Hezkuntza Saila

Gaurko gaien artean, Juanita Uriberi (Armando Paz) eta Oliver Ricciri (Bakea eraikitzen ari diren gazteen sarea) egindako elkarrizketak ditugu: bietan ere, gazteei biolentzia deslegitimatzeko prozesuetan nola parte harrarazi ahal zaien ikusiko dugu.

 Juanita Uribek Armando Paz proiektua koordinatzen du. Proiektu horretan, Erdialdeko Amerikako bost herrialdetako gazteei egiten zaie gonbitea teknologia berrien bidez beren inguruko gatazkak konpontzen parte har dezaten. Oliver Rizzik, bestalde, bakea eraikitzen ari diren gazteen sarea ordezkatzen du Nazio Batuetan, eta Bakerako Hezkuntzarako Munduko Kanpainako kide ere bada; duela hilabete gutxi, bere GKE sortu du, bake-kulturaren aldeko ideia eta proiektu berriak sortzeko espazio berriak irekitzen aritzen dena. Biek hartu zuten parte Gazteak eta Bake Kultura izeneko nazioarteko mintegian, oraintsu egin baita Bilbon, Unesco Etxearen ekimenez eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzarekin. Biek ikusten dute balio-aldaketaren beharra, alegia, enpatia, gainerako pertsonak zaintzea, norberaren baitako bakea eta maitatzeko gaitasuna sustatuko dituen balio-aldaketaren beharra.

Juanita, zer proposatzen du Armando Pazek?

J.U.: Gazteak ohartarazten ditugu konponbidea beren esku dagoela egoera oso zaila denean gerren eta narkotrafikoaren ondorioz. Ohiko hedabideetan eta hedabide berrietan gazteei deialdia eginez hasi ginen, honako hau galdetuz: “Ba al dago ezer aldatu nahi duzunik?” Eta zer bururatzen zaizu aldatu nahi duzun hori aldatzeko?” Arazoa zein zen zehaztu ez ezik, konponbidea ere proposatu behar zen, eta, horretarako, biolentzia zerk eragin duen konturatzea da lehenengo egitekoa. Herrialde bakoitzeko ehun proposamen berrienak, interesgarrienak eta bideragarrienak hautatu genituen. Lanerako zazpi arlo bereizi genituen: hezkuntza, bizimodu osasungarrirako ohiturak, parte hartzea, elkarbizitza, lan-aukerak, kultura eta ingurumena. Gazteekin batera hasi ginen lanean, haien proiektuetan, gobernu bakoitzaren eta sektore pribatuaren laguntzarekin; izan ere, helduen laguntza behar dute beren ideiak abiarazteko. Gazteekin lanean aritzen diren 120 erakunderi eman diegu prestakuntza, gazteek beren hedabideak, beren sormen-tailerrak, internet bidezko irrati eta telebista tailerrak...egiten ikas dezaten. Erakunde horietako bakoitzak 500 gazte gaituko ditu, batez beste.

Zer proiektu nabarmenduko zenituzke?

J.U.: Panaman, entzuteko desgaitasuna zuten mutil batzuek sare sozialen bidez hedatzeko ikus-entzunezko proiektu bat proposatu zuten, desgaitasunak dituzten pertsonen eskubideez ohartarazteko jendea. Guatemalan, gatazkak bake-bidez konpontzea sustatzeko eta familiaren balioak indartzeko irrati-programa bat sortu zuten gazteentzat eta familientzat. El Salvadorren, talde-lana sustatzen duten jolasak asmatu zituzten, auzo pobreetako umeekin kalean jolasteko. Nikaraguan, marrazkiekin jolas egiten dute umeekin: mundu hobea nolakoa izango litzatekeen margolanen bitartez adieraz dezatela proposatzen zaie.     

 

Oliver, zu gazteen artean bake-kultura sustatzeko hainbat proiektutan zabiltza.

