Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

11. zk., 2023ko urtarrilaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EUSKO LEGEBILTZARRA
255

ERABAKIA, 2022ko abenduaren 20koa, Eusko Legebiltzarreko Mahaiarena, zeinaren bidez onesten baitira Eusko Legebiltzarreko Teknikarien eta Administrarien kidegoko karrerako funtzionario gisa sartuz enplegua finkatzeko hautaketa-prozesu bereziaren deialdia eta prozesu hori arautuko duten oinarri espezifikoak, hiru Administrari-plaza betetzeko, oposizio-lehiaketa sistemaren bidez, barne-promozioko txandan, sarbide orokorraren bidez.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2022ko abenduaren 20ko erabakia betez, honako hau

AGINTZEN DUT:

Lehena. Konbokatzea Eusko Legebiltzarreko Teknikarien eta Administrarien Kidegoan karrerako funtzionario gisa sartuz oposizio-lehiaketa sistemaren bidez enplegua finkatzeko hautaketa-prozesu berezia, hiru administrari-plaza barne-promozioko txandan betetzeko, sarbide orokorraren bidez. Hautaketa-prozesu hau Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 2022ko maiatzaren 31n hartutako erabakiaren ondoriozkoa da, zeinaren bidez onesten baita Eusko Legebiltzarreko lanpostuak aldi baterako betetzen ari diren langileak egonkortzeko 2022ko enplegu publikoaren eskaintza, Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren seigarren xedapen gehigarrian aurreikusita dauden enplegua finkatzeko prozesu berezien eta salbuespenezkoen baitan.

Bigarrena.– Onestea eta argitaratzea erabaki honen eranskinean agertzen diren oinarri espezifikoak.

Oinarriak Eusko Legebiltzarraren webgunean daude eskuragarri.

Eskabideak aurkezteko epea Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren erabaki bidez zehaztuko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2022ko abenduaren 20ko erabaki honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, organo horretan bertan, hilabeteko epean, erabakia Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, erabakia Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 20a.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.

ERANSKINA
OINARRI ESPEZIFIKOAK, EUSKO LEGEBILTZARREKO TEKNIKARIEN ETA ADMINISTRARIEN KIDEGOKO KARRERAKO FUNTZIONARIO GISA SARTZEKO OPOSIZIO-LEHIAKETA SISTEMAREN BIDEZKO HAUTAKETA-PROZESUARENAK, HIRU ADMINISTRARI-PLAZA BARNE-PROMOZIOKO TXANDAN BETETZEKO, SARBIDE OROKORRAREN BIDEZ

1.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da arauak ezartzea oposizio-lehiaketa sistemaren bidez Eusko Legebiltzarreko Teknikarien eta Administrarien Kidegoko hiru administrari-plaza barne-promozioko txandan betetzeko, sarbide orokorraren bidez. Honako hauek dira arauak:

1.1.– Deialdiko plazak: hiru administrari-plaza.

1.2.– Administrazio parlamentarioko kidegoa: Teknikariak eta Administrariak.

1.3.– Betetzeko sistema: oposizio-lehiaketa.

1.4.– Eskatzen den titulazioa: oinarrizko heziketako 2. fasea edo baliokidea.

1.5.– Euskararen hizkuntza-eskakizuna:

2.a, nahitaezkoa, plaza batean.

3.a, nahitaezkoa, bi plazatan.

1.6.– Lanpostuaren eginkizun nagusiak: II. eranskinean ezarritakoak.

2.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren erabaki bidez zehaztuko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

3.– Hautaketa-prozesuaren oinarriak.

Hautaketa-prozesuan jarraitu beharrekoak izango dira Langileen Estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoaren seigarren xedapen gehigarria; Eusko Legebiltzarrean karrerako funtzionario gisa sartuz enplegua finkatzeko hautaketa-prozesuen oinarri orokorrak, Mahaiak 2022ko abenduaren 20an onetsiak eta Eusko Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialaren 2022ko abenduaren 30eko 119. zenbakian argitaratuak, eta honako oinarri espezifiko hauek.

