Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zabala Artetxe, Juan Luis

Gipuzkoar idazlea (Azkoitia, 1963). Euskal Filologiako ikasketak egin ditu. 1986-1988 bitartean euskara irakasle izan zen Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan. Geroztik, Euskaldunon Egunkarian eta Berrian egin du lan, kultura saileko erredaktore gisa. Liburuez gain, artikuluak idatzi ditu hainbat aldizkari eta egunkaritan. 1994an Rikardo Arregi kazetaritza saria irabazi zuen, Kroaziari buruzko erreportaje-sail batengatik. Hainbat literatur genero landu ditu. Aipatzekoak dira Zigarrokin ziztrin baten azken keak (1985, 1984ko Azkue saria), Kaka esplikatzen (1989), Galdu arte (1996), eta Agur, Euzkadi (2000), eleberriak; Ahanzturaren artxipelagoa (1987), Gertaerei begira (1988), Sakoneta (1994, Tene Mujika saria), eta Harri barruko bihotz-borrokak (1999), narrazioak; Hautsia natza (2000, Felipe Arrese Beitia saria), poesia; Federico Garcia Lorcaren Poeta New Yorken (2003), itzulpena; Jesus Mari Artze, ttakunaren esku isila (2003), biografia; Inon izatekotan (2006), artikulu-bilduma.