Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

wolframio

iz. Kim. Metal astuna, molibdenoaren sailekoa, tungsteno ere deitua (W edo Tu; at.-z. 74; at.-m. 183,85). Solido gogorra da, hauskorra, eta kolore gris edo zurikoa. 3.140 °C-an urtzen da (elementu guztietan urtze-puntu altuena), 5.930 °C-an irakiten du (elementu guztien artean irekite-puntu altuena) eta dentsitate handia du. Elektrizitatearen eroale ona da; azidoek ez diote kalterik egiten, baina kloroak hondatzen du. Wolframioaz osatuen artean garrantzizkoena wolframio karburoa da, tresnak egiteko erabiltzen dena. Izadian ez da wolframio garbirik; wolframita, scheelita eta stolzita meetan agertzen da, Txinan batez ere, baina baita Estatu Batuetan, Europan eta Hego Ameriketan ere. Gauza askotarako erabiltzen da, bonbilen haria, katodoak eta elektrodoak egiteko eta altzairu aleazioetan eta zirkuitu elektrikoetan, besteak beste.