4.– Parte hartzeko eskakizunak, hautaketa-prozesuaren bilakaera eta plazaren esleipena.

4.1.– Plazarako lehiatzaileek finkatze-prozesuen oinarri orokorretako 5.1 apartatuan orokorki ezartzen diren eskakizunak bete behar dituzte.

4.2.– Eskabidea finkatze-prozesuen oinarri orokorretako 7. apartatuan xedatutakoaren arabera bete beharko da, Eusko Legebiltzarraren helbide elektronikoaren bidez (www.legebiltzarra.eus edo Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen helbide elektronikoaren bidez (www.ivap.euskadi.eus), bai eta azterketa-eskubideak ordaindu ere.

Internet bidezko eskaera egin ahal izango da KZgune publikoen bidez. KZguneen zerrenda eta kokapena helbide elektroniko honetan eskura daiteke: www.kzgunea.net

Halaber, eskaera bete ahal izango da Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bulegoetan (Becerro de Bengoa kalea z.g., Vitoria-Gasteiz; eraikin administratiboa), astelehenetik ostiralera, 09:00ak eta 13:00ak bitartean.

4.3.– Teknikarien eta Administrarien Kidegorako azterketa-eskubideen zenbatekoa 14 euro da.

Ordainketa egin ahal izango da oinarri orokorretako 7. apartatuan aurreikusitako moduan.

4.4.– Hautaketa-prozesua eta plazaren esleipena arestian aipatutako oinarri orokorretako aginduen arabera egingo dira, eta, orobat, lehiaketa- eta oposizio-aldien ebaluazioari buruz oinarri espezifiko hauetan aurreikusitako arauen arabera.

4.5.– Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak lan-poltsa bat sortuko du, norekin eta, hautaketa-prozesuan plazarik lortu ez, baina hautaketa-prozesua gainditu dutenekin.

5.– Epaimahaia.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendatuko ditu kalifikazio-epaimahaiko kideak, oinarri orokorretako 9. apartatuan xedatutakoaren arabera.

Nolanahi ere, hauek izango dira epaimahaiko kideak:

– Epaimahaiburua, Mahaiak bere kideen artean aukeratua.

– Legelari nagusia edo hark eskuordetzen duen pertsona.

– Konbokatutako plazei dagokien kidegoko pertsona bat. Pertsona hori langileen ordezkaritza-organoak proposatuko du, kidego horretako langileen artetik.

6.– Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea.

Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) kontsultatuko da. Egiaztatutzat joko dira aipatutako erregistroan inskribatuta dauden eta deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan ondorio horietarako ezartzen dena baino lehenagoko egiaztatze-data duten hizkuntza-eskakizunak.

Aipatutako erregistroan jasota ez dauden euskararen jakite-mailari buruzko ziurtagiriak edo tituluak dituztenek horiek egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dituzte, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ezartzen den eguna baino lehen.

Administrazio parlamentarioaren hizkuntza-eskakizunen ziurtagiri eta titulu baliokideak bi dekretu hauen arabera zehaztuko dira: 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailekin parekatzeko dena, eta 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.

7.– Oposizio-aldiko ariketari dagozkion arauak.

Oposizio-aldia:

Proba saio berean egingo da, eta deialdi bakarrean.

Proba bat izango da, eta proba hori lau erantzun-aukera izango dituen galdetegi bat. Erantzun okerrek penalizazioa izango dute: erantzun zuzen baten balioaren herena kenduko zaie. Galderak I. eranskinean erantsitako gai-zerrendari buruzkoak izango dira.

Galdetegiak 60 puntuko balioa izango du, gehienez.

Izangaiek lortutako puntuazioa erantzun zuzenen kopurua izango da, behin erantzun okerren kenketa eginda, goian azaldutako proportzioan.

Epaimahaiak, dagokion erabakia hartuta, zuzentzat jotako erantzunak argitaratuko ditu Eusko Legebiltzarraren helbide elektronikoan (www.legebiltzarra.eus eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearenean (www.ivap.euskadi.eus).

