Hezkuntza Saila

Santa Anna, Antonio López de

Mexikar militarra eta politikaria (Jalapa, 1794 - Mexiko hiria, 1876). 1821. urtean Agustín Iturbiderekin borrokatu zen independentziaren alde, baina hurrengo urtean, jenerala zela, Iturbideren aurkako matxinada zuzendu zuen Veracruzen. 1833. urtean Mexikoko lehendakari hautatu zuten, eta aurretik politika federalaren eta liberalaren aldekoa bazen ere, gobernuan zegoela zentralismorantz bideratu zuen bere politika. 1836. urtean Texas-era joan zen han gertatzen ari zen matxinada gelditzeko, eta El Alamoko gotorlekua bereganatzea lortu bazuen ere handik gutxira Samuel Houston estatubatuarrak atxilotu zuen. 1841ean lehendakaritza eskuratu eta aginpidea izan zuen 1845. urtea arte. Estatu Batuen aurkako gerra hasi zenean (1946) Santa Anna izan zen Mexikoko gudarostearen buruzagia. Angostura, Molino del Rey, Cerro Gordo eta Mexikoko haraneko guduak galdu ondoren estatubatuarren esku utzi zuen Mexikoko hiria (1847). Gero, hitzarmen baten ondorioz, Texas, Kalifornia Garaia, Mexiko Berria eta Arizona Estatu Batuen mende geratu ziren. Santa Anna Kolonbiara joan zen kargua utzi ondoren, baina 1853. urtean itzuli eta lehendakari hautatua izan zen. Bi urte geroago, Ayutla liberalak kargutik kendu zuenean, erbestera alde egin beharra izan zuen. Maximiliano enperadorearen agintaldian itzuli eta politikan hasi zen berriz ere, baina ez zuen esku handirik izan.