Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Witt, Jan de

Herbehereetako politikaria (Dordrecht, 1625 - Haga, 1672). Holandako probintziako ordezkari errepublikazela izan zen. 1653an Holandako aginpide politikoa eskuratu zuen eta 1654an Ingalaterraren eta Holandaren arteko bakea sinatu zuen, besteren artean Holandaren probintzien aginpidea ez zela kapitain baten esku izango zioena; hala lortu zuen Wittek, Gilermo III.a Orangekoaren absolutismoaren kontra agerturik, Gilermo III.a Orangekoak aginpidea galtzea. Wittek gobernu errepublikazalea eratu zuen, Holandako ekonomia eta hiritarren askatasunak indartu zituen eta ez zien esetsi katolikoei. Ingalaterrako Karlos II.ak 1654ko hitzarmena hautsi zuen baina Wittek ez zion Gilermori aginpide eragilea eman nahi izan, eta Ingalaterrarekiko harremanek txarrera egin zuten. Hala ere, Frantzia Herbehereetako hegoaldean hartzen ari zen indarra zela eta Ingalaterrarekin eta Suediarekin itun bat sinatzea lortu zuen (1668). Luis XIV.ak, ordea, Probintzia Batuen konkista hasi zuen 1672an. Herritarrek Gilermo Orangekoaren laguntza eskatu zuten egoera hura konpontzeko eta azkenik Witt matxinada batean hil (1672) eta gobernu errepublikazalea desegin zen.