O. R. Bakea Eraikitzen ari diren Gazteen Sareak gazte-erakundeak biltzen ditu, 40 baino gehiago, esperientzien, prestakuntza-programen eta sentikortze-kanpainen berri emateko elkarri. Duela hilabete batzuk, neure GKE sortu nuen; bakerako hezkuntza zer den jendartean zabaltzea (beste batzuk baino gutxiago ezagutzen du jendeak, giza eskubideen kontzeptua bera baino gutxiago, esaterako), eta gai hori landu nahi duten gazteentzako zentro bat sortzea ditu xedetzat.  Garrantzitsua da biltzeko lekua izan dezaten, laguntza-talde bat; euren arteko elkarrizketetatik, sortzeko indarra duten ideiak aterako dira, eta bake-proiektutan gauzatuko. Ideia horretan oinarritutako sistema sozialak eta ekonomikoak gauzatzea da asmoa, eta nola ateratzen diren ikustea, ondoren gizarteari alternatibak eskaini ahal izateko. Nolanahi ere, gaur egun, terrorismoaren kontrako gerrak nazioartera ekarri duen giro honetan, zaila da Bake Kulturarako Mundu Kanpainaren moduko proiektuak finantzatzeko funtsak aurkitzea, Neu ere kide naiz erakunde horretan.

Zertan antzematen da?

O.R. Zaila da, egoera honetan, jendeari bakeaz hitz egitea. Esaten dizute: “Hori gero egingo dugu”. ¿Baina gero, noiz? Prebentzioaz ari gara. Bakerako heziketarik ez dagoelako gertatzen ari da gertatzen ari dena. Behartu dezakezu norbait tiro gehiagorik ez botatzera, baina oso-oso kontuan hartzekoa da nola egiten duzun hori, eta zer egiten duzun ondoren, oso garrantzitsuak dira. Horregatik hitz egiten dugu bake positiboaz eta bake negatiboaz, zeren eta, baketsutzat jotzen den edozein herrialdetan, Suitzan esaterako, ez dago bakerik benetan: jendea suizidatu egiten da, bikoteetan gaizki tratatzen du batak bestea, eskolan ere tratu txarrak daude…Bortizkeriaren sustraiak oso sakonak dira, urlia gaiztoa dela-eta juzgatu, kartzelan sartu eta kito baino sakonagoa. Kultura biolento batean bizi gara; ez gara ohartu ere egiten, baina erabiltzen ditugun hitzak biolentziaz beterik daude. Kontzeptu eta hitz berriak garatzeko ideiak pasioa eragiten dit, hizkuntza berria da, giza izaera beste era batera ulertzeko aukera ematen duena.

“Biolentziak ez daki deus egoera eta inguru ekonomikoen gainean”: Ados zaude horrekin? Klase sozial guztiei eragiten die Erdialdeko Amerikan?

J.U: Erdialdeko Ameritan izugarriak dira direrentzia ekonomikoak. Nolanahi ere, biolentziak pertsona guztiei eragiten die. Denek sentitzen dute segurtasunik eza, ezin dira kalera lasai atera. Mutil aberats batek eta kaleko pandiletako mutil batek depresio bera izan dezakete. Elkarren ondoan eserarazten badituzu, ohartuko dira antzera daudela gauza askotan. Seguru asko, horietako askok ez dute benetako maitasunik. Eztabaida-talde asko sortu ditugu gazteekin, eta, batzuetan, mara izeneko taldeetako kide izandakoak ere egon dira. Mara izeneko horietako kide izandako gazte guztiek aitortzen zuten maitasuna falta izan zitzaiela. Eta ateratzea lortu zutenek apaiz  bati esker, kirol entrenatzaile bati esker...lortu izan zuten ateratzea. Norbaitek egin zien kasu eta eman zien maitasuna. Hori unibertsala da. Gauza bat aldatzen da: herrialde batzuetan erakunde sendoak daude, sistema judiziala eta gobernua eraginkorrak dira, ez dute uzten narkotrafikoak erroak egin ditzan. Nik ere erabiltzen dut konparazio hau: gorputz osasuntsua ez da gaixotzen, baina Erdialdeko Amerikak minbizi izugarria du. Eman kimioterapia, sistema politiko eta judizial baten bitartez, baina, batez ere, elikatu egin behar duzu: familia-balore sendoak sustatu behar dira, ehun soziala berrosatu behar da. Hala egin ezean, laster etorriko da beste banda bat.