Epaimahaiak, kontuan hartuta eska daitekeen gutxieneko maila eta aurkeztu direnen ezagutza-maila, erabakiko du, betiere izangaien nortasuna jakin aurretik, zein den oposizio-aldia gainditzeko gutxieneko puntuazioa, eta aditzera emango du hartutako erabakia.

8.– Lehiaketa-aldiaren ebaluazioari buruzko arauak.

Lehiaketa-aldia: 40 puntu.

Merezimenduak justifikatzeko agiriak aurkezteko 10 egun balioduneko epea ireki ondoren egingo da. Merezimenduak alegatu eta egiaztatuko dira finkatze-prozesuen oinarri orokorretako 11. apartatuan xedatutakoaren arabera.

Alegatutako merezimenduak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako eduki beharko dira, informatika, ofimatika eta hizkuntzak izan ezik, zeinak merezimenduak aurkezteko azken egunean eduki beharko baitira.

Hauek izango dira epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak:

8.1.– Lortu nahi den postuaren eginkizunak egin diren lanpostuetan benetan aritzeagatik lortutako esperientzia.

Esperientziatzat hartzen dira Administrazio publikoan, erakunde autonomoetan edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoetan teknikarien eta administrarien kidegoko edo kidego edo lanbide-talde baliokideetako lanpostuetan emandako zerbitzuak.

Esperientzia horregatik gehienez ere 31 puntu emango dira.

Zenbaketa egiteko, batu egingo dira azken 100 hilabeteetan lan egindako aldiak, eskatutako baldintzak betetzen dituztenak, eta, behin batuketa hori eginda, ez dira aintzat hartuko hilabetetik beherako zatiak. Ondorio horietarako, 30 eguneko multzoa joko da hilabetetzat.

Erabat ezinbestekoa izango da aurkeztea erakundearen ziurtagiri bat, non azalduko den postuaren izena eta egindako lan zehatzak, eta, orobat, lan horien iraupena. Era horretan, epaimahaiak egiaztatu ahal izango du baloratu beharreko funtzioetan benetan aritu izana.

Zerbitzuak Eusko Legebiltzarrean eman dituzten lehiatzaileek ez dute ziurtagiri hori aurkeztu beharko.

Balorazioa baremo honen arabera egingo da:

a) Esperientzia orokorra.

Esperientzia orokortzat jotzen dira edozein Administrazio publikotan emandako zerbitzuak, baita Eusko Legebiltzarreko Administrazioan emandakoak ere.

Esperientzia horregatik gehienez ere 5 puntu emango dira, 0,05 puntu lan egindako hilabete bakoitzeko.

b) Esperientzia espezifikoa.

Esperientzia orokorraren baloraziotik bereiz baloratuko da, modu espezifiko eta osagarrian, esperientzia espezifikoa, hau da, Eusko Legebiltzarrean emandako zerbitzuak. Esperientzia horregatik gehienez ere 26 puntu emango dira, 0,26 puntu lan egindako hilabete bakoitzeko.

8.2.– Titulazioak; probak gainditzea karrerako funtzionario izateko prozeduretan, eta lan-poltsetan egotea.

Gehienez ere 6 puntu emango dira honako merezimendu hauengatik:

8.2.1.– Titulazioak, gehienez ere 5 puntu.

– 5 puntu titulu bakoitzeko, gehienez ere 5 puntu, titulu edo baliokide hauengatik:

● Plataforma anitzeko aplikazioak garatzeko goi-mailako teknikaria.

● Sareko informatika-sistemen administrazioko goi-mailako teknikaria.

● Kontsumitzailearentzako zerbitzuetako goi-mailako teknikaria.

● Zuzendaritzari laguntzeko goi-mailako teknikaria.

● Administrazio eta finantzetako goi-mailako teknikaria.

● Kudeaketa eta administrazio publikoko diplomatura.

– 2,5 puntu titulu bakoitzeko, gehienez ere 5 puntu, titulu edo baliokide hauengatik:

● Lanbide-heziketako goi-mailako teknikaria aurreko ataletan aipatu ez diren espezialitateetan.

