iz. Zool. Perziformen ordenako anarrikadidoen familiako arrain batzuen izena. Gorputz luzarana dute, burutik isatsera estutuz doana. Kolorez marroi edo arre ilunak eta orban askotakoak dira. Sabelaldea hori zurixka dute. Oso bizkar-hegal eta sabel-hegal luzeak dituzte; isatsekoa, berriz, laburra dute. Pirañaren antzeko burua dute, motza eta sendoa. Otso-arrainik ezagunenak dira Anarhichas lupus, kolorez arre iluna dena, Ozeano Atlantikoko iparraldean eta Itsaso Baltikoan bizi dena, eta Anarhichas minor, kolorez marroi iluna dena eta Groenlandiatik Eskoziara bitartean bizi dena.