O.R.: Berriro diot: badira erakunde sendoak herrialde batzuetan, baina ez da aski, zeren eta, biolentziaren kausa lehena ez baita erakunderik eza, baizik eta gauza askoz sotilagoa, ulertzeko eta garatzeko askoz zailagoa, eta nik honela definituko nuke: maitatzeko gaitasuna. Nire iritzirako, bakerako hezkuntzak esan nahi du elkar maitatzen ikastea, elkarri entzuten ikastea, beldurrik gabe elkar aditzen ikastea.

Bortizkeria, oraindik ere, oso loturik dago maskulinitatearekin. Lan egiten al duzue gazteen artean genero-perspektibarekin, gizon izateko eredu alternatiboak sustatzeko?

J.U.: , Horrela, zuk diozun era horretan, ez diogu heldu lan horri, baina Armando Paz hori maskulinotzat har daitekeenez, beste pertsonaia bat sortu genuen, Amanda Paz izenekoa. Gure proiektuan berdintasunez parte hartzen dute gizon nahiz emakumeek.

O.R.: Gaur egun agintzen duten maskulinitate- eta feminitate-ereduak bizi garen kultur biolentziaren adierazpide dira, eta konturatu gabe erreproduzitzen dugu biolentzia hori. Gizonei esaten digute bizirik irauteko agresiboak izan behar dugula, eta halaxe jokatzen dugu, uste dugulako horixe dela ona, indartsu bihurtuko gaituena, mundu arriskutsu honetan (hala dela esaten digute). Jendeak eredu horiek oinarritzat hartuz jokatzen du, eta hori arazoa da, zeren eta, gizonekin eta emakumeekin lotzen ditugun balioek murriztu egiten baitituzte gure gaitasunak.

Biolentziaren kausa globalen gainean ohartarazi baino gehiago egin behar da: gazteen jarrera pertsonaletan eragin behar da, harreman gizalegezkoagoak sustatu behar dira egunez egun.

O. R.: Bestea humanizatzea da gako bat, oso garrantzitsua; bestea ere gizakia dela konturatzea, behar berberak, beldur berberak eta desira berberak dituela. Bestea, merezi ez duelako, ez dugula zaindu behar pentsatzea, ideia biolentoa da, eta orobat "gu" eta "besteak" banaketa bera ere.

J. U.: Gure proiektuak zainketaren etika du oinarri, Leonardo Boffek teorizatutako etika. Indartsuenaren eta agresiboenaren paradigmaren ordez zainketaren paradigma hartzea da kontua: zeure burua zaintzea, zeure gorputza zaintzea, zeure arima zaintzea, besteak zaintzea eta ingurua, ingurumena, zaintzea.

Gazteria hedonista eta indibidualista delako ideia dabil hortik, desmobilizaturik dagoela. Zein da modurik onena gazteen konpromiso soziala pizteko?

O.R.: Nork bere barneari begiratzeko lana hartu behar du lehenik, ikusteko zein den nire grina, zer maite dudan, zerk motibatzen nauen bizitzeko, egunero-egunero jaiki eta lanera joateko. Denok dugu grinaren bat, pasioren bat, nahiz eta gizarteak abokatu izatea hartu aintzat, eta, aldiz, sormenarekin zerikusia duen beste zerbait aintzat hartu behar denean, ez hainbeste. Ahaztu zaigu nor garen. Garrantzitsua da prozesu pertsonal hori hartzea abiaburutzat, ondoren jendeak gizarteari zer edo zer eman nahi izango badio. Gizakiak bere baitan darama biziari lagundu nahi izatea, baina sinetsarazten digute egoistak garela.

