Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Kultura Behatokien Nazioarteko Foroa egingo da Bilbon 2026ko azaroaren 5ean eta 6an

Kulturaren Euskal Behatokiak, bere 20. urteurrena ospatzeko, kulturaren behaketaren erronkak aztertzeko topaketa antolatu du

Kultura Behatokien Nazioarteko Foroa egingo da Bilbon 2026ko azaroaren 5ean eta 6an

Behatu, Ulertu, Proiektatu lelopean, Kulturaren Euskal Behatokiak bi egunez bilduko ditu erakundeak, politika publikoen arduradunak, profesionalak eta kultura-sektoreko eragileak Bilboko Guggenheim Museoan. Esperientziak partekatzea eta kultura-behatokiek gaur egungo kultura-ekosistemaren eraldaketen aurrean duten eginkizun estrategikoari buruz hausnartzea izango da helburua.


Foroa nazioarteko elkarrizketarako, ezagutza-trukerako eta lankidetzarako gune gisa sortu da. Programa hiru ardatz nagusiren inguruan antolatuko da: kulturaren behaketa testuinguru globalean; adimen artifizialaren eta azterketa-paradigma berrien eragina; eta kulturaren balio publikoari eta kultura-eskubideei buruzko hausnarketa.


Erronka berriak kulturaren behaketarako

Kultura behatzeko ereduak, horien gobernantza eta hainbat lurraldetako erakundeek partekatzen dituzten erronkak aztertuko dira lehenengo ardatzean. Kultura-esparruari aplikatutako ezagutzaren sorrera eta transferentzia hobetzeko esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzea izango da helburua.

Adimen artifizialak eta datuak biltzeko eta tratatzeko tresna berriek eragindako eraldaketak jorratuko dira bigarren ardatzari dagozkion saioetan. Tresna horien aukerak ez ezik, ikerketan, ebaluazioan eta erabakiak hartzeko prozesuetan dituzten ondorio etikoak eta metodologikoak ere landuko dira.

Hirugarren ardatza kulturaren balio publikoan eta kultura-eskubideetan oinarrituko da. Kulturak gizarteari egiten dion ekarpena nola neurtu, kulturaren zilegitasuna nola indartu eta kultura-politiken etorkizuna baldintzatuko duten agertokiak nola aurreikusi izango dira aztergai.

Programaren xehetasunak, hizlarien izenak eta izena emateko informazioa laster jakinaraziko dira.

Nazioarteko topagunea

Kultura Behatokien Nazioarteko Foroa kultura-sektoreko profesionalei, administrazio publikoetako arduradunei, ikertzaile eta akademikoei, kultura-kudeatzaileei, sortzaileei, enpresei, erakundeei eta kultura-ekosistemaren azterketan eta garapenean interesa duten eragile guztiei zuzenduta dago.

Ezagutza estrategikoa eskuratzeko aukera eskaintzeaz gain, topaketak nazioarteko esperientziak ezagutzeko, sektorearen erronka nagusiei buruz eztabaidatzeko eta profesionalen zein erakundeen arteko harreman berriak sortzeko aukera emango du.

Behatokiak, 20 urte

Foroa Kulturaren Euskal Behatokiaren 20. urteurrenarekin batera egingo da. Eusko Jaurlaritzak sustatutako erakunde horren eginkizuna da kulturari buruzko informazioa ezagutza bihurtzea, euskal kultura-errealitatea aztertzea eta kulturarekin lotutako alderdi orokorrak, sektorialak eta lurraldekoak ikertzea.

Bi hamarkada hauetan, Behatokia ezagutza estrategikoa sortzeko erreferente bihurtu da. Azterketa zorrotzaren eta informazio erabilgarriaren hedapenaren bidez, kultura-politikak diseinatzen eta sektorea indartzen lagundu du.