·
·
·
Presta zaitez
Udaberriarekin batera raftinga egiteko garaia heldu da. Neguko elurrak urtzean egiten da udaberriko kirol hau, emozioz eta barre-algarez beteriko orduak eta orduak igarotzeko. Baina ba al dakizu zer den kirol hau?
Raftinga edo mendiko erreken jaitsiera, taldean egiten den kirol bat da. Partaide guztiak txalupetan doaz, eta denen artean egiten dute arraun, elkarren arteko koordinazioari esker txalupa ez iraultzea lortu behar baitute. Ur-lasterretan ibiltzeko ezinbestekoa da laguntzaile bat zurekin izatea, izan ere, profesional baten laguntzak egoerak errazten baititu, eta momentu bakoitzean zer egin behar den adierazi.
Igeri egiten baldin badakizu, eta abentura-kirola etsegin baduzu, orain duzu aukera paregabea. Ez itxaron gehiago, eta murgil zaitez uretan.
Kontuan izan
Txalupara igo aurretik, gidariaren aholkuak eta gomendioak entzun behar dira. Berak erakutsiko dizu nola ibili behar den ur-lasterretan eta ze gauza izan behar diren kontuan.
Gomendio horiekin batera, gidariak hainbat hitzen berri emango dizu. Hitz horiek jakitea beharrezkoa da, ondoren, txalupan egin behar dena adierazten baitute. Jakin beharreko hitzak ondorengoak dira:
Denak barrura! : bidaiari guztiek kokoriko jarri behar dute txaluparen zoruan, uretara ez erortzeko.
Denak gora! : arraunean jarraitu.
Goiko aldera! : goratu den aldera joan behar dute denek, txalupa orekatzeko.
Ez ahaztu, txalupa bakoitzak bere gidaria duela. Gidari-lanak egiteko ezinbestekoa da behar bezala prestaturik egotea. Horretarako, gidari-ikastaroak, erreskate-ikastaroak eta lehen sorospeneko ikastaroak egiten dira. Modu horretan, istripua gertatuz gero, jokabide egokia jarraitu ahal izango dute gidariek, eta ez zara arriskuan egongo.
Ekipamendua
Raftinga egiteko behar diren gauzen artean, ondorengoak daude:
-
Txalupa edo raft : ur-emari handiko eta ur-lasterreko ibaietan nabigatzeko bereziki diseinatutako ontzi puzgarriak dira rafting-txalupak. Horien tamaina 3,5 eta 5,5 metro bitartekoa da. Gehienetan, berez ura kanporatzen duten zorua izan ohi dute; bestela, txalupa horrek karga handia hartuko luke eta ura etengabe ateratzen jardun beharko litzateke.
-
Arraunak: paddle modura txalupari eragiteko arraun motz batzuk daude (bat tripulatzaile bakoitzeko) eta bi arraun luze. Horiek "oar" izena dute, eta gidariek erabiltzen dituzte.
-
Txalekoa: ezinbestekoa da txalekoa erabiltzea. Gorputzari modu eroso eta seguru batez lotu behar zaio, askatu ez dadin. Erraz irekitzeko aseguru edo krisketen sistema bat eduki behar du, uhalekin edo korapiloekin lotzen direnak ez baitira fidagarriak. Txalekoaren oihalak erresistentea izan behar du.
-
Kaskoa: ezinbestekoa da, ibaiaren zailtasun edozein izanik ere, burua ur-ibilgailuaren hondoko arroken aurka babesteko eginkizuna betetzen baitu.
-
Oinetakoak: segurtasun arrazoiengatik beharrezkoa da bidaiariak eta gidariak txalupara oinetakoekin igotzea. Zapatilak, ibairako sandaliak edo neoprenozko altura txikiko botak izan daitezke.
-
Jantziak: neoprenozko jantzi hezeak dira onenak, hotzetik babesten baitute. Beste edozein kasutan, behar-beharrezkoa da aldatzeko arropa lehorra eramatea, ia ezinezkoa baita ez bustitzea.
-
Osagarriak: komeni da txalupa guztiek ordezko arraunak, erreskaterako soka, konponketak egiteko kita, puzgailua eta flip lines edukitzea. Gainera, beti gomendagarria da eguzkitik babestuko gaituen krema bat eramtea.
|