Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Worms

Alemaniako hiria (Renania-Palatinatua), Rhin ibaiaren ezkerreko ertzean, Mannheim-etik ipar-mendebalean. 74.000 biztanle. Industria gunea: oihalgintza, plastikoak, larrugintza, kimika industria, etab. Palatinatuko ardoak merkaturatzeko gunea. v Zenbait monumentu garrantzitsu: katedrala (XII-XIII. mendeak), Renaniako erromaniko estiloko ederrenetarikoa; XIII-XVI. mendeetako zenbait eliza. Europako sinagoga zaharrena (1034). v Historia. Zelten antzinako hiria eta gero erromatarrena (Borbetomagus) izan zen. Burgundiarren erresumako hiriburua izan zen. Hunoek 436an desegin zuten; gertaera horrek Nibelungoen Kanta inspiratu zuen. 1122ko konkordatoa sinatu zen bertan, eta zenbait dieta (1521ekoa horien artean). 1525ean Erreforma onartu zuen eta Hogeita Hamar Urteko Gerran deseginik geratu zen. 1689an frantsesek su eman zioten. Frantziak beretu zuen 1792an eta Vienako kongresuaren erabakiz (1815) Hesseren barne egokitu zen. v Wormseko dieta. Karlos V.ak deitua (1521). Bertan Luterok ez zuen bere dotrina ukatu eta Inperiotik erbesteratzera kondenatu zuten, haren obrak suntsitzea eta elizaren ondasunak itzultzea agintzeaz batera. Halaber, Karlos V.ak bere anaia Fernandori zenbait lurralde eman zizkion (Austria, Estiria, etab.) eta Gaztelako komunitateetan matxinatu guztiak traidoretzat hartu zituzten.