordea, administrazio horiek bidezko diren konpentsazio ekonomikoko formuletara atxiki ahal izango dira, osasun-sistematik gizarte-zerbitzuen zerbitzura, edo alderantziz, baldin eta haietako baten eskumenekoak diren zerbitzuak, askotariko kausak direla-eta, bati atxikitako zerbitzuetan eskaintzen badira».

Konpentsazio bidezko ordainketa (moduluen finantzaketan edo baliabideen lanpostuen kostuaren banaketa paritarioan oinarritua) baztertzeak dakarren paradigma-aldaketa kontuan hartuta, Osasun Sailak (Eusko Jaurlaritza) baliabide soziosanitarioetara bideratutako finantzaketa zehazteko, aipatutako baliabideon arretari eusten zerikusia duten erakundeen gastu historiko finkatuari erreparatzen zaio.

Baliabide soziosanitarioen hazkundea, Gobernantza Soziosanitarioari buruzko Dekretuan ezartzen duenaren arabera, bi sistemen balorazio bateratutik abiatu behar da. Balorazio hori lurralde-kontseilu soziosanitarioen akordioetan islatu behar da, baita lurralde-premiak, baliabide erabilgarriak eta lankidetza-formulak zehaztuko dituzten lurralde-plan soziosanitario operatiboetan ere.

Ildo horretan, finantza-lankidetza proposatzen da osasun-sistemak gizarte-zerbitzuen sistemaren titulartasuneko baliabide soziosanitarioen finantzaketan parte hartzea bermatzeko.

Laugarrena.– Finantza-lankidetzarako bideak.

Finantza-lankidetzak tasun juridikoa izateko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta baliabide soziosanitarioen titular diren erakundeen artean hitzarmenak egitea eta sinatzea beharrezkoa da, lankidetzaren eduki ekonomikoa zehazteko, bai eta kasuan kasuko gauzatze-baldintzak ere.

Bosgarrena.– Aplikazio-eremua.

Finantza-lankidetza EAEko lurralde-eremuan gauzatuko da, eta arreta soziosanitarioan erantzukizuna duten erakunde guztiak ukituko ditu, bereziki baliabide soziosanitarioen titularrak, horien kudeaketa-eredua edozein dela ere.

Seigarrena.– Indarraldia.

Esparru-akordio honek, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluan ezarritakoaren arabera, 4 urteko indarraldia izango du sinatzen denetik. Aurreikusitako epea amaitu aurretik noiznahi, aho batez erabaki ahal izango da beste 4 urtez luzatzea, salbu eta alderdietako edozeinek, epea amaitu baino bi hilabete lehenago, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren osoko bilkuran salatzen badu.

Zazpigarrena.– Gatazken ebazpena.

Esparru-akordio hau sinatu ondoren sortzen diren gatazkak Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren osoko bilkuran ebatzi beharko dira.

Eta jasota gera dadin, eta ados daudela erakusteko, agiri hau sinatzen dute, adierazitako lekuan eta egunean.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatua,

EMILIO SOLA BALLOJERA.

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatua,

SERGIO MURILLO CORZO.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatua,

MAITE PEÑA LÓPEZ.

Euskadiko Udalen Elkartea (EUDEL):

Gizarte Ekintzako Bilboko Udaleko zinegotzia,

JUAN IBARRETXE CARECHE.


Azterketa dokumentala