Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zabala-Arana, Jose

Bizkaitar idazlea (Nabarniz, 1894 - San Vicente de la Barquera inguruan, Kantabria, 1936). Ama Birjinaren Bihotzeko Seme Misiolarien kongregazioan sartu zen oso gazte zela. Donostian egon zen hamaika urtez eta beste hiruz Valladoliden. 1934an San Vicente de la Barquerako (Kantabria) ikastetxeko nagusi izendatu zuten. Gerra piztu zelarik, Bilbora alde egin zuen bizitza arriskuan zuelako; baina, bere kideak bakarrik utzi nahi ez eta, atzera Kantabriara itzultzeko trenera igo, eta bidean desagertu zen. Ez zen berriz agertu. Euskal adizkerari, eta euskarari buruzko lan bereziak argitaratu zituen Euskera, RIEV, Euzkerea eta Ekin agerkarietan. Obra nagusiak: La conjugación en el Euskera Bizkaino (1919), Edesti Deuna. Ume ikaslariyentzat (1921), Euzko lutelesti txikia (1922), Daneurtiztia (1922), Zenbakiztiya (1922), Aste Gurena euzkeraz ta lateraz (1924), Euzkerazko Zenbakera (1928), Gramática Vasca (1930) eta Josutxo. Umientzako otoi-idaztiñua (1931). Aita Clareten deboziozko liburua euskaratu zuen, 1935ean: Donokirako bide zuzena. Zabala-Aranaren hizkera neologismoz betea da, irakurgaitz bihurtzeraino betea ere.