● Aurreko atalean aipatu ez den edozein gradu, lizentzia, ingeniaritza, arkitektura, diplomatura, ingeniaritza tekniko edo arkitektura tekniko.

8.2.2.– Eusko Legebiltzarreko administrari-lanpostuetan Teknikarien eta Administrarien Kidegoko karrerako funtzionario izateko prozeduretan probak gainditzeagatik, gehienez ere 5 puntu emango dira:

– Oposizio-aldia gainditzea: 5 puntu.

– Oposizio-aldiko lehen ariketa gainditzea: 2,5 puntu, eta hori da azpiatal honetan lor daitekeen gehieneko puntuazioa.

8.2.3.– Eusko Legebiltzarreko Teknikarien eta Administrarien Kidegoko administrari-lanpostuetarako lan-poltsetan egoteagatik, 2,5 puntu emango dira, eta hori da azpiatal honetan lor daitekeen gehieneko puntuazioa.

8.3.– Informatikako ezagutzak.

Informatikako ezagutzengatik gehienez ere 2 puntu emango dira, 0,29 puntu ziurtagiri hauetako bakoitzeko:

– Microsoft Outlook 2010, maila bakarra.

– Microsoft PowerPoint 2010, maila bakarra.

– Microsoft Word 2010, maila aurreratua.

– Microsoft Excel 2010, maila aurreratua.

– Microsoft Access 2010, maila bakarra.

– Internet aurreratua.

– Windows 7.

IT Txartela egiaztatze-sistema erabiliko da moduluak gainditu direla egiaztatzeko, oinarri orokorretan adierazi denaren arabera.

Lehiatzaileek ez dute frogagiririk aurkeztu beharko; izan ere, Eusko Legebiltzarrak zuzenean egiaztatuko du, Tecnalia Research & Innovation Fundazioaren bitartez, txartel horiek dituztela eta zein egunetan lortu dituzten.

Txartel horiek lortzeko, horretarako egindako proba bat gainditu behar da Tecnalia Research & Innovation Fundazioak egiaztatu eta ebaluatutako zentroetan.

8.4.– Hizkuntzak.

Gehienez ere puntu 1, honako baremo honen arabera:

Ingelesa, frantsesa eta alemana jakiteagatik, honako puntu hauek:

C1 edo baliokidea edo goragokoa: 0,5 puntu.

B2 edo baliokidea: 0,375 puntu.

B1 edo baliokidea: 0,25 puntu.

Horretarako, titulu eta ziurtagiri hauek bakarrik hartuko dira aintzat: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetarako hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasuna ezartzeko ekainaren 30eko 117/2015 Dekretuaren «Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren mailen baliokide diren titulu eta ziurtagiriak» eranskinean agertzen direnak.

Hizkuntza beraren maila bat baino gehiagoren ziurtagiria izanez gero, maila altuenekoa bakarrik baloratuko da.

9.– Azken kalifikazioa, eta berdinketa hausteko irizpideak.

9.1.– Azken kalifikazioa.

9.1.1.– Oinarri orokorretan xedatutakoaren arabera, lehiatzaile bakoitzaren azken kalifikazioa oposizio-aldian eta merituen balorazioan lortutako puntuazioen batura izango da.

9.1.2.– Emaitza eta kalifikazio guztiak Eusko Legebiltzarraren helbide elektronikoan (www.legebiltzarra.eus eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen helbide elektronikoan (www.ivap.euskadi.eus) argitaratuko dira. Webgune horien bitartez kontsultak egiteko, NANaren zenbakia eta eskabidearen erreferentzia-zenbakia sartu beharko dira.

9.2.– Berdinketa hausteko irizpideak.

9.2.1.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.1.a artikulua aplikatuz, 1/2022 Legeak emandako idazkeraren arabera, joko da lehiatzaileek gaitasun bera dutela berdinketa ateratzen bada hautaketa-prozesuaren azken puntuazioan, hau da, oposizio-aldian lortutako puntuazioa eta dagozkion merezimenduak batu ondoren.

