Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Wittgenstein, Ludwig Josef

Austriar filosofoa (Viena, 1889 - Cambridge, 1951). 1938an britainiar herritar egin zen. Mekanika Berlinen eta aeronautika Manchester-en ikasi ondoren, matematikaren oinarriez interesa hartu zuen eta Frege-ren aholkuz B. Russell-en ikasle izan zen, honek 1912an Cambridgen emandako ikastaroan. Lehen Mundu Gerran parte hartu zuen. Austrian maisu izan ondoren Cambridgera itzuli zen 1929an. Bertan irakasle laguntzaile (1930-1936) eta filosofia katedradun (1939-1947) izan zen. Wittgensteinek filosofia modernoaren alorrean hizkuntzaren azterketak duen garrantzia azpimarratu zuen. 1921ean lehen aldiko obra nagusia argitaratu zuen, Logis-philosophische Abhandlung edo Tractatus logico-philosophicus, neopositibismo logikoaren filosofoetan eragin nabarmena izan zuena. Russell-en atomismo logikoan oinarriturik, Wittgenstein-entzat mundua gertakari multzo bat da eta hizkuntza errealitate horren irudia, hizkuntzaren eta munduaren egitura formala berdina baita; horregatik, azterketa logikoa onartzen ez duten proposizioak, hala nola metafisikaren alorrekoak, esanahigabeak dira. Hil ondoren argitaratutako lanek Wittgenstein-en pentsamenduaren bilakaeraren lekukotza ematen dute: Philosophische Bemerkungen (1930ean egina,1964an argitaratua, Ohar filosofikoak); The Blue and Brown Books (1933-1935ean idatzia, 1958an argitaratua, Liburu urdina eta arrea), Philosophische Untersuchungen (1936-1949an idatzia, Filosofia ikerketak), etab. Zientzia hizkuntzaren egitura logikoa alde batera utzirik, bigarren aldi honetan hizkuntza naturalaren azterketari ekin zion: gizakien artean komunikatzeko tresna den hizkuntzaren erabilera errealaren deskripzioa hartu zuen filosofiaren zeregintzat, esamolde baten esannahia funtzio eta testuinguru desberdinen arabera alda baitaiteke. Nolanahi ere, betiere Wittgensteinentzat filosofiaren zeregina pentsamendua argitu eta hizkuntzak ezarritako loturetatik askatzea da.