Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zavala Echevarria, Antonio

Gipuzkoar idazlea (Tolosa, 1928 – Iruña, 2009). Jesusen Lagundikoa. Humanistikako ikasketak egin zituen Loiolan eta Urduñan, Filosofiakoak Oñan, eta eskola maisutzakoak Xabierren. 1961ean Auspoa, herri literaturari buruzko liburu-bilduma, sortu zuen Tolosan, eta hirurehun bat lan argitaratu ditu. Bertan aurki daitezke hainbat idazle klasikoren zenbait lan (Beovide, Kardaberaz, Mogel…), hainbat bertsolariren bertso-bildumak (Basarri, Uztapide, Xalbador, Mattin…), Zavalak osatutako bildumak bertsolari zaharren bertsoekin eta bizikizunekin (Xenpelar, Txirrita, Pello Errota, Kaskazuri…), antzerki-lanak (Larzabal, Soroa…), herri kontalariak (Salaberria, Mikela Elizegi, Patxi Lazkano…), gaika antolaturiko bertso-bildumak (Jan-edanaren bertsoak, Kubako gerrarenak, Afrikako gerrarenak…), eta abar. Bertso bilketan eta hainbat bertsolariri buruzko datu biltzen ere lan handia egin zuen Antonio Zavalak. Harenak dira, halaber: Indalencio Bizcarrondo “Bilintx” (1831-1876) (1978), Bosquejo de historia del bertsolarismo (1964) liburuak. Euskaltzain osoa zen.