9.2.2.– Berdinketa gertatuz gero, lehentasun-ordena ezarriko da honako irizpideei jarraikiz, bata bestearen ondotik:

1.a Nork lortu duen puntuaziorik handiena esperientzia espezifikoagatik.

2.a Nork lortu duen puntuaziorik handiena esperientziagatik.

3.a Nork lortu duen puntuaziorik handiena titulazioengatik, probak gainditzeagatik karrerako funtzionario edo langile lan-kontratudun izateko prozeduretan, eta lan-poltsetan egoteagatik.

4.a Nork lortu duen puntuaziorik handiena titulazioengatik.

5.a Nork lortu duen puntuaziorik handiena informatikako ezagutzengatik.

I. ERANSKINA
GAI-ZERRENDA

I.– ADMINISTRAZIO-ZUZENBIDEA ETA EUROPAR BATASUNEKOA

1.– Administrazio Zuzenbidearen iturriak. Legea: kontzeptua eta motak. Erregelamendua: erregelamenduak egiteko ahalaren titulartasuna eta mugak. Arauen arteko hierarkia. Legezkotasunaren printzipioa Administrazio publikoan.

2.– Administrazio-egintza: kontzeptua, motak eta elementuak. Administrazio-egintzen efikazia eta baliozkotasuna. Motibazioa eta jakinarazpena. Berraztertzea, deuseztatzea eta ezeztatzea. Legezkotasunaren printzipioa administrazio-jardueran.

3.– Administrazio-prozedura: kontzeptua, izaera eta ezaugarritzea. Prozedurako interesdunak. Erregistroak. Agiriak eta espedienteak. Artxiboak: terminoak eta epeak. Administrazio-prozedura erkidea: hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Ebazteko betebeharra. Administrazio-isiltasuna.

4.– Administrazioaren ahalmen zehatzailea. Printzipio orokorrak. Prozedura zehatzailearen espezialitateak.

5.– Herritarrek administrazio publikoen aurrean dituzten eskubideak. Bermeak prozedura garatzean. Egintzak administrazio-bidean berraztertzea. Ofizioz berraztertzea. Administrazio-errekurtsoak. Eusko Legebiltzarraren administrazio-egintzen aurkako errekurtsoak.

6.– Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna. Administrazioaren ondare-erantzukizunaren printzipio orokorrak. Ondare-erantzukizuneko prozedura. Erantzukizun-akzioa.

II.– HERRITARRENTZAKO BULEGO PUBLIKOAK, KOMUNIKAZIOA ETA ARRETA ANTOLATZEA.

7.– Legebiltzarrak herritarrei arreta eta informazioa ematea. Gardentasuna eta informazio publikoaren eskuragarritasuna Eusko Legebiltzarrean. Publikotasun aktiboa: zenbait eduki web-orrian argitaratzeko betebeharra. Ganberaren informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: organo eskudunak, irispidearen mugak, izapidetzeko ez onartzeko arrazoiak, prozedurak eta errekurtsoak. Erreklamazioak. Kexak. Eskaerak.

8.– Komunikazioa Administrazioan: hizkera administratiboaren erabilera zuzena. Hizkera administratibo ez-sexista.

9.– Agiri, erregistro eta artxibo kontzeptuak. Erregistroaren eta artxiboaren eginkizunak. Artxibo motak eta antolatzeko irizpideak.

III.– GIZA BALIABIDEEN KUDEAKETA ETA KUDEAKETA ADMINISTRATIBOA.

10.– Langileak hautatzea. Administrazio publikoko hautatze-prozesuak eta horien lotura enplegu publikoaren eskaintzarekin. Konstituzio-printzipioak. Funtzionario publikoaren izaera lortzea eta galtzea. Desgaitasuna duten pertsonak enplegu publikoan sartzea.

11.– Legebiltzarreko zerbitzu administratiboen eginkizunak prozedura parlamentarioan. Erregistroa. Proiektuak, zuzenketak eta proposamenak izapidetzea batzordeetan eta osoko bilkuran. Teknikarien eta Administrarien Kidegoaren eginkizunak arlo horietan.