J.U.: Gazteek desilusioa bizi dute politikaren aldera, gogaituta daude politikoekin. Baina gizartea aldatzeko ideiaren bat propasatzeko animatzen dituzunean, eta hala egiten dutenean, politika egiten ari dira. Nagusitan aberats eta ospetsu izan nahi dutela esaten dutenean, gehiago erantzuten dute beregandik zer espero dugun gogoan dutela, benetan zer nahi duten gogoan dutela baino. Zer nahi dute benetan gazteengandik? Lasai egotea, lan egiteko ilusioren bat edukitzea, zer edo zertan parte hartzea. Kolonbian gerrillan eta talde paramilitarretan sartu ziren mutikoek, ustez elkarren kontrakoak diren arren, gauza beragatik sartu ziren bakoitza alde batean: zer edo zertan parte hartzeko eta diru apur bat irabazteko. Hala kontatzen dute.  

Kolonbiako gatazkaz ari garela: Euskadin, Eusko Jaurlaritzak, gazteen artean biolentzia deslegitimatzeko egiten du lan, badago-eta oraindik helburu politikoak lortzeko armak hartzen dituenik eskuetan. Zer proposatzen duzue mentalitate hori aldatzeko?

O.R.: Biolentzia soluziotzat proposatzen da jendeak uste duenean ez dagoela beste modurik gauzak egiteko. Horixe ikasten dute besteen jokabidean ikusten dutenean gerra bat amaitzeko modua dela beste bat hastea, herrialde bat inbaditzea, edo politikan etsaia garaitzeaz jarduten direnean. Hainbeste dira mezu biolentoak, zaila baita haiei aurre egitea. Elkarrizketa sustatu behar da, batez ere.

J.U.: Horrelako gatazketan, aurrekoengandik jasotako gorrotoak izaten dira nagusi. Lehen, atorra hertsagarri baten barruan egoten zen bat, eta zilegi zen oihu egitea, ez baitzen beste modurik nork bere ideiak adierazteko. Baina gaur egun askoz ere aukera gehiago dago. Gogoeta egin beharko genuke ea oraindik ere bizirik dauden gorroto horiek eragin zituzten diferentziak, edo, aitzitik, ea ez ote dagoen baldintza berririk elkar aditzeko arazo horiek gainditzeko. Eta nire ustez bai, badira.

Beste alde batetik,  mugimendu eraldatzaile berriak ari dira agertzen, 15-M Espainian, esate baterako, edo udaberri arabiarra; bakezaleak eta globalizatuak izatea dute ezaugarri, eta sare sozialak erabiltzea antolatzeko eta beren ideiak zabaltzeko. Zer iritzi duzue ekimen horien gainean? Poztekoak al dira?

O. R.: Interneten irakurri nuen “Joan da Mubarak,”, bai eta bideo bat ere, Kairoko plaza lepo erakusten zuena; negar egin nuen, guztiz hunkiturik, ez hainbeste lortu zutenagatik, baizik eta biolentziarik gabeko bitartekoak erabili zituztelako.  Biolentziak zer balio duen erakutsi zuten mutil horiek. Ezin diegu ezer leporatu. “Ez zaitugu nahi”, besterik ez zuten esaten, fedearekin, jarraikitasunez eta diziplinaz. Eta halaxe lortu zuten militarrek ere biolentziarik ez erabiltzea eta Mubarakek alde egitea. Itxaropenez betetzen nau, eta inspirazio-iturri handia da niretzat.

J.U.: Hedabideen boterea goitik behera amildu da. Gazteriak, orain, ez du zertan telebistako berrien zain egon kalera ateratzeko; aukera du berak bere informazioa sarean jartzeko. Orain badugu informazioa eskuratzeko modua, dagoeneko ez dugu ipuinik sinesten. Diktadoreak ez du dagoeneko ahalmenik jendea beldurtuta eta bakartuta edukitzeko, badaukagu-eta elkarrekin konektatzeko, elkartzeko eta aurrera egiteko aukera. Nolanahi ere, oraindik ere pertsonen barne-bakea lantzen jarraitu beharra dagoela uste dut. Bestela, barnean gorrotoarekin bizitzen jarraitzen badute, gainditutako gatazka hori beste maila batera igoko da.

 

 

Azken eguneratzea: 2011/11/25