Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Witten, Edward

Estatubatuar matematikaria (Baltimore, Maryland, 1951). Ikasketak Brandis Unibertsitatean eta Princetonen egin zituen, eta 1976an bukatu zituen. Doktoregoa bukatu ondoren, Harvardera joan zen 1980. urtea arte. Urte horretan fisikako irakasle hautatu zuten Princetonen. MacArthur beka irabazi ondoren, Princetonen egon zen, 1987an Ikerketa Aurreratuetako Institutuan irakasle izendatu zuten arte. Witten fisikari matematikoa dela esan daiteke funtsean, bere argitalpen gehienek fisikarekin zerikusia baitute. Kiotoko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan (1990), Fields domina jaso zuen. Sari hau irabaztera eraman zuen ekarpenik garrantzitsuena masa positiboaren konjeturaren froga errazago bat da (lehenengoa Yau-k egin zuen). 1984an "Supersymmetry and Morse theory" ("Supersimetria eta Morse-ren teoria") izeneko artikulua argitaratu zuen Journal of differential geometry aldizkarian; artikulu honek eragin handia izan zuen geometria diferentzialaren arloan. Gaur egun, quantum-en teoria topologikoa aztertzen ari da Witten.