IV.– EUSKO LEGEBILTZARRAREN DOKUMENTUEN KUDEAKETA, BIBLIOTEKA ETA ARGITALPEN OFIZIALAK.

12.– Bilduma bibliografikoaren kudeaketa. Kontzeptua: funtsak hautatu, erosi, erregistratu, zigilatu, prestatu eta kokatu. SHUa.

13.– Dokumentuak eta dokumentu motak. Dokumentu primarioak. Dokumentu sekundarioak. Dokumentu tertziarioak.

14.– Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialaren eta bilkuren egunkarien egitura, edukia eta araubide juridikoa.

V.– KONTABILITATEA, KONTRATAZIOA ETA AURREKONTUAK.

15.– Aurrekontua: kontzeptua. Aurrekontu-printzipioak. Aurrekontu-zikloa. Programen araberako aurrekontua: kontzeptua eta faseak.

16.– Kontabilitate Publikoko Plan Orokorra: helburuak, xedeak, aplikazio-eremua eta ezaugarriak. Aurrekontu- eta kudeaketa-kontabilitatea.

II. ERANSKINA
LANPOSTUAREN EGINKIZUN NAGUSIAK

– Dokumentu formalizatuak diseinatu edo eguneratzea, hala nola txantiloiak edo formularioak.

– Txostenak, espedienteak eta era guztietako dokumentazioa prestatu, editatu eta osatzea.

– Informazio eta dokumentazio mota oro eskatu eta eskuratzea.

– Datuak, azterlanak, txostenak eta estatistikak prestatu eta ematea.

– Datu-baseak edo aplikazio informatikoak elikatzea eta eguneratzea.

– Jarduerarekin lotutako euskarri administratiboa ematea: telefono-deiei erantzun; testu-tratamendua, kalkulu-orriak eta gainerako programa informatikoak erabili; datu-baseak elikatu, eta abar.

– Betetzen dituen eginkizun nagusiekin zerikusia duen beste edozein zeregin, laguntza ematekoak, prestaketakoak edo goragoko mailakoen ondoriozkoak; dokumentazioa prestatu eta egiaztatzea, eta abar.

– Lotutako dokumentazioa artxibatzea.

– Jardueren agenda prestatzea.

– Aurrekontua prestatzen eta haren jarraipena egiten laguntzea, bai eta ondasunen inbentarioa eguneratzen eta abarretan ere.

– Eusko Legebiltzarrerako horniduren eta bertan lan egiten duten kanpoko zerbitzuen jarraipena egiten laguntzea, beste sailekin lankidetzan.

– Fakturak eta haiekin lotutako dokumentazio guztia (egiaztagiriak, txostenak eta beste batzuk) berrikusi eta prestatzea, Kontu Hartzailetzak baimendu ditzan.

– Jarduerarekin lotutako espedienteak kudeatzea: txostenak, erosketa-eskaerak eta abar.

– Posta jaso, ireki eta banatzea.

– Atalburuarekin elkarlanean aritzea aldizkako bilerak planifikatzeko: aztergaiak, aurreko bileretan erabaki gabeko gaiak, eta abar.

– Fakturak kudeatzea: aurrekontuak eskatu, fakturak berrikusi, baimenak prestatu, eta abar.

– Txostenak egitea instalazio eta ekipamendu berriak erosteari buruz, baita kanpoko zerbitzuak kontratatzeari buruz ere, atalburuarekin lankidetzan.

– Mahaiak hartutako erabakiak betearaztea, eta sartzen eta ateratzen diren dokumentuak erregistratzea.

– Antolaketa-politikak zehaztu eta ezartzea: prozesuak, informazio-zirkuituak, lan-fluxuak eta -kargak, eta abar.

– Erakundearen estrategia garatzen, eguneratzen eta mantentzen laguntzea.

– Kalitate- eta bikaintasun-irizpideak definitzea eta adostea, eta abar.

– Aholkularitza teknikoa ematea antolaketa arloan.

– Bere arloarekin eta bere eskumeneko gaiekin zerikusia duen beste edozein eginkizun.


Azterketa dokumentala