Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Wordsworth, William

Ingeles poeta (Cockermouth, Cumberland, 1770 - Grasmere, Westmorland, 1850). Ingalaterrako iparraldeko aintziren eskualdean jaio zen eta bertako paisaiak eragin handia izan zuen idazlearen haurtzaroan eta literatura lanetan. Ikasketak Cambridgen amaitu ondoren Europan zehar ibili zen bidaiari; frantses iraultzaren aldeko agertu zen. Garai hartan idatzi zuen An Evening Walk (1793, Ibilaldia arratsaldean) poema. 1795. urtean nekazaritza eremuko etxe batean hartu zuen bizilekua eta Samuel Taylor Coleridge poeta eta kritikariaren lagun egin zen. Handik hiru urtera, harekin batean Lyrical Ballads poesia bilduma argitaratu zuen, ingeles erromantizismoaren bilakaeran eragin handia izan zuena. 1799. urtean Grasmeren jarri zen bizitzen (aintziren eskualdea), ezkondu egin zen eta poesiak idazteari ekin zion. 1805. urtean Ode: Intimations of Immortality (Oda hilezkortasunari) poema ospetsua idatzi zuen; garai berean The Prelude (Preludioa) poema bildumen zirriborroa aurreratu zuen.