Hezkuntza Saila

Pliozenoa

izond. eta iz. Geol. Tertziarioko azken aldiaz, Miozenoaren ondokoa eta Pleistozenoaren aurrekoaz esaten da. Duela 7 milioi urte hasi zen eta 5 milioi urte iraun zuen. Kontinenteak beren egungo kokagunean zeuden jadanik. Europako kostaldeak ia gaurkoak baziren ere, geologia mugimenduek lurren hondorapen eta gorapen zenbait eragin zitztuen: itsasoak ia Italiako penintsula osoa estali zuen, eta Rhône eta Guadalquivir ibaien haranak ere itsas azpian zeuden; Calais-ko itsasartea ez zen irekia eta Gibraltar-koa orduan ireki zen. Antartikako izotz geruzak eta ipar latitudeetako beste zenbaitek lurra eta itsasoak hoztu zituzten, eta haien maila beheratu zen. Hozte horrek animalien migrazioak ekarri zituen. Landaredia gaurko bera zen; belardiek lekua hartu zieten oihanei eta, ondorioz, belarra jaten zuten ugaztunak hedatu ziren hostoez elikatzen zirenen kaltetan. Pliozenoan Australopithecus delakoa agertu zen (duela 4 milioi urte), baita Homo generoko lehen mota ere, Homo habilis izenekoa (duela 2 milioi urte).