Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Wrangel, Pyotr Nikolaievitx

Errusiar jenerala (Novo-Aleksandrovsk, Lituania, 1878 - Brusela, 1928). Errusiarren eta japoniarren arteko gerran parte hartu ondoren Lehen Mundu Gerran borrokatu zen. 1917. urteko iraultza piztu zenean Krimeara erretiratu zen eta sobietarren aurka jardun zuen Denikin-en gudarostearekin batean. Poloniarren eta sobietarren arteko gerra garaian berriro antolatu zuen Krimean gudarostea (1920), Dnieper ibaiaren inguruak eraso zituen eta Ekaterinoslav (egungo Dniepropetrovsk) eta Mariupol (egungo Zhdanov) konkistatu zituen. Poloniako gerra amaitu zenean, ordea, sobietarrek gogor ekin zioten Wrangel-i eta honek Krimearantz egin zuen atzera. Gudaroste sobietarrak Perekop-eko istmoa bereganatu zuenean, 120 gerra-ontzi bildu zituen eta aliatuen laguntzaz Konstantinoplarantz abiatu zen 135.000 pertsonarekin batean, 70.000 soldadu barne. 1921. urtean Frantziak eta Ingalaterrak uko egin zioten Wrangeli laguntza emateari, baina 1925 arte ez zuen borroka eten. Urte horretan bere gudarosteko estatu nagusia desegin zuen, Jugoslavia ohitik irten zen eta Belgikara erretiratu zen.